XVI. HILOBIAK ELIZETAN. JARLEKUAK. HILOBIAK
XIX. mendeko lege-xedapenen aurretik, ohiko praktika izan zen hilak elizaren barruan ehorztea. Horretarako, etxe bakoitzak ehorzketa-leku bat, hau da, hilobi bat, zeukan esleitua tenpluaren nabean. Oraindik ere herri askotan daude antzinako hilobiak elizako nabeak estaltzen dituzten oholtzen azpian. Ehorzketa horiek garrantzi handia izan zuten herriaren erlijiositatean, eta gaur egun arte iraun duten praktika batzuen oinarri izan ziren.
Denbora iraganda, ehorzketak hilerrietan egiten hasi zirenean, antzina benetako hilobia izandako lekua esleitua izaten jarraitu zuten etxeek, jada hilobi sinboliko bihurtuta. Elizkizunetan etxeko emakumeek hartzen zuten leku hori, eta han egiten ziren eskaintzak.
Hilobi sinbolikoa tronadura zati bat zen, bi metro inguru luze eta metro eta erdi inguru zabal, gutxi gorabehera.
Herri batzuetan, hilobia zenbaki batez markatutako forma angeluzuzenarengatik ezagutzen zen (Mélida, San Martin Unx-N), edo, bestela, familiaren abizenaren siglengatik edo bizi ziren etxearen zenbakiarengatik (Mendiola-A). Berrizen (B), eliza 1923an berriztatu aurreko garaian, hilobiak bereizten ziren beren estalkiak oholez eginak zirelako, eta tronaduraren gainerako zatiak, aldiz, harrizkoak.
Orrialde honetako edukia
Hilobi sinbolikoen iraupena
Etxeko hilobia
Egindako inkesta askotan jaso da hirurogeita hamarreko hamarkadara arte familia bakoitzak bere etxeko hilobia zeukala elizaren barruan. Arrindak egiaztatu zuen 1971n Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 25 parrokiatan inkesta eginda, egin berriak ziren hirutan izan ezik, gainerako guztietan egon zirela hilobiak, eta haietako askotan, hiru lurraldeetan, oraindik ere urte horretan hilobiak aktibatzeko eta haietan eskaintzak egiteko ohiturari eusten ziotela[1].
Euskal Herrian, bizien eta hilen egoitzak beti osatu dute banaketarik gabeko eremu bakar bat. Echegarayk dioenez, jendearentzat hilobia beti izan zen esertzeko leku bat baino gehiago, eta Elizak baimendu egin zuen familia bakoitzak tenpluan leku bat esleitua izatea, halako moldez non eskubide bat sortzen zen, jabetzarik gabekoa baina transmititu zitekeena[2].
Hilobiratze-hatuak
Zutargia gainean hartzen zuen oihala edo zamaua, argiei eusten zieten argimutilak, eskaintzen saski txikiak eta haien buru egiten zuten emakumeen belaunaulkiak ziren hilobia osatzen zuten elementu materialak. Ondorioz, arbasoei argiak eta ogiak eskaintzeko eta haien arimen aldeko errespontsuak ateratzeko hileta-aldareen antza zuten hilobiek.
Inkestek emandako datuetan jasotzen da etxe baten edo familia baten kategoria soziala hilobiratze-hatuetan ere islatzen zela. Herri batzuetan, familia aberatsek argimutila erabiltzen zuten argi-eskaintzetarako, eta saskitxoa familia apalagoentzat geratzen zen. Argimutila bera ere artistikoagoa eta luxuzkoagoa izaten zen familien arabera. Era berean, oihala edo zamauak egiteko erabilitako ehunak, eta zutargiak egiteko erabilitako ahokadurek, metalak eta artisau-lanak, baita belaunaulkiek ere, haien jabeen ahalmen ekonomikoaren bereizketa argia markatzen zuten.
Hilobiaren aktibazioa. Ezkoen piztea
Etxeko hilobia modu iraunkorrean elizako nabean baldin bazegoen ere, familiako emakumeek aktibatu egiten zuten etxeko bat hiltzen zenean, hala hileta elizkizunetan nola hirurrenetan, bederatziurrenetan eta ondorengo ekitaldi erlijiosoetan, lutoak irauten zuen bitartean. Aktibazioa zen hilobian argiak piztea eta hartan errespontsuak errezatzea, aurretik hatua ezarrita.
Lan hori batez ere etxekoandreak egiten zuen, eta hark ezin baldin bazuen, etxeko gainerako emakumeetako batek. Ohikoa izan zen etxeko ezein emakumek hilobira joaterik ez zuenean auzoko emakume bat edo hilobia gertu zeukan beste emakume bat arduratzea hartaz. Zenbait lekutan ezagutu da, halaber, batzuetan behintzat, hilobiaren ardura serorak, beatak edo emakume elizainak izatea ere. Kasu batzuetan, testamentuko xedapenetan legatu bat ezartzen zen hilobiaren arreta eta mantentze gastuei aurre egiteko. Hori behar bezala betetzeko, testamentugileak berak agintzari bat uzten zuen bere alaben, emakumezko iloben eta emakumezko biloben alde, ordainean bere borondatea bete beharra ezarrita.
Hilobia hartzea
Etxeko hilobiaren buru egiteko eta hartan eskaintzak egiteko ardura, lehen esan den bezala, etxekoandrearena izan da beti. Betebehar hori ezkontza-hitzarmenetan jasotzen zen antzina; hitzarmen horien bidez, gurasoak bizirik zirela, etxearen gobernamendua hartan bizitzen ezartzen ziren senar-emazte ezkonberriei transferitzen zitzaien.
Transmisioak bere adierazpen errituala ere izaten zuen etxeko hilobiari dagokionez. Bizkaian eta Gipuzkoan, garai batean oso zabalduta egon zen, eta Nafarroako Erronkaribarrera ere iristen zen ohitura bat jaso zuen Azkuek:
«Ezkontzaren ondorengo lehen jaiegunean, etxekoandre zaharrak emazte ezkonberria familiaren hilobira eramaten du. Amaginarrebak (apaizaren) estolari musu ematen dio, eta bi libra ogi ematen ditu. Errainak eskaintza eramaten du, eta errespontsuak ere ateratzen ditu»[3].
Horrela, etxeko hilobia bereganatzen zuen, haren arbasoekin lotzen zen eta senarraren familian sartzen zen. Aurrerantzean, bi emakumeek elkarrekin egingo zuten hileta-errituen buru elizako hilobian edo jarlekuan, etxeko bizimodua ere elkarrekin zuzenduko zuten modu berean. Etxekoandre zaharra falta zenean, etxekoandre berriak egiten zuen hilobiaren buru, baita etxekoandre zaharraren alabek etxean bizitzen jarraitzen baldin bazuten ere.