XIII. URDAILA ETA TRIPAK

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Urdaileko nahasmenduak, tripako minak

Herriaren hizkeran, nahasketa halako bat egon da tripen eta urdailaren artean, sabelean dagoen guztia bat balitz bezala hartzearen ondorioz, errai abdominalak barne.

Jasotako informazioek ematen duten beste datu bat da erremedioak elkarren osagarri izan daitezkeela. Horrela, adibidez, urdaileko nahasmendu bat sendatzeko kamamila infusio bat edo beste belar-uren bat har daiteke, denbora batez barau egin eta dieta bati jarraitu. Batzuetan, informatzaileek nahastu egiten dituzte ondoez batzuk: betekada, urdaileko astuntasuna, bihotzerrea... Beste kasu batzuetan, bereizketa argia da, idorreriaren eta beherakoaren artean, edo digestio txarraren eta urdaileko ultzeraren artean.

Ziurtzat jotzen da urdaileko nahasmenduek tristura sortzen dutela.

Herri batzuetan, urdaila ondo zaintzeari buruzko interesa erakusten dute, osasun iturria delako (Busturia-B) edo, bestela, “urdailetik gaizki ibiltzea gauza txarra delako” (Ametzaga Zuia-A).

Abadiñon (B), batek urdaileko nahasmenduak dituenean, gehiegi jan duelako edo janaria gaizki asentatu zaiolako, “jana bidean gelditu” esaldia erabiltzen dute. Gorozikan (B) diote digestioko nahasmenduen ondorio nagusia libratzeko zailtasuna dela, obreu ezina; Tebasen (N) uste dute gaur egun urdaileko oinaze gehiago daudela, «jaten diren zikinkeriengatik».

Iztondoko hernia ere, etena, aipatzen dugu urdaileko eta tripetako gaitzei buruzko sarrera honetan, herriaren ikusmoldean sabela dagoen inguruan sortutako konkortzat jotzen baitzen, esleipen autonomorik gabe. Are gehiago, ez da jaso hura sendatzeko erremediorik; batzuetan, eten-uhalak jartzen ziren herniari eusteko, eta, beste batzuetan, kirurgiara jo beste aukerarik ez zegoen.

Gorakoa, gonbitoa, goitikoa, oka

Gonbito motak

Gonbitorik ohikoenak digestio aparatuaren arazo batetik eratorritakoak dira, tripetako minaren edo jaki bat gaizki asentatzearen ondorioz, eta, horietan, urdailean sartutakoa kanpora itzultzen da. Gonbito gastrikoen ondoan, inkestetan behazun-kolikoak aipatu dira. Kolikoa adierazteko erraietakoa eta sabela hitzak jaso dira Donibane Lohizunen (L).

Lekunberrin (N), behazun-gonbitoak behazuna ahotik erauztean gauzatzen diren arazo hepatikoekin lotzen dituzte; Obanosen (N) zehazten dute erauzten dena likido horixka edo berdats bat dela, eta kasu horietan erabiltzen den esamoldea da “ha tenido una vuelta de hígado” (“gibel-buelta bat izan du”), eta Oñatin (G), besikulako oinazez goizetan behazuna botatzen dutenei hedatzen diete esamoldea.

Ez dira baztertzen behazuna botatzeko beste kausa batzuk. Horrela, Ametzaga Zuian (A) jaso da buruko minek eta kolikoek, batzuetan, “are behazuna ere botatzen den” gonbito oso gogorrak dakartzatela, eta Durangon (B) eta Agoitzen (N) diote autoko zorabioak edo gaitzak sor daitezkeela urdaila hutsik izanik behazuna botatzen baldin bada. Elgoibarren (G) diote baraurik egindako gonbitoa behazuna dela, bilixa.

