XV. GAITZ ERREUMATIKOAK ETA LUNBAGOA
Contenido de esta página
Erreumatismoa, umorea
Gaitza izendatzeko herri gehienetan jasotako gaztelaniazko hitza reuma edo reúma da (Apodaka, Erriberagoitia, Gaubea; Zornotza, Karrantza-B; Bidegoian-G; Lekunberri, Lezaun, Obanos, Tebas, San Martin Unx-N). Murchanten (N) maskulinoa zein femeninoa erabiltzen da, el edo la reuma[1]. Agoitzen (N) hala reuma nola reumatismo.
Erreumatismoaren kausak
Apodakan (A) hezetasunari egozten zaio, gaztetan urarekin lan egin izanari. Lekunberrin (N), ur hotzean etengabe manipulatzen ibiltzeari. Emakumeen kasuan, arropa eskuz eta ur izoztuarekin garbitzeari. Lezaunen (N) esaten dute bustialdietatik datorrela.
Bedaroan (B) uste dute gehiago agertzen dela hezetasunarekin eta hotzarekin; auzo horretan uste dute erreumatismo asko dagoela itsasotik gertu dagoelako.
Moredan (A) oinaze erreumatikoen eragiletzat jotzen dira klima aldaketak, hezetasuna, hotza eta negua iristea; kasu batzuetan, herentziari, lesio zaharrei eta hautsi nahiz pitzadura gaizki osatuei ere egozten zaie, baita hezurren eta organismo osoaren higadura orokorrari ere.
Karrantzan (B) iritzi zabaldua da prozesu erreumatikoak larritu egiten direla neguan, hotzaren eta hezetasunaren eraginez, eta arindu udan, beroari eta urtaro horretako lanak egiteak berez dakarren ariketa fisikoari esker.
Bizkaiko herri berean, medikuen eraginez, ezaguna da erreumak hainbat elikadura ohiturarekin duen lotura, txerrikien gehiegizko kontsumoarekin, adibidez. Hain zuzen ere, erreuma nozitzen dutenei gomendatzen zaie txerrikirik ez jatea (Apodaka, Agurain, Mendiola-A) eta alkoholdun edaririk ez edatea (Agurain, Mendiola). Muskizen (B) azido urikoa ekoizten duten elikagaiak saihestea eta ur ugari edatea gomendatzen dute. Bidegoianen (G) elikadura zaintzen da barazki eta fruta asko janda.
Erreumatismoa sendatzeko erremedioak
Oinaze erreumatikoak tratatzeko erremedio askoren berri jaso da, denak oso ezaugarri desberdinetakoak. Beharbada, hainbeste praktika izatea eragiten duena da horiek aplikatuz lortzen den bakarra sintomak arintzea dela, gaitza sendatu gabe. Informatzaileak eurak ere jabetuta daude minak arindu baino ez direla egiten.
Ezagunena beroa aplikatzea izan daiteke seguru asko. Praktika horrekin lotuta daude igurzketak, bainu termaletara joatea eta lurrunak hartzea. Barazkiekiko produktuetan oinarritutako erremedioak ere ezagutzen dira, infusio zein dekokzio moduan ematekoak. Baratxuria, era guztietako gaitzetarako baliabide erabilienetako bat, eraginkortzat jotzen da gaitz erreumatikoen aurka ere. Antzeko zerbait gertatzen da asunetan oinarritutako metodoen aplikazioarekin. Tratamendu berezi bat da muxarraren edo beste animalia batzuen gantzarekin igurzketak egitea.
Sinesmenean oinarritutako metodoen artean oso ezaguna da kobrezko eskumuturrekoak eramateko ohitura edo poltsikoetako batean patata bat edo gaztaina bat edukitzea. Gaitz gehienen kasuan bezala, honi buruz ere pentsatu izan da sendatu edo arindu daitekeela ermitak bisitatuz.
Lunbagoa, gerriko mina
Herritarren artean lunbagoa izendatzeko modurik zabalduena da giltzurrunetako mina (Ametzaga Zuia, Pipaón-A, Karrantza-B, Agoitz-N).
