Sarrera

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 17:45 3 mar 2020 de FuzzyBot (discusión | contribuciones) (Actualizando para coincidir con nueva versión de la página fuente)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Español • ‎Euskera


Medicina Popular (Herri Medikuntza) liburu hau Euskal Herriko Atlas Etnografikoa osatuko duen obraren beste aleetako bat dugu. Atlasaren xede nagusia kultura tradizionala egituratzen duten gertaeren bilketa sistematikoa egitea da. Proiektu honen barruan, ale honen aurretik La Alimentación Doméstica (Etxeko Elikadura, 1990, berrargitalpena 1999an), Juegos Infantiles (Haur Jolasak, 1993, berrargitalpena 2005erako aurreikusita), Ritos Funerarios (Heriotz Ohikuneak, 1995), Ritos del Nacimiento al Matrimonio en Vasconia (Euskal Herriko Ohikuneak Jaiotzatik Ezkontzara, 1998) eta Ganadería y Pastoreo (Abeltzaintza eta Artzaintza, 2001) argitaratu ziren.

Orain arte argitaratutako aleen sarreretan Atlas Etnografikoaren planifikazioa agertu izan dugu, baita tokian tokiko ikerlanen eta, horren ondoren, bildutako materiala lantzeko prozesuan erabili dugun metodologiaren berri ere. Ale bakoitzak unitate bat osatzen duenez, berriro ere aurretik dagoeneko landuta dauden kontzeptu batzuk jasoko ditugu hemen.

Atlas Etnografikoa egiteko proposamena

José Miguel Barandiaranek (1889-1991), hogeiko hamarkadatik hasita euskal etnografia aztertzen lan egin zuen ikerlari handiak, I. Congreso de Artes y Costumbres delakoan (Zaragoza, 1968), Bosquejo de un Atlas Etnográfico del Pueblo Vasco[1] izeneko komunikazioa aurkeztu zuen. Bertan, euskal arloan ordura arte egindako ikerlan etnografikoen zerrenda aipatu ondoren, iritzi kritikoa agertu zuen, arlo horretan izandako huts eta gabeziarik nagusienak zehaztuz.

Hurrengo urtean, V. Jornadas de Estudios Folklóricos Aragoneses izenekoan beste ponentzia bat aurkeztu zuen, Criterios generales para una investigación etnográfica de los Pueblos Pirenaicos[2] titulua zuena. Ponentzia horrekin batera galdeketa etnografiko bat aurkeztu zuen, Europako Etnologiaren Nazioarteko Konferentziak 1965ean prestatutako plangintzaren arabera berreratua.

Hona hemen bi komunikazio horietan azaldu zituen puntu nagusiak:

