Atarikoa
Orrialde honetako edukia
Herri medikuntza
Herri medikuntza ikuspuntu etnografikotik gutxi aztertu den arloa da kultura tradizionalaren barruan. Horrela, esate baterako, ez dago bibliografia askorik jatorrizko datuei buruz, hau da, informatzaileengandik zuzenean hartutako datuei buruz. Medikuntzaren ikuspuntutik, ostera, azterketa gehiago egin izan dira, eta batzuk nahiko onak. Lan horiek medikuntzako profesionalek egindakoak dira gehienbat, lanbidearekin zerikusia duen arloaz zaletuta. Beharbada, denetatik adierazgarriena, Euskal Herriari dagokionez behintzat, Barriola sendagileak joan den mendearen erdialdean egindakoa izango da[1]. Urte batzuk geroago, gure laguntzaile Anton Erkoreka doktoreak ikerketa lan bat egin zuen Bermeon, Etniker galdetegian oinarrituta, doktore tzatesi legez aurkeztu zuen lana, hain zuzen ere[2].
Arlo honetan, lanik ospetsuena Folk-Medicine da, William G. Blackek Londresen 1883an argitaratu eta gaztelerara Antonio Machado y Álvarezek (“Demófilo”) itzulia 1889an. Hona hemen Jordi Pablo i Grauk gaztelerazko faksimile-edizioaren aurkezpenean idatzitakoa:
- “...herri medikuntza, zentzurik zabalenean hartuta, kultura bakoitzak munduaren gainean duen ikuspegiaren erakusle eta laburpena da, bai eta bere ezagutzen iragazkortasun eta hedapenaren eredu ere”[3].
Herri medikuntzaren alorra, sarritan, errezetak lortzeko baino ez da landu izan: gaixotasun bakoitzerako erremedio bat ezagutzen da, normalean landareekin lotua, eta landare hori modu berezi batean erabiltzen da. Beharbada, arlo hau lantzeko era hori izan daiteke etnografoek herri medikuntzaren gainean hain interes eskasa erakusteko arrazoietako bat. Gaur egun ere, komunikabideek teknika tradizionalei buruz ardura erakutsi dutenean, “errezeta-grina” horretatik ekin diote, eta horrek zerikusi gutxi dauka herri jakintzarekin. Nolabaiteko atzerapauso horren oinarrian joera berri samar bat nabari da, hau da, gauza naturalen gaineko jakin-nahia; medizinak farmazia batean erosi beharrean, zer dago landareak erabiltzea baino gauza naturalagorik? Eta, are gehiago, norberak basoan hartzen baditu.
Baina herri medikuntzak erremedioetatik haratago doan jakintza gordetzen du bere baitan. Lan hau gure informatzaileen jakintzaren fruitua da oso-osorik, eta bertako zatirik handienean informazio nolabait enpirikoa jaso da. Dena dela, batzuetan gure inkestetatik atera izan ditugun datuetatik eta, beste batzuetan, aurreko hamarkadetan argitaratutako bibliografia eskasean jaso dugunetik, osasuna eta gaixotasuna –giza gorputza azken batean– ez ziren berdin ulertzen lehen eta orain.
Etnografian dihardugunok badakigu, nahiz eta sarritan frogatzeko nahiko daturik ez izan, jaso ditugun ohitura eta ezagutza batzuk oso-oso antzinakoak direna. Barandiaranek ere, joan den mendearen hogeiko hamarkadan, artikulu garrantzitsua argitaratu zuen gai horren gainean[4].
Osasunaren eta sendabideen gainean batu ditugun informazio eta datuek erakusten dutenez, osasunaren arloa beste era batera ulertzen zen iraganean, eta zaila da zehatz azaltzea, ez dago-eta nahikoa informaziorik. Dena dela, hurbilketa bat egin dezakegu.
Herriak osasunaren eta izadiaren artean lotura estua dagoela onartzen du. Ilargiaren eragina sarritan aipatzen da, batez ere, ilargiaren aldiek gaixotasunarekin eta bizi zikloarekin zerikusia duten hainbat alderditan duten eragina. Eguraldiari lotutako eragileak ere aipatzen dira osasunaz jardutean, bai agerikoak, tenperatura adibidez, bai osterantzekoak, haize motak eta gaueko haizeak kasurako. Era berean, ura askotan azaltzen da; gaur eguneko ikuspegitik hain gauza arrunta dena iraganean –eta gaur egun ere bai kasu batzuetan– sendatzeko ahalmena zuela uste izan da, leku jakin batean edo urteko zikloaren egun jakin batean hartuz gero batez ere. Azken batean, ohitura horiek guztiek erakusten dute gorputza bera bakarrean barik inguruko munduarekin guztiz bat eginda ikusten zela.
