Laburpena
Ritos Funerarios en Vasconia (Heriotz Ohikuneak Euskal Herrian) Euskal Herriko Etniker Taldeek eginiko ikerlan etnografikoa da, On Joxemiel Barandiarangoak eratutako Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren zati dena. Liburu hau, Atlaseko X.a, gaurdaino argitaratuen artean hirugarrena da. Aurreragoko biak, La Alimentación Doméstica en Vasconia (Etxeko Elikadura Euskal Herrian) eta Juegos Infantiles en Vasconia (Haur Jokoak Euskal Herrian) 1990ean eta 1993an kaleratuak dira.
Ikerlana Euskal Herrian egin da, Europako mendebaldean, iparraldean Aturri ibaitik hasi hegoaldean Ebro ibairaino hedatzen den herrialdean. Espainiako Estatuko bi administrazio politikok (Euskal Autonomi Elkartea eta Nafarroako Foru Komunitatea) eta Frantziako Pyrénées Atlantiques Departamentuak osatzen dute hau. Guztira 20.531 km2 ditu eta 2.937.151 biztanle (1990. urteko datuak).
Tokian tokiko lana Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoako 85 herritan egin da. Herriok aukeratzeko erizpide, ikertu nahi izan den lurralde bakoitzeko banaketa berezia eta eskualde-moten ugaritasuna (baserria, hiria eta kostaldea) hartu izan dira kontuan. Erabilitako galdeketa etnografikoa Guía para una encuesta etnográfica (Inkesta etnografikorako gida, II. kap., «Etxeko taldearen ohiturak») izan da, On Joxemiel Barandiarangoarena, eta bertan heriotzaren ohikuneei eskaintzen zaizkien galderak batipat (II. 238tik II. 272ra arteko itaunak).
Obraren hariari jarraituz, heriotzarekin lotura duten ohikuneek beraiekin batera dakartzaten ekintzak deskribatzen dira. Hasteko hildakoaren etxean egiten direnak: hilzoria, Elizakoak, hilme-zukariak, hilaren beztitzea, gaubela. Gero hilkutxa elizaraino eramateari lotzen zaizkionak: andabideak, ahokuaren osakera eta dolu jantziak, aurrogia eta eskeintzak, hileta-meza.
Zenbait kapitulutan elizako jarlekuak deskribatzen dira, hildakoei eskeinitako argiak, ogiak eta diruak, eta lur-emateko moduen aldakuntza. Honekin batera segizioak encera berriro egiten duen bidea, bertan egin ohi ziran otorduak eta etxekoen dolu-aldia eta hildakoei eskeinitako egunak eta ospakizunak.
Sineskerien atalean heriotzaren zantzutzat jotzen diren gertakizunak bildu ditugu, arima nora doan azaltzen duten sinesmenak eta arima herratuei buruzko kontakizunak.
Bai lan honen aurreko ale biak, bai heriotz ohikunei eskeinitako hemengo ale honek eta ondoren etorriko direnek ere, Euskal Herriko gizartea aztertzea asmo duen Atlas etnografikoa osatuko dute. Ikerketa honek ohizko kultura, mende honetan zehar bildu izan den neurrian, eta beronen barruan azken aldion agertu izan diren aldaerak ere hartu izan ditu kontuan.