Abeltzaintza eta artzaintza eta bien bilakaera

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Español • ‎Euskera • ‎Francés


Tradizio handiko kultura

Duela mende erdi edo, hauxe idatzi zuen Barandiaranek: «euskal Pirinioaren ardatzak —Pirinio osorako ere gauza bera esan daiteke— tradizio handiko kultura baten arrastoak gordetzen ditu bere tolesduren labirintoan»[1].

Kultura horren adierazbiderik esanguratsuena abeltzaintza eta artzaintzarekin lotutako bizimoduan nabaritzen da. Hasteko, dokumentazio historikoak ematen digun informazioaren arabera, Erdi Aroaren amaieran eta gaur egun ere gure ibarretako abere-taldeak mendi berberetara joaten dira udan[2].

Baina Erdi Aroko dokumentuotan adierazitako abeltzainen bizimodua askozaz lehenagotik dator, historiaurreko monumentuen kokapen-esparruak iradokitzen digun legez.

Baratz edo espil izenekoak harri zutez eginiko zirkuluak dira eta, historiaurreko ikerlarien aburuz, bretoierazko cromlech terminoaz izendatzen diren horien parekoak dira. Burdin Aroko hileta-eraikuntzak dira eta euskal Pirinioetako goi-lautada eta mendi-lepoetan aurki ditzakegu, mendiaren bi isurialdeetako larreen artean. Monumentuok udako abel tzaintza egiten zen guneetan daude kokatuta, eta inoiz ez dira aurkitu bizimodu hori egin ez den lekuetan. Horrek esan nahi du eraiki tzaileak abeltzainak zirela eta gaurko abeltzainen bizimodu tradizionala eta Burdin Aroan zegoena berdin-berdina dela.

Kokapen-kointzidentzia bera ikus daiteke gaur egungo abeltzaintza-gune eta Eneolitikoaren aurreko garaian eta Neolitikoaren amaieran egin ziren trikuharrien esparruan. Lekuberekotasun hori handia da; izan ere, ez dago trikuharririk lurraren izaera eta klimaren baldintzak direla-eta bordak egiteko aukerarik ez daukaten lekuetan[3].

Euskal mendietako abeltzaintzak mendeak iraun ditu, eta horregatik azal dezakegu ganadu-espezie batzuen zein tresneriaren izenak berta-bertakoak izatea eta ez Europako alde honetara K. a. lehen milurtekoan etorri ziren indoeuropar hizkuntzetatik hartutakoak. Indoeuroparrak ez direnen artean daude abereon izenak: AHUNTZ, AKER, ARDI, BEHI, ZEZEN, ZEKOR, IDI, ZALDI, BEHOR, URDE, AHARDI, AKETZ, OR, ZAKUR[4].

Coincidencia entre áreas megalíticas y zonas de pastoreo según Barandiaran (1927). Fuente: Anuario de Eusko Folklore, Tomo VII. 1927 (Dibujo de Don José Miguel de Barandiaran).

Azken ikerketa arkeologikoek[5] Euskal Herriko Neolitizazioa uste baino zaharragoa dela egiaztatzen dute. Mendebaldeko Piri nioan, abereen presentzia Kristo aurreko V. milurtekoaren azken laurdenean dokumentatzen da, bai Bizkaiko golkoko isurialdean (Arenazako haitzuloa-B), baita mediterranearrean ere (Peñalarga-A; Los Cascajos, Los Arcos-N). Etapa goiztiar horretan, ardi eta ahuntzen familiakoak izan ziren ugarienak, baina behiaren familiakoak ere bazeuden. Arabako Peñalargako kobazuloan, ardiez —horixe baita ugariena besteen artean— eta behiez gain, etxeko txerria ere bazeuden.

Abeltzaintzaren erregimen tradizionala

Leku jakin batzuetan abeltzaintza eta ganaduaren hazkuntza librea irauteko, ondoko baldintzak izan dira beharrezkoak: herri-lurrak egotea, larreei probetxua ateratzea libre izatea eta abere-taldeak hara eta hona libre ibiltzeko aukera edukitzea.

