IV. ERDIBERRIAROA

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 11:30 28 jun 2019 de FuzzyBot (discusión | contribuciones) (Actualizando para coincidir con nueva versión de la página fuente)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Erdiberriaroak iraun bitarteko preskripzioak

Erditzearen eta elizako sarrera erritualaren arteko tartean, emakume amaberriak irten gabe egon behar zuen, eta ez zuen igandeetan eta gorde beharreko jaiegunetan mezatara joateko betebeharrik ere.

Ohitura honek jatorri erlijiosoa du, Moisesen legearen arabera umea izandako emakumeak, likits geratua zenez, ezin baitzuen santua zen ezer ukitu eta ezin baitzen santutegira joan, arazteko behar zituen berrogei egunak pasatu arte (Lebitarrena, 12, 2-8).

Teilarekin babestea

Itxialdiko aro honetan, emakumeak etxetik irten beharra izanez gero, arropa zabaltzeko, egurra biltzeko edo baratzera edo eskortara joateko, burua bere teilatutik hartutako teila batez estalia zuela egin behar zuen, eta teilari hantxe eutsi behar zion gero, berriro etxean sartu arte.

Antzinako praktika hau zatia denaren iruditzat hartzen duen pentsamolde baten isla da, kasu honetan teilapea etxe osoaren iruditzat, eta teila teilape osoaren iruditzat, halako moldez non emakumeak, teila baten azpian dagoen bitartean, ez duen etxetik irtetea galarazten dion agindua urratzen.

Amaren bedeinkapena

Amaberriak bedeinkapen berezi bat jasotzen zuen erditzearen ondoren lehenengo aldiz elizan sartu aurretik. Erritu hori ohiko praktika izan zen inkesta egindako herri guztietan; hala ere, ez zegoen hori egitera behartzen zuen elizaren agindurik; Erromatar Erritualak ohitura "errukior eta laudagarria" dela dio.

Hirurogeiko hamarkadan utzi zitzaion post partum bedeinkapena emateari, inkestek diotenez. Garai horretan, Bataioaren beste erritual bat aplikatu zen parrokietan; erritual hartan, amari eta aitari umea bataiatzeko zeremoniaren ondoren emandako bedeinkapena aipatzen zen

Ama Birjinaren araztea arketipo gisa

Zenbait inkestatan, informatzaileek ohitura hori espresuki erlazionatzen dute Ama Birjinak, arazteko behar ziren egunak igaro eta gero, Jerusalemgo tenpluan egindako Jesusen aurkezpenarekin (Lukas, 2, 22).

Ametzaga Zuian eta Ganboan (A), esaten da zeremonia hori Ama Birjinaren imitazio gisa egiten zela, eta, hain zuzen ere, "la presentación del niño" deitzen zioten ("umearen aurkezpena"); zeremonia haren bidez, erditu zena Ama Birjinaren jokabidea errepikatzen saiatzen zen..

Berrogeialdiaren iraupena

Inkesta egindako herri askotan gogoan dute erdiberriak erditu ondoren berrogei egun pasatu arte itxoiten zuela tenplura joateko bedeinkapena jasotzera.

Hala ere, inkesta berberen arabera, erreferentzia erlijiosoko denbora-tarte[1] hori gero eta laburragoa egin zen, eta erdiberriaren beharrizan praktikoetara egokitu zen.

Elizan sartzeko erritua

Ondoren transkribatzen diren deskribapenetan, erditutako emakumeak, garbikuntzarako denbora-tartea igaro eta gero, elizan nola sartzen diren kontatzen da. Ohitura hori duela hogeita hamar urte baztertu bazen ere, ekintzaren xehetasunak oraindik ere oso presente daude gure informatzaileen oroimenean.

Abadiñon (B), erritu hori ospatzen zen, elixan sartzie, umearen jaiotzatik bi edo hiru aste igaro eta gero, suspertzean. Etxetik elizarako bidea umearekin egiteko behar bezain indartuta zegoela egiaztatzeko, hura besoetan hartu eta pare bat buelta ematen zizkion etxeari edo baratzeari. Batzuetan auzoko beste emakume batek laguntzen zion. Eliz atarira iristen zirenean, apaiza hurreratzen zitzaien eta otoitz bat esaten zuen. Amak estola hartzen zuen esku batekin eta, besoetan umea eta kandela bat eramanez, elizan sartzen zen; han amaitzen zen zeremonia, bedeinkapenarekin.

Erdiberriaren bisita eta erdiberriaroaren amaieraren ospakizuna

Jaiotzari lotutako ospakizunek erdiberria zuten ardatz nagusi, ume egin berria. Gorazarre egiten zitzaion bisitekin eta opariekin; ahizpek ematen zizkioten opariak, koinatek eta izebek, baita auzoko emakumeek eta emakume lagunek ere. Suspertzen zenean, erdiberriak askari edo bazkari batekin eskertzen zituen jasotako gorazarre horiek; beste garai batean, otordu horrek erditzean parte hartutako eta erdiberriari opariak emandako emakumeak biltzen zituen. Inkesta batzuek erakusten dute ospakizun hori bataioarena baino garrantzitsuagoa zela, eta parte hartzen zuten gehienak emakumeak zirela. Erdiberriaroaren amaieran egiten zen, eta ermakariak, martopilak edo atsolorra deitzen zitzaion.

Batez ere Gipuzkoan jaso da ospakizun horren berri, eta egin izan da Bizkaian eta Nafarroako iparraldean ere. Inkesta egindako Arabako herrietako bakar batean ere ez dute oroitzen, aitzitik, ama suspertu eta gero oturuntzarik egiten zenik.

Eskaintzak ermita eta santutegietan

Lehen esan den bezala, amak seme-alabekin joan ohi ziren eliza nagusira umearen aurkezpena egiteko. Helburu berarekin, ermita eta santutegietara ere joaten ziren batzuetan, Ama Birjinaren edo santuen babesa eskatzera eta eskaintzak egitera.

Artziniegan (A), San Antonioren ermitara joaten zen umearekin ekainaren 14an, eta Arteko Andre Mariaren Santutegira Mendekosteko lehen asteazkenean. Hondarribian (G), ama batzuek Guadalupeko Ama Birjinari, herriko patroiari, eskaintzen zioten umea. Artaxoan (N), umea Jerusalemgo Ama Birjinaren aurrera eramaten zuten, babes zezan.


  1. Berrogei eguneko aldi hau elizako egutegiaren parte da. Abenduaren 25etik, hau da, Natibitate egunetik, otsailaren 2ra, Garbikunde, edo ezaguna den legez, Kandelario, egunera arte igarotzen den denbora da.