Aurkezpena
Obraren hasieran, herriaren pentsamoldeak gorputza eta haren ingurua ulertzeko izan duen modua aztertzen da; gaitzen sintomak, hala nola, sukarra, organismoan zerbait gaizki dabilen adierazle, izerditzea, eta lehen sendabideak, besteak beste, igurtziak, artikulazioetako zein giharretako minetarako eta arnasketa arazoetarako. Petrikilotza, hausturak eta lokadurak zeudenean erabilia batez ere, eta etxean gordetako botikak.
Gaitzei dagokien zatia buruko, hortzetako, begietako eta belarrietako minekin hasten da. Ondoren, larruazaleko arazoekin jarraitzen du; horretan, herri medikuntzaren gainerako atal guztietan baino sendabide gehiago ezagutzen dira: lesioak eta narritadurak, infekzioak eta gaitz kutsakorrak, eta larruazaleko, ileko eta azkazaletako markak. Odolarekin lotura duten arazoak ere lantzen dira. Barruko organoei dagokienez, arnasketako gaitzak; urdaila eta hesteak; gibela, giltzurruna eta beste errai batzuk. Hezurretako arazoak, min erreumatikoenak eta lunbagoarenak, eta hausturenak eta lokadurenak. Lesioen atalak zauriei, hemorragiei eta arantzen erauzketari erreparatzen die; hozkadak eta ziztadak, eta izoztea, intsolazioa, itotzea eta tximisten erorketa. Ugalketari dagokion atalak menstruazioaren arazoak, edoskitzaileen oinazeak, antzutasuna eta ugalkortasuna eta menopausia lantzen ditu. Zati bat haurren gaitzei eskainita dago. Obra ixten da gaitz batzuen kausei buruzko sineskeriekin, bereziki landuz begizkoa, eta osasunaren eta herri erlijiozaletasunaren ingurukoekin, ermiten eta santutegien inguruan osasunari eta gaitz jakin batzuei buruz izandako ohiturak aztertuz.
79 herritan egindako landa lana (Araba: 21; Bizkaia: 19; Gipuzkoa: 10; Nafarroa: 19; Euskal Herri kontinentala: 10). 1989an egindako ikerketa kanpaina. Liburukiaren argitalpena: 2004.