Lurralde menditsuetan, herri-lurrek garrantzia izan dute inguruko herrien ekonomia tradizionala hobetzeko. Hori dela-eta, denon artean ustiatu ahal izateko, herrien arteko elkarteak eta batasunak sortu ziren. Halakoak izan dira, besteak beste, Sierra Salvadakoak, Guibijokoak, Izkizekoak, Aizkorrikoak (Araba eta Gipuzkoako Unio edo Partzuergo Orokorra), Eniriokoak eta Aralarrekoak, eta Bardeetakoak Nafarroan. Antzekoak dira Pirinioaren isurialde bietan kokatutako udalen arteko batasun eta facería izeneko elkarteak.

Herri-lurretan bazkalekuak eta zuhaiztiak — pagoak, haritzak eta arteak— dauzkaten larreen ustiaketa librea indarrean egon da hainbat herritan. Herritarrek larreok aprobetxatzen izan dituzte ganaduaren bazka lortzeko —ardiak, behiak eta zaldiak—, nahiz etxerako egurra, ukuiluan sartutako ganaduen azpigarrirako ira eta txerrientzako ezkurrak biltzeko.

Historikoki, ganaduaren zirkulazio libreak ez du mugarik izan, ez badira lur pribatuak eta beste herri, partzuego edo unio batzuetako larreak banatzeko munarriak. Hormaz edo hesiz mugatu bako lur pribatuetan ere ibiltzeko aukera izan du ganaduak, uzta bildu ostean beti ere. Abere-taldeek soroetan zehar ibiltzeko aukera hori, honako esapidean aipatzen da: Soroak zor dio larreari. Horixe baita Pirinioetako haranetan gaur egun puri-purian dagoen larre-erregimena (Erronkari-N, esate baterako).

Pérennité des zones de pâturages. Dolmen de Gaxteenia. Mendibe (BN), 1980. Fuente: Blot, Jacques. Artzainak. Les bergers basques. Los pastores vascos. San Sebastián, Elkar, 1984.

Antzinako abeltzaintza moeta, azienda ukuiluan sartzen hasi baino lehenagokoa, honelakoa zen: mendian hazten ziren behiak eta behorrak, ezelako loturarik gabe, eta okela eta kumeak ziren etekin bakarrak. Bizimodu erdibasatia zuten animaliok euren etxeko marka zeukaten larruan grabatuta. Hala ere, ezin zaie abere izena eman. Animaliok mendian harrapatzeko erabiltzen ziren modu batzuk eta eraikitze-ehizan erabiltzen direnak antzekoak dira; segada eta doba-txakurrak erabiltzen ziren.

Ganadua gobernatzeko modua, larreen aprobetxamendurako erregimena eta abeltzaintza moeta klimak eta lurraren izaerak baldintzatzen ditu. Orain dela bi mila urte, Pliniok (N.H. IV, 10) Vasconum saltus delakoa (hezea eta basoz betea) eta Vasconum ager izenekoa (laborez eta mahastiz osotua) bereizi zituen. Bereizketa hura bat dator, oro har, Euskal Herriko alde heze eta lehorraren banaketarekin eta, ez hain zehatz, baina baita atlantiar eta mediterranear isurialdeen bereizketarekin ere. Lan honen gaia kontuan hartuta, ondo egokitzen da banaketa hori gaur egun ere.

Atlas honen lurraldea erromatarren garaian, Santiago Seguraren arabera. Fuente: Segura, Santiago. Mil años de historia vasca. Bilbao, Universidad de Deusto, 1997. (Dibujo adaptado por Luis M. Peña).

Atlantiar isurialdean hazten diren abere arrazak bertako hezetasun gehiegira egokituta daude, batez ere sasoi hotzean. Hori aintzat hartuta, ardien familiako arrazak aipatu behar dira, beheko larreetan bazkatzen baitira. Larreotan dagoen hezetasun maila altua dela-eta, behien familiakoek ez daukate bertan bazkatzerik.