1. Gure argitalpen etnografiko askotan, herri-tradizioak guganaino ekarri digun materiala baino ez dugu bildu. Baina gaur egun gure kultura ez da bakarrik gure herriaren prozesu historikoak orain arte izan dituen faseetako bizieren multzoa. Edozein aldetatik datozkigun eta gure galdeketak egin ohi ditugun euskal komunitateetan onartutako biziera berriek ere osatzen dute.
2. Guk egindako azterlan eta argitalpenetako asko gertaeren deskripzio estatiko eta ia morfologiko hutsak dira. Egileek material batzuk jaso zituzten kultur multzo nahasi horretatik eta datu garbi gisa erakutsi zituzten, dagozkion espezialitateko gertaerak zehaztu eta deskriba tzen dituen naturalistaren jokaerari jarraituz. Azken gertaera horiek badute berezko nolabaiteko esangura, baina beste haiek —kultur gertaerak— behatzailearenak ez diren beste neutraltasun batzuetara bideratzen gaituzten seinaleak dira. Beraz, ez da bide zuzena gertaera horiek bakandu, sustantibatu eta manipulatzea, naturalistak bere gertaerekin laborategian egingo lukeen antzera. Kultur gertaerak beraiei dagokien gizakontestutik apartatzean eta objektibatzean beraien benetako izatetik aldendu baino ez ditugu egiten.
3. Sinboloei bakarrik begiratuta, ezin dugu kultura ulertu, ezinbestekoa baitugu sinbolo horiek erreferentziatzen duten errealitatea bizi izatea, inguru horrekin eta beste gizaki batzuekin harremanak dituen jendearekin batera. Etnologiaren barruan ezin liteke ondo ulertu benetan bizi izan ez dena.
4. Objektuaren deskripzioa, beraz, ezin da guztiz estatikoa izan. Gizarte batean, herri batean, elementu guztiek hartzen dute parte beren ezaugarri fisikoen bidez —dimentsioak, pisua, bolumena, kolorea—, eta nolabaiteko esanahia dutelako, hau da, keinuak, jarrerak, bizi izateko moduak adierazten dituztelako, gizatiartuta daudelako eta esangura kulturala dutelako. Elementuok ikusteak berak keinuak pizten ditu beraiek sortu edo erabili dituztenengan. Asmoen, nozioen eta gizakiek beren inguruan lantzen dituzten ideien munduaren bistako keinuak dira. Hau horrela izanik, azterketa etnologikoetan, historikoetan bezala, interpretazioak egiteko orduan, ezin dugu ikusten ez den hori guztia albo batera utzi.
5. Gure argitalpenetan ondo zehaztu behar dugu bildutako materialaren bizitasun-indizea edo herriak zenbateraino onartzen dituen material horiek. Era berean, zehaztu egin behar dugu kulturako elementu horiek zein eremu edo gune hartzen duten herrialdean barne edo herrialdetik kanpo.
6. Euskal Herrian asko dira etnografo batek inoiz ikertu gabeko guneak. Horietan, makinismoarekin duten kontaktuak galbiderantz daramatza biziera tradizionalak. Makinismoaren fenomenoak ere gure arreta beharko du, baina baita prozesuaren aldez aurreko faseek ere.
7. Herritarrik petoenen eta eskualde bakoitzeko jakituriak modelatutako jendearen akulturizazio prozesua gutxitan deskribatu izan dugu. Herria hobeto ezagutzeko, ondo ulertu behar dugu kulturaren osagaiak zergatik errotu izan diren hobeto osagai horiek modurik nabarmenenean agertzen dituzten norbanakoengan.
8. Esandako hori guztia kontuan izanda, ezinbestekotzat ikusi dugu ahalik eta arinen azterlan metodiko bati ekitea, horren ardura ikerketa etnografikoan ondo jantzita dauden taldeek izango dutelarik. Beraz, Euskal Herrian bilketa sistematikoak eratu behar ditugu, sondeo gisa, eskualde guztietako herrietan, harik eta, herri bakoitzetik, bertako bizilagunen kultur bizimoduaren oinarrizko gaiei buruzko monografia egin arte.

Etniker proiektua

Guztiok ohartu ginen Kultur Atlas hori egiteko zailtasun praktikoaz. Halere, zenbait taldek proiektua begi onez ikusi zuten eta haren aldeko giroa sortu zen. Dena den, behar-beharrezkoa zen hainbat monografia etnografiko egitea Euskal Herriko eskualde guztietan. Horretarako lankide-taldea osatu beharra ikusi zen, Atlasak hartuko zuen eremuan hedatzeko.

Proiektu erraldoi hori gaur egun Etniker Proiektua izenarekin ezagutzen duguna da, eta tradizioz Euskal Herritzat ezagutu izan dugun eremuko bizimoduaren ezaugarri diren arauak, egiturak eta funtzioak aztertzea du helburu.

Asmo horri eutsi nahian, eremua benetan zabala eta anitza zela kontuan izanik —bai administrazio bai kultur aldetik—, herrialdeka antolatu behar izan zen. Horretarako, Barandiaranen ekimenez, lehenengo eta behin Nafarroako ikerlari-taldea eratu ostean —Nafarroako Unibertsitatean Euskal Etnologiako katedraren jabe baitzen—, Etniker taldeak eratu ziren, ikerketa etnografikoari ekiteko prest zeuden lantaldeak. Talde horiek lurralde bakoitzean jadanik bazeuden beste kultur erakunde batzuei atxikita zeuden. Esate baterako, Nafarroako taldea Nafarroako Unibertsitateko Arkeologia Departamentuari atxiki zitzaion (1969), Gipuzkoakoa Donostiako Aranzadi Zientzia Elkarteari (1972), Bizkaikoa Bilboko Labayru Ikastegiko Etnografia Sailari (1973), Arabakoa Gasteizko Iradier elkarteari zegoen atxikita lehenengo eta behin (1973) eta, gaur egun, Arabako Mintegi Etnografikoari; eta Iparraldekoa —Frantziako Pirinio Atlantiarren departamentua hartzen duena— Baionako Lauburu Elkarteari (1986). Lantalde horietako taldekide guztiek dute prestakuntza unibertsitarioa eta denek egin dute tokian tokiko ikerlanerako ikastaroren bat, metodologia etnografikoaren inguruan. Talde horietako bakoitzean zenbait lankide daude, lurraldeko arduradunak koordinatuta.

