XV. ARTZAIN MOTAK
Gaztelaniazko pastor hitza edozein azienda mota bazkatzen duena izendatzeko baliagarria baldin bada ere (euskarazko abeltzain bezala), eskuarki izen hori ardi azienda bazkatzen, zaintzen eta gordetzen duenari aplikatzen zaio (euskarazko artzain bezala). Lezaunen (N) jasotako datu baten arabera, bereizketa egiten zen, eta pastor artaldea zaintzen zuena zen eta ganadero gainerako animaliez arduratzen zena. Euskaraz bi hitz ezagutzen dira: artzain, ardiez arduratzen den abeltzaina izendatzeko; eta unai, behi aziendaz arduratzen denarentzat[1]. Arraiozko (Baztan-N) gure inkestan, uneia hitza jaso da behiak zaintzeaz arduratzen dena izendatzeko. Zuberoako Etxebarre herrian, bordazain hitzak, bordaz arduratzen dena izendatzeko erabilia, artzain hitzaren antzeko adiera du herri hizkeran, baina batak eta besteak egiten dituzten lanak desberdinak dira, eta gainera artzainak gunerik altuenean egiten du lan eta antzina transhumantzia txiki bat egiten zuen. Nolanahi ere, pastor (gaztelaniaz, euskarazko abeltzain bezala) aziendarekin batera bizi eta hura bere probetxurako darabilena da.
Artzaintza XX. mendearen erdialdera arte zer baldintzatan garatzen zen aztertzeko, komeni da kontuan hartzea artaldeen jabetzari eta artzaintzaren ezaugarriei bereei buruzko alderdi batzuk. Ez baita berdina artalde txiki edo ertain baten jabearen egoera eta jabe handiarena edo herriak kontratatutako kontzeju-artzainarena. Ez dira berdinak, halaber, artaldea egunero haranetik mendira eraman besterik egiten ez zuenaren egoera eta bazkaleku bila ehunka kilometro egin behar zituenarena edo hilabeteak bakartuta eman behar zituenarena, azienda beste konpainiarik gabe.
Oro har, Baskoniako isurialde atlantikoan bere ardien jabe den artzain txikiak izan dira ugarienak; isurialde mediterraneoan, aldiz, horiekin batera, artalde handien soldatapeko artzainak eta kontzejuek auzokideen aziendak gidatzeko eta zaintzeko kontratatutakoak izan dira.
Orrialde honetako edukia
Ardien jabe diren artzainak
Figura hau ugariagoa izan zen Bizkaian, Gipuzkoan eta Baskonia kontinentalean; Nafarroako herri askotan ere jaso izan da.
Artzain-mutilak. Artzainen semeak
Ikasketa ofizio guztietako osagaia izan da. Antzina adin txikiagoz hasten zen, landa eremuko haurren eskolaratze aroa laburra zelako eta etxeko lanetarako langileak behar zirelako. Batzuetan, artzaintzaren munduan hasten ziren nerabeak kontratatutako artzain-mutilak izaten ziren. Beste batzuetan, familiako kideren batek laguntzen zion artaldearen jabe zen artzainari, eskuarki seme batek, eta, modu horretan, semea aitaren lanbidea ikasten hasten zen.
Artalde handien artzainak
Artaldeak oso handiak ez zirenean, jabeak berak arduratzen ziren animaliez beste artzain batzuen beharrik gabe. Ez da ohikoa izan artalde baten jabeak artzain bat kontratatzea bere azienda zaintzeko. Zereginik garrantzitsuenak, artilea saltzea adibidez, bere gain hartzen zituen jabeak. Hain zuzen ere, artzainen kontratazioa Nafarroako gune batzuetako kontua baino ez da eta, zehatzago esateko, transhumantziako artalde handiak izan diren lekuetako kontua.
