V. HORTZETAKO GAITZAK, HAGINEKO MINA

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 10:55 27 jun 2019 de FuzzyBot (discusión | contribuciones) (Actualizando para coincidir con nueva versión de la página fuente)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Txantxarraren eta hortzetako infekzioen aurkako sendagaiak

Antzina, ez zen ohikoa hortzak garbitzea. Allon (N) gogoratzen dute ahoa oso lantzean behin garbitzen zela, hagin batean mina izatean edo medikuak aholkatutakoan soilik ia. Askotan, urarekin eta ozpinarekin egiten zuten. Botikan erositako produktuak erabiltzera ere iritsi ziren.

Txantxarrak izan dira hortzeriako piezetako minaren kausa nagusiak, batez ere nerbioa harrapatzeko bezain aurreratuta zeudenean. Jasotako praktikek txantxarrek eragindako mina arintzea bilatzen zuten, ez baita izan, agerikoa denez, horiei aurre egiteko herri-sendagairik.

Aro bakoitzeko lasaigarri eta analgesikoez gain (batzuk hain luzaz izan dira erabiliak, non horien izen komertziala bereganatu baitu herriak, hala nola aspirina eta optalidona, adibidez), bestelako sendagaiak ere erabili izan dira, horietako batzuk oinarri enpirikoa izan dezaketenak, beste batzuk huts-hutsean magikoak. Ondoren, deskribatu egingo ditugu.

Irakuzketak eta kataplasmak

Ohikoa izan da txantxarrek eragindako mina arintzea alkohola erabilita (Eugi-N), eskuarki likore gisa: koñaka (Bernedo, Erriberagoiti-A; Abadiño, Bermeo, Durango, Gorozika, Nabarniz-B; Elosua-G; Agoitz, Goizueta-N); anisa (Goizueta, Tiebas-N) edo pattarra eta uxuala (Erriberagoiti; Tiebas).

Ametzaga Zuian (A) eta Bedaroan (B), tabakoa mastekatzea gomendatzen da.

Goizuetan (N), min hau arintzeko, plantiña (plantain edo zain-belar) infusio bat prestatu, eta eztiz gozatzen zen. Harekin ahoa irakuzi egiten zen, edo, bestela, harekin bustitako konpresak jartzen ziren; batzuetan, edan egiten zen. Plantago lanceolata deritzon plantain espeziea erabiltzen zen, hosto estukoa, gizonarentzat, eta Plantago major izenekoa, emakumearentzat.

Lurrindatzeak eta lurrunak

Apilaizen (A), molestia hauek huntz egosia inhalatuta arintzen ziren, haginetako mina eragiten zuten zizareak hil arte[1].

Zerainen (G) erromeroz eta intsusaz prestatutako egosketa bat erabiltzen dute. San Juan erramuaren zati bat egosi eta sortutako lurrinak hurrupatzea ere bai.

Beroa aplikatzea

Hondarribian (G), haginetako mina edo flemoia izatean, normala zen trapu edo goata bat jartzea, buruari zapi beltz batekin lotua. Elosun (G) eta Zangozan (N), haginetako minaren aurka zahia berotu eta masailean aplikatzen da.

Hotza aplikatzea

Ametzaga Zuian (A), mina arintzeko, aizkora hotz bat edo giltza bat masailean jartzea gomendatzen da, edo, ezin baldin bada, metalezko beste edozein objektu. Pipaónen (A), aizkora hotz bat jartzea min ematen duen haginaren parean dagoen aurpegiko zatian. Bidegoianen (G), burdinazko objekturen bat jartzea masailezurrean, eskuarki aizkoraren xafla.

Flemoien eta beste hantura batzuen aurkako sendagaiak

Apilaizen (A) esaten zen flemoia desagertu egiten zela sanjoanetan bedeinkatutako sabuco edo intsusa loreak erretzean sortutako kearen lurrunekin. Ardotan egositako piku bat aplikatuz ere sendatzen zen. Arabako Mendialdean, haginetako minak eta flemoiak sabuco edo intsusa loreen kearekin desagerrarazten ziren[2].

