XIII. ESKAINTZEN ERAMAILEAK SEGIZIOAN

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Landa-lanetan jaso denaren arabera, iraganean ohikoa izan zen hileta segizioan parte hartzen zutenek, hala hilaren senitartekoek nola auzokoek, eskaintzak eramatea. Emakumeek, ogiak edo ezkoa; gizonek, kandelak edo aizkorak; eta denek, argiak. Haurrak, sarritan, kandelak eramanez joaten ziren segizioaren buruan, eta gauza bera egiten zuten kofradiako kideek eta hilkutxaren ondoan zihoazen senitartekoek. Emakumeek ohol bati espiralean lotutako ezkozko biribilkiak eramaten zituzten familiako hilkutxarako eta gizonek gero parrokiako gurtzarako elizan uzten ziren aizkorak. Tradizio horri leku askotan eutsi zaio berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadara arte. Antzina, eskaintzak animaliak, animalia zatiak edo bestelako okelak izaten baldin baziren ere, aipatutako horien ordez, denborak aurrera egin ahala, koroenak eta lore sortenak erabili ziren.

Eskaintza orokorrez gain, hiletako segizioan neurri batean hilaren etxea sinbolizatzen zuen aparteko eskaintza bat eramaten zen. Herri batzuetan, haren barruan eramaten ziren argimutilak, kandelak eta familiaren hilobi sinbolikoaren gainerako osagarriak. Hileta segizioaren buru egiten zuen eskaintza horrek batzuetan, are parrokiako gurutzearen aurretik ere joanda, aurrean eramaten zen ogiak berak ulertarazten duen moduan. Beste batzuetan, hilkutxaren ondoan joaten zen edo haren atzetik ondo-ondoan. Herri batzuetan, eskaintzaile bat izaten zen segizioaren buruan eta beste bat haren amaieran. Figura hori gainbehera izaten hasi zen aspaldi, eta 1936ko gerra zibilaren garaiaren inguruan lausotu zen, nahiz eta geroagoko arrastoak ere badauden berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetara arte.

Nafarroa Behereko eta Zuberoako lurraldeetan ohikoa izan zen auzoko lehen emakumeak saski txiki batean eramatea hilaren etxeko kandela, eta, batzuetan, berea eta auzoko lehen emakumeena. Emakumeen doluaren buru egiten joaten zen etxekoandrearen ondoan. Nafarroa Beherean mantaleta batez janzten zen.

Elizara iristean, saskia etxeko jabearen aurrean ezartzen zuen.

Eskaintza berezi hori, beste batzuekin batera, elizaren barruan uzten zen, hilaren etxeko hilobi sinbolikoan.

Ohitura zabaldua izan zen argiaren edo «sepulturaren» eramailea arduratzea hilaren familiaren hilobiko argiak zaintzeaz, hiletak egiten ziren bitartean.

Eskaintzaren eramailea

Ogi-eskaintzailea. Aurrogia

Lehenik eskaintza ogia edo ogia eta ezkoa zela baieztatu den herriak agertzen dira. Antza denez, ogizko eskaintzaren ordez argiena nagusitu zen, kandelen edo “sepultura” sinbolikoa osatzen zuten elementuen bidez, eta, azkenik, diruarena.

.Meñakan (B), segizioaren buru auzoko emakume bat joaten zen, aurreogije zeritzona, ogiaren eramailea. Ezkondua edo ezkongabea izan behar zuen, hilaren egoera zibilaren arabera. Bataiatu berrien kasuan, ama puntakoa izan ohi zen. Besapean zamau txiki batek estalitako saskitxoa edukitzen zuen, eta, han, ogi-opil txiki bat eramaten zuen antzina, eta, mendearen hasieran, hamar zentimoko txanpon bat, errespontsuaren prezioaren baliokidea[1].

Argi-eskaintzailea. Ezkoanderea

Ezkoandereak funtzio bera zuen segizioan, ogia edo argiak eramanda. Ondoren argiak eskaintzen ziren herri batzuk aipatzen dira. Euskal Herri penintsularrean, ezkoandere horrek segizioaren buru egiten zuen edo leku garrantzitsua hartzen zuen hartan. Litekeena da antzina hura joatea segizioaren buruan Euskal Herri kontinentalean ere. Hala jaso zen Iholdin[2] (BN), non antzina hilaren etxearen auzoko lehen emakumea joaten zen segizioaren buruan, mantaletaz jantzita eta eskuan kandela zuela. Gaur egun, inkestetan egiaztatu denez, informatzaileen oroimenean dago ezkoandereak leku garrantzitsua zuela emakumeen doluan.

Animalien antzinako eskaintzak segizioan

Antzina, ohikoa izan zen hileta segizioan, beste eskaintzez gain, eskaintza nagusi gisa, animalia bat eramatea, eskuarki aharia edo idia, eta hura segizioaren buruan joaten zen hilkutxaren ondoan. Leku batzuetan, tenpluan sartzen zen, mezako eskaintzan eskainia izateko. Gure garaietatik gertuago, eskuarki atarian edo elizatik gertu lotuta geratzen zen, eta, gero, berreskuratu egiten zen diru kopuru baten truke. Batzuetan, nahiz eta animalia ez eraman segiziora, haren eskaintza egiten zen hiletan ere. Hilaren senitartekoen ahalmen ekonomikoaren eta hileta motaren araberakoa izaten zen eskainitako animaliaren kategoria, zeina izaten zen idia, aharia edo arkumea. Batzuetan, animalia baten zatiak edo beste okela batzuk ere eskaintzen ziren.

Gure inkestetako landa-lanak datu gutxi ematen ditu hiletetan eskainiak izateko animaliak edo okela eramateko antzinako ohitura horri buruz. Herri gutxi batzuetan baino ez ditugu jaso lekukotasun batzuk, bakanak eta informatzaile edadetuenek emandakoak, haiek beste pertsona batzuei entzunak eta, horrenbestez, kontakizun lausotuetan oinarrituak.

Lore sortak eta koroak hileta segizioan

Inkesta egindako herrietan jasotako datuek adierazten dute antzina ez zela ohikoa eramatea ez lorerik eta ez koroarik hileta segizioan. Oso zabaldua egon zen, aitzitik, hilerrian hilobiak apaintzeko ohitura. Leku batzuetan egiaztatu da tradizioa antzinakoa dela, baina, kasu horietan, lore basatiak edo etxeko baratzean haziak eramaten ziren, eta auzokoek eskuz egindako sortak. Euskal Herri kontinentalean sustraituta egon zen perlaz egindako koroak eramateko ohitura, merkataritzan erosiak. Garai batean, familia aberatsek lore artifizialez osatutako koroak egiten edo alokatzen zituzten.

Dendetan erositako sortak eta koroak hileta segizioan eramateko ohitura berantiarragoa da. Hirietan hasi zen lehenik, eta, pixkanaka, herri txikietara zabaldu zen. Askotan, hileta agentziak hilotzaren garraioari eta lekualdatzeari dagokien guztiaren arduradun gisa ezartzearekin lotuta egon da.


  1. Manuel de MARCAIDA. "Creencias y ritos funerarios en Meñaka (Bizkaya)", in AEF, III (1923) 34. or.
  2. Jean HARITSCHELHAR. «Coutumes funéraires à Iholdy (Basse-­Navarre)» in Bulletin du Musée Basque. 37. zenbakia (1967) 112. or., 7. oharra.