Isurialde horren beste ezaugarri bat honakoa da: larre ugari ditu baina ganadua elikatzeko labore gutxi. Larreak desberdin hazten dira urtaroaren arabera eta, hori dela kausa, pilatzeko metodoak garatu izan dira; modu horretan, abereen elikadura bermatzen da larreak hazi barik dauden bitartean.

Ukuiluko abeltzaintza esnetarako erabili izan da azken garaietan, behi-esnetarako, batez ere. Herrigune garrantzitsuak sortzeak eragina izan du horretan. Artaldeen esnea eta ardi-esnez egindako gazta ere azpimarratzeko moduko produktuak dira.

Baserriak sakabanatuta daude eta, modu horretan, ukuiluak etxebizitzari atxikita edo inguruetan jar daitezke; etxe bakoitzak, ingurumenari etekinik handiena atera nahian, mota guztietako abereak hazten ditu, ardi eta behiak garrantzi ekonomiko handiena daukatenak badira ere.

Artzaintzak izaera familiarra izan du: hau da, artaldea etxekoa da tradizio luzearen ondorioz, normalean ardiak hazten dira eta familiako batek zaintzen ditu.

Euskal Herriko mediterranear isurialdearen ezaugarririk garrantzitsuena herri-lurrak izan dira. Gaur egun ere izaera horrekin jarraitzen dute; zenbait herriz osotutako elkarte eta ermandadeen bitartez ustiatzen dira.

Atlantiar isurialdearekin dauzkan aldeek larreak, hazitako arrazak zein espezie bakoitzaren garrantzi erlatiboa baldintzatu dituzte. Araba eta Nafarroako herri askotan ahuntzak izan dira etxean kontsumitzeko esnea ematen izan dutenak.

Bertan nekazaritzak garrantzi handiagoa izan duenez, lanerako animaliak nahitaezkoak izan dira. Abereen artean antzinatik bereiztu izan dira lanerako direnak eta lanerako ez direnak; lehenengo horiei herritik hur zegoen herri-lurra uzten zitzaien bazkatzeko, behar zenean uztartzeko prest egon zitezen.

Galtzua, uzta jaso ondoren barreiatutako aleak, lugorriak eta soroen landu gabeko ertzak bazkaleku garrantzitsuak izan dira ganaduarentzat. Landutako lurren aprobetxamendua abeltzainen eskubidea izan da, ez nekazarien kontsezioa; trantsizioa izango litzateke, hortaz, abeltzaintza libretik nekazarien jabetza-erregimenera.

Herrigune kontzentratuak abeltzaintza komunitatean egitera bultzatu du. Etxeetako abelburu kopurua txikia zenez, ez zituzten jabeek eurek gobernatzen; auzoko guztien abereak bildu eta ofizioko abeltzaina kontratatzen zuten (artzaina, unaia, ahuntzaina...), goizetik larreetara ateratzeko eta iluntzean ekartzeko. Jarduera horrek dula (edo almaje) izena zeukan gaztelaniaz, eta abere moeta guztiei ematen zitzaien. Abeltzain dulero jakin batek gobernatzen zuen abere mota bakoitza eta, hori dela-eta, izen desberdinak gorde izan dira, euskaraz zein gaztelaniaz: machero, boyero, yegüacero, cabrero/ahuntzaina, azeia, bizalero, bizela; vaquero/unaia.

Gaur eguneko aldaketak

Abelazkuntzan izan diren aldaketek bizimodu tradizionalari eragiten dioten moldakuntza sakonagoak dauzkate oinarrian neurri handi batean. Baserrian jende gutxiago bizi da eta gutxiago dira abeltzaintzan aritzen direnak.

Aldaketok azken hamarkadetan gertatu izan dira eta abeltzaintza erabat aldatu dute: ohiko ogibidea edo bizimodua izateari utzi eta jarduera ekonomiko bihurtu da.

Oro har, etxean hazten diren espezien aniztasuna gutxitu egin da; gutxitze hori ekonomia autarkikotik produktibismora pasatzearen ondorioa da. Halandaze, familia-unitateko espezie gutxiago mantentzen da baina abelburuen kopurua nabarmen doa gora, buruko dagoen irabazia murriztuz joan delako. Hau da, espezializaziora jo da.