Herritarren pentsamoldean gaixotasun zehatz batzuen eta landareen arteko harremana antzeman daiteke. Gaixotasun edo gorputzeko gorabehera batzuk bat omen datoz hostoak irten eta jausten diren sasoiekin. Odolaren loditasuna edo garbitasuna ere desberdina omen da urteko aldi bakoitzean, arboletako izerdiarekin gertatzen den legez. Herriko jendearen esanetan, gaixotasun batzuk erne egiten dira –esate baterako, elgorria–, garau batzuek sustraiak edo arbiak izaten dituzte, eta sustrai horiek erauztea komeni da garau edo granoak berriro irten ez daitezen.
Informatzaile batzuek antzina-antzinako azalpenak ematen dituzte oraindik ere. Horrela, esate baterako, gaixotasun batzuk har edo zizare batzuek eragindakoak dira; besteak beste, belarrietako mina eta txantxarra. Osabideak ere, beraz, bat datoz sineskeria horiekin. Belarriko mina, belarrian dagoen harra egarri delako izaten omen dugu; beraz, esne tanta batzuekin asetzea komeni da, mina arintzeko. Txantxar edo kariesaren kasuan, kontua harra hiltzea izaten da, eta, horretarako, alkohola erabiltzen da.
Beste alde batetik, magia kutsuko ohiturek ere atal garrantzitsua osatzen dute herri medikuntzan. Gure informatzaileek magiarekin lotutako sendabide eta gaixotasun ugariren berri eman digute; liburuan hainbat adibide jaso ditugu eta, lanaren amaieran, kapitulu oso bat eskaini diegu madarikazioari eta begizkoari, gaixotasunen eragile garrantzitsu gisa.
Erlijioarekin lotutako ohitura eta sineskeriek ere kapitulu oso bat betetzen dute argitalpen honetan. Osasun arazoak osatzeko zein arazo horiei aurre hartzeko, oso errotuta egon da leku sakratuetara joateko ohitura, santu jakin batzuei laguntza eskatzeko. Santuen artean ere zelanbaiteko “espezializazioa” dago gaixotasun batzuk edo beste batzuk sendatzeko orduan. Azpimarratzekoa da leku horiek batez ere ermitak izan direla. Baliteke baseliza horietako batzuk kultu paganoetarako lekuen gainean eraikita egotea, baina hori ez dugu lan honetan aztertu. Dena dela, lan honetan egiaztatu dugunez, gaixotasunen arrazoi edo eragileak aztertzean, informatzaileek sarritan aipatzen dute Jainkoaren borondatea. Gaixotasunak dakarren zoritxarraren aurrean, batez ere gaixoaren bizitza arriskuan dagoenean, ohikoa da oraindik ere otoitz egitea. Ospitale handietan, teknologiarik aurreratuena eta zientzia medikorik garatuena erabiltzen diren lekuetan, oraindik ere otoitz egiteko kapera aurkituko dugu.
Baina erremedio guztiak ez dira sinesmenen atalean sartzen. Lehen adierazi dugunez, lan honetan jaso dugun informaziorik gehienean erremedio enpirikoak azaltzen dira, hau da, oinarri materiala duten erremedioak. Oinarri material hori mineralekin, animaliekin eta, batez ere, landareekin dago lotuta. Horrek argi erakusten du gure informatzaileek oso ondo ezagutzen dutela beren inguru naturala. Gaur egun modan dago “herri primitiboek” gaixotasunak sendatzeko erabiltzen dituzten baliabide naturalen gaineko azterketak egitea. Azterketa horien helburua ez da antropologikoa bakarrik, farmakologikoa ere bada, medikamentu berriak bilatzeko asmoz. Eta hori ikusita, harrigarria da Europako landa eremuetako herritarrek inguruaren gainean azaltzen duten interes eskasa, batez ere, antzinako jakintzak desagertzen ari diren une erabakigarri honetan.
