VI. UKUILURATUTAKO AZIENDAREN ELIKADURA

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Aziendaren elikadura etxean

Kapitulu honetan, etxeko aziendako espeziek ukuiluratuta egondako aldian jasotako elikaduraren berri ematen da. Neguan izaten da hori, neguan baldintza klimatikoek bazka haztea eragozten baitute, baita azienda landara edo alturako bazkalekuetara ateratzea ere. Espezie batzuk ukuiluratuta egon dira etenik gabe, urte-sasoi guztietan. Beste animalia batzuk etenik gabe eduki dira ukuiluan haiei egotzitako erabileraren arabera.

Idiak

Idien elikadurak berezitasun batzuk izan ditu behi-aziendaren barruan. Landako lanetan gurdi-abereen lanetan erabilitako animaliak direnez, haien elikadura zaindu egin da, beren lan gogorra gaixotu gabe jasan dezaten. Horrez gain, ohikoa izan da itxura oneko idi pareak harrotzeko motibotzat izatea haien jabeentzat, eta batzuek, batez ere horretarako baliabide ekonomikoak izanez gero, gainelikatu egiten zituzten animalia horiek, auzokideen miresmena eta inbidia eragiteko.

Zamariak

Zamarien elikadurarekin behi-aziendaren elikadurarekin gertatzen denaren antzekoa gertatzen da; isurialde mediterraneoan, garrantzi handiagoa izan dute zerealek eta lekaleek, eta isurialde atlantikoan, belarrak.

Ardiak eta ahuntzak

Karrantzan (B), gaur egun, neguan, artaldeak haranaren beheko partean bazkatzen dira, eta gauean ukuilu eta txaboletan biltzen dira; han, belar lehorra ematen zaie gainelikadura gisa. Erditutako ardiak ukuiluan mantentzen dira azarotik maiatzera arte. Azarotik maiatzera arte bi pentsu-errazio jasotzen dituzte egunero, bat goizean, jetzi ondoren, eta bestea arratsaldean, jetzi aurretik; apirilean, errazio bat arratsaldean, jetzi aurretik.

Txerriak

Txerrien elikadura antzekoa izan da ikertutako lurralde osoan. Elikadura horretako parte izan dira erremolatxak, arbi xehatuak eta patatak, zereal-irinarekin nahastutako berdura ur berotan deseginarekin batera. Animalia horiek mendian askatu ere egin izan dira, haritzen, arteen eta pagoen fruituak jateko, baita gaztaren gazura aprobetxatzeko ere, gazta txaboletan egiten zen artzaintza-eremuetan.

Oiloak eta beste hegazti batzuk

Herri gehienetan, oiloak kaleetan libre ibili izan dira, janari bila. Horrez gain, haien elikadura osatzeko, zereala eman izan zaie, bihi zein irin moduan, eta batzuetan uretan egositako irinak eta patatak.

Untxiak

Untxiak izan dira landare basatien kontsumitzaile nagusiak; horien artean, maiz aipatzen den bat nabarmentzen da, lechocino edo gardabera. Sonchus generoko espezie bat da.

Kumeen elikadura

Animalia guztiek zainketa bereziak izaten dituzte beren hazkuntzako garai batean, bizitzaren hasieran. Jaiotzen direnetik gurasoak bezala jaten hasten diren adinera iritsi arte, beste modu batez elikatzen dira. Etxe abere gehienak ugaztunak direla kontuan hartuta, edoskitze garai bat igaro ohi dute, eta ohikoa da hazi ahala haien elikadura pixkanaka aldatzen joatea, heldutakoan izango duten dietara egokitzeko pausoz pauso. Horrez gain, beste zainketa batzuk jasotzen dituzte, bizitzaren lehen aldian egozten zaien hauskortasuna arintzeko.

Txahalak

Astigarragan (G), txahalak esnez elikatzen dira txikiak direnean, eta gero belarrarekin nahastutako pentsua ematen zaie, gizentzeko.

Bildotsak

Karrantzan (B), edoskitze garaiak ekaina arte irauten du gutxi gorabehera; hala ere, bildotsak edoskitzen edukitzen dira maiatzaren hasiera arte, eta orduan bularra kentzen zaie, esnea gazta egiteko baliatzeko.

Aziendaren elikadura landan

Negua ukuiluan, baldintza atmosferiko okerretatik babestuta, ematen duten etxe abereak baserritik edo herritik gertuko belazeetan askatu ohi dira udaberriaren amaieran edo udaren hasieran, baldintza klimatikoak hobetzen direnean eta belarra berriro hazten denean. Kontrazko arrazoiengatik, udazkenean, menditik jaitsi eta gero, berriro ere belaze horietan bazkatzen dira, klimak aukera ematen duen bitartean.

Isurialde mediterraneoa

Isurialde atlantikoaren eta isurialde mediterraneoaren aldeko bereizketa argi bat ikusten da, herritik gertu bazkatzen den azienda zaintzeari dagokionez. Isurialde mediterraneoan ohikoa izan da artzain bat kontratatzea herriko biztanle guztien aziendek osatutako artaldea zaintzeko.

Isurialde atlantikoa

Isurialde atlantikoan ohikoa izan zen, antzina, lurrak zedarritzeko hesiak artean ere ohikoak ez ziren garaian, umeek azienda zaintzea etxetik gertuko belazeetan. Nahiko ohikoa zen umeek eskola utzi behar izatea irakurtzen ikasi eta gero, lan hori eta beren adinerako egokiak ziren beste batzuk egiteko.

Animalien kontrola belazeetan

Belazeak zedarritu eta animaliak haien barrutik irtetea eragozten duten hesiak zabaldu arte, zaindu egin behar izaten ziren, ihes ez egiteko.

Animaliak zelatatzea ezinezkoa zenean, lotuta edukitzen ziren belazeetan, ihes ez egiteko, edo bestela gailuren bat ezartzen zitzaien, gehiegi urruntzea eta ereindako lursailetan sartzea eragozteko.