XII. EZKONTZA
Contenido de esta página
Ezkontzaren denbora eta lekuka
Urtearen barruko ezkontzak
Erromatar Erritualaren arabera, Vatikanoko II. Kontzilioko erreforma liturgikora arte indarrean egon zena, edozein garai eta unetan ezkontzeko aukera zegoen; dena den, erritual horrek berak adierazten zuen ezkontzako ospakizunak ezeztatuta zeudela abendualdian eta garizuman. Herri hizkeran esaten zenez, urteko bi aro horietan "itxita zeuden ezkon mezak". Aurrerago ere mintzagai izango dira belazioak edo ezkontzako ospakizunak; horien barruan zeuden bedeinkapenak eta emaztearen emate sinbolikoa ezkon mezaren barruan, bai eta banketearen ospakizuna ere.
Agindu horiek, malgutasun pixka batekin bada ere, hirurogeita hamarreko hamarkadara arte egon ziren indarrean. Horregatik antzina ez zen ia batere ezkontzarik izaten abenduarekin —abendualdia— eta udaberriaren hasierarekin —garizuma— bat zetozen aro liturgiko horietan. Ezkontzaren data finkatzerakoan, aintzat hartzen zen Elizak ez zuela aro horietan ez belaziorik eta ez ezkontzako ospakizunik ametitzen.
Salbuespenak aparteko arrazoirengatik gertatzen ziren, hala nola Amerikara emigratu behar izatea edo emaztegaia haurdun egotea, hau da, urgentziazko ezkontzak eskatzen zituzten kasuetan.
Gainerakoan, inkesten arabera, ez dago ezkontzetarako lehenetsitako urteko aro jakinik; gehienera jota, bilatzen zen familiako gertakari hori ez izatea lan gehien zegoen garaian, hau da, antzinako garaietan, gari-jotzerako, mahats biltzerako, oliba biltzerako edo arrantzarako garaian, bizibidearen arabera.
Nahi izaten zen, aldiz, ezkontzak jai erlijiosoekin batera izatea, hala zaindariari eskainitakoekin nola erromesaldikoekin, feriekin edo jai giroko familia gertakariekin, hala nola urtebetetzeekin, urteurrenekin eta abar.
Ezkontzako segizioa
Mende honen erdialdera arte, ahaideek eta ezkontzara gonbidatutakoek segizio txiki bat osatzen zuten, ezkongaiei oinez laguntzen ziona elizara. Baskonia kontinentalean, elizara sartu aurretik, udaletxera joaten zen, Herriko Etxea deitutakora.
Ezkontza egunaren goizean, emaztegaiak bere lagunei eta beste gonbidatu batzuei, guztiak emakumeak, harrera egiten zien etxean, eta emaztegaia prestatzen ari zen gelara joaten ziren.
Senargaiaren edo emaztegaiaren etxera joandako gonbidatu eta auzokideei gosari batekin edo mokadu batekin egiten zitzaien abegi ona. Auzokideei eta gonbidatuei zeremonia baino ordu batzuk lehenago opari egiteko ohitura hori ez da galdu oraindik ere landa eremuan.
Zeremonia erlijiosoa. eliz ezkontza
Euskal Herri penintsularrean ezkontzaren sakramentuaren ospakizuna Toledoko Eskuliburuaren errubrikari jarraituz egiten zen[1], eta Euskal Herri kontinentalean Erromatar Erritualari jarraituz. Bi errituen arteko desberdintasun handiena da Erromatar Erritualak ez dituela bere barruan hartzen bedeinkapena eta erresak ematea. Ezkontzaren sakramentuak hiru atal zituen:
-Elkarren onarpena.
-Erresen eta eraztunen bedeinkapena.
-Belazioen meza.