Gizarte tradizionalean, gaixotasunak alderdi eta ikuspegi guztietatik osatzen saiatu izan dira; esate baterako, ez dira bateraezinak izan, batetik, guk esaten dugun legez erremedio enpirikoak eta, bestetik, sineskerietan oinarritutakoak, nahiz eta gure ikuspegitik oso desberdinak izan. Horrela, adibidez, garatxoak sendatzeko modu desberdinak izan dira: batetik, teknika enpirikoetara jo izan da, esate baterako landare batzuen latexarekin bustitzea edo landareekin prestatutako enplastuak ezartzea. Beste batzuetan, tratamenduak sendabide enpirikotik haratago doan esanahia ezkutatzen du, adibidez garatxoa hilerokoaren odolarekin, barautan botatako txistuarekin edo San Joan goizean hartutako urarekin bustitzen denean. Eta, azkenik, magia kutsuko erremedioak ere erabili izan dira: esate baterako ipuru-baiak erabili dira, itxuraz garatxoen antza dutela eta haien irudikapen gisa har tzen dituztelako; baiak lurperatu egiten dira, lehortu ahala garatxoak ere lehortu daitezen. Magia homeopatikoa edo imitaziozkoa deritzo kasu horri. Era berean, garatxoak sagar erdibituarekin igurtzi daitezke eta gero sagarra lehortzen utzi, aldi berean, garatxoak ere lehortzeko. Kasu horretan, Frazerren sailkapenari jarraituz, magia kontaminatzaile edo kutsakorra izango litzateke. Kasu bi horiek magia sinpatikoaren barruan sartzen dira eta, gainera, konbinatu egin daitezke: berbarako, gatz aleekin eskrezioak igurtzi eta sutara botatzen direnean. Erremedio konplexuagoak ere badaude; adibidez, sagar ale edo zati horiek bidegurutzeetan bildurik uztea. Horrela, bildukia hartzen duenari garatxo horiek aterako zaizkio.
Herri medikuntzak beste ezaugarri bat ere badauka, sintomak osatzen ditu, ez gaixotasunak. Herriak erabiltzen dituen erremedioek ez diote gaixotasunen etiologiari erreparatzen, besteak beste, oso zaila edo, kasu batzuetan, ezinezkoa delako gaitz baten jatorria zehaztea. Herri medikuntzak gaixotasunaren ondorioei, hau da, sintomei egiten die aurre. Horren adibide asko daude jasota lan honetako kapituluetan zehar.
Halaber, gaur egun herriak erabiltzen dituen erremedioetariko batzuk edo informanteek gogoratzen dituzten batzuk, lehenago, medikuntza ofizialak erabiltzen zituen. Zientziaren aurrerapenak baztertu egin ditu apurka-apurka erremedio horiek, medikuntza akademikoak erabat ahaztu arte. Hala ere, jendeak ikasi egiten zituen eta, medikuntzaren bilakaera beste bide batetik zihoan bitartean, herritar askok gaur arte erabili izan dituzte. Herri medikuntzari buruzko lan honetan ez da erremedio eta ohitura horien jatorria aztertu, medikuntzaren historiari gehiago dagokiolakoan.
Askotan, gaixotasun baten azalpena zuzena ez izateak ez du esan nahi erabilitako erremedioak ez dakarrenik inolako onurarik; herri medikuntzak duen beste bereizgarrietariko bat da hori. Goian aipatutako belarriko minaren adibidean, argi dago mina ez duela zizare batek eragiten, baina zizare horri egarria asetzeko botatzen den esne edo olioak, azken batean, bigundu egin lezake mingorra eragiten duen ezkor-tapoia, izan ere, bigunduta errazago ateratzen da eta, bide batez, arazoa konpondu.
Gure ikerketa
Atlas Etnografikoaren herri medikuntzari buruzko ale hau egiteko erabili diren datuak 1994 eta 1999 urteen bitartean jaso ziren. Kontuan hartzekoa da datu hori, izan ere, oso garrantzitsua da jaso den informazioaren ezaugarriei dagokienez; daturik gehienak erremedio enpirikoen gainekoak dira; informatzaile batzuek sendabide edo ohitura magikoak eta sinesmenekin zerikusia dutenak gogoratzen dituzte, baina askozaz gutxiago dira enpirikoak baino. Datuak hamarraldi batzuk lehenago jaso izan balira, era bateko eta besteko ohitura eta sendabideei buruzko informazioa askozaz parekatuago egongo litzateke.
