XVII. HATUAK ETA ARTZAIN-ESKULANGINTZA
Artzainaren hatuak eta altzariak, txabola edo etxolarekin bat, beti izan ziren soilak eta oinarrizkoak, artzainen establezimenduei buruzko kapituluan deskribatzen den moduan. Udan mendian gelditzen zen artzaina bakarrik bizi zen normalean, familia urruti zeukala, familiako gainerako kideak haranean geratzen baitziren.
Gaztagintzaren aldia amaitutakoan, eskulangintzako zereginetan ematen zuen eguna. Eskulan hori zurezko lanabesak egitea, artilea irutea eta jantzi batzuk ehuntzea izaten zen antzina. Idi-adarrez egindako edalontzi apaingarria zizelkatzea eta zurezko beste lanabes batzuk egitea ere artzain-eskulangintza tradizionalaren arlokoak direla dirudi.
Orrialde honetako edukia
Artzainen lanabesak
Zurezko ontziak
Ikertzaileen arreta bereganatu du zein iraupen luzea izan duten artzainen artean esnearentzako ontziek eta beste tresna batzuek, denak zurezkoak.
Zeramikazko ontzirik ez izatearen arrazoitzat jotzen da hauskortasunaren ondorioz desegokiak direla artzainen bizimoduaren ezaugarri diren etengabeko lekualdatzeetarako. Arintasunari esker, zurezko ontziak kobrezkoei, latorrizkoei eta burdinazkoei nagusitu zaizkie, horiek askoz astunagoak baitira. Metal arinagoekin egindakoak, txapa galvanizatua edo aluminioa adibidez, ez ziren zabaldu XX. mendea ondo hasia egon zen arte.
Mende horren hasieran, etxeko hornidurako tresnak eta gazta egiteko erabiltzen zirenak zurezkoak ziren artean ere; kasu batzuetan, artzainek beraiek eginak, eta, beste batzuetan, tokiko eskulangileek[1].
Artzainen edalontziak
Hala esnea edateko nola iturrietako edo erreketako ura hartzeko, artzainek adarrez egindako edalontziak erabili zituzten antzina, beraiek egindakoak[2]. Barandiaranek zioen edalontzi horiek ez zituztela buztinezkoak zeuzkaten eragozpenak, buztinezkoak hauskorragoak baitira beti, ezta burdinazkoek zituztenak ere, burdinazkoak aise mailatzen direlako.
Edalontzi horiek egiteko idien adarrak erabiltzen zituzten, behienak baino lodiagoak direlako. Muturra zerraz ebakitzen zuten, eta, gero, alderdirik estuena buxatu, zurezko burute batez. Estalki edo burute horiek izan zitezkeen hagin zurezkoak (Lezaun, Kodes mendilerroa-N; Santikurutze Kanpezu-A), adarraren material berekoak edo huntz zurezkoak (Bernedo, Obekuri, Baxauri, Urturi-A), edo ezpel edo pago zurezkoak. Edalontzi horiei larruzko zinta bat gehitzen zitzaien, helduleku gisa, Baxaurin, Obekurin, Urturin eta Moredan (A), Kodesko mendilerroan eta Lezaunen (N) egiaztatu denez. Azken herri horretan, heldulekua alanbrezkoa izan zitekeen.
Eskulanak
Duela hamarkada batzuk arte artzainen eskulangintzakoak izan ziren gaur egun galduak dauden zeregin batzuk. Horien artean, Euskal Herri hezean nabarmentzen dira artilea irutea eta hainbat janzki egitea, hala nola txapinak, galtzerdi luzeak, elastikoak eta abar. Lan horretarako, orratzak eta kakorratzak erabiltzen ziren, kasu batzuetan beraiek txilar adarrez eginak. Artile beltzarekin eta zaldien zurdarekin ere lan egiten zuten, erresistentzia bereziki handiko sokak, abarketetarako lokarria egiteko.
Beti izan zen artzainaren lana bere ekipaje arinaren parte den makila egitea, baita hainbat figurarekin apaindutako makuluak ere.
Zintzarriak azokan erosi ohi ziren, baina abeltzainaren zeregina zen haien soinua probatzea eta ezkila-mihiak konpontzea edo berriak jartzea, baita zintzarriak zintzilikatzeko zurezko lepokoak ere. Denboran urrunagoa da musika-tresnen fabrikazioaren oroitzapena, hala nola alboka, txistuak eta txirulak, eta sunprinua; horiei buruzko lekukotasun batzuk iritsi zaizkigu.
Artilearen eskulangintza
Artzaintzan aspalditik aritzen diren familietan etxean erabiltzeko gorde izan da ardi-moztean eskuratutako artilearen zati bat. Antzina, artile hori, garbitu eta gero, ohazalak edo ohe-estalkiak eta koltxoiak egiteko erabiltzen zen. Baina artilearen erabilera nagusia haria lortzea izan da, ilaia eta firua ere deitua; harekin ehuntzen dira gero, eskuz, berotzeko arropak eta, batez ere, galtzerdi luzeak zein motzak.
Eskulangintzako prozesu horrek artilea garbitzea eskatzen du lehenik, gero kardatu eta irun, jantzietako ehun izateko. Horretan familiako kideek parte hartzen zuten, baina baita, eta parte-hartze handia izanik, artzainak berak ere.
Iraupena eta gainbehera
Artzainaren antzinako ehun-langintza horri buruz, adostasun handia ageri da inkestetan. Hain zuzen ere, Euskal Herri hezeko herri eta saroi gehienetan adierazten da XX. mendearen hasieran artzainek denbora librea mendian artilez iruten eta puntua egiten ematen zutela. Eskulangintza horrek behera egin zuen mendeak aurrera egin ahala, eta mendearen erdialderako ia erabat galduta zegoen.
Zintzarrientzako lepokoak, uztaiak
Gaur egun, mendian bazkatzen den aziendak larruz edo beste material batez egindako lepokotik zintzilik eramaten ditu zintzarriak edo ezkilak. Baina duela hamarkada gutxira arte zurezkoak ziren, eta, normalean, artzainek beraiek egindakoak.
Inguru batzuetan, burdina goriz markatzen zuten animaliaren etxearen edo herriaren izena behien lepokoetan.
Informatzaile batzuek oroiminez dakartzate gogora zurezko lepokoak, ebasteko edo galtzeko zailagoak zirelako (Apodaka-A). Larraunen (N) esaten dute zurezkoek larruzkoek baino gehiago irauten zutela, baina larruzkoek, leunagoak izaki, ez zituztela zurezkoak egiten zituzten zauriak egiten. Elgoibarko (G) informatzaileek, aitzitik, diote hurritz zurezko zerrendaz egindako lepokoek hezetasun handia xurgatzen zutela eta aise hausten zirela, eta, ondorioz, zintzarriak galdu egiten zirela; horrek zintzarriak egiteko beste material batzuk erabiltzera eraman ditu.
- ↑ Augusto PANYELLAk dioenez, zurezko ontziak erabiltzea Euskal Herriko kontua soilik ez izan arren, «pentsatu behar dugu luzaro iraun duen biziraupen elementua dela, hainbat milurtekoa...». Vide «Los kaikuak (kaiku) del Museo Etnológico de Barcelona» in Munibe, XIV (1962), 259. or. Horretaz aritzean, Estrabonen testu hau ekarri ohi da harira (K.a. I. mendea): Mendietako biztanleek «zurezko edalontzi landuak erabiltzen dituzte, zeltek bezala». Geograf. III, 3, 7.
- ↑ José AGUIRRE. «Catálogo de Etnografía», in RIEV, XVIII (1927), 342. or.