Zorion-emateak, omenaldiak eta opariak
Aldi berean, eliz atarian bertan ezkonberriak omentzen ziren bibaka eta txapliguak botatzen, eskualde batzuetan almendrak botatzen zitzaizkien haurrei eta, ohitura berriagoei jarraituz, arroz aleak, arrosa petaloak, konfetiak eta abar jaurtitzen ziren ezkongaien gainean.
Omenaldiak ikusgarritasun handia hartzen du mezatik irtetean dantzariek eta iruleek, dantzako jantzi tipikoak soinean dituztela, pasillo bat osatzen dutenean ezkongaiak, pontekoak eta gonbidatuak handik pasatzeko, haiek ezpatekin, makilekin, arkuekin edo zapiekin jasotako arkuaren azpian. Ondoren, ezkonberriak, beren gertuko laguntzaileekin batera, formalki kokatzen dira elizaren aurrean eta dantzari batek dantza erritual bat egiten du, aurreskua, ezkonberrien omenez. Gero, batzuetan beste dantza folkloriko batzuk izaten dira.
Ezkontzako argazkiak
Mendearen erdialdera arte, ezkonberriak argazkilaritza estudio batera joaten ziren ezkontzako argazki ofiziala egitera; argazkiari marko bat jartzen zitzaion eta etxeko gela nagusian edo beste gelaren batean ezartzen zen. Argazki horren kopiak, paperean markoztatuak, oroitzapen gisa bidaltzen zitzaizkien ahaideei eta hurbilekoei.
Ondorengo hamarkadetan, nahiz eta argazkilaria elizara eta ezkontzako banketera joan, ezkongaiak zeremoniaren ondoren eta banketearen aurretik estudio batera joaten ziren ezkontzaren egun berean egindako argazkia lortzeko. Klase dirudunetakoek argazkilari bat kontratatzen zuten emaztegaiaren etxera joan eta gela nagusian erretratatzeko.
Ezkontza zibila
Baskonia penintsularrean aintzat hartzeko hiru egoera izan dira mende honetan zehar. II. Errepublikaren garaian (1931-1936), ezkontza zibila egin behar zen Erregistroaren ardura zuen epailearen aurrean ezkontzak balio juridikoa izango bazuen, eta hala nahi zutenek ezkontza erlijiosoa ere egin zezaketen. Francoren Erregimenean (1939-1975) ezkontza erlijiosoak ondorio zibilak zituen eta huraxe zen ia-ia egiten zen bakarra. Ezkontza zibila egiteko, katolikoa ez izatea egiaztatu behar zen, oso zeregin zaila praktikan. 1981ean beste aro bat hasi zen dibortzioa arautzen zuen legearekin, bi ezkontza modu ezarri baitzituen, zibila eta erlijiosoa.
Gaur egun indarrean den legearen arabera, ezkontza zibila Erregistro Zibilaren ardura duen Lehen Instantziako epailearen aurrean, alkatearen aurrean edo alkatearen eskutik ardura hori bereganatu duen pertsona baten aurrean egin behar da. Ezkontza erlijiosoa Estatuak aitortutako edozein erlijio-sinesteren errituen arabera egin daiteke, eta derrigorrezkoa da haren egiaztagiri bat igortzea Erregistrora ondorio zibilak izan ditzan.
- ↑ Toledoko Eskuliburua erabilera liturgikoko liburu bat izan zen, Toledoko apezpikutegian sortua. Latinez idatzita zegoen baina 1582ko argitalpenetik aurrera herriko hizkuntzan (gaztelaniaz) ditu fededunei eta haien erantzunei bideratutako jarraibideak. Espainiako eta Amerikako elizbarruti askok "eskuliburu" gisa hartu zuten, eta XVII. mendean Paulo V.ak 1614an, Trentoko Kontzilioaren erreforma liturgikoaren ondoren, argitaratutako Erromatar Erritualaren eranskin gisa sartu zen. Eskuliburu honen euskarazko argitalpenak erabili izan dira. Adibidez, Manuale Sacramentorum. Euskeraz. Bateoa ta Ezkontza. Zornotza: 1934.