Laburpena

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 08:33 19 jul 2019 de FuzzyBot (discusión | contribuciones) (FuzzyBot trasladó la página Agricultura en vasconia RESUMEN/eu a Resumen Agricultura en vasconia/eu sin dejar una redirección: Parte de la página traducible «Agricultura en vasconia RESUMEN»)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Nekazaritza Euskal Herrian Etniker Euskalerria Taldeek egindako ikerketa etnografiko baten emaitza da. Lana Ander Manterolaren zuzendaritzapean egin da. Liburuki hau On José Miguel de Barandiaranek diseinatu eta abiarazitako Atlas Etnografikoa lanari batu zaion zortzigarren ekarpena izan da. Honezkero, honako liburukiak argitaratu dira: Etxeko elikadura (1990), Haur jolasak (1993), Heriotza ohikuneak (1995), Jaiotzatik ezkontzara arteko ohikuneak (1998), Abeltzaintza eta ar tzaintza (2000), Herri medikuntza (2004) eta Etxea eta familia Euskal Herrian (2011).

Atlas Etnografikoak Euskal Herriko giza taldeak ditu aztergai, askotariko adierazpenetan; era berean, kultura tradizionala aintzat hartzen du, XX. mendetik XXI. mendera arte erregistratu izan den legez, bai eta egindako eraldaketak ere. Landa-azterketa Euskal Herriko lurraldean egin da, Europako mendebaldean, Aturri ibaiaren (iparraldean) eta Ebro ibaiaren (hegoaldean) artean zabaltzen den esparruan. Batetik, Estatu espainiarrean bildutako administrazio politiko bik osatzen dute (Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa), eta, bestetik, Pirinio Atlantikoetako departamendu frantsesaren zati batek. Guztira, 20 531 km2-ko azalera du, eta 3 199 042 biztanle ditu (2016ko erroldako datuak).

Landa-lana 2003. eta 2004. urteetan egin zen, 56 udalerritan; udalerriak honela daude banatuta lurraldeen arabera: Araba (14), Bizkaia (13), Gipuzkoa (7), Nafarroa (16) eta Euskal Herri kontinentala (6). Inkestak egiteko udalerriak hautatzeko, lurraldearen eskualde-aniztasuna hartu da aintzat. Erabilitako galdera-sorta etnografikoa Barandiaranek 1974. urtean argitaratutako Guía para una encuesta etnográfica lanean dago jasota, eta nekazaritza-ustiapenari dagokion bosgarren ataleko 1etik 35erako galderei dagokie. Lana bera eta idazketa Labayru Fundazioko Etnografia Arloan egin da. Edukia nekazaritza-arloari buruzko landa-azterketan eskuratutako datuetan oinarritzen da. Aurrez argitaratutako liburuki batzuen osagarri da, besteak beste, abeltzaintza eta ar tzaintza eta etxea eta familia jorratzen dituzten lanena; izan ere, hirurek nekazaritza eta abeltzaintza giroko bizimoduaren gaineko ikuspegi osoago bat eskaintzen dute.

Liburuki hau 20 kapitulutan dago egituraturik. Lehenengoak nekazaritzari buruzko zenbait gogoeta orokor jasotzen ditu. Bigarrenak nekazaritza-paisaia desberdinen ikuspegia eskaintzen du, eta hirugarrenak laborantzarako zer lur mota dauden azaltzen du. Gero, laborantza-aldiak eta ilargiari zer-nolako indarra egotzi izan zaion aztertzen da. Gainera, laboreak soro mota desberdinetan nola banantzen diren eta soroen txandakatzea nola egiten den ere lantzen da, bai eta nekazaritzaegutegia, haziei buruzkoak, luberritzea, lurraren prestaketa eta horretarako erabiltzen diren ongarri organikoak eta kimikoak ere. Kapitulu batek laboreen aniztasunaz eta landare-espezieen ereite edo landatzeaz dihardu; bertan, desberdindu egiten dira gizakia edo abereak elikatzera bideratutakoak eta laborantza industrialera zuzendurikoak. Xeheki aztertzen dira zer zainketa egiten diren landareak egoki hazteko. Ondorengo kapitulu baten xedea da aztertzea bilketa nola egiten den, eta tradizioan zer metodo erabili izan den kontserbaziorako.

Bestalde, kapitulu bat eskaini zaio belarrari, eta hura aprobetxatzeko dauden moduak azaltzeko; era berean, makineria berriak arlo horretan ekarri dituen aldaketak ikusteko atal bat dago. Frutaarbolak ere aztergai dira lanean, bai eta horien landaketa eta zaintza, txertatzea, inaustea, bilketa eta aprobetxamendua ere. Olibondoari eta mahatsondoari bereizitako trataera bat eman diogu, Euskal Herriaren hegoaldean daukan garrantzia dela-eta. Bi kapitulutan ikertzen da haien laborantza eta olioaren eta ardoaren ekoizpena isurialde mediterraneoan, eta txakolinarena eta sagardoarena, isurialde atlantikoan. Lihoaren eta kalamuaren hazkuntza ere berariaz landu dugu kapitulu batean, iraganean etxerako autohornikuntzarekin lotutako ekoizpenak zirenez gero.

Hurrengo kapituluen multzoan, lehenik, errepaso zabal bat egiten zaie nekazaritza-lanak egiteko lanabes eta tresnei, bai eta eskulanari ere. Animalien indarrak iraganean zer garrantzi zeukan jorratzen da gero, eta kapitulu bat eskaintzen zaio animalien garraioari. Azken zatiak, berriz, nekazaritzaren mekanizazioaz dihardu.

Beste kapitulu bat norbere ekoizpenaren aprobetxamenduari eta nekazaritza-produktuen merkataritzari eskaintzen zaie, eta beste bat lurren jabetza-erregimenari. Bukatzeko, iraganean nekazaritzarekin lotutako sinesmen eta errituei buruz hitz egiten da.

Hala liburuki honek nola aurrekoek sarrera gisako kapitulu bat daukate. Bertan, proiektua eta lanaren metodologia azaltzen dira, eta ingurumenari eta gizakiari buruzko datuak, inkestak egin diren udalerriei buruzko datu geografikoak eta bibliografia ematen dira. Bestalde, aurkibide tematikoa, analitikoa eta ilustrazioen, argazki-kredituen eta marrazkien aurkibidea ere jasotzen dira kapitulu horretan.