Soldatapeko artzainak
Antzinako garaietan, herri batzuetan artalde handien jabe ziren familiei lotutako soldatapeko artzainaren figura izan zen. Horrela, Nafarroako lurraldeari dagokionez, soldatapeko artzainen presentzia egiaztatu da Liberrin eta Aiantzen, Agoitzen; jabe handi ziren bi markesentzat egiten zuten lan. Lodosan, Kodesen eta Araguesen ere bazeuden soldatapekoak, XIX. mendearen hasieran mila ardiren jabe izatera iristen ziren artaldeak zituzten bi abeltzain zeudelako[2]. Elortz haranean bereziki artzaintzara emanak bizi ziren eta artaldeak zaintzeko artzainak kontratatzen zituzten familiak zeuden, baina hirurogeita hamarreko hamarkadako urteetan desagertzeko joera izan zuten dagoeneko[3].
Morroiak
Batzuetan ezinbestekoa bihurtzen zen artaldeaz arduratzeko laguntzaileak izatea eta, soldatapeko artzainak kontratatu beharrean, morroiak edo kriaduak hartzen ziren (gaztelaniaz criados). Hala jaso da Elortz haranean (N); Aralarren, Izarraitzen, Ernion eta Ezkion (G); Azken aipatutako herri horretara beste gune batzuetatik etorritako artaldeak iristen ziren, jabeak eta haren semeak gidatuta, eta, horrez gain, herriko gazteren baten zerbitzuak kontratatuta.
Artzain-nagusia
Herri batzuetan egiaztatu denez, batzuetan artzaintza lanbide zuten pertsonek artzain-eskalan gailurrera iritsi arteko edo beren ardien jabe ziren artzain bihurtu arteko ikasketa egiten zuten[4]. Ohikoa zen artzaintza lanbide zuenak kategoria batetik besterako bilakaera izatea: lehenik, lanbidean hastean, morroi edo artzain-mutil moduan, artean ere haurra zela; ondoren, esperientzia handia hartu eta gero, artalde osoaren ardura zuen artzain-nagusi moduan; azkenik, zaintzen zituen abelburuen jabe moduan. Egoera horiek Nafarroako lurraldean izan dute beren adierazpenik berezkoena.
Kontzeju-artzainak
Berrogeita hamarreko hamarkadako urteetan kontzejuak kontratatutako artzainaren presentzia oso ohikoa izan da Araban eta Nafarroako herri askotan. Gipuzkoako herri batzuetan ere izan ziren halakoak, baina haien oroitzapena galdu egin da. Azienda modu komunitarioan bazkatzeko prozedura bat da, halako moldez non herri bateko biztanleek artzain bakarra zuten herriko artaldeak zaintzeko.
Azienda txandaka zaintzea
Azienda txandaka zaintzeko sisteman, a renque deritzonean, herri bateko biztanleek aziendak beraiek zaintzea adosten zuten, bakoitzak artaldera bildutako animalia kopurua kontuan hartuz ezarritako txandetan. Zaintza metodo hau ez da Araban soilik erabili, baina lurralde horretan izan zuen indarrik handiena.
- ↑ Jatorrian, artzain hitzak ardi eta zaindu hitzak batzen ditu, baina unai hitzaren etimologia ez da hain argia. Mitxelenak esaten zuen tentagarria zela ule hitzetik (ile, artile) datorrela esatea, baina ez dagoela horretarako oinarri sendorik. Vide Luis MICHELENA. Fonética Histórica Vasca. Donostia: 1977, 2. argitaraldia, 479. or.
- ↑ Severino PALLARUELO. Sobre cultura pastoril. Errioxa: 1991, 287. or.
- ↑ Haran honi dagozkion datuak lan honetatik hartuak dira: Javier LARRAYOZ. «Encuesta etnográfica del Valle de Elorz (III)» in CEEN, VIII (1976) 92, 95. or.
- ↑ Pirinioetako artzainen sailkapena, Erronkari haranari buruzko erreferentzia barne, lan honetan ikus daiteke: VIOLANT I SIMORRA. El Pirineo Español. II. liburukia. Bartzelona: 1986, 386 or. eta hurrengoak.