Gure ikerketa ez da sendabideei buruzko informazio bilketa hutsa izan, hau da, nola prestatu eta aplikatzen diren. Lan honetan, sendatu nahi den gaixotasunaren gainean zer ezagutzen duten, herritarren ustez ze sintomaren bidez azaltzen den eta nondik datorren ere jaso dugu. Herriak eman dituen interpretazioak dira eta ez dute zertan bat etorri azalpen akademikoekin, hori argi dago, baina, hala ere, Frankowskik, esate baterako, honako hau idatzi zuen: «medikuntza tradizionala medikuntza modernoaren ama da, milaka belaunaldiren jakintza biltzen du eta, baten baino gehiagotan, balio handiko ezagutzak eskaintzen ditu, goi mailako zientzialariek onartu eta erabili izan dituztenak»[5].
Ale hau osatzera datozen kapituluak ez dira irizpide zientifikoen arabera antolatu. Informazioa inkesta etnografiko baten bidez jaso da, Etniker taldeek erabiltzen dutenaren bidez. Eta materialak, ahal izan den neurrian, irizpide etnografikoaren arabera antolatu dira, herriaren pentsaera eta mentalitatea hobeto jaso nahian. Zientzia medikoaren irizpideak erabili izan bagenitu, arazo handi bat izango genukeen: lana itxuraldatu egin zitekeen, gaur eguneko ezagutza akademikoetatik oso aldenduta dagoen informazioa eskema horretan sartzeko ahaleginean. Hori dela eta, argitalpen honetako kapituluak honela antolatu dira: gorputzeko atalik jasoenetik, hau da, burutik, beherantz; eta gorputzeko atalik azalekoenetik, larruazaletik, barrurantz.
Kontuan hartzekoa da, era berean, gaixotasun bakoitzerako jasotako sendabideen kopurua ez datorrela bat gaixotasun horren larritasunarekin; katarroetarako sendabide asko daude, bihotzeko gaixotasunetarako, berriz, oso gutxi. Adibiderik nabarmenena larruazaleko gaixotasunen kasuan topatzen dugu: gorputzean gehien ikusten den zatian erremedio asko jaso dira, hainbeste ze, hiru kapitulu behar izan dira denak deskribatzeko.
Lehenago ere adierazi dugunez, pentsaera tradizionalean ez zen bereizketarik egiten sendabide enpirikoen eta sinesmenekin lotu ta koen artean. Hain zuzen ere, horrexegatik ez dira aurkeztu bananduta sendabide eta ohitura mota bi horiek. Dena dela, kapitulu oso bana eskaini zaie, batetik, begizkoari eta madarikazioari eta, bestetik, erlijioarekin lotutako erremedioei, berezitasun nabarmenak dituzte eta.
Argitalpenean hainbat espezie begetal aipatu dira. Gure inkestek landare ugaritasun handia erakusten dute Euskal Herriaren isurialde bietan, bai atlantikoan bai mediterraneoan. Ahal izan den guztietan, izen herrikoiaz gain, izen zientifikoa ematen saiatu gara. Baina onartu behar dugu fidagarritasuna ez dela erabatekoa. Hainbat arrazoi daude horretarako: identifikazioa inkestatzaileak egin du, eta inkestatzaileak botanikaren gainean dakiena ez da kasu guztietan behar bestekoa. Informatzaileak ere ez dira ehuneko ehunean fidagarriak aipatzen dituzten landareak jasotzeko eskatzen zaienean, batez ere hainbat urte lehenago erabiltzen ikusi zituzten landareak aipatzen dituztenean. Eta egoera zaildu egiten da antzeko itxura duten espezie asko daudenean. Sarritan, identifikazioak egiteko, izen herrikoia zientzia arloko testuetan azaltzen den izen zientifikoarekin lotzeko joera dago. Baina kontua da batzuetan espezie batentzat hainbat izen daudela herrian eta, baita kontrara ere, hau da, izen arrunt bat hainbat espezie izendatzeko erabiltzen da.
Liburu honetara ekarritako informazioa ahoz aho zabaldu da. Kontu handiz jokatu dugu, gure informatzaileek esandako erremedioak ez daitezen izan liburuetan ikasitakoak edo komunikabideetan entzundakoak; dena dela, saihestezina da batzuetan bat etortzea informazio batzuk.
Erremedio horiek, kasu batzuetan belaunaldiz belaunaldi erabili izan diren arren, ez dute zertan eraginkorrak izan ikuspegi medikotik. Baliteke kaltegarriak ere izatea gaur egun ditugun ezagutza eta higiene ohituren arabera.