1976ko ekainaren 5ean, Aralarreko Santutegian (N), Etniker talde guztien lehen batzarra egin zen eta Akta Liburuan Barandiaranek hitz hauekin definitu zuen proiektua:

«Etniker es un término que significa ‘investigación étnica’. En nuestro caso es el estudio de la cultura tradicional del pueblo vasco y del proceso de su evolución contemporánea. Aunque se trata de una tarea iniciada allá por el año 1921 en Vitoria, podemos decir que con el nombre actual y con nuevo método empezó el año 1964, como complemento de la cátedra de Etnología Vasca que funciona en la Universidad de Navarra gracias a la protección de la ‘Institución Príncipe de Viana’»[3].

Estrategia etnografikoa

Etniker taldeek beren ikerketa etnografikoetarako zehaztutako estrategiaren oinarriak honako puntu hauek dira:

1. Ikerketari ekiteko herri bat aukeratu ondoren, herri horretan bertan jaiotako edo senitartekotasunagatik lotura handia duen lankideren bat izango da, ikerlaria. Baldintza horri esker herrietako informatzaileekiko harremana estuagoa izan ohi da, beraiek izandako bizieren berri jasotzea errazagoa izanik.
2. Herri edo biztanlegune jakin bateko bizimoduaren berri jasotzea da xedea, bertako kultura osatzen duten alderdi guztiak hartuta, beti metodologia berari jarraituz eta galdeketa bera erabiliz.
3. Ikerlariak ondo ezagutzen ditu herriko hizkuntza eta bertan erabili ohi den euskalkia. Ezinbestekoa da hizkuntza ondo jakitea bai erabilitako terminologia bai kontatutakoa modu zuzen eta egokian interpretatu eta transkribatzeko.
4. Datuak biltzea ez da bakarrik objektu eta gertaera etnografikoen morfologia jasotzea; testuinguru kulturalean duten betekizuna eta esanahia ere jaso behar dira.
5. Informatzaileek gogoratzen dutenera arteko datu etnografikoak bilduko dira, eta beraiei dagozkien bizitasun-indizearen edo gizartean duten onarpen-mailaren arabera zehaztuko dira. Horrela, aintzinakoen ordez indarrean jarri diren gertaera berrien lekukotasuna ere jasoko dute, gaur egun bizi dugun transizio kulturala eurok baitakarte.
6. Aukeratutako herrian egindako ikerlanak kontrastatu eta aztertu egingo dira aldian-aldian lurraldeko Etniker Taldeko beste lankideekin batera egindako bileretan, betiere egindako inkestari dagozkion gai espezifikoez.

Galdeketa etnografikoa

Gorago aipatu dugunez, Etniker Proiektuan parte-hartzaile diren kide guztiek galdeketa bera erabiltzen dute gidaliburutzat, tokian tokiko ikerlana egiteko. Beharrezkoa da hori modu horretara egitea, lana bateratua izan dadin. Galdeketa hori Barandiaranek berak prestatutakoa da. Behin eta berriz argitaratu izan da Galdetegi etnografiko baterako gida izenburupean. Guztira 850 galdera daude bertan, bederatzi atal nagusitan banatuta.

Hauek dira atalak:

0. Udalerrien edo herrien datu geografikoak.
1. Etxeko gaien atala. Etxea. Elikadura. Janzkera. Familia. Senar-emazteen arteko harremanak.
2. Etxeko ohiturak: Altzariak. Atsedena eta garbitasuna. Helduen jokoak. Haur jokoak. Gaixotasunak eta sendagaiak. Bizikera erlijiosoa. Ohikuneak: jaiotza eta bataioa, senar-emaztegaiak, ezkontza, heriotza.
3. Jarduerak: Abeltzaintza eta artzaintza.
4. Jarduerak: Itsasoa eta arrantza.
5. Jarduerak: Nekazaritza.
6. Jarduerak: Artisautza eta beste ogibide batzuk.
7. Ingurua: Auzoa eta herria. Herri-zuzenbidea eta konstituzioak.
8. Kulturizazioa: Etxea. Eskola. Erlijioa. Kultua. Jaiak. Herri-egutegia. Arteak. Sineskerak. Esaundak eta ipuinak.
9. Biografia etnografikoak: Datu pertsonalak. Prestakuntza. Bizimodu maila. Harreman sozialak. Biografiatuaren estatusa. Aldaketa kulturala. Bizitzako ohikuneak.

