Diferencia entre revisiones de «EL CORTEJO FUNEBRE. SEGIZIOA/eu»
(Actualizando para coincidir con nueva versión de la página fuente) |
m (Texto reemplazado: «{{#bookTitle:Heriotz Ohikuneak Euskal Herrian|Ritos_funerarios_en_vasconia/eu}}» por «{{#bookTitle:Heriotz Ohikuneak Euskal Herrian|Ritos_funerarios_en_vasconia/eu}}») |
||
Línea 1: | Línea 1: | ||
<languages></languages> | <languages></languages> | ||
− | |||
__TOC__ | __TOC__ | ||
== Hileta-segizioaren osaketa == | == Hileta-segizioaren osaketa == | ||
Línea 30: | Línea 29: | ||
{{DISPLAYTITLE: XI. HILETA-SEGIZIOA}} {{#bookTitle:Heriotz Ohikuneak Euskal Herrian|Ritos_funerarios_en_vasconia/eu}} | {{DISPLAYTITLE: XI. HILETA-SEGIZIOA}} {{#bookTitle:Heriotz Ohikuneak Euskal Herrian|Ritos_funerarios_en_vasconia/eu}} | ||
− |
Revisión del 09:36 1 jul 2019
Contenido de esta página
Hileta-segizioaren osaketa
Ikuspegi zabal batetik begiratuta, hileta-segizioa ehorzketa batera doazen guztiek osatzen dute. Ikuspegi zorrotzago batetik begiratuta, segizioa osatzen dute gorpuaren aurretik doazen elementuek eta pertsonek, andariek garraiatutako hilkutxak, progua osatzen dutenek, ahaideek eta auzokideek eta, halakorik izanez gero, desfilean eta hiletak direla eta antolatutako zeremonietan parte hartzen duten gainerako pertsonek.
Inkesta egindako herri askotan egiaztatu da antzina hiletetan ez zela izaten gaur egun adina jende. Bertaratutakoen kopurua, hilaren ingurukoak kenduta, gaur egungoa baino urriagoa izaten zen. Gertuko ahaideak, auzokideak eta inor gutxi gehiago joaten zen. Leku batzuetan jaso da hilarekiko zuten harremanarengatik zuzenen eragindako emakumeak, hala nola alarguna eta alabak, ez zirela joaten ez ehorzketara ez hiletetara. Batzuetan ahaide ez ziren emakumeen presentzia ere ez zen gaur egun bezain ugaria. Gazteak eta haurrak beren adineko neska-mutilen edo haurren hiletetara baino ez ziren joaten, eta horietan eskuarki ez zen gizonik izaten.
Gaur egungo garaitik gertuago, konbentzio sozialen ondorioz eta hiletak gehienetan arratsaldean egiten direlako, haietara joaten direnek hilarekiko edo haren familiarekiko sentitzen duten estimuaren lekukotasuna emateko baliatzen den agerraldi jendetsuak dira hiletak. Jende kopurua hainbat faktorek baldintzatzen dute, hala nola hila gaztea izatea edo ez, herritarrek zioten estimua, familiako kideen kopurua, heriotza modu tragikoan gertatu den edo ez, hila pertsona entzutetsua zen edo ez, eta abar.
Segizioa, hastapenean, hilaren etxean osatzen zen eta handik elizara joaten zen, edo bestela lehenik hilerrira joaten zen eta ehorzketaren ondoren elizara. Beste batzuetan, gorpuaren altxatzean deskribatu den bezala, ahaide eta auzokide gertukoenek osatutako segizio txiki bat herriko puntu adostu batera joaten zen, hilaren auzoari zegokionera. Leku horretan segizioko beste kide batzuk eta eliz-kabildoa zeuden zain. Geldialdi hori arropa eta oinetakoak aldatzeko baliatzen zuen jendeak. Hortik aurrera, segizioak ibilaldia hasten zuen edo ibilaldiari ekiten zion berriro parrokiaraino. Batzuk bidean sartzen ziren segizioan, batez ere bidegurutzeetan egindako geldialdietan edo, azken unean, herri gunean eta eliz atarian.
