XXVI. SINESMENAK ETA OHITURAK
Orrialde honetako edukia
Oiloen txitaldiari buruz
Iraganean arreta handia ematen zitzaion oilo zaharrak berri batzuekin ordezkatzea ziurtatuko zuten oilandak eta oilaskoak lortzeari, eta oilar on bat, edo, hobeto, kapoiak, hain estimu handikoak. Baina txitaldiari buruz jaso diren arreta-neurri ugariek erakusten dute aurreikusi ezinezkoa izaten zela prozesu hori.
Beste kontu bat izaten zen etorkizuneko oilanda-oilaskoen sexua hautatzea. Kontuan hartuta arrautzek iraganean zuten estimazioa, emeei arrei baino balio handiagoa ematen zitzaien.
Karrantzan, etorkizuneko oilanda-oilaskoen sexua hautatzeko, arrautzak beren formarengatik hautatzen ziren: uste zen biribilenetatik oilandak jaiotzen zirela eta puntazorrotzenetatik, oilaskoak.
Arrautza kopuru bakoitia
Oso zabalduta egon da oilalokari erruteko jartzen zitzaizkion arrautzen kopuruak bakoitia izan behar zuelako sinesmena. Hala jaso da Urdulizen (B), non arrautzen kopurua oiloaren gorpuzkeraren araberakoa zen, eta zazpitik hamabost artekoa izan zitekeen; Gernikako eskualdean (B), hamahiru edo hamabost; eta Allon (N), hamazazpi, hemeretzi edo hogeita bat, kopuru bakoitia beti.
Ugaltzeari buruz
Arestian aipatu diren Gernikako eskualdean jasotako sinesmen horiek, ilargialdiek etorkizuneko oilanda-oilaskoen sexuan duten eraginari buruzkoak, parekatu daitezke, ernaltze kasuan izandako emaitzetan, hala ilberriaren hasieran nola ilbetean, animalia espezie guztietakoekin. Gauza bera gertatzen da txitek, ernaltzea «egun errebeldean» gertatuz gero, hau da, ilberrian edo ilbetean, jaiotzerakoan izango lituzketen anormaltasunekin.
Aldaketa atmosferikoei buruz
Animalien jokabidearen behaketak eta, kapitulu honi dagokionez, etxeko abereen jokabidearenak ahalbidetu die artzainei eta abeltzainei eguraldi atmosferikoa aurreikustea. Hemen jasotako datu batzuek justifikazio enpirikoa izan dezakete, baina gehienak sinesmenak direla dirudi.
Ataungo (G) artzainek uste zuten ardiak sen fina zeukala aldaketa atmosferikoei aldez aurretik igartzeko. Neguan zintzarria astindu eta soinua eginarazten zionean, esaten zen biharamunean eguraldi txarra izango zela. Animalia horiek, arditegian edo artaldean zeudela, olgetan baldin bazebiltzan, biharamunean hego-haizeak joko zuen. Mendian bazkatzen ziren bitartean beherantz jotzen baldin bazuten, ekaitza ari zen gerturatzen; gorantz jotzen baldin bazuten, aldiz, eguraldi ona zetorren. Antzinakoek esan ohi zuten ardia iluntzean otea jaten tematzen baldin bazen, biharamun goizean elurtea izango zela; iluntzean gutxi jaten baldin bazuen, aldiz, biharamunean eguraldi ona izango zen[1].
Lutuarekin lotutako ohiturak
Ohitura zen artzainaren ahaide baten heriotza errespetatzea etxeko abereen zintzarriak isilaraziz, doluzko zeinu gisa.
Saran (L), zintzarriak, txilinak eta kaskabiloak kentzen zitzaizkion etxeko aziendari eta ez zitzaizkion berriro jartzen doluak iraun bitartean. Mendian bazkatzen zen ardi batek edo bestek baino ez zuen txilin bat izango. Hazparnen (L) eta Bidarten (L), hamar bat egunez kentzen zitzaizkien.
Heletan (BN), urtebetez kentzen zitzaizkien zintzarriak behiei, eta Armendaritzen (NB), sei hilabetez gutxi gorabehera. Izpuran (NB), berrogeiko hamarkadaren erdialdera arte, behiei eta ardiei hilabetez.
Zeanurin, Karrantzan (B) eta Zugarramurdin (N) zintzarriak eta txilinak kentzen zitzaizkien etxeko abereei. Orozkon (B), ardiei eta behiei; hildakoa aita zenean ardi guztiei kentzen zitzaizkien, baina ama baldin bazen, bati jarrita uzten zitzaion, onenari. Ohitura hori, hogeita hamarreko hamarkadaren inguruan galdua, bizirik dago hizkera arruntean; zintarririk gabeko ardien artalde bat pasatzen ikustean, jabeari galdetzen zaio: «Lutuan daukazuz ala…?». Informatzaile batek nabarmendu du beldurra sentiarazten zuela ardiak ezkila-mihiekin soinurik egin gabe pasatzen ikusteak.
Bernagoitian (B), familia doluan baldin bazegoen eta transhumantzia egitera irtetea egokitzen baldin bazen, hildakoaren omenez, zortzi edo hamar egunez ez zitzaizkien zintzarriak zintzilikatzen ardiei, eta jarrita baldin bazeuzkaten, kendu egiten zitzaizkien. Ez zuten hori egiten etxean zeuden bitartean.
Aralar mendilerroan (G), urtean zehar familiako norbait hiltzen zenean, dolua adierazteko, artzainek, artaldeen igoeran eta jaitsieran, zintzarriak kentzen zizkieten ardiei.
Sorginen iragarpenak
Luzaiden (N), oilarra etxearen zaindaritzat jotzen da, eta sorginen agerpenez ohartarazten du; gauerdia baino lehen kantatzen baldin bazuen, inguruan zebiltzalako seinale zen. Etxekoak ohetik altxatzen ziren eta hiru gatz ale botatzen zituzten sutara oilarrak hirugarren aldiz kantatu baino lehen; hori eginda, lasai lo egin zezaketen. Erremedio horretaz gain, honako formula hau ere erabiltzen zuten arao moduan: «Pues, pues, aparta Satán / berrehun iztapetan!».
Aezkoan (N) sinesten zen oilarrak gauerdia baino pixka bat lehenago kantatzen baldin bazuen, sorginak gertu zebiltzala. Kandela bedeinkatu bat edukiz gero, piztu egin behar zen, eta sutara gatza botatzen zen.
Beran (N), azienda madarikazioetatik babesteko, ferra bat zintzilikatu ohi zen ganbela gainean.
Bildots-lorra: elkarrekiko laguntza
Artzainek elkarrekiko elkartasunezko espirituari eutsi diote, eta hori bildots-lorra deritzon erakundean islatzen da (Zeanuri-Gorbea, Oiz mendigunea inguratzen duten herriak, Orozketa-Durango-B, Luzaide-N).
Artzainek artzain izateko asmoa adierazi zuen auzokide bati edo galdutako artaldea berreskuratu beharrean zegoenari emandako laguntza zen. Ardi bat emanda, gaztea normalean, gauzatzen zen dohaintza bat zen. Horrela, artzain berriak bere artaldea osatzeko aukera zeukan. Trukean, bazkari batera gonbidatzen zituen laguntza emandako artzainak. Era honetako ohiturak, nekazaritza nagusi den inguruetan simaurra ematearena adibidez, bizirik egon dira hogeigarren mendearen erdialdera arte.
- ↑ Juan de ARIN DORRONSORO. «Notas acerca del pastoreo tradicional de Ataun. II parte» in AEF, XVI (1956) 78-79. or.