Abere txikien —untxiak eta hegaztiak— hazkuntza nabarmen gutxitu da. Izan ere, abereon okela zein produktuak merkatuan lortzea askozaz ere merkeago da eta lan gutxiago ematen du: adineko pertsonak edo etxeko hazkuntza maite dutenak baino ez dira horretan aritzen.

Produkzioa handitzeak bertako arrazen galera ekarri du apurka-apurka. Arraza horiek errentagarriak izan ziren antzina, inguruneari egokitzeko gaitasuna zutelako. Gaur egun ez dira hazten ia, produkzio txikikoak baitira; etekin handia lortzeko baliagarriak diren abereak ustiatzen dira gaur. Oraindik desagertu ez diren arrazak larreetan bazkatzen dira etekin handiagoa lortzen duten abereek aprobetxatu ezin dituzten mendi eta basoetan.

Moderno establo de ovejas. Izurza (B), 2000. Fuente: Archivo Fotográfico Labayru Fundazioa: José Ignacio García Muñoz.

Bertako arrazak ez galtzeko interesa oraintsukoa da eta horretan pisutsuagoak dira arrazoi kulturalak abeltzainen kezkak baino. Azken urteotan sartu izan dira bertako arrazaren kontzeptuaren barruan antzinatik hazi izan diren abereak. Abeltzainek eurek ezagutzen ez zituzten izendapenak eman dizkiete gainera. Ofizioa zela-eta bidaiak hara eta hona egiten ibiltzen zirenak —tratanteak, kasurako— baino ez ziren ohartzen ganadu moeta bakoitzaren arraza-desberdintasunaz.

Baserriko jendeak sekula ez die berrikuntzei muzin egin eta normalean hazten ez zituen abereak sartzeko ahalegina egin du, ezaugarriak hobetu asmoz; baina ondo zekien zelako baldintzak jartzen zizkien inguruneak abereoi.

Gaur egun goitik behera aldatu da azienden arraza-konposizioa, abere produktiboagoak lortzeko ahaleginean. Honetara, intseminazio artifizialak mugak deuseztu ditu, urruneko abereen ezaugarri genetikoak sartzeko aukera ematen baitu kostu handiegirik gabe.

Abelburuen kopurua handitu egin denez gero, higiene-eskakizunak areagotzeak eta abereen lanak errazteko beharrizanak hauxe ekarri du: etxeko korta alde batera utzi eta ukuilu handi eta modernoak eraikitzea. Izenak eurak ere aldatu dira; hona hemen izen berriak edo adiera berrituekin erabiliak: pabilioiak, abeletxeak, abeltegiak edo nabeak.

Bizkaiko itsasoari begira dauden eskualdeetako baserri zaharretan, familia biltzen zen sutearen ondoan zegoen abereen korta, beheko solairuan. Zurezko hormek banatzen zituzten areto biak; denboraren joanean, banaketa horiek sendoagotu egin ziren, baina abereak teilatu beraren pean zeuden oraindik ere. Barrurago dauden lurretan, eremu bereko eskualdeetan, gaineko bizimoduan zegoen familia eta, era horretan, beheko kortako beroa aprobetxatzen zuen.

Mediterranear isurialdean herrigune kontzentratuak ez zuen baimenik ematen herrian bertan abereak izateko, edo zailtasun handiak jartzen zituen behintzat. Hala ere, abereentzako eskorta etxeari lotuta zegoen eraikina zen.

Ukuilu berriak eraiki direnetik abereak etxekoekin batera bizitzetik produkzio berriko erregimenera pasatu dira, produkzio intentsiboa sarritan. Egoera berri hori administrazioan erabiltzen den terminologian ere islatzen da; dagoeneko ez dira baserriak, ukuiluak edo eskortak aipatzen abeltzainen ustiaketak baizik.

Artzainaren jeepa. Gorbea, Zeanuri (B), 1988. Fuente: Ander Manterola, Grupos Etniker Euskalerria.

