VI. HERIOTZAREN JAKINARAZPENA
Izenburuak berak adierazten duen moduan, kapitulu honen gaia da hildakoaren hurreko pertsonek nola ematen dioten heriotzaren berri zenduarekin izandako familiako erlazio batengatik, erlazio sozial batengatik edo adiskidetasunarengatik haren etxera familiari dolumina adieraztera, edo besterik gabe hiletetara, joateko interesa izan dezaketenei. Hildakoaren hurreko pertsona horiek haren familiakoak dira gehienetan, eta askotan haren etxe berean bizi direnak, baina auzokide bat edo batzuk ere izan daitezke, hildakoarekin harreman estua izandakoak, herriko gazteak edo are zeregin hori bereganatua duten pertsonak ere, hala nola lehen auzokidea, gertueneko auzokidea edo emakume jakin batzuk.
Orrialde honetako edukia
Abisuak
Etxean heriotza bat gertatu ondoren, ohikoa da albistea herri berean zein kanpoan bizi diren ahaideen artean zabaltzea, baita auzokideen eta hildakoaren lagunen artean ere.
Heriotzaren berri ematen zaio medikuari ere, heriotza egiazta dezan, eta apaizari, behar diren arretak eman diezazkion eta hiletaren ordua finka dezan. Sakristauari edo kanpaiak jotzeaz arduratzen den pertsonari ere abisatzen zaio, eta, antzina, arotzari ere bai, hilkutxa egin zezan.
Abisuaren jasotzaileak
Heriotza bat gertatzen denean, abisua jasotzen duten pertsonak hildakoaren ahaideak dira eskuarki, hala herri berean bizi direnak nola beste herri batzuetan bizi direnak, urruti bizi direnak barne; herriko edo auzoko biztanleei ere jakinarazten zaie.
Heriotzaren berri ematen dutenak
Herri askotan, heriotzaren jakinarazpenaz hildakoaren ahaide bat arduratu izan da edo, bestela, gertuko auzokide bat edo batzuk. Hala ere, zabalkunde handia izan du zeregin horretaz lehen auzokidea deitutakoak, herriko mutilak edo emakume jakin batzuek arduratzeko ohiturak.
Kanpai-hotsak
Kanpai-hotsak heriotzaren jakinarazpenerako tresna oso efektiboa izan dira biztanle gutxiko landa-eremuko herrietan.
Ohikoa izan da hil-kanpaien hotsak entzuten zituztenek une batez beren zeregina eten eta hildakoaren arimaren aldeko otoitz bat egitea.
Hil-kanpaiak
Eskuarki hil-kanpaiak heriotzaren albistea jakin eta berehala jotzen ziren, kanpaiak jotzeaz arduratzen zena jakinaren gainean jarri eta gero. Ipar Euskal Herrian, aldiz, hil-kanpaiak gurutzea elizatik hildakoaren etxera eramaten zen bitartean jotzen ziren.
Kanpaiak jotzeko arduraduna
Eskuarki, kanpaiak jotzeko arduraduna sakristaua izan da (Apodaka, Mendiola-A; Gorozika, Muskiz-B; Arnezketa-G; Allo, Itzalle, Elo-N); eta, halakorik zuten lekuan, kanpai-jotzailea (Gaubea-A).
Kanpai-hotsen hizkuntza
Tradizionalki, heriotza baten ondoren jotzen ziren kanpai-hotsek, pertsona bat hil zela komunikatzeaz gain, hildakoaren adina ere adierazten zuten, hau da, hildakoa umea edo nagusia zen; baita hildakoaren sexua, eta hildakoa apaiza edo kofradia bateko kidea zen ere.
Hil-kanpaiak ermitetan
Durangon (B), heriotza landa-eremuan gertatzen zenean, San Roke, Santa Apolonia, San Andres eta Orozketa auzoetan, San Roke ermitako kanpaia jotzen zen arratsaldeko hiruretan eta gorpua ermitaren ondotik pasatzerakoan.
Ehorzketako kanpai-hotsak
Beste hil-kanpai batzuk jaso dira, hasierako unetik hiletetara arte jotzen direnak. Puntu honetan sartzen dira, azkenik, hiletaren aurrekoak eta hileta amaitu eta berehala jotakoak. Horien helburua ez da heriotzaren berri ematea, ordurako albistea ezaguna baita, meza iragartzea baizik.
Eskelak
Egunkarietako eskelak
Egunkarietan jartzen diren eskelen helburua da heriotzaren berri ematea hala geografikoki nola ahaidetasunari dagokionez urrutien dauden hildakoaren ezagunei, ohiko prozedura gertukoen bitartez abisatzen ez zaienei. Zentzu horretan, eskelak aukera ematen du beste bide batzuetatik seguruenik albistea jasoko ez zuten pertsona askorengana berehalakotasunez iristeko, eta, horri esker, pertsona horiek hiletetara joateko aukera dute, nahi izanez gero.
Kaleko eskelak
Beste mota bateko eskelak dira kartel edo laukizuzen txiki batean hildakoaren datuak ematen dituztenak eta hiletak noiz, zein parrokiatan eta zer ordutan egingo diren adierazten dutenak.
Puntu estrategikoetan jartzen dira, ezberdinak herriaren arabera, baina kasu guztietan jende asko ibiltzen den eta komunitateak ezagutzen dituen lekuetan.
Heriotzaren jakinarazpena etxeko animaliei
Ohikoa izan da familiako kideen heriotzaren berri etxeko animaliei ematea, neurri batean horiek ere etxearen partaide direlako; etxea, azken batean, han bizi direnek, hala pertsonek nola animaliek, osatutako komunitatea da. Baina, inkestetan jasotako erantzunen urritasuna kontuan hartuta, badirudi praktika hori ahaztuta dagoela.
Abisua erleei
Erleei batez ere etxearen jabearen heriotzaren berri ematen zitzaien, eta herri batzuetan familiako edozein kiderena. Abisua emateko enkargua zuen pertsona oinordekoa edo alarguna izaten zen; auzokide bat edo lagun bat ere izan zitekeen. Leku batzuetan esaten zuten arrotz batek emanez gero heriotzaren albistea, erleek eraso egingo ziotela (Morga-B eta Haltsu-L)[1].
Abisua ukuiluko animaliei
Herri batzuetan, ohikoa zen heriotzaren albistea, erleei ez ezik, etxeko gainerako animaliei ere ematea. Erritu horrek erleenak baino zabalkunde murritzagoa izan duela dirudi.
Saran (L), ohikoa zen etxeko kide baten heriotzaren berri, batez ere jabearena, idiei eta behiei ematea beren kortetatik jaikiarazita. Oilategiko, txerritegiko eta artegiko gainerako animaliei ere ematen zitzaien albistea.
- ↑ Resurrección Maria AZKUE. Euskalerriaren Yakintza. 1. liburukia. Madril, 1935, 430. or.