Ikerketen planifikazioa

Euskal Herriko Atlas Etnografikoa egiteko, 1976tik lankidetzan jardun zuten Etniker taldeek 1987an erabaki zuten lan-plangintza beste era batera antolatu eta zuzendaritzarako zituzten organoak aldatu egingo zituztela. Idazkaritza teknikoa eratu zuten, eta, tokian tokiko ikerlanak koordinatzeaz gain, ikertutako gaien berri idaztearen ardura izango zuen. Idazkaritza horren egoitza nagusia Labayru Ikastegiaren Etnografia Sailean dago, Derion (Bizkaia), gai etnografikoetan espezializatutako bibliotekaren laguntza duelarik egoitzan bertan.

Ikerketen planifikazioari zegokionez, aurrerantzean Etniker taldeek beren kanpo ikerketak sinkronizatu egingo zituztela ere erabaki zuten, urtero galdeketa nagusiko gai bat landuko zutelarik.

Lehenengo bost urteetako lanetan garatzeko gaietarako honako hurrenkera hau zehaztu zuten: Elikadura tradizionala etxean eta elikadurari buruzko erritoak (1988). Haurren mundu ludikoa: jolasak eta abestiak (1989). Bizitzako ohikuneak: jaiotza, haurtzaro, gaztaro, ezkontza eta heriotzari buruzko ohikuneak (1990-1993). Herri-sendabideak (1994).

Ikerketa-egitarau hori bete ondoren, beste plangintza bati ekin zioten, jorratzeko gaiak honako hauek izanik: Janzkera (1995). Abelazkuntza eta Artzaintza (1996-1997). Etxea (1998). Altzariak eta tresnak (1999). Familia eta senitartekotasuna (2000-2001). Nekazaritza ustiapena (2002-2003). Itsasoa eta Arrantza (2003).

Tokian tokiko ikerlan guztiak adierazitako epeetan egin dira. Horrela, galdetegitik, dagoeneko jorratu dira etxeko gaiei (I eta II) eta jarduerei dagozkien gaiak (III eta IV).

Etniker taldeek, datozen urteetarako, honako gaien gaineko kanpo lanak egiteko asmoa dute: Artisautza eta beste ogibide batzuk (2004-2005). Auzoa eta herria (2006). Herri-zuzenbidea eta konstituzioak (2007). Kulturizazioa (2008).

Euskal Herriko Atlas Etnografikorako planifikatu den ikerlana osatuko duten gaiak hauek izango dira:

1. Sarrera eta ohar orokorrak.
2. Etxea: tresnak eta altzariak. Familia eta senitartekotasuna. (Tokian tokiko ikerlana eginda eta idatzi barik).
3. Etxeko elikadura. (1990ean argitaratuta; 1999an berrargitaratuta).
4. Janzkera. (Tokian tokiko ikerlana eginda).
5. Haur jolasak eta abestiak. (1993an argitaratuta; 2005ean berrargitaratzeko).
6. Herri-sendabideak. (1994an argitaratuta).
7. Bizitzako ohikuneak. 2 bol.: Heriotz ohikuneak. (1995ean argitaratuta). Jaiotzatik ezkontzara arteko ohikuneak. (1998an argitaratuta).
8. Abelazkuntza eta artzaintza. (2001ean argitaratuta).
9. Arrantza eta itsasoa. (Tokian tokiko ikerlana eginda).
10. Nekazaritza. (Tokian tokiko ikerlana eginda).
11. Herri albaitaritza. (Ikerlanaren zati bat eginda).
12. Ogibideak eta artisautzak. (Ikerketa fasean).
13. Auzoa, herria, zuzenbidea eta ohiturazko erakundeak. (Ikerketa 2006-2007 urteetarako planifikatuta).
14. Herri-erlijiotasuna eta herri-egutegia. (Ikerketa 2008. urterako planifikatuta).
15. Esaundak eta ipuinak.
16. Glosategiak. Kartografia. Bibliografia. Aurkibideak.

Tokian tokiko galdeketak

Atlasa egiteko erabilitako materialak, gehienbat, tokian tokiko galdeketa etnografikoetan oinarrituta daude. Zeregin zail eta neketsu horri esker, obra honek ekarpen berria eskaintzen digu.

