XXV. HILETA ERRITUAK IPAR EUSKAL HERRIAN

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

1950eko hamarkadaz geroztik hileta erritu tradizionalak aldaketa sakonak izan ditu Ipar Euskal Herrian, eta aldaketa horiek gero eta bizkorrago gertatzen dira. Horietako batzuk, dagoeneko atzera-bueltarik gabekoak, belaunaldi berriak oso arrotz zaizkion gizarte ordena baten eta mundua ikusteko modu baten lekukotasuna dira oroz gain. Hala ere, portaera batzuen alderdi garrantzitsu batek iraun egiten du, baina modalitate horiek “erreferentzia puntu” hutsak dira batzuetan, memoriak berraktibatzen dituen “trama antolatzaileak”. Noiz arte?

Kleroaren eragina ez da jada lehen izandakoa, eta “Elizaren politikak” ez ditu belaunaldi berriak arduratzen. Argi eta garbi, erritualak bilakaera bat izan du, baita hilaren aurreko jarrerak ere; laikoak egoera berriei aurre egin beharrean daude gero eta gehiagotan (klero murritza, bizitza estiloaren eta pentsamoldearen deskristautze nabarmena, heriotzaren merkatua, familia desegituratuak, eta abar). Badoan antzinako mundu horrek, lagunduko du iragartzen dena eraikitzen?

Kostaldean, barnealdearekiko erabateko haustura hautematen da. Han, heriotza etxeko testuingurutik eta auzokideen gizarteak osatzen duen markotik aparte tratatzen da. Kristauei dagokienez, beste inon baino gehiago, ezaxolatasunaren erdian egin behar dute bere fedea, kasurik onenean.

Ez dago, berez, “heriotzari buruzko kondairarik” lurralde honetan; asko jota, arima erratiak deritzenei buruzko istorio estereotipatu batzuk, baita inolako arrazionaltasunik gabeko topiko eta praktikak ere. Ez da ohikoa Herioa entitate moduan hautematea eta informatzaile batek deskribatzea. Hileta erritual sustraitu eta egituratu batek halabeharrezko unea eta etxetik bizileku betierekorako iragatea onartzea eragiten du.