Apodakan (A), giltzurrunetako edo bizkarreko gaitza esaten da. Moredan (A), lunbago, giltzurrunetako mina, saihetseko mina, lunbalgia edo bizkarreko mina. Obanosen (N), lunbago, “mal de costau” (“saihetseko gaitza”) edo “dar un tirón” (“uzkurdura bat izan”). Muskizen (B) eta Tebasen (N), besterik gabe, lunbago.
Lunbagoaren kausak
Lunbagoa zenbait faktoreri egozten zaio batik bat: esfortzu fisikoak, bereziki zama astunak altxatzearekin lotutakoak, jarrera desegokiak eta hozteak.
Esfortzu fisiko zakarrek arazo honen agerpenean duten garrantzia herri hauetan egiaztatu da: Berganzo, Gaubea (A); Abadiño (B); Bidegoian (G); Obanos, San Martin Unx eta Tebas (N).
Lunbagoaren aurkako erremedioak
Lunbagoa sendatzeko tradizionalki erabili diren erremedioak erreumak eragindako minak arintzeko deskribatutakoen oso antzekoak dira. Ondoren aipatuko dira.
Gaur egun, erremedio horietako asko ez dira erabiltzen, baina beste batzuk, beroa aplikatzea adibidez, are osasungintzako langileek ere gomendatzen jarraitzen dituzte. Gaur egun, medikuek garrantzia hartu dute, eta haiengana jotzen da arazo bat dagoen bakoitzean. Murchanten (N) adierazten dute gutxienez hirurogeita hamarreko hamarkadatik joaten direla medikuarenera eta haren gomendioei kasu egiten dietela. Gaur egun ohikoa da linimentuak eta farmaziako beste produktu batzuk erabiltzea (Ametzaga Zuia, Baxauri-A; Telleriarte-G; Lezaun, Obanos-N).
Ziatika
Ziatikari ciática deritzote gaztelania nagusi den herrietan, bai eta aciática ere (Lezaun N); antzeko zerbait gertatzen da euskara nagusi denetan: ziatika (Astigarraga G; Eugi N), aziatika (Hondarribia G).
Allon (N), ziatikari buruz, zangoetako bati, eskuarki ipurmasailen eta izterren inguruan, eragiten dion min handia dela dakite, eta mina handiagoa dela zangoa hozten denean eta tarte batez geldirik geratzen denean. Mendiolan (A) erreumarekin lotzen da, baina aldakei, zangoei eta oinei eragiten die.
Lezaunen esaten dute aciática gehiegizko esfortzuaren ondorioa dela, eta Tebasen (N) aplikatzerakoan nerbio ziatikoa ukitzen duten injekzioei buruz mintzo dira. Apodakan (A) gehitzen dute batez ere edadetuei eragiten diela.
Lekunberrin (N) ziatika aire txar bati egozten zaio, aire txarren bategatik edo... Abadiñon (B) aitortzen dute askotan nahastu egiten dituztela ziatika eta lunbagoa. Moredan (A) esaten dute erreuma baino okerragoa dela, min handiak sortzen dituelako, inurridura moduko batez eta ziztadez gain.
Erremedioei dagokienez, beroa oso egokitzat jotzen da arazo hau tratatzeko.
Errakitismoa. Erkintasuna
Inkestek bi egoera hartzen dituzte kontuan errakitismoari dagokionez. Batetik, gaitza bera, gehienek diotenez gure lurraldean presentzia urrikoa edo batere gabekoa izan dena, eta sendatzen zaila. Errakitikoak buruaren eta sabelaren tamaina handiegiarengatik bereizten ziren. Oso bestelako kontua da haur batzuek jaiotzean duten argaltasun gutxi-asko gehiegizkoa, herritarrek “errakitiko egon” deritzotena.
- ↑ Komeni da kontuan hartzea bi formak daudela onartuta: reuma eta reúma, eta genero anbiguoa dutela.