XXIII. EHORZKETARAKO LEKUAK ETA MODUAK
Contenido de esta página
Bere barruan Euskal Herria hartzen duen esparru kulturalean ehorzketa izan da gorpuzkiei atseden emateko eskuarki erabili den bitartekoa. Azken urteotan beste prozedura bat agertu da: errausketa; baina oraindik ere bakanak dira horretara jotzen duten familiak, eta, batzuetan errautsak zabaltzen badira ere, normalean ehortzi egiten dira[1].
Elizaren inguruan egindako ehorzketen ondorioz zimitorio (gaztelaniaz, cementerio) izena eman zitzaion haren atariari, eta izen horrek iraun egin du, auzokoek eliz atarian egiten zituzten bilerei erreferentzia egitean esaten baitzuten zimitorioan egiten zirela.
Mende askoan elizen barruan kokatutako hilobietan praktikatu zen ehorzketa, halako moldez non debekua dekretatu zenean hilerrietako ehorzketen aurka erresistentzia handia sortu zen herritarren aldetik. Azkenik, praktika hori nagusitu zenean, elizako hilobiak lehentasuna izaten jarraitu zuen, sinboliko bihurtuta, hilerriko hilobi errealaren gainetik eta erritualik gehienek lehenengoari lotuta jarraitu zuten. Duela nahiko gutxi hasi zen garrantzia hartzen hilerria errituei dagokienez, elizako hilobiak kentzen ziren neurrian. Tenpluen barruan ehorzteko debekuak hilerri berriak egin beharra ekarri zuen, edo lehendik elizen inguruetan zeudenak berrerabiltzea. Azken kasu horrek, zabalduena Euskal Herri kontinentalean, eragin du ohikoa izatea bisitarien presentzia esparru horretan, alderdi penintsularrean ez bezala.
Ehorzketa etxean. Etxekanderearen baratzea
Mende honen lehen laurdena arte, herri batzuetan iraun egin du bataiatu gabeko haur hilak etxeko teilatu-hegalaren azpian edo inguruko lur-zati batean ehorzteko ohiturak. Egiaztatu da, halaber, haur horien hilotzak etxearen esparruan ehortzi izana ere.
Bizkaian eta Gipuzkoan ehorzketa etxearen inguruan egiten zen, haren harresiaren eta itoginaren lerroaren artean[2].
Euskal Herri kontinentaleko landa-laneko inkesta batzuetan jasotako lekukotasunen arabera, mende honen erdialdera arte ohikoa izan da hilda jaiotako haurrak etxeko teilatu-hegalaren azpian ehorztea. Euskal Herri kontinentalean lur-zati horri andereen baratzea[3] deritzo.
Ehorzketa elizaren ondoan
Elizaren inguruko ehorzketa antzinatik dator, eta tenpluaren barruan egindakoa baino lehenagokoa da. Hilobia urratzeko arriskuaren aurka babes eraginkorra bermatzeko asmoak edo, are hobeto, hilobiaz harago santuen bitartekotzaren onurak jaso nahiak hilak martiri ospetsu baten hilobiaren ondoan ehorzteko praktika sortu zuen. IV. mendean praktika zabaldua zen jada, kategoriako hilei erreserbatuta bazegoen ere, ad sanctos hilobiratzea[4].
Goi Erdi Aroan (VII. eta VIII. mendeak), Iberiar penintsulan pertsona gutxik zeukaten elizaren barruan hilobiratuak izateko pribilegioa. Hori gertatzen zenean, izaten zen monarkiak berak edo etxe ospetsuek (patroiek) finantzatzen zutelako tenplua. Garai horretan, nekropoliak elizaren inguruan egoten ziren, haren harresien ondoan.
