IX. HILBIDEAK
Iraganean bide espezifikoak zeuden hilaren gorpua haren etxetik elizara eta hilerrira eramateko, eta ez zen beste biderik erabili behar. Leku batzuetan, bide horiek etxearen eta elizaren arteko harreman guztietarako balio zuten, hala nola bataioak, ezkontzak edo iganderoko betebeharrak; horregatik zeritzen eleizabideak edo elizarako bideak eta mezetarako bideak. Beste leku batzuetan hileta-bidetzat jotzen ziren gehiago, baina ez ziren horretarako soilik, horietatik iragaten baitziren beste prozesio erlijioso batzuk ere, hala nola errogatibak. Izen bat baino gehiago zuten, hala nola andabideak edo anden bideak, gorpuzbideak, gorputzaren bideak, guruzbideak, gurutzearen bideak eta hilbideak, hiletako bideak.
Herri batzuetan, hil-hurren zeudenei Biatikoa eramateko ere erabili izan ziren, edo, Euskal Herri kontinentalean, haietatik joan behar zuen elizara eta haietatik itzuli elizatik lehen auzokideak, lehenatea zeritzonak, heriotza gertatu eta berehala elizara jotzen zuenean parrokiako gurutzearen bila, gurutzea hilaren etxera eraman eta gorpuaren ondoan kokatzeko.
Auzokideak elkarrengandik gertu bizi diren herrietan, gorpuaren garraioa kale edo bide laburragoetatik edo erosoagoetatik egiten da, baina batzuetan hileta-bideen aztarnak gelditzen dira. Bide horiek egiaztatu dira populaketa sakabanatua duten herrietan, eta horrek etxetik elizara bide luzea egitera behartzen du. Populaketa desberdina da isurialde kantauriarrean eta isurialde mediterraneoan, banaketa horrek gutxi gorabehera isurialdeen banalerroarekin bat egiten duela, eta banalerro horren iparraldean hileta-bideak daudela egiaztatzen da eta hegoaldean horien aztarnak lausoagoak direla[1].
Eskuarki ibilbideak ez du aldaketarik izan denboran zehar. Errespetu erlijiosoa zaie, bidea sakratutzat jotzen da. Ibilbidea aldatzen baldin bazen, zati bat ibilgaitz zegoelako edo beste motiboren batengatik, gorpuaren, hileta-segizioaren buruko gurutzearen edo hileta-segizioaren beraren igarotzeak beste bide bat baliatzen zuen, eta bide horien sorreraz ohartarazten zuten edo horiek sortzea eragozten zuten ohiturazko formulak zeuden[2].
Batzuetan hileta-bide partikularrak auzora darama eta hortik aurrera bidea komuna da auzo horretako etxe guztientzat. Ibilbidearen zati batek auzoko bideekin edo gurdibideekin bat egin zezakeen. Herri batzuetan, hileta-bideen ibilbideen izaera espezifikoari eusteko, igarobidea ixten zen bidearen erdian ezarritako mugarri baten bidez, haietatik ez pasatzeko hiletekin zerikusirik ez zuen gurdirik edo bestelako ibilgailurik. Bizkaian eta Gipuzkoan legeak agintzen zuen hileta-bideen ondoan etxerik ez eraikitzea, eta ohitura horri eutsi zitzaion, eta leku batzuetan debekatuta zegoen haien ondoko lurra zedarritzea[3].
Horien konponketa auzokideen ardura zen; aldiro edo norbait hiltzen zenean konpontzen zuten, auzokideen arteko lan erregimenean, auzolana deritzonean.
Ez da ezaguna hileta-bideak erabiltzeko ohituraren jatorri zehatza, beste herrialde eta leku batzuetan zabalduta egon den ohitura[4]. Bonifacio de Echegarayk[5] beste herri batzuekiko analogian ezar zitekeen hipotesi bat ezagutarazi zuen. Gorpuak guztientzako leku komun batean ehorztea beharrezkoa bihurtu zenean, etxeko lurretik urrunduta, hildakoek beren azken bidaian egindako bidea bizien eta hilen arteko lotura bihurtu zen, eta horrela uste izan zen behar bezala obeditzen zitzaiola etxearen eta hilobiaren arteko gertutasuna exijitzen zuen aginduari.
José Miguel de Barandiaránek[6] antzeko hipotesia ezagutarazi zuen. Antzina hilobia etxeari lotuta zegoen baina kristautasuna indartzean panteoia etxetik banatzen zen, leku bat hartzeko beste etxe batzuetako hilekin batera tenplu komunean edo haren inguruan. Hilobiak etxeari atxikita eta hari lotuta jarraitu zuen hura eramateko egiten zen bidearen bidez, elizbidea, hilbidea edo zurrunbidea ere zeritzonaren bidez.
Etxe edo baserri bakoitzak bere gorputz-laguntze bidea zeukan, hartatik eraman zelako antzina, esaten denez, etxeko lehen hila. Urteek aurrera egin ahala, hileta-bide horietako batzuk auzobide bihurtu ziren, eta horren ondorioz herri batzuetan herribideak ere deitzen zaie. Aurrerago denak edo ia denak desagertu ziren, mendi-bide eta errepide erosoagoen eraikuntzaren eta automobilak garraiobide moduan izan zuen zabalkundearen ondorioz utzi egin baitzitzaion antzinako hileta-bideak erabiltzeari.
- ↑ Bonifacio de ECHEGARAY. “Significación jurídica de algunos ritos funerarios del País Vasco” in RIEV, XVI (1925) 208-209. or.
- ↑ 1885eko Gasteizko Elizbarrutiko Sinodoak honako hau ezartzen zuen: “Ezin zaio bidetik gertuko lurretatik igarotzea eragotzi, bidea ibiltzeko moduan delarik, gorpua laguntzen ari den edo gaixoei sakramenturen bat ematera edo hil-hurren direnei laguntzera doan Erretoreari, baina pribilegio hori ez da zortasun-eskubidea eta Apaizak, larritasunak horretarako aukera ematen baldin badu, aurretik eman behar dio abisua lursailaren jabeari edo maizterrari”. Decretos y Constituciones del Sínodo Diocesano de Vitoria. Gasteiz, 1885, 137-138. or.
- ↑ Resurrección M.ª de AZKUE. Euskalerriaren Yakintza. I. liburukia, Madril, 1935, 213-214. or.
- ↑ H. POLGE. “Andabidia” in CEEN, X (1978) 17-19. or. C. Dangé aipatuz, Gaskoinian jasotako izenak dakartza, camín glesian, elizako bidea, eta camín mortau, hileta-bidea. XIX. mendean, Gaskoniako erdialdeko katastroetan chemin des morts hilen bidea ageri da. Carona Garaian egiaztatuta dago camín mourtau; Périgorden, camí dei morts; Bretainian, Charenten, Girondan, Ekialdeko Pirinioetan eta abarretan, vieux chemin.
- ↑ Bonifacio de ECHEGARAY. “Significación jurídica de algunos ritos funerarios del País Vasco” in RIEV, XVI (1925) 220. or.
- ↑ José Miguel de BARANDIARAN. Estelas Funerarias del País Vasco . Donostia, 1970, 45 eta 47. or.