Oraingo obra honetarako —Herri Medikuntza— tokian tokiko galdeketak Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Komunitateko eta Pirinio Atlantiarreko Departamentu Frantseseko zati batean dauden herrietan egin dira. Aukeratutako herri horien ezaugarri fisiko eta demografikoen berri jaso dugu dagokion atalean, eta leku bakoitzaren kokapena sarrera honetan sartu dugun mapan adierazi da.

Gure lurraldea osatzen duten erregio guztien ordezkaritza egokia izaten saiatu gara. Hala ere, ez dugu beti lortu ahal izan, ez baita erraza leku guztietan tokian tokiko ikerlana egiteko gai diren eta prest dauden pertsonak aurkitzea.

Etniker taldeek adostutako ikerketa Galdetegi etnografiko baterako gida izeneko lanean bildutako galdeketa ereduan dago oinarrituta: galdetegi hori tokian tokiko ikerlanak egiteko baliabidea izan da. Ale hau osatzeko batu diren datuak Gaixotasunak eta Sendagaiak ataleko galderetatik (46-170) jaso ditugu.

Inkesta irekia

Lekuan lekuko ikerketaren datuak jasotzeko orduan erabili dugun metodologiari buruz laburpen txiki bat egin nahi genuke jarraian. Hasteko, esan beharra daukagu oinarrizko galdeketa ez dugula bakarrik erabili zenbait gertaera benetan jazo izan diren ala ez jakiteko edo toki bakoitzean nola deitzen diren jakiteko.

Gorago esan dugu Galdetegi etnografiko baterako gida horretako galderak azterlana bideratzeko direla, ikerlariak ondo jakin dezan zer behatu eta zertaz galde egin behar duen.

Tokian tokiko ikerketa egiten duena ez da, gure kasuan behintzat, inkestagile hutsa. Ikergai izango duen taldearen barruan bizi behar izango du, lekukoen bizimodua behatu, informatzaileekin harreman estua izan, datuak neurtu eta alderatu. Informazio horrekin guztiarekin, eta berak bizi izandako gertaerak lagungarri dituela, memoria etnografikoa prestatu behar du, galdeketan proposatutako galderei hurrenez hurren jarraituz.

Inkesta irekiko metodo horren bidez lortutako informazioa askoz aberatsagoa da. Galdetutakoaren zehaztasunetik harago doazen ñabarduraz betetzen da informazioa. Barandiaranek sarri esan izan zuen gizakiak bizi izandakoak ezin direla aldez aurretik zehaztutako galdeketetara mugatu. Gizakiaren errealitatea gure galderen gainetik dago.

Hala ere, modu horretan eskuratutako informazioa desberdina eta desordenatuagoa da. Hori oztopo handia dugu obra osatuko duten testuak ontzeko orduan; baina, era berean, edukia aberastu egiten du horrek, ekarpen pertsonalek ikuspegia ireki egiten dute eta.

Obrarako materialak

Obra honetarako testua, gehienbat, Etniker taldeek tokian-tokian 1994 eta 1995ean egindako galdeketetan bildutako materialetan oinarrituta dago. Galdeketa horiek egin zituzten ikerlarien eta herrien zerrendak obraren hasierako orrialdeetan daude.

José Miguel Barandiaranek formulatutako Etniker proiektuak hainbat ikerketa etnografiko bultzatu zituen, galdetegi orokorreko jarraibideetan oinarrituta. Lan horiek honako aldizkarietan argitaratu ziren batez ere: Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, Anuario de Eusko Folklore, Etniker-Bizkaia eta Ohitura.

Etniker taldeetako zenbait kidek galdetegiko atal guztiak osatu zituzten, eta galdetegiko herrietako monografia etnografikoak argitaratu zituzten: Francisco Javier eta José Ángel Zubiaurrek 1980an argitaratu zuten San Martin Unxekoa (N); Luciano Lapuentek 1971-1979 urteetan egindako ikerketen berri jaso zuen Las Améscoas (1990) izeneko obran; Jesús Ruiz de Larramendik Agurain uriari (A) buruzko azterlan etnografikoa kaleratu zuen 1994an, eta Anton Erkorekak Bermeori (B) buruzkoa 2002 eta 2003. urteetan.

