XII. ARNASKETAKO GAITZAK
Contenido de esta página
Kapitulu honetan mota guztietako arnasketako gaitzak lantzen dira, petxukoak (Astigarraga-G), batzuetan zedarritzen zailak, hala nola hotzeria, marranta, katarroa eta gripea; beste batzuetan, organismoko atal bateko gaitz batekin hasten da eta gero beste bati eragiten dio, marranta bihurtzen den katarroaren kasuan bezala, lehenik sudurrari eraginez eta gero eztarrira edo bularrera zabalduz. Gauza bera gertatzen da sendabideekin ere, batzuk gaitz batentzat espezifikoak badira ere, beste batzuk berdin aplikatzen dira gaitz batzuen zein besteen kasuan.
Inkestako datuetatik ondorioztatzen da jendeak marranta deitzen diola batez ere sudurrari eragiten dion, doministikuak eta muki ugari eragiten dituen eta batzuetan buruko eta belarrietako molestiekin konplikatzen den hotzeriari. Herri batzuetan “marranta” eta “katarro” sinonimoak dira, eta berdin erabiltzen da bata zein bestea. Katarroa, oro har, eztarrian zentratzen den gaitza da eta eztula du adierazpen tipikoena, baina konplikatu egin daiteke eta gorputzeko beste atal batzuei eragin.
Oro har, esan daiteke hotzeriak egurats aldaketei egozten zaizkiela, hotzari eta bustitzeari, eta jakina da kutsakorrak direla (Karrantza-B, Apodaka-A); esaten zen hotzeririk ez izateko oinetakoak jantzita ibili behar zela eta oinetakoak aldatu bustitakoan (Liginaga-Z). Urteko aro batzuetan, neguan adibidez, errazagoa da katarroak harrapatzea, udan idorreriak izatea errazagoa den bezala, eta horregatik leku batzuetan “denboraldiko gaitzak” deritze.
Katarroaren adierazpen izaten dira, ondoez orokor batekin batera, doministiku sarriak eta sudurraren kongestioa edo cargazón delakoa, eta batzuetan buruarena, begiena eta belarriena. Handitu ahala, arnasbideetan behera egin ohi du “bularrera jaitsi” arte. Katarroaren ondorio tipikoenetako bat moquitera edo sudurreko jario ugaria da (Karrantza).
Inkesta egindako herrietan katarro motak aipatzen dira: burukoa, sudurrekoa, mukieria, marranta, eztarriko katarroa, bularrekoa eta bronkitisa. Gripeari, sinusitisari eta asmari ere egiten zaie erreferentzia.
Esan izan da hotzeria berez sendatzen dela hamabost egunetan, eta sendabideak aplikatuz gero bi astetan, ez delako haren aurkako tratamendu efikazik ezagutzen.
Iribarrenek jaso zuen berrogeiko hamarkadako urteetan jendearentzat gaitz guztiek hiru eragile zituztela jatorrian: hoztea, ahulezia eta indigestioa; eta gaitz hilgarritzat zeukatela pasmo pasáu zeritzena, hau da, berriro hoztu eta gaixotzea.
Eztarriko gaitzak, eztarriko mina
Ohikoa izan da eztarriko gaitza eta eztula izanez gero gorputzari beroa ematea izerditzeko, ohean sartzea, edari beroak hartzea eta etxeko sendabideak aplikatzea, hotzeria izandakoan bezala. Eztarriko katarroaz gain, inkestek beste gaitz batzuk deskribatu dituzte atal honetan, hala nola anginak eta afonia, are gripea ere, askotan horretara jotzen baitu gaitz horrek.
Bularreko katarroa, bular-estua
Goiko arnasbideetan agertzen diren katarroak garaiz sendatzen ez baldin badira, “bularrera jaisten dira” eta bularreko katarro horiek, hotzeria soilak baino konplikatuagotzat joak, etengabeko eztula eta karkaxa kanporatu ezina eragiten dute. Gaixoa “oso hartua” dagoenean, arnasa hartzerakoan zarata bereizgarri bat sortzen da, bularraren kantua deritzona. Gaitz horien sendabideek gaixoak “karkaxa bota dezan” bilatzen dute, “katarroa umotzeko”. Pertsona batzuk, horien artean bronkioetako arazoak dituztenak, emanagoak dira “bularreko katarroak hartzera” eta horrenbestez gehiago saiatu beharra daukate edozein hotzeria soil tratatzean (Karrantza-B). Bularreko katarroa, bular-estua, zarata sortzen duen katarro gogorra dela esanez ere definitu izan da, arnasteko zailtasun handiak sortzen dituena eta bularra itxita izatea eragiten duena (Nabarniz-B).
Pneumonia, alborengoa
Pneumonia beldurra ematen zuen gaitza zen, bularrekoen artean garrantzitsuena bere larritasuna aintzat hartuta, eta batzuetan alborengo bikoitz bihurtzen zen[1] (Karrantza, Orozko-B). Esaten zen bederatziurreneko gaitza zela, bederatzi eguneko epean gaixoa sendatu edo hil egiten zelako (Hondarribia-G); “alborengoari ez bazaio buelta ematen bederatzi eguneko epean, bat hil egiten da” (San Martin Unx-N) edo lehen bederatzi egunak atzeman gabe igarotzen baldin baziren gaixoak ez zuela salbaziorik. Bost edo sei egunen buruan, pneumonia zuten gaixoak ezin izaten ziren kontrolatu eta askotan ohera lotu behar izaten ziren (Abadiño-B).
Antzina norbait gaitz larri baten ondorioz ohean baldin bazegoen, pneumoniaren ondorioz adibidez, haren gelan alkohola erretzeko ohitura zegoen, eta batzuetan alkoholari ereinotz edo erromero bedeinkatua botatzen zioten Erramu-igandean (Hondarribia).
- ↑ "Alborengo bikoitza" esaera oso zabalduta egon da Baskoniako eremu batzuetan, eta harekin adierazi nahi zen gaitza bi biriketara zabalduta zegoela edo oso aurreratuta, sendatzeko aukerarik gabe.