Iraganean, segizioaren banaketa eta elementu bakoitzak haren barruan hartu behar zuen lekua oso zurrunak ziren; gaur egun, aldiz, segizioaren ibilia heterogeneoagoa da eta batzuetan anarkikoa ere izaten da. Herri askotan, auzokideek leku nabarmena izaten zuten segizioaren barruan. Batzuetan ahaideek baino maila gorenagoa bereganatuz segizioaren buru izaten ziren, beste batzuetan segizioarekin partekatu egiten zuten kategoria hori; eta, kasu batzuetan, odolkideak joaten ez ziren lekuetan, haiek ordezkatzen zituzten[1]. Segizioan hain garrantzi handia izatera iritsi ziren, non Gipuzkoako Aduna herrian esaten baitzen: Leenbizi auzua, gero, progun tokatzen zaiona (“Lehenbizi, auzokidea; gero, proguan egokitzen zaiona)[2].
Euskal Herri osoan[3] nahiko zabaldua egon zen hileta-segizioa bi multzotan banatzeko ohitura. Batetik, betebeharrez joaten zirenak, hilaren etxekoak edo hilaren etxearekin lotura berezia zutenak; bestetik, karitatez joaten zirenak, hilaren etxekoak izan gabe etxe horretakoekin beste maila sozial batzuetan lotutakoak, lokarria kristau karitatea izanik.
Antzina oso ohikoak izan ziren hiletetarako edo «post-mortem» laguntzetarako sortutako kofradiak eta elkarte erlijiosoak. Horrela izendatutako anaiak edo etxezainak beren estandarteekin eta labaruekin joaten ziren desfilera eta kofradiako gainerako kideak zuziekin edo kandelekin. Herri batzuetan hilkutxa ere eramaten zuten. Mutil gazteak eta emakume ezkongabeak kofradiek zituztenen antzeko zereginak zituzten kongregazio eta elkarte erlijiosoetan bilduta egon ziren, eta hilkutxari laguntzen zioten segizioak egiten zuen ibilbidean. Hila pertsonaia entzutetsua edo autoritate zibil zein elizakoa izan baldin bazen, azken bidaian musika bandak edo udalbatzak lagundu ziezaiokeen.
Ez da aipatzeko moduko desberdintasunik jaso hila gizona edo emakumea izatearen ondorioz. Berezitasun batzuk jaso dira, aldiz, haurren ehorzketetan. Ohitura zabaldua izan zen hileta-segizio bat pasatzean jendea gelditzea, on ne croise pas un mort, eta aitaren egitea edo errezatzea. Gizonek burua estalgabetzen zuten, gapelua kentzen zuten.
Auzokideek paper garrantzitsuagoa izan dute, eta izaten jarraitzen dute, landa inguruneetan ingurune urbanoetan baino, hala hiletako ekintzekin zerikusia duten alderdi guztietan nola hilaren familiari haren galerak sortu dion egoera arintzeko emandako laguntzan.
Janzkerari dagokionez, progua osatzen dutenei eskatzen zaien lutoa, hileta-ekintzetara joaten diren gehienei zabaldua askotan, oso zorrotza izan zen antzina. Denborak aurrera egin ahala, leuntzen joan da eskakizun hori eta gaur egun galdua dago dolua kanpoko itxurarekin identifikatzeko sentimendu hura, antzina hain zabaldua.
Herri batzuetan hilkutxa herriaren «limes» delakoan agurtzeko ohitura izan da, oraindik ere indarrean dagoena, gorputza bertan dela egindako zeremonia erlijiosoaren ondoren hilerrira daramatenean ehorztera. Leku jakin batean, kasu askotan herriaren jatorrizko mugarekin bat datorren lekuan, geldialdi bat egiten da hilari azken agurra egiteko, otoitz batzuk errezatu ondoren. Gorpua, pertsona gutxi batzuk atzetik dituela, hilerrira eramaten da eta gainerako bertaratuak herrira itzultzen dira.
Argi dago antzina argia, kandela, ezko eta zuzi forman, funtsezko elementua zela gorpua altxatzean, segizioan eta hileta-elizkizunetan. Hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetako urteetatik aurrera lore sorta eta koroen erabilera sartu eta zabaldu da. Horiek, salbuespen gisa, tradizioa izan dute herri batzuetan, baina hileta-segizioan lore naturalak eramatea nahiko kontu berria da. Lehen, batez ere familia aberatsen kasuan, lore artifizialekin egindako koroak alokatu ohi ziren.