III. SASIMEDIKUNTZA

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 10:55 27 jun 2019 de FuzzyBot (discusión | contribuciones) (Actualizando para coincidir con nueva versión de la página fuente)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Kapitulu honek beren artean lotura duten bi alderdi lantzen ditu: batetik, nori kontsultatzen zaion eta norengana jotzen den gaixotasuna dagoenean; eta, bestetik, eskuarki etxean gordetzen diren sendagai edo botikak. Lehen alderdiari dagokionez, inkesta egindako herrietan jasotakoaren arabera, kasu batzuetan lehenik medikuarengana jotzen zen eta beste batzuetan sasimedikuarengana; sasimedikuak ospe handia zuen hezurretako arazoen konponketari dagokionez. Sendatze-praktikak egin dituzten beste pertsona batzuen kasuak ere aipatzen dira. Etxean gordetako sendagaiak izan daitezke etxeko baratzean landatutako edo landan jasotako landareak zein farmazian erositako produktuak.

Sasimedikuntza

Sasimedikuak

Barriolak bereizi egiten ditu, batetik, ohiko sasimedikuak, oso bertakoak, agertzen diren gaitz guztiak tratatzen dituztenak, formula magikoz eta sorginkeria osagarriz zein halakorik gabe edabeak eta enplastuak erabiltzen dituztenak; eta, bestetik, bestelakorik ere tratatu arren, batik bat hezur hautsiak, uzkurdurak edo dislokazioak eta askotariko zauriak sendatzen dituztenak[1]. Bereizketa horri eusten diogu geure lanean ere.

Egile berak dio bi sexuetako sasimedikuen sorta zabalaren barruan jendeak izen partikular batekin bereizten dituela, nagusiki lantzen duten espezialitatea aintzat hartuta. Horrela, badira enplasteroak; errezoekin sendatzen badute, errezo-egileak dira; zinatzaileak, zinatu edo araoak egiten badituzte; eta petrikiloak, zentzu generikoan, hezurrak tratatzen badituzte[2].

Barriolak ohartarazten du sasimedikuntzak oso erro sakonak dituela, eta zientziaren bidez beren gaitzei irtenbiderik aurkitu ez dietenek azken aukera gisa jotzen dutela sasimedikuengana. Horren froga da landareek, medikuntza naturistak eta sugestioan oinarritutako metodoek duten ospea; sasimedikuntza zaharraren oinarria eta modernoaren taxu berria dira horiek. Tankera gutxi-asko zientifikoz, sasimedikuntzako praktikek eta horiekiko fedeak iraun egingo dute[3].

Sendatze-praktikak egiten dituzten pertsonak

Herri askotan, batez ere populazio kontzentratua dutenetan, jaso da antzina medikua izan zutela herrian, eta harengana jotzen zutela lehenik familiako norbaitek sukar handia zuenean edo zeukan gaitzaren sintomek beldurtzen zituztenean.

Abadiñon (B), zaurien kasuan praktikantearengana jotzen zen, eta medikuarengana gaixotasunen kasuan, azken erremedio moduan. Herriko erdigunetik urrun zeuden baserrietara iristeko, medikuek zaldia erabili zuten lehenik garraiobide moduan, eta gero, hurrenez hurren, bizikleta, motorra eta autoa. Antzina, ohikoa izaten zen medikuak etxean bisitatzea gaixoa; gaur egun, gaixoa ezinduta edo ohean egotera behartuta egon ezean, pazientea doa medikuaren kontsultara.

Etxean gordetzen diren botikak

Botikak etxean gordetzen ziren eskuarki “etxeko botikina” deitutakoan, eta botika horiek erakusten dute zein ziren premia nagusiak eguneroko bizitzan. Jasotako datuek jarraian erakutsiko dutenez, eskura izaten ziren etxeko lanek, nekazaritzakoek eta abeltzaintzakoek eragindako zauri txikietarako sendagaiak, baita kolpeetarakoak ere; bendak; erreduretarako eta larruazalaren pitzaduretarako ukendu bat; landare batzuen hostoak inhalazioak egiteko; sabeleko minen eta idorrerien aurkako infusioak prestatzeko belarrak; eta ezer gutxi gehiago. Horrez gain, etxeko baratzeko sail txiki batean, zeregin terapeutikoetarako landare batzuk hazten ziren; baita baratzeko beste produktu batzuk ere, eskuarki jateko izan arren batzuetan sendagai gisa ere erabiltzen zirenak. Azkenik, beste landare eta belar batzuk landan edo mendian jasotzen ziren, zegokien aroan, eta gero lehortu eta ganbaran gordetzen ziren, beharren arabera erabiltzeko.

Hazitako landare sendagarriak

Etxeko baratzean hazi diren edo hazten diren landare sendagarri batzuk erakusten dira, edo, elikadura-premiak asetzeko hazitakoak izan arren, gaitzak sendatzeko ere erabiliak.

Agurainen (A), garagarra, artoa, asentsio-belarra, bortusaia, erromeroa eta perrexila landatzen ziren. Ametzaga Zuian (A) belarriko eta hortzetako minaren aurkako perrexila, eta hemorragiak eteteko perrexila zein geranioak, eta zaurietarako tipula. Apodakan (A), borraja, erromeroa, menda-belarra eta arrosa-landareak.

Landan edo mendian jasotako belar sendagarriak

Atal honetan, Moredako (A) informazioa hartu dugu adibidetzat. Herri horretan, landan, udalerri osoaren jurisdikzioan, bereziki ibai ertzetan eta mendi hegaletan, beren kasa hazten diren honako landare hauek jasotzen dira: baratxuria, kardulatza, tipula, azeri-buztana, otsatza, izpilikua, eukaliptoa, olibondoen eta intxaurrondoen hostoak, katu-mihiak, malba zuria, malbak, kamamila, menda-belarra, patata, kanabera-sustraiak eta ihiak, erromeroa, zahia, salbia, tea, tila, ezkaia, asunak, bioletak eta yieboak. Etxean egindako ukendu, jarabe eta edabeak egiteko, honako hauek erabiltzen ziren: herriko olioa, ura, amoniakoa, muztio egosia, sufrea txerri-gantzarekin, bikarbonatoa, kafea, kala edo irrigazioa, artilea, esnea, lixiba, suge-gantza, mostaza, Sor Virginia enplastuak, magnesio sulfatoa (sal de higuera), gatzuna, deabruaren ukendua, ardoa, telazko bendak, bentosak eta iodoa.


  1. Ignacio Mª BARRIOLA. El curandero Petrequillo. Salamanca: 1983, 13. or.
  2. Ignacio Mª BARRIOLA. La medicina popular en el País Vasco. Donostia: 1952, 127. or. Lan honek kapitulu bat eskaintzen die Gipuzkoako sasimediku famatu batzuei, besteak beste, Arnobate, Masa-Martin, Petriquillo, Sakabi eta Trukumani. Vide. 135-151. or.
  3. Ignacio Mª BARRIOLA. El curandero Petrequillo. Salamanca: 1983, 41. or.