IV. ANIMALIEKIKO HIZKERA ETA TRATUA

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Etxe abereei jarritako izenak

Nagusiei etxeko lanak egiten laguntzen dieten edo konpainia egiten dieten animaliei jarri ohi zaie izen propioa, nagusiekin tratu zuzen eta jarraitua dutenei. Horregatik, behiei, idiei, ardiei, astoei, behorrei eta txakurrei jarri ohi zaie batez ere. Beste etxe abere batzuei, neurri txikiagoan bada ere, ezizenak jartzeko ohitura ere jaso da; oiloei, untxiei, usoei eta abarrei, aldiz, izen generikoarekin deitzen zaie.

Haiengana zuzendu behar denean edo landako lanetan adoretu edo xaxatu nahi direnean, idiei eta behiei, adibidez, beren izenez deitzen zaie: Aida, Rubio! edo Aida, Beltza!

Ardiak

Ardien izenei buruzko zenbait ohitura jaso dira. Joera nagusia izen generikoz deitzea da, izen propiorik jarri gabe; artzain batzuek ardi batzuei soilik jartzen diete izena, gidari-lana egiten dutelako edo artaldeko beste ardietatik bereizten dituzten ezaugarri bereziren bat dutelako, eta beste batzuek, berriz, artaldeko guztiei.

Informatzaile gehienek diote ardiei izen propioa jartzen zaiela artaldea zaintzearen ardura pertsona batek baino gehiagok duenean, elkarren artean ulertzeko hori egitera behartuta daudelako.

Behiak eta idiak

Behi-aziendarekin izandako kontaktu estuak eta idi eta behiekin, aginduak emateko eta ukuilutik ateratzean bereizteko, etengabe komunikatu beharrak eragin du animalia horiei izen propioa jartzea.

Inkestetan jasotako izenen artean ugariak dira izena jarritako animaliaren ilajearen koloreari eta ezaugarri fisikoei buruzkoak. Aipamen berezia merezi dute Paloma ea Chata izenek, behiei sarritan jarritako izenak direlako herri askotan. Oso erabilia da Chato izena ere, idientzat.

Herri batzuetan nekazaritzako lanetarako izen propioz deitzen zieten aziendei (Abadiño), eta, beste batzuetan, aukera hori baztertu gabe, pinta izen generikoa ematen zitzaien, gehienak txuri-beltzak zirelako (Urduliz-B).

Zaldiak

Oro har, lanerako zaldi-azienda erosten zenean heldua izaten zen, eta ordurako izena izaten zuen. Hazita eta bere izenera ohituta egoten zenez, erostunak aurretik zeukan izena errespetatu ohi zuen. Moxalei eta mandakoei izena jartzen zitzaien (Moreda-A).

Txakurrak

Txakurrei askotariko izenak jartzen zaizkie, beste animalia batzuen kasuan aipatutako irizpideei, txakurren kasuan, nagusiaren gustuak eta apetak gehitzen baitzaizkie.

Azkuek dioenez, hogeita hamarreko hamarkadara arte gure herrietan txakurrek gaztelaniazko izenak zituzten: León, Listo, Linda, Sultán, Moro... Garai horretatik aurrera, hiribilduetako biztanleak txakurrei euskarazko izenak jartzen hasi ziren[1]. Gaur egun, XX. mendearen amaieran, txakurrei euskarazko zein gaztelaniazko izenak jartzen zaizkie Euskal Herri osoan.

Animaliak tratatzeko hizkerak eta moduak

Landa-lanetako inkestetan jasotako datuek bi alderdi erakusten dituzte animaliak tratatzeko eta animaliei hitz egiteko moduari buruz. Lehenik, asko aldatzen direla animaliaren espeziearen arabera, eta, jakina, animaliarekin tratua duen pertsonaren arabera, Sinesmen zabaldua da hobe dela animaliak keinu atseginez eta laztanez tratatzea, hala eginez gero, pertsonek bezala, erantzun hobea ematen dietelako jasotako aginduei.

Egiaztatu da, halaber, ohikoa dela animalien osasunaz kezkatzea; animalia bat gaixo edo triste egoteak egonezina eragiten die etxekoei, familiako kide bat gehiago balitz bezala. Eskuarki, hasieran hitzen bidez ematen zaizkie aginduak, eta gero, obeditzen ez badute, metodo bizkorragoa erabiltzen da: makila.

Animaliekiko tratua

Ez zaie tratu bera ematen ukuiluratutako etxe abereei abeltzaina edo artzaina jezten edo antzeko zeregin batean ari denean eta animaliari errendimendu handia eta lan gogorra eskatzen zaionean; horrelakoetan, xaxatu eta presionatu egin behar dira, emaitza jakin bat lortzeko.

Etxe abereekin erabilitako hizkera

Manuel Lekuonak hizkuntzari buruzko artikulu bat argitaratu zuen; zati bat etxe abereekin erabilitako hizkuntzari eskaini zion[2].

Egileak dio hizkuntza berezi hori hitz arruntek ez ezik erraz transkribatzeko moduko soinuek ere osatzen dutela. Horien ezaugarria da «kontsonante ahostunak» direla, «bokalen laguntzarik gabe ahoskatzeko modukoak», eta «soinuak ez dira arnasbeherarekin sortzen, kontsonante arruntak bezala, gehienbat arnasgorarekin baizik».

Txistuak

Ohikoa da txistua erabiltzea aziendari aginduak emateko. Gehienbat ardiekin erabiltzen da.

Azienda xaxatzeko tresnak

Atal honetan, erabilera bat baino gehiagoko tresnak biltzen dira; batzuk nahitaezkoak dira edo izan dira nekazaritzako edo abeltzaintzako lanetan, hala nola akuilua eta zartailua, azienda akuilatzeko; beste batzuk laguntza soila izan dira etxeko lanetarako edo aziendak bazkatzen ziren bitartean zaintzeko zereginean, hala nola artzainaren eta ahuntzainaren makila.


  1. Resurrección Mª de AZKUE. Euskalerriaren Yakintza. I. liburukia. Madril: 1935, 50. or.
  2. Manuel LEKUONA. «Lenguaje empleado con los animales domésticos» in AEF, I (1921) 37-42. or. Etxe-abereekiko tratuari buruzko galdeketetan bildu ditugun hitzez gain, autore honek XX. mendearen hasieran jasotakoak kontsulta daitezke artikulu honetan. Vide ere Resurrección Mª de AZKUE. Morfología Vasca. Bilbo: 1925, 497-498. or. eta Euskalerriaren Yakintza. III. liburukia. Madril: 1945, 357-361. or. Hitz batzuk Pablo ZAMARRIPAren Manual del Vascófilo lanean ere jaso dira, «Onomatopeyas vizcaínas» atalean. Bilbo: 1913, 186-192. or.