Ganaduaren elikadura asko aldatu da; gero eta jateko gehiago inportatzen dituzte abeltzainen ustiaketak dauden lekuetara; jateko hori, pentsu moduan normalean, urrunetik dator sarri. Hori dela-eta, abeltzaintzak lurrarekiko tradizionalki izan duen lotura hautsi du nolabait. Elikadura-sistema horren ondorioetako bat honako hau da: klima eta larreak zirela eta, espezie batzuk hazi ezin ziren lekuetan hazteko aukera.

Abeltzaintza-ustiaketaren intentsifikazioak aldaketa bortitzak ekarri ditu, hala nola satsaren kasua. Abereen satsa lurraren emankortasunari eusteko elementu garrantzitsua izan zen antzina. Lurrak, bestetik, oinarrizko elikagaiak ematen zituen iraupeneko ekonomia aurrera eraman ahal izateko. Behien familiako abereen azienda handitzeak eta kontzentratzeak, zein ustiaketa modu berriek sasoi bateko sats lehorra minda bihurtu dute. Minda hori ezin da nekazaritzan ongarritzat erabili nabarmen gutxitu diren soroetan. Garai batean aberastasun-iturri izan zena kutsadura-arazo da gaur egun.

Étable actuelle. Hazparne (L), 2000. Fuente: Ander Manterola, Grupos Etniker Euskalerria.

Ardientzako elikagai berriak esku-eskura daudenez, trashumantziaren beharra gutxitu egin da; dagoeneko ez da neguan larre bila joan behar. Hala eta guzti ere, Bizkaiko itsasoaren aldean ohikoa da abere-taldeak ibarretako larreetan bazkatzea neguan.

XIX. mendean zehar herri-lur asko galdu ziren, itsasoaren aldean batez ere; eta XX. mendean zehar antzina artaldeen eta beste abere batzuen bazkaleku ziren mendi batzuetan zuhaitzak sartu dituzte, espezie berriak landatuz; gaur egun, moeta horretako plantazio gehienak hesiz mugatuta daude.

Mendeetan zehar, abeltzainek euren mendi-inguruak apurka-apurka egokitu eta aldatu egin zituzten euren jardueren bitartez. Gaur egun paisaia ikusgarritzat dauzka jendeak eta administrazioek parke natural izendatu dituzte babestu asmoz. Baina jokaera hori kalterako da paisaiak moldatu zituzten egileentzat eurentzat; euren jarduera kontrolatzen da eta aurrera egiteko bideak eteten dizkiete; horrezaz gainera, abeltzaintzari arrotz egiten zaizkion beharrizanak asetzeko hurbiltzen den jendez betetzen da mendia. Ildo beretik, antzina abeltzainentzat piztien kategorian sartzen ziren animaliak espezie babestuak dira gaur egun, artzainen harridurarako.

Abeltzainek mendiko borda edo etxoletan ematen zuten uda; gaur egun asko gutxitu da joera hori. Azken hamarkadetan ur-instalazioak, argindarra eta bestelako baliabideak sartu dira bordetan; hala ere, gero eta abeltzain gutxiagok egiten du bizimodu hori eta eskualde batzuetan esnea emateari utzi diotenean eramaten dira ardiak mendira goiko larreak aprobetxa ditzaten; holan, artzainak ez du egunero bertan egon behar ardiak jaisteko, eta lantzean behineko bisitak baino ez ditu egiten. Mendietara eta goiko larreetara heltzeko egin dituzten errepideek eta mendi-bideek zein 4x4 ibilgailuek ekarri dute egoera berri hori.

Ardi-esnez eginiko gazta oso produktu estimatua da gaur egun eta higiene eta kalitate arloetan hobekuntza handia izan du; sarritan jatorri-izendapen batzuen kontseilu arautzaileek kontrolatzen dute kalitate hori. Dagoeneko ez da beti mendiko bordetan egiten eta ez dira horretan artzainak soilik aritzen. Gero eta gaztandegi edo gazta-fabrika gehiago dago; ardien esnea erosi, eraldatu eta komertzializatzen dute. Artzain batzuek bide hori hautatu dute, modu horretan lana gutxitzen baitute eta ez baitira salerosketaz arduratu behar.

