II. FAMILIAREN MAHAIKO OTOITZAK

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Bedeinkapenaren gaur arteko iraupena

Etxeko jatorduen aurretik otoitz bat esatea ohitura zabaldua izan da Baskoniako lurralde osoan, duela zenbait hamarkadara arte. Ohikoa izan da gosaria, askaria edo bakarkako mokadu bat hastean aitaren egitea ere.

Praktika horiek iraun egiten dute, baina familia batzuetan mahaiaren bedeinkapenaren erritua murriztu egin da, oro har, eta ez da egiten familia-gertakariak direla-eta egindako otordu eta oturuntzetan, baizik eta Gabon afarian, urteurrenetan eta antzekoetan.

Familian egindako otoitzak

Informatzaileek oraindik ere gogoan dituzten garaietan, elizetako kanpaien soinuek bereizten zituzten egunaren zatiak landa-eremuetako herrietan. Kanpai horien soinuak eguerdian, eguerdi arteko lanen amaierarekin batera, «Angelusaren» ordua iragartzen zuen. Etxe askotan kanpai-jotze horri kasu egiten zitzaion bazkariari ekiteko, «Angelusaren» otoitzaren ondoren.

Mahaia bedeinkatzeko erritua

Mahaiaren bedeinkapena mahaikide guztiak mahaiaren inguruan eserita daudenean egiten da. Horretarako, antzina, gizonek burua agerian uzten zuten, txapela kenduta, eta emakumeek ahaleginak egiten zituzten umeak, otoitzak zirauen bitartean, geldirik, isilik eta eskuak bilduta egon zitezen.

Tradizionalki, familiako pertsona nagusi batek zuzentzen zuen bedeinkapeneko otoitza.

Bedeinkapeneko otoitzak

«Pater Noster» bat esatea izan da mahaia bedeinkatzeko modurik ohikoena. Eskari hori hiru otoitzek osatzen dute: Aita Gure bat, Agur Maria bat eta Aintza bat. Zuzentzen duenak bakarka esaten du otoitz bakoitzaren lehen zatia, eta mahaikideek bigarren zatia esanez erantzuten diote.

Gainera, kasu askotan, bedeinkapen-formula propio bat ere esaten da.

Euskarazko bedeinkapen-formulak

Jasotako euskarazko formulen artean, ugariak dira ahoratuko diren jakien bedeinkapena eskatzen dutenak, eta kasu batzuetan baita mahaikideena ere.

Jauna, benedika gaizazu gu eta hartzera goazin janari eta edaria. (Sara-Ip)

Beste bedeinkapen-formula batzuetan, janaria Jainkoaren eskuzabaltasunari esker jasotako dohaina dela aitortzen da:

Jauna, onetsi gagizuz eta onetsi zure esku zabaletik hartuko doguzan janari eta edariok. (Durango-B).

Gaztelaniazko bedeinkapen-formulak

Oso ohikoak dira besterik gabe elikagaien bedeinkapena egiten duten formulak.

Bendice Señor estos alimentos que vamos a tomar. («Bedeinkatu, Jauna, ahoratu behar ditugun janari hauek»). (Portugalete-B; Artziniega, Ganboa­ A; Mélida, Elo-N).

Beste bedeinkapen batzuetan, elikagaiak «Jainkoak emandako dohainak» direla esaten da.

Bendice Señor estos alimentos que, por tu amor y gloria, vamos a tomar. («Bedeinkatu, Jauna, zure maitasunari eta aintzari esker ahoratu behar ditugun janari hauek»). (Durruma Donemiliaga-A).

Familiako kide hilen oroitzapena

Etxeko kide hilen aldeko otoitza zen familiako mahaiaren inguruan esaten ziren otoitzetako bat. Praktika horrek zabalkunde handia izan zuen eta oso ohikoa izan zen, duela hamarkada batzuk arte, eskualde guztietan, batez ere Baskonia penintsularrean.

Mahaia bedeinkatu ondoren, «Pater Noster» bat edo batzuk esaten ziren, era honetako eskariekin: «Por los difuntos de la familia»; «Etxe honetatik urten dabenen alde».

Otorduen ondorengo otoitzak

Zabalkunde gutxiago izan du familiako otordua amaitu ondoren otoitz bat esateko ohiturak.

Puntu honetako salbuespena hiletako eta ehorzketako bazkaria zen, entierro bazkari, enterramentuko bazkari, hilarioko bazkari; esangura erritual handia zuen, eta zenduaren aldeko hil-otoitz batekin amaitzen zen beti. Otoitz hau mahaikide guztiak zutik jarrita esaten zen.

Inkestek otorduen ondoren esaten diren zenbait otoitz-formula jaso dituzte. Guztiak eskerrak ematekoak dira, eta jatorria Araban edo Nafarroan dute.

Kortesia-formulak

Bedeinkapena bukatu eta jaten hasi aurretik, mahaiko buruak edo otoitza esan duenak janak on egin diezaiela opa die mahaikideei.

Horretarako, esamolde hauek erabili ohi dira, eskuarki: On egin!, ¡Buen provecho!; On egin dizuela!, ¡Que aproveche!

Bedeinkapen barregarriak

Mutil gazteen bazkari, askari edo afarietan, bedeinkapenen parodia egiten duten formula barregarriak erabili izan dira. «La bendición del gitano» deitzen zaie, hau da, «Ijitoaren bedeinkapena».

Moredan (A), gazteek esaten zuten:

Esta es la bendición del gitano:
que no vengan más
que bastantes estamos.
(«Hau ijitoaren bedeinkapena da: ez daitezela gehiago etorri, nahikoa gaude eta»).