XVII. NORBERARENTZAKO APROBETXAMENDUA ETA NEKAZARITZAKO MERKATARITZA

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 20:39 16 nov 2019 de Admin (discusión | contribuciones)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Hazien eta landareen erosketa. Haziak eta landareak

Adierazi ohi da iraganean, kasu batzuetan, eta landare jakin batzuentzat gaur egun ere, uztetan izandako onenak aukeratuz eskuratzen zirela haziak, edo herri bereko edo aldameneko herrietako nekazariekin trukea eginda. Landareak etxean horretarako prestatutako mintegi batean landatzen ziren, edo, bestela, bazeuden lan hori egiten zuten etxeak, eta hara jotzen zuten beharra zutenek.

Ongarrien erosketa. Ongarriak

XX. mendearen hasierara arte, ongarri organikoa zen erabiliena eta estimatuena. Batetik, lanerako abereek –idi eta behiek, astoek, zaldiek, mandoek– sortutako ongarria zegoen, haien gorozkiak lastoarekin eta iratzearekin nahastuz osatua. Hartzidura simaurtegiekin osatzen zen; ukuiluan edo etxeko eskortan egoten ziren, edo, bestela, herriaren kanpoaldean, larrainen ondoan, batez ere, edo bide ertzetan edo landa batzuen mugetan, eta landako eskortetan, askotan udalaren jabetza eta udalak banatuak.

Azkenaldian, etxe abereen murrizketaren ondorioz eta ukuilu eta eskortak ia-ia guztiz desagertzearen ondorioz, ongarri mineralak, pestizidak, herbizidak eta abar erabiltzen dira, azokan erosita. Nekazarien artean aski zabaldua dago, horiek erabiltzera behartuta dauden arren, lurrarentzat kaltegarriak direlako kontzientzia.

Lanabesak norberak egitea

Bernedon (A), herritarrek beraiek egiten zituzten lanabesetako asko, besteak beste, biércol edo txilarrez egindako erratzak; Apodakan ere (A) herritar batzuek larreetan ebakita lortzen zuten berozo zeritzotena erabiliz egiten zituzten erratzak. Pipaónen (A) eta Erronkaribarren (Uztarrotz, Izaba eta Urzainki-N) jaso da lanabes txikiak etxean egiten zirela.

Agoitzen (N), nekazaritzako lanetan erabilitako lanabes eta tresna batzuk nekazariek beraiek eginak ziren: gurdiak, burdinazko tresnentzako mahukak, uztarriak eta beste. Abadiñon (B), zurezko piezak, hala nola eskuareak eta aitzur edo aizkorentzako giderrak... etxean egiten eta konpontzen ziren. Saskiak behar zirenean herriko saskigilearengana jotzen zen. Urdulizen (B), tresnen giderrak etxean egiten ziren, eta, horretarako, menditik ekarritako egurra edukitzen zen bilduta, ondo lehortuta egin zedin.

Zornotzan (B), adierazten dute, baserrietan herriko fabriketan lan egiten zuten pertsonak bizi zirenez, ohikoa zela haiek libre zituzten denbora tarteetan nekazaritzako lanabesetarako puntak eta metalezko pieza txikiak egitea.

Iraganean, neguko egun luzeetan, hainbat auzotar biltzen zen gurdietarako sokak eta aziendarentzako uhalak egiteko. Estekatzaileen azaoen lokarriekin egiten zituzten, korapiloak kenduta. Ereiteko saskiak zur arinez egiten zituzten, hala nola makal eta pinu zurez. Auzotar batzuen artean egiten zituzten soka-lanak; idien manta ardi larruz egiten zen, eta idien kateak herriko errementariak konpontzen zituen.

Lanabesen erosketa

Etxean eginak ez ziren lanabesak herriko eskulangileek eginak ziren, edo, bestela, herriko edo inguruko herri handiago batean dendetan erosiak. Nekazaritzako eta nekazaritzako eta abeltzaintzako feriak ere leku onak ziren nekazaritzako makineriaz hornitzeko.