Artileak, ordea, ez dauka gaur egun balio handirik merkatuan (Bizkaiko golkoaren isurialdeko arrazenak behintzat). Hori dela-eta, motzaldiak helburu bakarra dauka: ardiek udan berorik ez izatea.

Abereen salerosketan antzina izan zuten garrantzia galtzen joan dira ganadu-azokak. Gaur egun garrantzi handiagoa daukate arraza batzuen aleen erakusketek eta abere-lehiaketek. Artzainen bizimoduarekin zerikusia duten jarduera jakin batzuk (artisautza eta gaztangintza edo artilegintza, besteak beste) bertatik bertara ikusteko aukera eskaintzen duten hiritarrentzako jaiak dira oraingo azokak. Artzainen kulturaren beste jarduera batzuetan ere aurki daiteke folklorizazio hori, hala nola trashumantzia edo artaldeak mendira igotzearen kontuan; kasuotan aurretik iragarritako jai baten egitarauan daude txertatuta ekintzak eta artzaintzaren mundutik kanpo dagoen jendeak hartzen du parte.

Sasoi batean pagoz edo urkiz egindako borda edo etxoletako tresnek XX. mendearen lehen hamarkadetara arte iraun zuten. Etekin handia ateratzen zizkieten tresna horiei; izan ere, pisu gutxikoak ziren eta ez ziren apurtzen batetik bestera garraiatzean. Zinka eta aluminioa —material arinak bi-biak— sartu zirenean geratu ziren aurrekoak baztertuta. Artzaintzak berak ematen dituen produktuek (larrua eta artilea) ezin izan diete aurre egin, jantziak eta oinetakoak egiteko orduan, modu industrialean produzitzen direnei. Langile batzuek antzinako artzainen tresnak artisauen eran egiten jarraitzen dute, baina halako esku-lanak apaingarri moduan baino ez dira erabiltzen.

Beste abereekin egindako ekoizpen intentsiboaren prozesuei aurre egin die artzaintzak. Hala eta guzti ere, adierazi behar dugu artaldeek gero eta buru gehiago dituztela eta artzain batzuek abeltegi itxietan ustiatzeko erabakia hartu dutela.

Azken urteotan Europako elkarteak laguntza-sistema ezarri du eta sistema horrek abeltegi itxiak hedarazi ditu, sustatu eta babestu egin dituelako. Europako dirulaguntzok eragina daukate artzaintzan ere. Bi moetatako ondorioak ekarri dituzte: batetik, hain errentagarriak ez diren abeltzain-jarduerak mantetzeko aukera dakar; baina, bestetik, aldaketa handiak ekarri dituen eragina izan dira.

* * *
 

Egin diren aldaketak gorabehera, modu tradizionalak erabiltzen dituzten abeltzainak eta artzainak topatzeko aukera ere bada oraindik.

Ikuspegi etnografikoari erreparatuz, azpimarratu beharko litzateke auzune berberean edota etxe berberean bizimodu moeta desberdinak aurki daitezkeela. Horrela, bada, etxe berean belaunaldi luzeetan ia aldatu bako abeltzaintza edo artzaintza tradizionala ezagututako gizon nagusia egon daiteke, batetik eta, bestetik, aurrerapen guztiak dituen instalazio moderno batean —behi-esnearen produkzioan, esaterako— lan egiten duen gaztea. Tradizioaren apurketa nabarmena da: abeltzain gazteak arreta handiagoa jarriko die nekazari-jardueretako teknikari espezializatuen aholkuei, aita edo aititaren aholkuei baino, azken horiek belaunaldietan zehar metatutako jakintzak gorde arren. Apurketa horren emaitza kulturala begi-bistan dago: abeltzain aurreratuenek, jatorria dena delakoa izanda ere, ez daukate desberdintasunik euren artean: abereak antzekoak dira, makineria berdin-berdina da eta prozedurak estandarizatuta daude.