Material etnografikoak eskuratzeko hasierako plangintza haren barruan 1983tik 1987ra bitartean Euskal Herriari zegokion eremuan beste ikerlan batzuk ere bideratu ziren, Eusko Ikaskuntzak bultzatutako “José Miguel de Barandiarán” izeneko bekak lortu zituzten lanak bilduta. Hauek dira haietako zenbait: Contribución al Atlas Etnográfico de Euskalerria. Investigaciones en Bizkaia y Gipuzkoa (1987), Contribución al Atlas Etnográfico de Vasconia. Investigaciones en Álava y Navarra (1990), Contribution à l’étude ethnographique de la mort en Pays Basque Nord (1997).

Ale hau idazteko, orain artekoetan bezala, kontuan izan ditugu Etniker proiektuaren barruan Barandiaranen galdeketari jarraituz egindako tokian tokiko ikerlan horiek guztiak.

Hemen landutako gaiei buruzko ikerlanak egin dituzten beste egile batzuk ere aipatu ditugu orri-oinetan, batez ere beraiengana sarri jo behar izan dugunean.

Iparraldeari dagokionez, Etniker proiektuaren barruan sartutako tokian tokiko galdeketez gain José Miguel Barandiaranek berak berrogei eta berrogei eta hamarreko hamarkadetan Sara (Lapurdi), Donoztiri, Heleta, Uharte-Hiri (Nafarroa Beherea) eta Liginagan (Zuberoa) egindakoak ere kontuan izan ditugu. Ikerlan horiek Ikuska eta Anuario de Eusko Folklore aldizkarietan plazaratu ziren.

Oraindik argitaratu gabe dagoen dokumentazio etnografikoari dagokionez, lehenengo eta behin Aita Jose Antonio Donostia aipatu beharko genuke. Berak jasotako datuak Nafarroako mendialdeko herrietakoak dira, hogei eta hogeita hamarreko hamarkadetan bildutakoak. Artxibo horiek Aita Donostiaren loba den Teresa Zulaika eta Jorge de Riezuri (G.B.) esker erabili ahal izan ditugu.

Madrileko Ateneoak, XX. mendeko hasierako urteetan, inkesta bat egin zuen Espainian: Costumbres populares referentes al Nacimiento, Matrimonio y Muerte. Inkesta horretako emaitzen zati bat, jaiotzari dagokiona, 1990ean argitaratu zuen Museo del Pueblo Español deritzanak El ciclo vital en España izenburupean, bi bolumenetan banatuta. Material horretako bigarren zatia, Euskal Herriari dagokiona behintzat, oraindik argitaratu gabe dago. Biltegi hori erabiltzeko aukera izan dugu Bartzelonako Consejo Superior de Investigaciones Científicas erakundearen “Archivo de Etnografía y Folklore de Cataluña, Institución Milá y Fontanals” delakoan gordeta duten kopiari esker[4].

Era berean, orain arte argitaratu gabeak ziren datu etnografikoak lortzeko beste iturri bat ere izan dugu: Barandiaranek 1936ko gerraren aurretik Gasteizen zuzentzen zuen Etnologia eta Eusko Folkloreko Laborategiaren kolaboratzaileek bidalitako tokian tokiko fitxak. Artxibo hori galduta egon da gerra zibilaren ondoren, baina laurogeiko hamarkadan berreskuratu egin zuten, eta laborategiko zuzendariak berak Etniker taldeei eman zien Atlas Etnografikorako.

Testua ilustratzen duten argazkiak geure ikerlariek lortutakoak dira gehienak. Batzuk Labayru Ikastegiko Argazki Artxibokoak, Arabako Etnografia Seminariokoak (Etniker-Araba Taldea) eta Gasteizko Udal Artxibokoak dira, eta beste batzuk, berriz, argitalpen batzuetatik atera ditugu. Kasu guztietan zehatz aipatu dugu jatorria. Marrazkiak Iñaki Zorrakin Altuberenak dira.

Obraren edukia

Argitalpen honen edukia Galdetegi etnografiko baterako gida-ko (Barandiaran, 1974) “Gaixotasunak eta Sendagaiak” atalean azaldutako galderei tokian-tokian emandako erantzunetan oinarritu da. Atal hori, aldi berean, Etxeko ohiturak kapituluan dago sartuta. Egituraketa hori kontuan izan behar dugu liburu honetako orientazio, ezaugarri eta mugak ulertzeko.

