Aurkezpena
Obra honek bizitzako hiru atal garrantzitsu hartzen ditu: jaiotza eta haurtzaroa, gaztaroa eta ezkongabe egoeratik ezkondu egoerarako iragatea.
Hasierako atalean, jaiotzari eskainitakoan, haurren jatorriari zein erditzeari berari buruzko haurren sineskeriak deskribatzen dira. Honako egoera hauek kontatzen dira: edoskitzaroa, jaioberriak jasotzen duen arreta eta jaiotzarekin lotutako sineskeriak. Bataioaren errituala lantzen da, aita-ama pontekoen zeregina, bataioa dela-eta egiten diren oturuntzak eta amaren eginbeharrak erdiberriaroan. Ondoren, lehen haurtzaroa lantzen da, haurra helduen munduan sartzen den aroa. Nerabezaroan lehen jaunartzea egin eta sendotza jasotzen da; horiek haurtzaroa utzi eta gaztarora iragaten deneko unea mugatzen dute.
Bigarren atala gaztaroari eta mocería deritzenei eskainita dago; horiek oso sustraituta egon dira Araban eta Nafarroan. Dantzak, erromeriak eta herrietako jaiak deskribatzen dira, gazteek elkar ezagutzeko eta gorteiatzen hasteko gune moduan. Atal bana eskaintzen zaie mutilen derrigorrezko soldaduskari eta posizio sozial jakin bateko emakume gazteen jendaurreko aurkezpenari.
Ezkongai harremana eta ezkontza aurreko harremanak aztertzen dira; antzina, ezkontza zekarten horiek. Bai eta landa eremuetan jabetza zeukaten familiek ezkontza zela-eta sinatzen zituzten kapitulazioak ere. Bada, halaber, ezkongai zen emakumeari ematen zitzaion doteari buruzko atal espezifiko bat ere.
Beste atal batek ezkontza du ardatz. Haren prestaketak deskribatzen dira, deiune-aldiak eta ezkondu aurreko agurrak. Ekintzari lotutako guztiari erreparatzen zaio: ezkon-segizioa, zeremonia erlijiosoa eta ezkontza zibila, ezkontzako banketea, ezkondu ondorengo eskaintzak eta ezteiondoa. Atal hau arreoak eta haren garraioak, antzina gurdian egina, eta ezkonberrien etxerako sarrerak osatzen dute. Gai gehigarriak dira ezkongabetasuna, zelibatu erlijiosoa, alargunen eta zaharren ezkontzak eta elkartze libreak.
66 herritan egindako landa lana (Araba: 13; Bizkaia: 16; Gipuzkoa: 12; Nafarroa: 14; Euskal Herri kontinentala: 11). 1992an egindako ikerketa kanpaina. Liburukiaren argitalpena: 1998.