Lanabesen konponketa

Ohikoa da adieraztea nekazaritzako lanabesen konponketa ahal zen neurrian etxean egiten zela, batez ere eguraldia txarra zenean landan lan egiteko. Bestela, errementeriarengana edo herriko eskulangilearengana jotzen zen. Oraintsuago, makineria berria fabrikatu duen etxera edo haren ordezkariarengana eramaten da.

Nekazaritzako azokak eta feriak

Nekazariak beren produktuak saltzera joan izan dira eta joaten dira herriko azoketara, halakorik denean, eta, bestela, inguruko gunetakoetara edo herri garrantzitsuagokoetara.

Salmentak

Nekazaritzako feria eta azoketara joateaz gain, ohikoa izan da eta da bezero finkoak izatea, indibidualak kasu batzuetan, beste batzuetan enpresariak edo biltegi-jabeak; horiei salgaiak zuzenean edo tokiko kooperatiben bidez ematen zaizkie.

Aparteko feriak

Feria eta azoka arrunt batzuk nekazaritza hutsekoak dira, aurrez esan den moduan. Izaten dira aparteko nekazaritza feriak ere, horietako batzuk atal honetan aipatuak, baina ohikoa da nekazaritzako eta abeltzaintzako ferietan, abeltzaintza izan arren alderdi nagusia, nekazaritzako lanabesen eta makinen salmentak egotea osagarri moduan. Feria eta azoka horiek beste mota batzuetako saltzaileek baliatzen dituzte, etxeko gozogintzakoak, harategietakoak eta abar, eta eskaintza eskulangileen produktuetara ere zabaltzen da, eta are ekoizle ez diren saltzailerik ere izaten da. Janzteko produktuen, jostailuen, apaingarrien, musikako diskoen eta Hego Amerikako zein Afrikako eskulangintza produktuen saltzaileek aukera baliatzen dute, salmenta postu tradizionalen izaera landatar eta tradizionalekin kontrastea sortuz.

Euskal Herriko geografiako leku askotan produktu jakin batzuen zabalkundeari eta salmentari eskainitako feriak egiten dira urtean zehar, hala nola tomatea, piperra, zainzuria, olioa, txakolina eta abar. Batzuek herriko jaiekin bat egiten dute, edo baserritarren patroi San Isidroren ospakizunarekin.

Produktuen, kontratuen eta ordaintzeko baldintzen prestaketa

Jaso da oro har iraganean merkataritzako tratuetan emandako hitzak legearen balioa zeukala, baina batez ere aziendaren salerosketan erabili izan dela, nekazaritzako transakzioetan baino gehiago. Emandako hitzaren balioa nabarmentzeko, Donazaharren (NB) esaldi hau jaso da: Hitza hitz, bertzela gizona hits (hau da, emandako hitza bete ezean gizonak ohorea galtzen duela).

Bada salgaia ondo saltzeko denentzat balio duen arau bat. Aurreko asteko salneurriak ezagutzen dira gutxi gorabehera, baina bildutako jende kopuruaren, errekardarien, eguraldiaren eta abarren arabera hasierako salneurria aldatu egin daiteke. Salneurriak aldatu egiten dira azokaren hasieratik amaiera bitartean, baina inoiz ez da jakiten ziurtasunez gora edo behera egingo duten. Tratuak egiten dira, baina iritzirik zabalduena da ez dela denbora asko utzi behar pasatzen, aparteko mozkin txiki bat lortu nahian etxera merkantziaren zati bat saldu gabe itzultzeko arriskua dagoelako. Eskarmentuak oreka puntua non dagoen jakiten laguntzen du. Iraganean, ohitura zabaldua izan zen saltzaileak aitaren egitea lehen salmentako diruarekin eguna ondo hasteko eta salmentak egiten jarraitzeko.