Aurkezpena
Obra honek, hasieran, aztertzen ditu arrazak, behiei eta ardiei erreparatuz batez ere, eta animalien hazkuntza tradizionala, isurialde atlantikoaren eta mediterraneoaren arteko bereizketa eginez. Ondoren, animaliek espeziearen, adinaren eta sexuaren arabera dituzten izenak aztertzen dira.
Beste atal bat elikadurari eta ukuiluei buruzkoa da. Horrez gain, animaliak landan daudenean erabiltzen diren askotariko prozedurak deskribatzen dira. Ugaltzearen zikloa aztertzen da: araldia eta estaltzea, ume izateko aldia eta erditzea, gorteiatzea eta intseminazio artifiziala.
Obraren gune nagusiak lurralde guztietako mendietako aziendaren ikerketa du ardatz. Jabetza markei erreparatzen zaie. Sakon ikertzen da saldoarekin mendira igotzea, eta, horri lotuta, animalien segizioa, udako zein neguko bazkalekuak eta artzainaren urteroko zikloa deskribatzen dira. Bazkaleku komunalak ere aztertzen dira: komunalak Bizkaian, Arabako ermandadeak eta bazka-erkidegoak, Gipuzkoako eta Arabako partzuergoak, Nafarroako bateratzeak eta komunalak, Pirinioetako berezitasunak, corraliza nafarrak, elkarrekiko larreak, Pirinioen iparraldeko Euskal Herriko lurralde-sindikatuak eta kaiolarra. Euskal Herriko antzinako saroiak ere aztertzen dira. Mendietako eta mendilerroetako artzain-establezimenduak deskribatzen dira.
Transhumantziari eta trasnterminantziari buruzko kontuak xehatzen dira. Neguko bazkalekuetarako ibiltaritza eta, alderantzira, udako bazkalekuetarakoa, udan. Artzain motak ere aztertzen dira, kontuan izanik saldoaren jabe diren ala ez, saldo handien soldatapeko artzainak edo kontzeju-artzainak, eta haien bizitza eta lan baldintzak. Artzainari azienda zaintzen laguntzen dioten txakur motak, janzkera, hornidura eta garatu duten eskulangintza, eta saldoen harrapakari diren animalien ehiza.
Jeztea aztertzen da, gaztaren zein esnetik eratorritako beste produktu batzuen langintza, eta horien merkatua; ile-moztea eta artilearen salmenta: etxeko animalien hilketa; ganadu ferien garrantzia eta aziendaren salerosketa. Erleak eta erlezaintzarekin lotutako guztia, sineskerien eta ohituren mundua, eta artzainek azienda zaindu bitartean praktikatu izan dituzten jolasak.
61 herritan egindako landa lana (Araba: 13; Bizkaia: 12; Gipuzkoa: 11; Nafarroa: 16; Euskal Herri kontinentala: 9). Lurralde osoko 26 mendilerro eta menditan egindakoaz gain. 1989an egindako ikerketa kanpaina. Liburukiaren argitalpena: 1993, berrargitalpena: 2005.