XIII. ELIKAGAIAK ETA JATORDU ERRITUALAK

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Saltar a: navegación, buscar
Esta página es una versión traducida de la página ALIMENTOS Y COMIDAS RITUALES. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Jaiei eta egutegiko garaiei lotutako jatorduak

Jaiotza eguna, Gabon zahar eguna, Urteberri eguna eta Errege eguna

Gabonetako jaien zikloaren barrukoak dira egun hauek guztiak: Jaiotza eguna, Gabon zahar eguna, Urteberri eguna eta Errege eguna; eta horietan guztietan aparteko bazkariak egiten dira, baina esanahi berezirik gabekoak beren osaketari dagokionez.

Landa eremu eta artzaintza gune askotan, gizendutako ardi bat sakrifikatzen zen beren-beregi okasio horretarako eta harekin prestatzen ziren otordu guztiak.

Ohiko praktika izan da, landa eremu askotan, hiltzen zen txerriaren okelaren zati bat garai horretan kontsumitzea: azpizuna eta abar. Beste leku batzuetan txahal bat sakrifikatzen zuten bi baserriren artean erdi bana.

Kapoiak, indioilarrak, oilarrak, oiloak eta, kantitate txikiagoan, untxiak hiltzen ziren egun horietan, Gabonetako banketeen oinarria izateko. Gaur egun, eskuarki egun horietan, arkumearen edo antxumearen okela kontsumitzen da, merkataritzatik eskuratua, ez etxeko hilketetatik. Fruten konpota edo manzanete deritzona izan zen, eta hala izaten jarraitzen du, berezko azken burukoa Gabonetako jai guztietarako.

Hirurogeiko hamarkadako urteetatik aurrera Gabonetako zikloko otordu horien osaketa, Gabon gaueko afariarena berarena bezala, asko aldatu da eta ez zaie jarraitzen ohiturak edo etxeko jakitokiak aurrez ezarritako arauei.

Inauteri garaiko otorduak

Elikaduraren ikuspegitik begiratuta, Inauteriko garai osoaren ezaugarri izan dira:

- Etxeko otorduen azken buruko moduan janari ahogozagarri batzuk sartzeko ohitura, hala nola txigorkiak, torradak, krepeak edo kauserak.

- Elikagaien bilketa eta ondorengo jai giroko otordu kolektiboak, gazteek eta umeek etxeko zirkulutik kanpo egindakoak bereziki.

- Egun seinalatuetan txerri hilketatik eratorritako okelak eta gantzak kontsumitzea: hankak, muturrak, belarriak, txorizoa, urdaia.

Piztuera. pazko eguna

Pazko garizumakoan familiako otordu bat egiten da janari bereizgarritzat arkumea duena edo, bestela, antxumea. Landa eremu askotan arkumea sakrifikatzen da jai horretarako.

Arkumea erreta eta letxugaz lagunduta jaten da eskuarki, baina, inkesta batzuek dioten moduan, baliabide urriko familia ugarien kasuan arkumea edo antxumea gisatuta jaten dute. Azken urteetan ardo apardunarekin lagunduta jateko ohitura zabaldu da, duela gutxi arte xanpaina eta azkenaldian, gaztelaniaz, vino de cava deitu izan denarekin. Azkeneko hitz hori gutxi erabiltzen da oraindik ere. Jai handietan bezala, Jaiotza eta Urteberri egunetan txokolatea gosaltzea da ohitura. Pazko eguneko azken burukorik ohikoena, bereziki Gipuzkoako herri askotan, mamia da, gatzatua.

Etxeko banketeak eta otordu kolektiboak zaindariaren jaietan

Auzoetan, herrietan edo hirietan urtero elizako tituludun den santuaren egunean egiten diren zaindarien jaiak gertaera benetan garrantzitsuak dira elikaduraren ikuspegitik begiratuta.

Ospakizun horiek zirela eta, etxe bakoitzak mantenuko otordu arruntaren maila, eta are igandeko otordu batena ere, gainditzen duen bankete bat prestatzen du. Hori izaten da etxeko oturuntz eskuzabalena eta aparteko janari ahogozagarriak kontsumitzen dira.

Otordu horien oinarri nagusia okela erreak eta gisatuak izan dira tradizionalki. Horretarako, egun horretan etxean hazitako antxume bat edo udaberrian artzainei erosi eta okasiorako gizendutako arkumea hiltzen zen. Modu berean jokatzen zen familiari zegozkion beste gertaera garrantzitsu batzuen kasuan ere, ezkontzetan eta abarretan. Zenbait auzokideren artean txahal bat sakrifikatzeko ohitura ere izan da.

Oturuntzak ermitetan eta santutegietan

Baskoniako lurraldearen zati handi batean, batez ere biztanleria sakabanatua duten eskualdeetan, ermitak auzokide multzo baten erdigunea dira. Santu tituludunaren jai egunean gurtzak egiten dira ermitaren barruan eta jai giroko hainbat ekitaldi haren inguruan, hala nola oturuntzak, otorduak eta erromeriak.

Gaur egun oraindik ere irauten dute ermita jakin batzuei lotutako ohiturazko erakunde batzuk, Kofradia deritzenak. Horietako asko desegin egin ziren. Kasu batzuetan, Kofradiek ondasun komunalak administratu dituzte, beraienak edo atxikita zeuden ermitarenak, eta haiek izan dute eraikin erlijioso horien arretaren eta zaintzaren ardura. Beste kasu batzuetan, helburu erlijioso soilez eratu ziren.

Kofradiaren jaian, meza bat egiten zen urtero ermitan hildako kofradiakideen omenez eta ondasunzainak kontuen berri ematen zuen, eta ondoren menu arautua zuen banketea egiten zen. Gaur egun kofradia batzuek jaia meza batez eta otordu batez ohoratzen jarraitzen dute. Garai batean bankete horietara gizonak baino ez ziren joaten.

Elizako agintariek maiz esku hartu zuten denboran zehar Kofradia horien ohituretan, jaietan izaten ziren gehiegikerien ondorioz. Kasu askotan kendu egin zituzten.

Lan kolektiboak amaitu ondorengo otorduak

Modu komunalean edo etxe bat baino gehiagoren parte-hartzearekin egindako lanak, batez ere landa eremuan, lanean parte hartu zuten guztientzako oturuntza batekin burutzen ziren.

Hala gertatzen zen, adibidez, laboreen segatzearen eta eultziaren, belarraren eta iratzeen bilketaren, auzoko bideen konponketaren, karearen fabrikazioaren, eraikin baten eraikuntzaren eta are etxeko txerri-hilketaren ondoren ere.

Beti lan baten amaierari lotuta zeuden otordu horiek oso ezaugarri erritualak izan dituzte.