XIX. IZOZKETA, INTSOLAZIOA, ITOTZEA ETA TXIMISTAK

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Izozketa, sumindura

Landako lanak neguan eta eguraldi txarrarekin egiteak, batez ere antzina, lan denak eskuz egiten zirenean, eskuak eta oinak min emateraino hoztea eragiten zuen.

Aski zabaldua dagoela dirudi gorputz-adar izoztua bero-iturri batera ez hurreratzeko ardura, horrek ematen duen min latza saihesteko, eta, horren ordez, odolaren jarioa berriro martxan jartzen saiatzea masajeen bidez.

Komenigarritzat jotzen da, halaber, izoztutako gorputz-zatiari galdutako beroa pixkanaka berreskuratzen uztea.

Praktikarik zabalduena, batez ere Arabako lurraldean, izan zen izoztea nozitutako pertsona simaur pilan sartzea. Kontuan hartu behar da, iraganean, aziendak sortutako simaurra ukuiluan pilatzeko ohitura zegoela, azpikoekin nahastuta, egos zedin. Prozesu horretan tenperatura altuetara iristen zen. Sortutako bero hori baliatzen zen izozketa nozitutakoen odolaren jarioa berreskuratzeko. Praktika hori hozteak handiak zirenean aplikatzen zen.

Intsolazioa. Eguzkiak pasatu

Intsolazioa gutxitan gertatzen da ikertutako esparruaren zatirik handienean, ez baita ohikoa oso tenperatura altuak izatea, erdialdetik iparralderako zatian gutxienez. Antzina oso ezbehar bakana izaten zen, gaur egun edadetuak direnek arduraz jokatzen baitzuten udako lanak egitean.

Gaur egun, intsolazioa lehen baino pixka bat sarriago agertzen da, moda berrien ondorioz. Adibidez, batzuek landako lanak bainujantzian egiten dituzte, kapelarik gabe sarritan, beltzaran jartzeko, eta likido gutxiago edaten da, neurri batean, uraren ordez edari gasdunak eta alkoholdunak edaten direlako. Hondartzara joateko ohitura ere asko zabaldu da, eta horietan sarriago izaten dira intsolazioak erredurak baino.

Itotzea. Itoak

Era honetako istripuak bakanak izaten baldin badira ere, gertatzen direnetan praktika zabalduenetako bat izaten zen, lehorreko herri eta hirietan behintzat, itolarrian zegoena ahuspez edo buruz behera jartzea, irentsitako ura egotz zezan.

Sarritan jaso da itolarrian dagoenaren sabela edo bularraldea presionatzeko praktika ere, ura egoztea errazteko, aldi berean gorpuz-adarrak mugituz.

Baina asfixiagatik gertatutako heriotza guztiak ez dira itotzeagatik gertatu. Moredan (A), ezbeharra aire faltaren ondorio baldin bada, muztioaren hartzidurak upategietan eragindakoa adibidez, asfixiatzeko arriskuan dagoena kobatik kanpora ateratzen da eta kanpoan airea ematen zaio, kartoi batekin edo zaku batekin haizea emanez.

Allon (N) gogoan dauzkate hainbat itoren kasuak. Gehienetan Ega ibaiaren uretan edo putzuren batean, kasu bat garia biltzeko ziloetan eta beste bat Ardo Upategiko kubo batean.

Tximistak. Oinaztarriak jo

Landa-eremuko jendearen artean beti izan dira beldur iturri, ondorio dramatikoak izaten baitituzte animalientzat, pertsonentzat eta etxeentzat; etxeen zurezko egiturak aise hartzen zituzten garrek meteoro honek jotakoan. Askok ezagutu dituzte tximistek eragindako heriotzak, pertsonenak zein animalienak.

Pertsonen babesa

Lemoizen (B), adibidez, emakumeek elizan bedeinkatutako eskapularioak eramaten zituzten aldean horretarako. Zornotzan (B), tximista batek jo eta berehala aitaren egiteko ohitura zegoen; Nabarnizen ere (B) aitaren egitea zen hartzen zen lehen neurria.

Bat-bateko heriotzak, bertan beherako heriotza

Bat-bateko heriotzak kezka iturri dira, kasu horietan ez dagoelako ondo hiltzeko prestatzeko aukerarik, baina, bestalde, uste da horrela heriotzaren aurretik batzuetan izan ohi diren sufrimenduak saihesten direla (Agurain-A). Gorozikan (B) esaten da sufrimendu falta horregatik aberatsen heriotza deitu izan zaiola.

Informatzaile batzuek interpretatzen dute era honetako heriotzak Jainkoaren zigorra direla. Hori horrela, Apodakan (A) ospe gaiztoko pertsona bat bat-batean hiltzea Jainkoaren abisutzat hartzen zen.

Gaur egun bat-bateko heriotzak kausa naturalei egozten zaizkie batik bat, eta horien artean ezbehar baskularrak eta batez ere arazo kardiakoak dira nagusi.