XVII. ZAURIAK ETA HEMORRAGIAK. ARANTZAK ERAUZTEA

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Zauriek eragindako hemorragiak geldiaraztea, odol-jarioak

Hemorragiak zenbait izen dauzka euskaraz: odol-eriona, odol-heldura Ainhoan (L); odol-jarioa Gipuzkoan; odol-joaitea Uztarrozen (N) eta odol-ixurtzea Lekunberrin (N).

Garrantzirik gabeko zauri txikien kasuan hala haiek garbitzeko nola hemorragia eteteko erabili izan da, eta erabiltzen jarraitzen da, senez, zaurituaren beraren listuz bustitzea, eta, horrekin, kasurik gehienetan, arazoa konpontzea lortzen da (Bermeo-B). Gaur egun, aldiz, jendeak konfiantza handiagoa die farmaziako produktuei, hala nola ur oxigenatua eta beste antiseptiko batzuk (Murchante-N).

Zauri handiak. Torniketeak

Zauri handia egindakoan hemorragia, odol-ixurtzea' '(Lekunberri-N), geldiarazteko torniketea egiteko praktika herri hauetan egiaztatu da: Ametzaga Zuia, Gaubea (A); Bidegoian (G); Lekunberri, Murchante eta Vianan (N). Astigarragan (G) eta Moredan (A) trapu batekin eta makila batekin egiten zen; Agoitzen (N) ehunezko zerrendekin; Arraiozen (N) soka batekin, zapi batekin edo eskura zegoenarekin eta Elosuan (G) abarkaren soka batekin.

Mendiolan (A), lesioa nahiko handia baldin bada eta beste erremediorik ez baldin bada, tornikete bat egiten da. Gerriko batekin, zapi batekin edo alkandora baten edo galtza batzuen ehun zati batekin egiten da, makila baten laguntzaz presioa eginda. Teknika hau behin-behinekoa da, bendatze konbentzionalagoa egiteko aukera ematen duten bitartekoak lortu artekoa.

Gangrena, pasmoa

Inkesta egindako herri askotan izen hori ematen diote. Muskizen (B) eta Tebasen (N) gangrena edo cangrena. Agurainen, Ametzaga Zuian, Bernedon, Mendiolan, Moredan, Pipaónen (A); Allon, Lezaunen eta Obanosen ere (N) gangrena deritzo.

Apodakan (A) mal negro deritzo (gaitz beltza).

Astigarragan, Berastegin, Hondarribian, Oñatin (G); Arraiozen, Eugin (N); Bedaroan, Gorozikan, Nabarnizen eta Orozkon (B) kangrena edo gangrena deritzo; Zornotzan (N) enkangrenea edo kangrenea; Abadiñon eta Gautegiz Arteagan (B) enkangrenea eta Lekunberrin (N) karmengoa. Bidegoianen (G) gangrena edo pasmo fuertea. Elosuan, Telleriarten eta Zerainen (G) pasmoa.

Lekunberriko (N) aurreko izenak gaitz honen eta karbunkoaren arteko bereizketarik ez dagoela adierazten duela dirudi. Hain zuzen ere, Eugin (N) karbunkoari karmenkoa deritzote. Baina nahasketa horrek tetanosari ere eragiten dio, aurrerago ikusiko den moduan. Beharbada, nahasketa hori gertatu da odolarekin zerikusia duten eta ondorio hilgarriak dituzten gaitzak direlako.

Eugin egiten duten gangrenaren deskribapenak (N), adibidez, aziendaren karbunkoa ekartzen du gogora. Uste zen gangrenak ez zeukala erremediorik, eta hura hartzen zuen pertsona hil egiten zela ezinbestean. Aziendatik zetorrela uste zen, eta pertsonengana oso erraz iragaten zela. Begien hantura handi bat eragiten zuen, eta mingainaren azpian ebaketa bat egin behar zen berehala; handik oso odol iluna isurtzen zen.

Murchanten (N), norbait gangrenaren ondorioz hiltzen zenean, haren arropa guztia erre eta desinfektatu egiten zen. Horrek karbunkoaren ondorioz hildako animalien larrua manipulatzeak sortzen zuen kutsatzeko beldurra dakar gogora.

Kausak

Ametzaga Zuian (A) gaizki sendatu eta infektatutako zauri bati egozten zaio. Diabetesa dutenei buruz esaten da gaitz hau nozitzeko joera handiagoa dutela zauriak ez zaizkielako ixten, hau da, ez direlako ez orbaintzen ez osatzen.

Telleriarten (G) uste da agertzen dela iltzeek eragindako zaurietan, iltze-zulatuetatik, animaliek eragindako harramazka edo zauriengatik eta oinetakoek eragindako gehiegizko berotzearengatik, oiñetakoen erregositutik. Garaiz harrapatuz gero senda daitekeela uste da, baina denbora asko pasatzen utziz gero, erremedio bakarra ebaketa da.

Zornotzan (B) diote garaiz erreakzionatuz gero senda zitekeela, baina bestela ebaki beharra zegoela. Zabalduz gero ez zeukan erremediorik. Gizon bat, deskuidatuta, zapatak eragindako zauri baten ondorioz gangrenaz hil zela kontatzen dute.

Tetanosa

Gaitz honi tétanos deritzote inkesta egindako herri gehienetan. Mendiolan (A) diote badela tuétanos deritzonik, Tebasen (N) bezala. Moredan ere (A) asko aipatzen dute tuétano hitza. Beasainen (G) pasmoa deritzo.

Orozkon (B), zenbait informatzailek diote euskaraz karbunkoa deritzola. Gaitz hori, karbunkoa, animaliena zen, eta kutsadura gertatzen zen zauri ireki bat izanik gaitza zeukan animalia batekin kontaktuan egoteagatik. Gizakiengan hilgarritzat jotzen zen, ez zuen sendabiderik. Tetanosarekin, beraz, arestian Lekunberrin eta Eugin (N) gangrenarekin ikusitakoaren antzeko zerbait gertatzen da; karbunkoarekin lotzen da.

Moredan ere (A) informatzaileek ez dute bereizketa argirik egiten gangrenaren eta tetanosaren artean; uste dute gaitz bera direla. Burdinekin, puntekin, egurrekin eta kutsatutako beste objektu batzuekin egindako zaurien bidez sortzen da.

Gaubean (A) ez dakite askorik tetanosari buruz; Moredan bezala gangrenarekin lotzen da eta uste da antzekoa dela, baina amaiera desberdina duela, gangrenak hil egiten duela esaten baita, eta tetanosak, aldiz, baliaezintasuna eragiten duela.

Arantzak eta gorputz arrotzak erauztea

Zirien, arantzen, karduen eta bestelako objektuen ziztadak jasotzea ohikoa zen iraganean, landa-eremuko lan asko eskuz egiten zirelako, segatu, garia jo, lastoarekin ibili, sastrakak garbitu eta beste (Moreda-A).

Arantza bat erauzteko erabilitako lehen baliabidea norberaren azazkalak ziren, batez ere gorputz arrotzari eusteko bezain luze baldin bazeuden; baita baita matxardak, urkilak, guraizeak, labanak eta are beste pinche bat ere (Moreda).