XX. UGALKETA

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Kapitulu honen gaia emakumearen ohiko egoeretan, haren emakume izateari eta, hala egokitutakoan, ama izateari dagozkionetan, sortzen diren gaitzak eta horietarako erremedio herrikoiak dira.

Menstruazioa, hilekoa

Menstruazioa emakumeen (eta beste ugaztun batzuen emeen) fenomeno naturala da; umetokitik datorren odola egozten da hilabete bakoitzeko egun batzuetan. Gertaera arrunt eta aldizkakoa den arren, jasotako lekukotasunek adierazten dute emakumeen zirkulutik irteten ez zen gaia zela, are misterio apur batez ere inguratua, eta hartaz oso gutxi hitz egiten zela. Herri batzuetan amak abisatzen zion alabari laster hilekoa izango zuela (Durango-B). Informatzaile batzuek adierazten dute batzuetan amek ez zietela alabei hilekoari buruzko ezer jakinarazten, eta, horrenbestez, neskek pertsona nagusien arteko elkarrizketetan entzundakoez eta lagunek esandakoez baliatu behar izaten zutela. Gai honetaz gurasoekin hitz egitea oso gutxitan gertatzen zen. Batzuek diote ez zutela jakin hilekoa zenik ere lehen aldiz izan zuten arte, eta susto handia hartu zutela hori gertatu zenean (Pipaón-A).

Emakume batzuek, etsi-etsian, organismoaren aldaketa hori beren izaeraren partetzat hartzen dute, eta aitortzen dute gertatzen denean gogaikarri eta neketsua dela (Allo-N). Emakumeek gaizki pasatzen zuten hilekoarekin eta, antzina, Evaren bekatua zela sinestera iritsi ziren, Paradisutik egotzia izan zelako (Apodaka-A); emakume batzuentzat nahasmendua, traba eta zikinkeria da (Moreda-A).

Antzina, hilekoaren odola xurgatzeko kotoizko edo felpazko oihalak erabiltzen ziren, lixibaz garbitu eta hurrengo hilean erabiltzeko gordetzen zirenak. XX. mendeko berrogeita hamarreko hamarkadako urteetan zelulosako konpresak agertzen hasi ziren, erabili eta botatzekoak; gaur egun asko hobetu dira, eta txikiagoak eta xurgatze-ahalmen handiagokoak dira. Tanpoiak hirurogeiko hamarkadako urteetatik aurrera hasi ziren erabiltzen, eta gaur egun ohitura zabaldua dira (Moreda-A).

Haurduntza eta erditzea

Emakumearen haurduntza egoera naturaltzat hartu izan da, ahal den neurrian saihestekoak diren nahasmendu batzuk baldin badakartza ere. Nahasmendu ohikoenen artean aipatzekoak dira batik bat haurdunaldiaren lehen hiru hilabeteetan izaten diren goragaleak. Ohikoa izan da bularrak handitzea eta gogortzea, zangoetan edemak agertzea eta bihotzerrea izatea ere. Hala ere, haurduntzak ez zuen emakumea ohean egotera behartzen, eta azken egunera arte egin ohi zuen lana, are landako lan gogorretan ere (Zangoza-N; Artziniega, Moreda-A).

Gaur egun, haurdun dagoen emakumea lan bortitzik ez egiten saiatzen da, elikadura zaintzen du eta uko egiten die edari alkoholdunei eta tabakoari. Ohikoa da jarraipen mediko bat egitea haurdunaldiak dirauen bitartean. Erditzeko unea hurreratu ahala, ikastaroetara joaten dira, erditzea errazten duten arnasketa ariketak eta gimnasia taulak praktikatzera[1].