Era berean, ez dugu nahi lan hau sendabelarren errezeta bilduma izatea. Gaur egun, merkatuan argitalpen asko daude horretarako; argitalpen horietan belarrak dagokien irudi edo argazki eta guzti daude jasota, eta zein gaixotasunetarako diren eta nola aplikatzen diren azaltzen da. Lan honen egitura eta asmoak ez doaz halako argitalpenen edukien bidetik.
Hasiera batean, ale honetan herri albaitaritza sartzea pentsatu zen, gai antzekoak dira eta. Hain zuzen ere, Atlas Etnografikoaren aurreko alean, nekazaritza eta abeltzaintzari buruzkoan, halaxe iragarri genuen, kontuan hartu behar baita erremedio asko berdinak direla medikuntzan eta albaitaritzan, beti ere, etxe-abereen kasuan, landareekin prestatutako erremedioak kontzentratuagoak eta dosi askoz handiagoak direla. Erlijioan edo magian oinarritutako sendabideak ere parekoak dira eta, esate baterako, petrikilo edo hezur-konpontzaile asko ganadua osatuz hasi dira lanbide horretan, eta ondoren lan egin dute pertsonekin. Hala ere, material horiek hurrengo batean argitaratzeko utzi ditugu, medikuntzari dagokion atalak hartu duen luzera ikusita.
Aldaketak
XX. mendean medikuntza akademikoa asko aurreratu da eta, urteak igaro ahala, gero eta azkarrago egiten du aurrera. Horren eraginez, herri medikuntzan oinarritutako sendabideek behera egin dute. Dena dela, medikuntza arloko aditu askok zera esan dute: “oso akats gutxi daude herri medikuntzan; kasu askotan landareen erabilera literatura zientifikoaren arabera landare horiek dituzten ezaugarrietan dago oinarrituta. Landare gutxi batzuk ikertu ditugu, literaturan azaldu ez eta sarritan erabiltzen zirelako leku desberdinetan (...), eta halakoetan landare horien eragina frogatu egin ahal izan dugu»[6].
Herri medikuntzan, petrikiloek bete izan duten zeregina ere nabarmentzekoa da. Lehenago, sendatzeko gaitasuna zuten pertsonek leku garrantzitsua izaten zuten gizartean, harik eta herritar gehienek ikasketa zientifikodun osasun langileengana jotzeko aukera izan duten arte. Petrikiloak familia jakin batzuetakoak ziren, jakintza familian igarotzen zen, pertsonarik pertsonara. Bai petrikiloak bai beste sendatzaile batzuk garrantzia galtzen joan ziren XX. mendean zehar, osasun arloko profesionalak ugaritu ahala eta haien zereginak betetzen zituzten heinean. Baina gaur egun badaude oraindik, nahiz eta ez izan iraganean zuten garrantzia; ohiko medikuntzaren bidez osatzen saiatu ondoren joaten da jendea petrikilo edo sendatzaileengana. Gaur egun, era berean, gora egin dute medikuntza alopatikotik kanpoko kontsultek, esate baterako, naturopatak, homeopatak, masajistak, dietetika adituak, belar-dendak eta abar.
Antzina, zauriak sendatzeko erremedioak etxean gordetzen ziren, baita ukenduak erredurentzat eta landareak inhalazioak egiteko edo infusioak prestatzeko ere. Landareekin egindako erremedioak garrantzitsuak ziren. Etxeko ortu edo baratzean landare batzuk helburu terapeutikoekin landatzen ziren, baina landarerik gehienak zelai edo basoan batzen ziren. Baliotsuagoak izateko, landareetariko batzuk urteko egun berezietan batu behar ziren; beharbada, San Joan eguneko goizaldea izango zen aproposena, eguzkia irten aurretik.
Joandako mendearen erdialdean prestakin farmazeutikoak garrantzia hartzen joan ziren, eta apurka-apurka erremedio tradizionalak baztertu egin dira. Gaur egun, etxeetan oraindik botikin txiki bat izaten da, baina ez dauka zerikusirik lehengoekin. Kamamila kenduta, ia ez da sendabelarrik biltzen, eta kamamila ere gero eta gutxiago, dendan erositakoa erabiltzen baita gehienbat. Horrela, bada, ia galduta dugu antzinako ohitura horretatik geratzen zen azken hondarra ere.