Tokian-tokian jasotako materialak antolatzeko orduan, gure informatzaileek giza gorputzaren gainean duten irudia eta gaixotasunen jatorriari emandako interpretazioa izan ditugu kontuan. Era berean, osasun ezaugarrien eta gaixotasunetan inguruak duen eraginaren gainean herritarrek duten iritziei ere erreparatu diegu.

Horrekin batera, 24 kapitulutan, gaixotasunak sendatzeko XX. mendean (ikerketak denboratarte hori jorratu du) aplikatu izan diren erremedio enpiriko tradizionalak eta sinesmenezko baliabideak jaso dira.

Idazketa

Beste leku batean aipatu dugunez, obra honetarako irizpideak zehaztu edo testuak prestatzeko ardura Idazketa Batzordea osatzen dutenena izan da. Idazketa Batzorde hori lurraldeetako Etniker taldeetako partaide batzuek osatzen dute. Idazketa Batzorde horretako kideen artean, aipamen berezia merezi du Luis Manuel Peñaren lanak, izan ere, urteak daramatza herri medikuntza eta albaitaritzaren gaia aztertzen Karrantzan (B).

Argitalpen hau ontzeko zereginean aipatzekoa da benetan Labayru Ikastegiko Etnografia Saileko lankideen lana: Segundo Oar-Arteta, M. Luisa Romarate, Edurne Romarate, Akaitze Kamiruaga, Igone Etxebarria eta José Ignacio García, Gurutzi Arregiren zuzendaritza eta koordinaziopean. Beraiei dagokie obra handi, zabal eta nahasi hau moldatzeko lan eskerga eta zaila. Ezinbestekoa izan dute kanpoan bildutako material guztia berriro sailkatzea, beharrezko bibliografian arakatzea, itzulpenak egitea, lexiko aldetiko egokitzapenak egitea, ilustrazioak aukera tzea eta ediziorako prestakuntzarekin zerikusia duen guztiaz arduratzea. Hain zuzen ere, Jon Elorriaga Labayru Ikastegiko argitalpenen burua izan da edizioaren arduraduna.

Euskara eta gaztelaniazko hitzak transkribatzeko irizpideak

Obra honen helburua ez da filologikoa edo linguistikoa. Beraz, euskara edo gaztelerazko tokian tokiko aldaeretan emandako hitzen idazkera irakurleak errazen ulertzeko modua kontuan izanik eman dugu.

Bildutako material etnografikoan euskarazko adierak jasotzeko irizpideak hain desberdinak izan direnez, hizkuntza horretara egindako transkripzioak ugariak izan litezke. Orokorrean, azken urteotan, inkestalariek ardura handia hartu izan dute hitzak jasotako lekuetan esaten dituzten modu-moduan biltzeko, ukitu fonetiko txikienak ere transkribatzeko ahalegina eginez, batez ere euskaraz erreferentzia estandarizaturik ez egotearren edo hizkuntza horretarako grafia bateratua ez ezagutzearren. Joera hori argi eta garbi azalduko da gure Atlas honetan, eta askotan kontraesanak ere izango dira, seguru.

Dena den, inkestetako eta iturri bibliografikoetako materiala ahalik eta gehien eguneratuz transkribatzen saiatu gara, nahiz eta inoiz ez dugun arriskuan jarri bidalitako memorietako datuen fidagarritasuna.

Era berean, euskalkietako esaldi eta testuak ere ahal denik eta gehien estandarizatzen ahalegindu gara, gaur eguneko irakurleak ulermen aldetik arazorik izan ez dezan. Hala ere, leku bakoitzeko euskalkiaren ezaugarri morfologiko eta sintaktikoak gorde nahi izan ditugu beti.

Amaitzeko, gogoan izan behar dugu tokian-tokian egindako bilketa zehatzetara mugatu dugula gure lana, eta gauza edo praktika bat izendatzeko aldaera guzti-guztiak bildu ez izanak ez duela esan nahi guk baztertu egin ditugula, baizik eta gure informazio-iturrietan ez direla agertu izan.

Zenbait ohar irakurlearentzat

Herriez: Testuan herriren bat aipatu dugunean, izenarekin batera laburdura bat idatzi dugu, zein lurraldetakoa den zehazteko. Iparraldeko lurraldeei dagozkien hizkiak hauek dira: (L) Lapurdi, (BN) Nafarroa Beherea eta (Z) Zuberoa. Hegoaldeko lurraldeei dagozkienak: (A) Araba, (B) Bizkaia, (G) Gipuzkoa eta (N) Nafarroa.