Erditzeari eta haurgintzari dagokienez, aipatzekoa da hirurogeiko hamarkadako urteetan ia emakume guztiak erditzen zirela beren etxeetan, emaginak, praktikanteak edo medikuak lagunduta. Lehenago, zeregin horiek ezagutzen zituzten auzoko emakumeak ziren erditzen zenari laguntzen ziotenak. Hirurogeiko hamarkadako urteetatik aurrera, emakumeak osasun-zentroetara joaten hasi ziren, eta gaur egun denak joaten dira horietara[2]. Gaur egun lehen baino biki gehiago jaiotzen dira, baita hirukiak ere, eta are ume gehiagoko haurduntza batzuk ere izaten dira.

Obulutegiaren estimulazioaren eta laguntza bidezko ugalketako kliniketan praktikatutako beste metodo batzuen ondorio izaten dira; seme-alabak izatea lortzeko jotzen dute bikoteek metodo horietara.

Ama bular-emaileen gaitzak

Bi dira ama bular-emaileek nozitu dituzten gaitzik ohikoenak, bularrak gogortzea, zeinak ondorio gisa pelo deritzon gaitza ekar zezakeen, gogaikarria eta esnearen zati baten erretentzioa eragiten zuena; eta titiburuetako pitzadurak. Bi gaitzak bata bestearekin lotuta egoten ziren batzuetan.

Abortuak

Abortua haurduntzaren etetea da, nahita edo nahi gabe eragindakoa. Emakume batzuek, beren osasun egoerarengatik, abortua saihestuko badute, ohean egon eta atseden luzea hartu behar dute haurdunaldi osoan. Antzina, familiak ugariak izaten ziren, eta, gainera, abortuen kopurua eta haurren heriotza-tasa oso altuak ziren. Ohikoa izan da esatea “Jainkoaren borondatea” zela bizirik irtendako haurren kopurua zein hildakoena.

Menopausia, erretiroa

Menopausia menstruazioaren edo emakumearen hilekoaren erretiroa da, eta berrogeita hamar urteen inguruan dabilenean gertatu ohi da. Informatzaile batzuek uste dute hobe dela geroago etortzea, berrogeita hamabi eta berrogeita hamasei urteen artean (Durango-B). Ez da bat-batean gertatzen, sintomak pixkanaka agertzen baitira, eta emakume batzuei modu adierazgarrian. Apodakan eta Ametzaga Zuian (A) diote aldaketa hormonal bat gertatzen dela, eta ugalkortasuna galtzen; izaerari ez ezik, egoera fisikoari ere eragiten dio horrek. Nabarnizen (B), antzina, menopausian arazorik ez zuen emakumeak eskerrak eman behar zituela esaten zen, menopausiak eskuarki ekartzen dituen nahasmenduak saihesten zituelako.

Emakumeek menopausiaren aurretik zein ondoren izaten duten molestiarik ohikoena itolarriak dira. Bat-bateko beroaldi batek hartzen du emakumea, izerditan hasten da eta masailak gorritzen zaizkio. Izerditzeak, sarritan, gauekoak izaten dira. Leuntzeko, Orozkon (B), emakumeak haizea ematen zion bere buruari bere gonaren barrenarekin. Gaur egun, hiriguneetan menopausia duten emakume batzuek abanikoak edukitzen dituzte poltsetan.

Euskal Herri kontinentalean, berrogeita hamarreko hamarkadako urteetan jaso zenez, hemorragia larriak nozitzen zituztenean, menopausia zuten emakumeek asunen puntekin egindako infusio bat hartzen zuten lauzpabost egunez; ez zuten gehiegi hartu behar, horrek kalte egin ziezaiokeelako lehendik ere ahulduta zegoen organismoari.


  1. ETNIKER EUSKALERRIA. Ritos del nacimiento al matrimonio en Vasconia. Atlas Etnográfico de Vasconia = Euskalerriko Atlas etnografikoa = Atlas etnographique du Pays Basque. IX. liburukia. Bilbo: Etniker Euskalerria; [Gasteiz]: Eusko Jaurlaritza; [Iruñea]: Nafarroako Gobernua, 1998.
  2. Gai hau zabal tratatuta dago Ritos del Nacimiento al Matrimonio en Vasconia liburuan.