XII. TABAKOA
Orrialde honetako edukia
Tabakoa erretzeko ohitura hartzea
Tradizionalki, mutil gazte bati ez zaio tabakoa erretzen utzi etxean eta aitaren aurrean, soldaduskatik itzuli den arte. Egoera zabalduena hori izan baldin bada ere, batzuetan baimena hamazortzi urtetik aurrera jasotzen zen.
Arabako herri batzuetan (Bernedo, Durruma Donemiliaga, Apodaka, Apilaiz) onartzen zen mutil gazte batek erretzea kuadrilla bateko kide egitean edo mozo egitean, hau da, 18 urte inguru zituenean eta igandeetan herritik irteten hasten zenean kanpoko dantzaldi eta jaietara joateko eta herriko zaindariaren jaien eta Sana Agedaren ospakizunetan laguntzen hasten zenean. Kuadrilla batean sartzen zenean, gainerako gazteek pinta-erdi batzuk ardo eskatzen zizkioten eta egun horretan mutilak zigarro puru bat erre ohi zuen.
Gazte bat ez da hasten aitaren aurrean erretzen aitak baimena ematen dion arte, eta baimena eman ohi dio zigarro bat eskainita.
Erretzen hasten da adin nagusikoa izateko itxura emateko eta nagusiak imitatu nahian edo haien antzekoa izan nahian. Gaur egun, jaitsi egin da gazte bati erretzeko baimena ematen zaion adina, eta, oro har, 15 urtetik aurrera hasten da erretzen.
Hala ere, aurrez ere esan den bezala, beti hasi izan da aitaren baimena jaso aurretik erretzen, ezkutuan. Lehen, ohikoa zen tabakoaren ordezkoak erretzea, eta berrikiago zigarro solteak erosten dira dendaren batean, taldeko kideekin partekatzeko, azken muturreraino aprobetxatuta. Batek zigarro bat erretzen duenean berak bakarrik, lagunek harengana jo eta pibi deritzona edo zigarrokina eskatzen diote eta zenbait zupada ematen diote.
Nagusiek beti pentsatu izan dute beren betebeharra dela errieta egitea tabakoa erretzen harrapatzen duten haurrari; gaur egun, guraso edo gertuko ahaide ez den inork ez die dagoeneko kargu hartzen.
Gurasoak jakinaren gainean izan dira beren semeek ezkutuan erretzen dutela, baina, hala ere, erretzeko baimena arestian esandako adinetara iritsi arte atzeratu izan dute.
Neska gazteek eta andreek ez dute erre izan eta gaitzetsi izan da haiek erretzea. Neurri batean, tabakoa erretzea maskulinitate zeinutzat hartu izan da. Hala ere, batzuetan, neskek erretzeko ohitura hartzen dute, beren jolaskideek bezala, tabakoaren ordezkoekin, eta gero utzi egiten dute.
Berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, ohitura hori zabaldu egin da pixkanaka emakumeen artean, eta gora egin du emakume erretzaileen ehunekoak. Oro har, neska gazteak tabako gorria erretzen hasten dira eta gero beltza erretzen dute, merkeagoa delako. Ez da ohikoa emakumeek puruak edo pipa erretzea. Gaur egun, neska gazteak mutil gazteen adin berean hasten dira ezkutuan erretzen.
Tabakoaren ordezkoak
Tabakoa ohiko produktua bihurtu zen arte, eta are gehiago garesti zegoen garaian, hainbat espezie begetalen hostoak eta zurtoinak erre ziren. Dagoeneko lehor zeudela biltzen ez baldin baziren, erre aurretik lehortu behar izaten ziren eta gero, kasu batzuetan, eskuz xehatu.
Tabakoaren ordezko gisa erabili izan diren landareen artean landare igokari bat nabarmentzen da, zurtoin lehorra duena, oso porotsua eta, horregatik, zigarro gisa aise erabiltzeko modukoa, eragozpen bakarra duena: sortzen duen keak erremina eragiten duela. Landare horren zurtoinak erretzea gehiago izan da haurren jolas garaiko jarduera nagusiena baino.
Patataren hostoa ere erre izan da, patatorria, aurretik lehortzen utzi eta gero eskuekin igurtzita ondo desegin arte. Hura erretzeko, tabako pixka batekin nahasten zen.
Horrez gain, artoaren estigmak edo bizarrak ere erabili ziren, artobizarrak, umotuta zeudenean edo, bestela, ganbaran zintzilik lehortzen utzita. Erabili aurretik xehatu egiten ziren.
Tabakoaren ordezko horiek artaburuaren braktea lehorrekin edo artazorroekin biltzea oso zabalduta egon da erretzeko papera urria izan denean. Zehazki, arto-aleetatik gertuko braktearik finenak erabili izan dira.
Tabakoaren laborantza eta etxeko prestaketa
Iraganean, eta haren eskasiari aurre egiteko, eskualde batzuetan tabakoa erein zen etxeko baratzean, batzuetan beste batzuetan baino arrakasta handiagoz. Oro har, ereintza hori esperimentala izan zen eta ondorengo eraldaketa nola egin behar zen jakin gabe egin zen, eta eman zuen produktuaren kalitate faltaren ondorioz laborantza hori alde batera utzi zen denborak aurrera egin ahala. Gorakadak bat egin zuen eskasia handieneko garaiekin, gerraostearekin eta gerra zibilaren ondorengo errazionamenduarekin. Dena den, gerraren aurretik ere esperimentatu zen gune batzuetan, merkatuan eskasia izandako garaietan.