XXIV. OSASUNA ETA HERRI ERLIJIOA

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Osasuna izan da beti bizitzako ondasunik preziatuena; gaitzak, aitzitik, haren gozamenari kalte egiten dio edo biziraupena mehatxatzen du. Sinesmen erlijioso kristauek diote eta irakasten dute Jainkoa dela bizitzaren jatorria, eta, ondorioz, haren nahiaren mendekoa dela osasunaren zainketa eta gaitzen sendaketa. Sineste horretan oinarritzen dira gaixoek gaitzari aurre egiteko eta osasuna berreskuratzeko egiten dituzten praktika erlijiosoak, otoitzak, promesak eta erromesaldiak.

Botoak eta promesak

Gorputzeko gaitz jakin bat sendatzeko santu “espezialistarengana” jotzea, edo, osasuna eskuratzeko, santutegi batera, eskuarki Ama Birjina buru duen batera, erromesaldia egitea oso praktika errotuak izan dira katolizismo herrikoian.

Gaixotasun edo arrisku kasuan zeruaren bitartekaritza eskatzeko boto edo promesa egin izan da tradizionalki. Promesa horrek bi ekintza eskatzen ditu: bata, nekeza, laguntza eskatzen zaion Ama Birjina edo santua gurtzen den santutegira erromesaldian joatea, eta bestea eskaintza bat, oparia[1], argiena edo limosnena, gaixoa santuaren babespean ezartzen duena. “Lo hemos ofrecido a la Virgen del Puy” (“Puyko Andre Mariari eskaini diogu”); esaldi horrekin formulatzen zen botoa Ameskoan (N). “Opatuta daukat San Antoniori Urkiolara oiñez joatea” esaten da Zeanurin (B), promesa egiten denean.

Botoa gaixoak berak egiten du, edo, bestela, sarriagotan, haren oso gertuko ahaide edo senitarteko batek. Eskariaren indarra santutegirako erromesaldia egiteko moduan adierazten zen: oinez, oinutsik edo belauniko.

Eskaintzarik ohikoenak izan dira tradizionalki: botozko lanpararako olioa; irudi santuaren aurrean ezartzeko argizariak, kandelak eta loreak; atabaketan uzten ziren txanponak; eta santutegian mezak emateko enkarguak, meza-sarien bidez.

Sendatzea lortuz gero, botoa entzuna izan zela eta osasuna berreskuratu zela adierazten zuen lekukotasun bat entregatzen zen; objektu hori boto-oparia zen. Gero aipatuko diren santutegi eta ermita askok aurreko mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadara arte kontserbatu dute kapera bat edo tenpluko gune bat boto-opariak erakusteko, hala nola makuluak, gailu ortopedikoak, protesiak, ontziak eta berreskuratutako osasunarengatik santuari esker ona adierazteko marmolezko idazkunak edo mezu markoztatuak.

Abitu erlijiosoa eramateko promesa

Gaixo zen senitarteko baten, seme edo alaba baten edo senarraren sendaketaren grazia eskuratzeko, garai batean, batez ere hiriguneetan, aldi batez abitu bat janzteko promesa egiten zen. Promesa hori egiten zen espero zen haurra “onik etor zedin” ere, edo eskerrak emateko haren jaiotzagatik. Promesa amak edo amonak formulatzen baldin bazuen ere, batzuetan mesedearen onuradun zen alabak edo bilobak bete behar izaten zuen, adin-nagusitasunera iritsitakoan. Abitua urtebetez janzten zen eskuarki; gutxitan iristen zen promesa hori bizi artekoa izatera. Promesak iraun bitartean, abitua janzten zuten emakume ezkongabeek uko egiten zioten dantzaldira joateari.

Abitua jantzi arrunta zen, herriko jostunak egina eskuarki. Zangoak estaltzen zituen; mahuka luzeak zeuzkan, eskoterik eta apaindurarik gabekoa zen, eta gerrian lokarri bat edo larruzko gerriko bat zeukan. Abituaren kolorea promesa egin zitzaion santuaren edo izenaren ordena erlijiosoari edo kofradiari egokitzen zitzaiona zen. Abitu batzuk zegokien Ama Birjinaren edo santuaren intsigniarekin edo bereizgarriarekin osatzen ziren.

Santutegietara erromesaldia botoengatik

Santuengana osasun eskean jotzeak hainbat fase izan ditu XX. mendean, gure inkestetan egiaztatzen denez. Osasunaren alde boto edo promesetara eta santutegietarako erromesaldietara jotzeko ohitura zabalduta egon zen iragan mendearen erdialdera arte; gaur egun edadetuenek baino ez dute jotzen horietara (Beasain-G; Murchante-N).

Mendiolako (A) informatzaileek diote, berriz, santutegi handi batzuek, hala nola Lourdeskoak, Frantzian, eta Fatimakoak, Portugalen, ospe handia eskuratu izanak kalte egin diela gertuago dauden erromesaldietako leku batzuei, hala nola San Biktor Gaunakoari (A), San Antolin Urbinakoari (A) eta San Antonio Urkiolakoari (B), eta gero eta bisita gutxiago izaten dituzte horiek.

Beste informatzaile batzuek ere eman dute joera horren berri. Eugin (N), gaixo baten sendaketarako egindako promesak Orreagaraino oinez igota betetzen dira, hiru ordu eta erdiko bidea eginez, edo, bestela, Iragi (N) herri hurbileko Burdindogiko Kristo Santuaren ermitara joanda. Agoitzen (N) ohikoa izaten jarraitzen du Orreagara oinez igotzea edo Xabierko Santutegira jaistea Irati ibaiaren ibilbideari jarraituz. Bi herrietan esaten dute azkenaldian batzuk Lourdesko Santutegira joaten direla erromesaldian.


  1. oparia hitza in José Miguel de BARANDIARAN. Diccionario Ilustrado de Mitología Vasca. Obras Completas. I. liburukia. Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1972.