Baratxuriarekin egindako sendagaiak

Elgoibarren (G), haren aurka, baratxuri-atal bat jartzen zen mina zegoen aldeaz besteko eskuko arteria kubitalaren gainean, zapi batekin eutsita, lasaitu arte. Zerainen (G), hortzetako gaitzen aurka, baratxuri-ale bat jartzen zen pultsua zegoen eskumuturrean, zehazki mina zegoen aldeaz besteko eskumuturrean.

Beste praktika batzuk

Karrantzako (B) beste informatzaile baten arabera, haginetako mina zegoenean, asun azao bat erauzi eta harekin igurzten zituzten beheko gorputz-adarrak; horrela, “odola zangoetara jaisten zen eta mina desagertzen zen”

Sinesmenean oinarritutako praktikak

Obanosen (N), uste zen hiru oskoldun intxaurrek era honetako minak eragozten zituztela. Iribarrenek egiaztatu zuen beste sinesmen baten arabera, poltsikoan hiru ataleko intxaurra edo nuncabuscalo deitzen zioten piztiatxo bat eramanez gero (aurkitzen zaila zelako deitzen zioten horrela), berehala desagertzen zen haginetako mina[3].

Hortzen eta haginen erauzketa

Etxean egindako erauzketak

Antzina, hortzeriako piezak etxean erauzten ziren askotan. Baina ez pieza guztiak, kolokan zeudenak baizik, eta batez ere umeen esne-hortzak. Prozedurarik ohikoena zen erauzketa lokarri baten laguntzaz egitea. Batzuek beren hagina ateratzeko gauza ziren, baina gehienetan beste pertsona bat arduratzen zen horretaz, batez ere umeen kasuan.

Aurreko sendagaiak erakusten duen bezala, zabalkunde handia izan zuen honako prozedura honek: hortzari lotutako lokarriaren beste muturra euskarri finko bati lotzen zitzaion, halako moldez non mina zeukanak atzeraka tira egin behar zuen, pieza erauzteko, baina mugimendu hori modu espontaneoan egiterik ez zuenez, minaren beldur zelako, beste pertsona batek ilinti bat hurreratzen zion, tira egin zezan.

Adituek egindako erauzketak, hagin-ateratzaileak

Orain arte etxean egindako hortz- eta hagin-erauzketak aipatu ditugu, baina beste batzuetan zeregin horretan aditu zirenengana jotzen zen. Kasurik antzinakoenetan, lan hori ezagutzen zuten auzokideak ziren, zeregin horretarako erabilgarria zen tresnaren bat zutenak, tresna, berez, horretarako sortua izan ez arren. Antzina zeregin horretaz arduratu ziren beste pertsonaia batzuk bizarginak izan ziren. Hagin-ateratzaileak ere agertzen ziren herrietan. Modernoagoa da praktikante edo ministranteengana jotzea, herri txikietako medikuengana, eta, berrikiago, dentistengana. Gaur egun, normalena dentistarengana joatea da; horretarako, tamaina handi samarreko herri edo hirietara jo behar izaten da, dentistek horietan dituztelako kontsultak.

Asko dira nornahirentzat zabalik dauden kontsultak dituztenak, orokortu egin baita horietara jotzeko joera. Gaur egun, garrantzi handia ematen zaio hortzeria zaintzeari, eta ez da lehen bezain ohikoa erauzketara jotzea; hortzeriako pieza salbatzeko ahalegina egiten da aurretik. Kezka hori haurtzaroan hasten da, eta ez dio begiratzen hortz-haginen galerari soilik, baizik eta, baita ere, hortz-haginen hazkunde egokiari.


  1. William G. BLACK Medicina popular. Bartzelona: Alta Fulla, 1982, 43-45. or. Haginetako mina har batek eragiten duen sineskera zabal zebilen, eta autore honek jaso eta aztertu egiten du.
  2. Gerardo LÓPEZ DE GUEREÑU. «Folklore de la Montaña Alavesa» in Anuario de Eusko Folklore. XX. liburukia. Donostia: 1963-1964, 27 or.
  3. José Mª IRIBARREN. Retablo de curiosidades: zambullida en el alma popular. Zaragoza: Imp. Heraldo de Aragón, 1940, 73. or.