Lehen, berriz, herri medikuntza hurbilago zegoen medikuntza ofizialetik, izan ere, iraganean, medikuntza ofizialak sarritan erabiltzen zituen landareak eta formula magistralak. Baina sintesi produktuek eta aurrerapen teknologikoek aurrera egin duten heinean, medikuntza ofiziala etengabe urrundu da sendabide tradizionaletatik.
Halaber, ezagutza areagotu eta teknika analitikoak hobetu diren neurrian, lehen ezezagunak ziren gaixotasun berriak identifikatu dira. Horren adibide dugu hiperkolesterolemia, hau da, “kolesterola izatea”. Gaixotasun berri bat agertuz gero erremedioak ere berriak erabili izan dira, eta oso desberdinak: azalpen medikoetan oinarritutakoak batzuetan, edo komunikabide fidagarri edo ez hain fidagarrietan emandako sendabideak beste batzuetan.
Beste alde batetik, gaixotasun batzuen izena aldatu egin da, edo lehendik ezagunak ziren gaitz batzuk izendapen berrietara asimilatu dira; esate baterako, hipertentsioa lehen “odol lodia edo lohia” deitzen zen. Kasu horietan, lehendik ezagunak ziren erremedioak aplikatzen dira oraindik.
Gaur egun, jende gehiagok dihardu osasunean, jende gehienak botikak hartzen ditu eta gaixotasunak zehatzago ezagutzen dira, baina horrezaz gain, medikuntzarako instalazioak ere nabarmen hobetu dira, bai herriko kontsulta, osasun-zentro zein ospitaleei dagokienez, bai profesionalek eskura dituzten baliabide teknikoei dagokienez. Bilakaera honen berri zehatzagoa izateko, Luis S. Granjel doktorearen Historia de la medicina vasca[7] liburua irakurtzea gomendatzen dugu.
Informatzaileek jakin badakite medikuntza zientifikoaren garapenari esker eta, horrekin batera, baldintza higienikoetan eta elikaduran egindako hobekuntzari esker, emaitza garrantzitsuak lortu direla, esate baterako, bizi-itxaropena luzatzea eta aurreko hamarkadetan umeetan zegoen heriotza-tasa handia txikitzea. Arlo honetan, adibiderik argiena infekzioarena da.
Herritarren artean, sukarra da gaixotasunaren erakuslerik argiena, mina baino agiriagoa sarritan. Sukarrak gaitz larria dagoela erakusten du, gehienetan infekzio motaren batekin lotutakoa, eta antibiotikoak ez zeuden sasoian osasun-arazo larria izan zitekeen. Sukar handia gaixotasun larriaren adierazletzat hartu izan da, eta, era berean, kezkagarritzat jo izan da sukarra behin eta berriro izatea. Sukarrari aurre egiteko bi metodo erabili izan dira, beti ere helburua, herri medikuntzan ohikoa denez, sukarraren eragileak sendatzea baino gehiago, sukar hori gutxitzea dela: bata, izerdia eragitea eta, bestea, igurtziak egitea. Liburuan zehar, halaber, infekzioak sendatzeko hainbat erremedio jaso dira. Hain zuzen ere, antibiotikoak aurkitzea eta hedatzea izan da herritarrentzat XX. mendeko aurkikuntza medikorik garrantzitsuena; horren erakusle dugu gure herrietan kale eta plaza asko Alexander Flemingi eskainitakoak izatea.
Baina medikuntza zientifikoak hedapen handia izan duen arren, herritarren pentsaeran ez dira erabat baztertu oraindik elementu magikoak. Esate baterako, oso zabalduta dago erremedio bat egun jakin batzuetan egitea, beti egun-kopuru bakoitia. Magikotasun hori garatxoak edo hemorroideak osatzeko erabilitako zenbait erremediotan ere aurkitzen da: garatxoa edo hemorroidea irudikatzen duten landare, garau edo fruta txikiak erabiltzen ziren eta, batu ondoren, aldean eramaten ziren, horrela, sikatu ahala, garatxoa edo hemorroidea ere sikatu egingo zelakoan. Erremedio horiek oso ezagunak ziren eta gaur egun ere oraindik erabiltzen dituzte gure informatzailerik zaharrenetariko batzuek. Hori are nabarmenagoa da zenbait sinesmen erlijiosorekin; esate baterako, San Blas haria eramateko ohitura oso errotuta dago gaur egun.