Pixkanaka, ohituren trantsizioa gertatu zen, azkenean kanpoaldeko ehorzketak elizen barrura eraman zituena. “Denborak aurrera egin ahala, eskubide bera eskatu zuten berentzat enperadoreek, eta laster fabore bera eman zieten apezpikuei eta apaizei eta are fidel soilei ere. Zenbait kontziliotako dokumentuek baieztatzen dute XII. mendera arte tenpluetako hilobia zuten bakarrak zirela apezpikuak, abadeak, dignis presbyteris, laicis fidelibus omnino pietate commendabilibus. Gregorio IX.aren aitasantutzaz geroztik (1227-1241) askatasun handiagoa eman zen legoen ehorzketak egiteko, bereizketarik gabe, elizetan”[5].
Ehorzketak barruan egiteko ohitura zabaldu zenean, herri askotan ez zitzaion erabat utzi aldameneko hilerria erabiltzeari, hartan pertsonarik apalenak ehorzten jarraitu baitzuten, elizaren barruan ehortziak izateko pribilegioa ordaintzerik ez zutenak.
Ehorzketa elizaren barruan
XII. mendetik aurrera elizaren barruan ehorzteko joera nagusitu zen, batez ere ordena erlijiosokoetan (klunitarrak eta zistertarrak) eta eskekoetan (frantziskotarrak eta abar). Jendeak borroka egiten zuen komentu- zein parrokia-elizen barruan ehortzia izateko.
Ohitura zabaldu eta gero, lekurik santuenean, elizan, ehortzia izateaz gain, haren barruan aldare nagusitik eta gurtzako gune pribilegiatuetatik ahalik eta gertuen ehortzia izatea bilatu zen. Ondo kokatutako hilobiak lortzeko norgehiagokak arazo eta auzi asko sortu zituen.
Hain egon zen errotuta ohitura hori, hil-hurrenek beren azken borondate eta testamentuetan ondo lotuta uzten zuten, idatziz, nola eta non ehortzi behar zituzten. Aldi berean, horrek eragin zuen elizen fabrikako solairua etxe kopuruari eta, horrenbestez, hilobiei doitzea. Biztanleriak gora egiten zuen lekuan dauzkate tenplurik handienak. Eliza berri bat eraikitzen zenean, zaharra eraitsi eta gero, hilobien berrantolaketa egin behar izaten zen. Hasieran antzinako elizaren planoa errespetatzen bazen ere, hilobien enkantean aberats berriek onenak lortzeko ahalegina egiten zuten, hau da, aldaretik gertuen zeudenak.
- ↑ Bilboko udal hilerriko errausketa-labean, Bizkaiko Derio udalerrian kokatua, 1991n egin zen lehen errausketa. Harrezkero, gero eta ugariagoak izan dira, eta 1994an haien kopurua ehorzketen erdiaren parekoa izatera iritsi zen. Badirudi saihestezina dela giza aglomerazio handiak sortzen diren eta ehorzketarako leku gutxi dagoen lekuetan, horren ondorioz ehorzketak garestitzen direlarik, errausketa zabaltzen joatea. Aurretik, gainditu beharra dago familiako kideek, batez ere errautsak ehorzten ez direnean, hilak bisitatzeko, haien alde otoitz egiteko eta haietaz gogoratzeko erreferentzia punturik gabe gelditzearen aurka agertzen duten erresistentzia. Hileta errituetan izandako eraldaketa ugarietako asko bezala, errausketarena hiriguneetan hasi da. Hilotzak errausteak bata bestetik urrun dauden lekuen arteko garraioa ere erraztu du.
- ↑ José Miguel de BARANDIARAN. Estelas funerarias del País Vasco. Donostia: 1970, 39. or.
- ↑ Michel DUVERT. “La Maison Basque, un espace sacré” in Etxea ou La Maison Basque. Donibane Lohizune: 1979, 20-21. or.
- ↑ Mario RIGHETTI. Historia de la Liturgia. l. liburukia. Madril: 1955, 972. or.
- ↑ Eugeniusz FRANKOWSKI. Estelas discoideas de la Península Ibérica. Madril: 1989, 223. or.