Aldaketa horiek guztiak bizkortu egin dira XX. mendeko azken hamarkadetan. Abeltzainen ikuspegitik, aurrez aurre daukaten arazorik serioena hauxe izango litzateke: garatzen duten jardueraren kontrola galtzea. Dagoeneko jarduera hori ez dago euren esku, ez dago euren lan egiteko gaitasunaren esku, ezpada urrun dauden botere-zentroen erabakien menpean. Aldi berean, mugitzeko aukera askorik eskaintzen ez dien sare komertzial konplexu batean harrapatuta ikusten dute euren burua.

Egoera horren aurrean, gero eta eragin txikiagoa eskaintzen dien sistemaren barruan etorkizuna kolokan ikusten duten abeltzain batzuk aurre egiten ari dira, ondo baitakite Europako aniztasun biologikoa eta kulturala nekazari-inguruan dagoena. Baserriko jendeak fenomeno orokorren berri badauka; ezagutzen ditu, esaterako, «globalizazioa» edo gero eta handiagoa den kontzientziazio ekologikoa. Europako abeltzaintzan gertatzen ari diren elikagai-krisialdi larriek arrazoia zeukatela egiaztatzen dutela dirudi.

Geure buruari galdetu behar diogu, beraz, obra honetan bildutako lan egiteko modu tradizionalak guztiz ahaztuko diren edo, denbora aurrera joan ahala, aintzat hartuko diren horietako batzuk. Azken batean, liburu honetan hartzen dena belaunaldi askotan pilatutako esperientziaren emaitza da eta bat dator, oro har, oraintsu sortu den kontzeptu batekin (ekoizpenaren intentsifikazioaren aurrez aurre dagoena): garapen jasangarria izenekoarekin.

  1. Vide José Miguel de BARANDIARAN. «Aspectos sociográficos de la población del Pirineo Vasco» in Eusko Jakintza, VII (1953-1957), 7. or.
  2. Vide Cartulario de San Millán, Cartulaire des rôls gascons. Le livre d’or de Bayyone, etc. Haristoyren zita: Recherches historiques sur le Pays Basque. Bayonne, 1883, II, 402-406, 547-551. orr.
  3. Vide On Joxemiel Barandiaranek egin zuen eta Anuario de Eusko Folklore aldizkariak argitaratu zuen mapa: Anuario de Eusko Folklore, VII (1927), 137. or.
  4. R. L. TRASK. The history of basque. London (Routledge), 1997, 295-303 orr.
  5. Mª Amor BEGUIRISTAIN. «Los yacimientos de habitación durante el Neolítico y la Edad de Bronce en el Alto valle de Ebro», Trabajos de Arqueología Navarra (TAN), 3 (1982), 59-156. orr. A. CAVA; Mª Amor BEGUIRISTAIN. «El abrigo prehistórico del abrigo de la Peña (Marañon, Navarra)» in Trabajos de Arqueología Navarra (TAN), 10, (1991-1992), 69-135. orr. A. ALDAY. «Abrigo de Atxoste-Puerto de Azáceta (Virgala). II Campaña de excavación arqueológica», Arqueoikuska 1997. Idem (1998b): «El depósito prehistórico de Kanpanoste Goikoa (Virgala, Álava). Memoria de las actuaciones arqueológicas 1992-1993». Memoria de Yacimientos Alaveses 5. Arabako Foru Aldundia. J. FERNÁNDEZ ERASO. (1997): «Excavaciones en el abrigo de Peña Larga (Cripán, Álava)» in Memoria de Yacimientos Alaveses 4, (1997) Arabako Foru Aldundia. J. GARCÍA GAZOLAZ. «Los origenes de la economía de producción en el País Vasco meridional: de la descripción a la explicación» in Illunzar 2 (1994), 87-99. orr. Idem. «Apuntes para la comprensión de la dinámica de ocupación del actual territorio navarro entre el VI y el III milenio» in Cuadernos de Arqueología de la Universidad de Navarra 3, (1995), 86-146. orr.