VIII. MENDIKO AZIENDA
Tradizionalki etengabe ukuiluratuta eduki diren edo, asko jota, ukuiluaren inguruan bazkatu diren animaliak hazi izan dira, batez ere lanerakoak eta esnetarakoak. Beste azienda batzuek mendi-hegien erdialdeko bazkalekuak baliatu izan dituzte; herri askotan, batzuetan “borda” deitzen diren eraikin batzuk altxatu izan dira leku horietan, eta animalien babesleku izan dira baldintza klimatikoak txarrak zirenean.
Azkeneko bazkaleku horiek erabiltzen ziren batez ere udaberrian, bazkaleku altuak artean ere hazi gabe zeudelako klimaren ondorioz, eta udazkenaren amaieran, ordurako agortuta zeudelako. Baldintzak egokiak zirenean, mendietara igotzen ziren. Artzaintza erregimen hori ez da berdin errepikatzen ikertutako lurralde osoan, aldaketak baititu mendilerroen eta mendien alturaren, isurialdearen, lurraren edukitze-erregimenaren eta tokian tokiko ohituren arabera; horrek eredu aniztasuna sortzen zuen.
Mendiko bazkalekuetara igotzeko eta handik jaisteko datak markatzeko, informatzaile askok santuen izendegira jotzen dute, hori da hilabetea eta eguna zehaztu gabe komunikatzen duten modua. Ohitura oso zabaldua da.
Orrialde honetako edukia
Bizkaia
Bizkaian, bazkaleku altuetara igotzen ziren azienden artean ardiak izan dira ugarienak nabarmen, baina behi eta zaldi aziendak ere garrantzi handia izan dute, eta horiek baino pixka bat urriagoa izan da ahuntz azienda. Herri batzuetan, zerriak mendiko guneetan askatzen ziren udazkenean, haritzen, arteen, gaztainondoen eta pagoen fruituak aprobetxatzeko, eta, artaldeen ondoan egoten ziren eta altura handian kokatutako txaboletan gazta egiten zuten artzainen kasuan, gazura aprobetxatzeko.
Bizkaiko herri batzuetan, altura handiko mendirik ez zutenez, animaliak gertuko bazkaleku komunaletan askatzen ziren eta egunero etxeratzen ziren.
Gipuzkoa
Gipuzkoan ere ardi azienda izan da nagusi. Mendian artaldearen ondoan irautean oinarritutako artzain-bizimodua Aralar eta Aizkorriko bazkalekuetan gauzatu izan da.
Hondarribian, Jaizkibel mendiaren hegaletan, ardiak, zaldiak, behiak eta betitxu ugari hazi izan dira, berrehundik gora abelburu. Baserri askotan, behi lehorrak edo txahalak dituztenean, etxean hazi beharrean mendian askatzen dituzte, janaria, lana eta ukuiluan hartuko luketen lekua aurrezteko. Oso negu gogorretan izan ezik, animaliek Jaizkibelen ematen dute urte osoa.
Baskonia kontinentala
Lapurdin, ardiak, pottokak eta betizuak hazten ziren mendian. Zerriak ere igotzen ziren, eta basoan uzten ziren ezkurrak jan zitzaten. Horrez gain, ahuntzak ere izaten ziren; haiengandik okela baino ez zen eskuratzen, esnerik ez, baina ospe gaiztoa zuten, egiten zituzten txikizioengatik.
Zuberoan, ardiekin eta gazurez gizendutako zerriekin igotzen ziren mendira. Olhan bi edo hiru ahuntz ere eduki zitzaketen, asko jota. Batzuek aratxeak ere igotzen zituzten, baina geroago, ekainaren 15etik edo are uztailaren 1etik aurrera, baldintza klimatikoen arabera. Zaldiak ekainaren eta irailaren artean eramaten ziren, animalia horiek bazka guztia irensten zutelako ardientzat ezer utzi gabe. Zuberoako sindikatuek ziurtatzen zuten bazkalekuetara sasoi horietatik kanpo ez zirela igotzen, belarrak berritu beharra baitzuen.
Araba
Aiaraldean, gaur egun Gorobel mendilerrora, Aiaraldea osatzen duten herri guztien bazkaleku komunalera, igotzen den azienda mota nagusia, ardi azienda da; 6.000 abelburu baino gehiago, 400dik gora ardi latxa dituzten artaldeekin. Hala iraganean nola gaur egun, bazkalekuak aprobetxatzen dituzte lehen elurteak iritsi arte, baina antzina elurra desagertu arte itxaroten zuten berriro igo aurretik, eta, gaur egun, behin jaitsi eta gero, ez dira berriz igotzen hurrengo denboraldira arte. Azken urteetan, mila behi azienda baino gehiago igotzen dira Gorobelera. Arraza ugariena tradizionalki eskualde honetan hazi dena da, terreña deritzona. Gainerako behiak ez dira arraza garbikoak izaten, suitzarren, xarolesen eta piriniotarren arteko gurutzaketak baizik. Martxoan eta apirilean ikus daitezke dagoeneko behiak mendietan. Antzina, etxe bakoitzak igotzen zituen mendilerrora berak hazten zituen abelburu apurrak, guztira 100 edo 150 baino gutxiago beti. Horrez gain, 300 behor inguru askatzen dira mendilerroan. Hori da igotzen den lehendabiziko azienda, daukan indarrarengatik, eta batzuetan negu osoa ere eman izan dute han behorrek. Ohikoa da behor saldo handi bakoitzean hazitarako zaldi bat egotea. Horrez gain, ahuntz aziendako 100 edo 150 buru ere igotzen dira. Animalia horiei buruz esaten da hozberak direla, eta horregatik ez dira eramaten maiatzaren bukaerara edo ekainaren hasierara arte. Haranera abenduan jaisten dira.
Urkabustaizen, mendiko behiak eraman ohi dira mendilerrora, terreñak eta betizuak. Han egoten dira udaberritik San Migel eguna arte (irailaren 29a) eta are denbora gehiago ere, klima egokia baldin bada. Data horretatik aurrera, ukuiluetan lo egiten hasten dira, baina egunero itzultzen dira mendira. Jabeak ez du haiek gidatu beharrik, baina askotan abeltzainak kumeak ukuiluan utzi behar izaten ditu amak itzuliko direla ziurtatzeko. Behorrekin prozesua antzekoa da, baina askoz ere erresistentzia handiagoa dute eta ez dira jaisten elurra egiten duenean edo erditzeko daudenean baizik. Erditzearen ondoren, herriko ibai ertz edo ezponda batera eramaten dira bazkatzera zortzi edo hamabost bat egunez.
Ardiak, ahuntzak eta zerri zuriak ere eramaten dira.