Inkestan agertu den hirugarren gonbito multzoa odol-gonbitoena da. Apodakan eta Moredan (A), herritarren artean uste da horien atzean kausa larria dagoela. Mendiolan, Erriberagoitian; Durangon (B) eta Beasainen (G) kezkagarritzat jotzen da, eta tisiaren edo tuberkulosiaren sintoma izan daitekeela diote; odolezko karkaxa moduan agertzen da. Erriberagoitian gehitzen dute gonbitoak asko eta oso jarraituak izateak tifusa adieraz zezakeela. Beste kausa batzuk ere jaso dira, hala nola barruko hemorragia baten adierazpena izatea (Muskiz-B, Hondarribia-G, Murchante-N) edo ultzera bat nozitzearena (Bidegoian, Elgoibar-G; Tebas-N).

Diarrea, beherakoa

Kausak

Bernedon (A), Durangon (B), Hondarribian (G) eta Agoitzen (N) jaso da egoera txarrean dauden elikagaiak jatearen ondorio izaten dela. Bernedon eta Hondarribian gehiegi jan izanari ere egozten zaio errua.

Durangon eta Agoitzen hozteari egozten diote; Beasainen (G) zehazten dute txarra dela goizean jaikitzean hoztea, eta Moredan (A), sabelaren goialdea hozteagatik edo edari oso hotzak hartzeagatik. Vianan (N) diote beherakoa eragozteko ez dela edan behar ura fruta jan ondoren. Agoitzen kausa birikoak ere aipatu zituzten, hau da, izurriteak. Durangon diote botika jakin batzuk hartzeak ere eragin dezakeela.

Allon (N), iraganean bero handiegiari eta bizi-baldintza prekarioei egozten zitzaion. Adin handieneko informatzaileek ikaraz gogoratzen dituzte XX. mendeko lehen hamarkadak, “Magdalenako uda minetan”, uztailaren 22an ospatzen den jaiegun horren aurreko eta ondorengo hamar egunetan, 20 eta 30 haur hil ohi ziren, deshidratatuta eta beherakoekin.

Murchanten (N) jaso da sein batek beherakoa zuenean amaren esnea txarra edo ahula izateari egozten zitzaiola.

Idorreria, estomago(ko) sikua / lehorra

Kausak

Inkesta egindako herri batzuetan bereizketa hau planteatzen da: batetik, idorreria eta hura sendatzeko bitartekoak; bestetik, hartatik babesteko erabiltzen diren purgak, informatzaileen esanetan gutxiagotan erabiliak. Horrela, Erriberagoitian (A) jaso da purgak babesle moduan haurrekin baino ez zirela erabiltzen, eta Astigarragan (G) diote babesle moduan erabiltzen direnean interpretatzen dela “barrua garbitzeko” balio dutela.

Gure inkesta batzuek erakusten dute iraganean idorreria ez zela gaur besteko zabalkundea zeukan arazoa. Karrantzan (B) diote barazkirik jaten ez zen arren, eta frutaren kontsumoa aldi batekoa baino ez izan arren, indaba eguneroko dietaren zati garrantzitsua zen lekalea zela. Telleriarten ere (G) diote lekaleen eltzekoa maiz jaten dutenek, antzina etxe askotan gertatzen zen bezala, ia inoiz ez dutela idorreria arazorik izaten. Hondarribian (G) adierazten dute, halaber, antzina ez zegoela hainbeste idorreria, jaten zen ogia ez zegoelako hain findua eta osasungarriagoa zelako. Informatzaile batzuek, aitzitik, diote elikadura urri eta barietate txikikoak idorreria zuten pertsona gehiago izatea eragiten zuela.

Moredan (A), idorreria jaki lehorren erregimenari egozten zaio, arrozak, plantxan egindako okelek, irasagarrak, platanoek... osatutakoari. Emakumeei gizonei baino gehiago eragiten dielako sinesmena dago, eta hemorroideak sortzen dituelakoa. Arrasaten (G), aholkatzen dute idorreria nozituz gero elikadura dietatik jaki jakin batzuk kentzea, hala nola ogi zuria, esnea, irin finak, okelak, arroz findua eta gazta.

Muskizen (B), informatzaileek gomendio batzuk ematen dituzte idorreriaren arazoa arintzeko, hala nola ordu berean eta leku berean libratu, eta sabelari doitutako jantziak ez erabili; emakumeek gizonek baino joera handiagoa dute sabelari doitutako jantziak erabiltzeko.