XVIII. EHORZKETA

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Ehorzketara joatea

Hiletara joandako pertsonak hilerrira joan ohi dira ehorzketan presente egoteko edo, esan ohi den moduan, hildakoari «azken agurra emateko». Baina ez da beti horrela izan. Hainbat herritan, antzina, gutxik ikusten zuten ehorzketa, eta, gainera, ez zuten zertan hilaren ahaide zuzen izan. Hilerriko ehorzketara jende gutxi joateko ohitura horrek elizako ehorzketa herritarrentzat askoz garrantzitsuagoa zela islatzen duela pentsa daiteke.

Kontuan hartu behar da mende askoan eta aurreko mendera arte ehorzketak elizen barruan egiten zirela, eta, harrezkero, osasun arrazoiengatik, herrien kanpoaldean atondutako hilerrietan egin beharra ezarri zela. Hori gertatu zenean, hilobi sinbolikoak, tenpluko lehengo familia-hilobia ordezkatzen zuenak, lehentasuna izaten jarraitu zuen, eta hilerriko ehorzketa garrantzi txikiagotzat jotzen zen haren aldean; hain zuzen ere, herri askotan esparru hori azaro hasieran baino ez zen bisitatzen, eta, batzuetan, duela gutxira arte, ez zegoen hartara joateko ohiturarik egun horietan ere.

Beste herri batzuetan ohikoa zen hilerrira gizonak soilik joatea, eta emakumeak ez. Litekeena da kasu batzuetan hori gertatzea emakumeek elizako hilobi sinbolikoan zeregin garrantzitsua zeukatelako, eta, horrenbestez, hartan gelditu behar zutelako. Baina egiaztatuta dago hilarengandik gertuen zeuden emakumeak elizara ere ez joateko ohitura.

Arrazoizkoa dirudi pentsatzea hilerrira joateari dagozkion gizarte jokabideetako asko hilerriaren elizarekiko kokapenaren araberakoak izan direla, eta aldatu egin direla hilerriak herrien kanpoaldeetara urrundu ahala.

Antzina, herri batzuetan hileta segizioa zuzenean joaten zen hilaren etxetik hilerrira hilari lur emateko, eta, gero, edo biharamunean, hileta egiten zen parrokian. Alde horretatik, esan daiteke ehorzketak ondo bereizitako bi parte zituela, gaur egun ere batzuetan izaten dituen bezala. Ehorzketaren ekintza bera, batetik, eta hileta, bestetik. Zeremonia soil batean ematen zitzaion lur hilotzari, gertuko ahaideak eta auzoko eta adiskide batzuk aurrean zirela, heriotzaren ondotik legeak ezarritako orduak pasatu eta gero. Hileta hurrengo egunean edo egunetan egiten zen, eta ahaide, auzoko eta adiskide gehiago biltzen ziren.

Geroago, hilotza elizan sartzerik ez zegoenez, ohitura izan zen hilkutxa eliz atarian uztea barruan hileta egiten zen bitartean, eta hilotza gero ehorzten zen.

Hirurogeiko hamarkadatik aurrera, ehorzketa eta hileta elkartu egin ziren berriro, eta segizioa hilaren etxetik elizara joaten zen; han, gorpua bertan zela egiten zen hileta, eta, gero, segizioa elizatik hilerrira joaten zen, hilotzari lur emateko.

Gaur egun, familia osoa batzen duen gizarte ekintza bihurtu da ehorzketa; hala ere, batzuetan, ahaide zuzenak baino ez dira joaten hilerrira.

Errituak hilerrian

Sinbolo erlijiosoen berreskurapena

Inkesta egindako herri batzuetan ohikoa izan da hilkutxa apaintzen duten edergarri eta sinbolo erlijiosoak kentzea lur eman edo nitxoan sartu baino lehen. Batzuetan, hilkutxaren estalkia altxatu izan da, eta hila janzterakoan jarritako objektuak kendu zaizkio hilotzari, hala nola arrosarioa edo gurutzea.

Lur eskukada bat botatzea

Hilkutxa hobira jaitsi eta gero eta lur eman aurretik, erritual bat ospatzen da: lur eskukada bat jaso, musu eman eta hilkutxaren gainera jaurtitzea. Oso ohitura zabaldua da hala espazioan nola denboran, eta ez ditu aldaera asko erakusten. José Iñigo Irigoyenek horri buruz dioenez, «bada ohitura hau tumuluak hilotzak harriekin estaliz egiten ziren garaietatik datorrela dioenik. Harri horiek hilek beste hil batzuk eskatzen dituztela dioen sinesmenari erantzuten zioten [...] hiletara joaten zen pertsona bakoitzak harri bat uzten zuen eta hari sakrifizio-esanahia ematen zitzaion, biziaren espirituaren irudikapenarena, eta hark modu horretan hilari laguntzen zion»[1].

Ehorzketa. Lur ematea

Gaztelaniaz ehorzketa izendatzeko hitzik erabiliena da «dar tierra» hilotzari; euskaraz gisa berean erabiltzen da, lur eman edo lurperatu; Arberatze-Zilhekoan (BN), lurrez kukutu.

Herri batzuetan ehorzle lana egon da, eta dago; ehorzlearen zeregina, izenak dioen moduan, hobiak irekitzea eta hilotzen ehorzketaz arduratzea izan da. Beste herri batzuetan, lan hori hilaren auzokoek egin dute, batzuetan lehen auzokoek soilik, edo herriko mutil gazteek, edo hilkutxaren eramaileek, eta inoiz edo behin hilaren familiako kideek. Gaur egun, zeregin horretaz ehorzlea arduratu ohi da, eta, batzuetan, ehorztetxeko langileak.

Hilobiaren orientazioa

Ohitura zabaldua izan da, antzinatik, ehorzketak ez izatea ausaz eginak, orientazio batzuei jarraituz baizik. Ohitura horri, trikuharrietan agerikoa dagoeneko, duela gutxira arte eutsi zaio, baina herri gehienetan aldatu egin da hilerri berriak eraiki direnean, iragan mendearen bigarren erditik aurrera, eta, are gehiago, populazio handiko herrietan eta hirietan, horietan espazio arazoek baldintzatu baitituzte ehorzketak.

Hilotza ehortzi aurretik haren orientazioari dagozkion ardura batzuk hartzen dira aintzat, hilaren etxetik elizara eta elizatik hilerrira eramaterakoan, baita etxean dagoen bitartean, handik irteterakoan eta elizan sartzerakoan zein irteterakoan ere.

Hilotza hilobian ezartzean, haren burua gurutzearen ondoan geratzea zaintzen da. Nitxo batean sartzen denean, beste aukera bat sortzen da: oinak hondorantz eta burua estalkiaren ondoan dituela ezartzea edo alderantziz. Beasaingo (G) gaur egungo hilerrian, hilotza oinak barrurantz eta burua estalkiaren ondoan dituela sartzen da, eta Murchanten (N), alderantziz.


  1. José IÑIGO IRIGOYEN. Folklore alavés. Gasteiz: 38-39. or.