Osasun sistema hedatzeak jendeak jokabidea aldatzea ekarri du. Gaur egun baten bat txarto dagoenean, berehala joaten da medikuarenera. Medikuak gaixoaren gaitza zein den zehazten du eta tratamendua jartzen dio edo, bestela, leku egokiago batera bidaltzen du, bitarteko eta ezagutza gehiago omen duen adituren batengana, hau da, espezialistarengana. Gaur egun, ohikotzat jotzen da jokabide hori, baina mentalitate aldaketa handia ekarri du. Lehenago, gaitza bere kabuz sendatzeko modukoa ez zela ikusitakoan baino ez zen joaten jendea petrikilo edo sendatzailearengana, edo geroago medikuarenera. Gaixoa bera zen bere buruaren arduraduna, bazuen erremedioen berri eta, sendatzen ahalegintzeko erremedioak egiteko bitartekoak ere bazeuzkan, edo, bestela, inguruan lor zitzakeen. Jarrera horrekin, gainera, tregua bat eskaintzen zitzaion gorputzari, hau da, gorputzaren sendatzeko ahalmenarekin fidatzen ginen.
Nolabait esateko, gure osasuna edo, hobeto esanda, gure gaixotasuna medikuen eta osasun politikak erabakitzen dituztenen esku utzi dugu. Dena dela, azken aldi honetan, gero eta ardura handiagoa nabari da herritarrak osasun arloan hezteko; hala ere, helburu hori lortzeko informazio eta heziketa kanpainak egin behar izateak gure gizartean zerbait arraroa gertatu dela erakusten du.
Hainbat galdera datozkigu burura: esate baterako, zergatik joaten garen gero eta sarriago medikuarenera, zergatik jotzen den hainbeste larrialdi zerbitzuetara arazo arinekin, edo zergatik gastatzen den hainbeste botikatan (etxe batzuek farmazia txikiak dirudite). Gaixotasuna ulertzeko moduan zein zati dagokio gaur eguneko medikuntza teknifikatuak ahaztuta duen gizatasunari? Gaur eguneko kontsultetan azken minutua ere kontrolatuta egonik, nork entzuten du jendearen sufrimendua? Familiakoek eta ingurukoek egiten diete aurre gaur egun ere gabezia horiei, baina gizarte eta familia ereduak aldatu ahala, arreta mota hori ere kinka larrian egongo da. Medikuek eurek baieztatzen dute jendea kontsultatik ateratzen denean, hein batean sendatuta joaten dela, eta botiken balioa neurtzeko orduan efekto plazeboa dutela onartzen da, hau da, gaixoak sinisten duela on egiten diola, berez medikuntzaren ikuspegitik halakorik izan ez arren.
Medikuntza tradizionala apurka-apurka baztertzen joan den arren, azken aldian berriro azaltzen hasi dela ikusten da, beste modu batean bada ere. Ekialdeko ezagutza medikoen gainean interes gero eta handiagoa dagoela ikusten da. Batzuek sendabelarrak erabiltzen dituzte, gure inguruko zelai edo basoetan jaso daitezkeenak edo belar-dendetan erositakoak. Beharbada, sintesi-medikamentuak baino naturalagotzat hartzen direlako eta, beraz, alboondoriorik gabekoak direlako ustean egin du gora sendabelarren erabilerak. Joera hori aprobetxatu egiten dute komunikabide eta argitaletxeek, eta gero eta informazio gehiago eskaintzen dute, behin eta berriro errepikatzen duten legez, “gure arbasoengandik datozen” sendabideen gainean.
- ↑ Ignacio Mª BARRIOLA. La medicina popular en el País Vasco. Donostia: 1952.
- ↑ Anton ERKOREKA. Análisis de la medicina popular vasca. Bilbao: 1985.
- ↑ Jordi PABLO i GRAU. “La medicina popular de Black un siglo después” in William G. BLACK. Medicina popular. Bartzelona: 1982.
- ↑ José Miguel de BARANDIARAN. “Paletnografía vasca” in Euskalerriaren Alde, X (1920) 182-190, 224-252, eta 253-470 or.
- ↑ Eugeniusz FRANKOWSKI. Sistematización de los ritos usados en las ceremonias populares. Bilbao: 1919.
- ↑ Margarita FERNÁNDEZ. “Medicina popular navarra” in Zainak. Cuadernos de Antropología-Etnografía, XIV (1997) 35. or.
- ↑ Luis S. GRANJEL. Historia de la medicina vasca. Salamanca: 1983.