Inkesta egin dugun herrien kokagune geografikoa sarrerako atal honetan bertan jasotako mapan ikus liteke.

Datuen banaketa geografikoaz: Argitalpenaren taiua gogoan hartuta, bertan bildutako datuak inkestan egiaztatu izan diren herrietakoak baino ez dira. Bistakoa da, interpretazio horiek ez direla bakarrik herri horretarako baliagarriak izango. Zilegi litzateke, beraz, herri horiek hartzen dutena baino eremu zabalagoari dagozkiola pentsatzea.

Kultur gertaeren datazioaz: Irakurlea irakurri ahala konturatuko da sendabide hauetako batzuk oraindik indarrean daudela edo beraietako asko galdu egin direla. Batzuetan, hurbilketa kronologikoa egin dugu hamarkada zehaztuz edo berebiziko garrantzia izan zuten gertaerak aipatuz, 1936ko Gerra Zibila esaterako, Hegoalderako. Ez dugu uste hori datazioan huts egitea denik, kultur gertaera horien hasiera edo amaiera emango lukeen edozein data ez bailitzateke guztiz zehatza izango.

Gure obra hau etnografikoa da, eta ez historikoa; dena dela, lan honetan, XX. mendeko eta atzeragoko (muga bakarra gure informatzaileen gomuta da) sendabide tradizionalak jaso ditugu.

Esker onak

Gaur aurkeztu dugun obra honek Eusko Jaurlaritzaren laguntza eta babesa izan du. Euskal Herriko Etniker taldeen izenean gure esker ona adierazi nahi diegu Miren Azkarate Kultura sailburuari, Gurutz Larrañaga sailburuordeari eta sail bereko Ondare zuzendari den Arantzazu Arzamendiri. Gure esker ona, era berean, Juan Ramón Corpas Mauleón Nafarroako Gobernuko Príncipe de Viana Kultura eta Turismo sailburuarentzat. Halaber, eskerrak eman nahi dizkiegu Belén Greaves Bizkaiko Foru Aldundiko kultura diputatuari eta Ricardo Bilbao Kultura zuzendariari. Eskerrik asko, era berean, Juan Zelaia Oñatiko Euskal Fundazioko presidenteari eta Euskadiko Kutxari, lan honetarako egin duten diru-ekarpenagatik.

Urte asko dira José Miguel Barandiaranek Euskal Herriko Atlas Etnografikoa egiteko asmoa agertu zuenetik. Geure burua haren ikasletzat dugunok barru-barruan daramagu proiektu honen garrantzi kulturala.

Ziur gaude aurrerantzean ere hainbat instituzioren laguntza izango duguna, eta horri eta gure kemenari esker Euskal Herriko Etniker Taldeetako kideek proiektu erraldoi hau gauzatu egingo dugu, Barandiaranek ikertzen emandako bizi luze eta oparoaren fruitu ederra da-eta proiektua: Euskal Herriko Atlas Etnografiko honek aukera emango digu «gure herriaren kultura tradizionala sakon ezagutzeko, gaur egun bizi dituen aldaketez ohartzeko eta euskal herritarren etnografia beste kultura batzuen ikusian alderatzeko».

Ander Manterola
Derio, 2004ko iraila

1.0.1 Alimentacion domestica en vasconia mapa.jpg
 
  1. José Miguel BARANDIARAN. “Bosquejo de un atlas etnográfico del pueblo vasco. Trabajos preliminares” in Etnología y Tradiciones Populares. I Congreso Nacional de Artes y Costumbres Populares. Zaragoza: 1969, 53-57 or.
  2. Idem, “Criterios generales para una investigación etnográfica de los Pueblos Pirenaicos” in Actas de V Jornadas de Estudios Folklóricos Aragoneses. Zaragoza: 1969.
  3. Cfr. Euskalerriko Etniker Taldeen Akta Liburua. ADEL.
  4. Ateneoaren inkesta honako herrietan egin zen (aplikazio maila desberdinarekin): Biasteri, Laudio, Bilbo, Gernika, Deba, Mendaro, Bergara, Oñati, Azpeitia, Iruña, Sunbilla, Agoitz, Lizarra, Tafalla, Faltzes, Kaparroso eta Monteagudo. Herri horiei buruzko erantzunen fitxak talde berean bilduta daude inkestako lurraldekako banaketan. Lluis Calvo Milá y Fontanals erakundeko zuzendariaren eskuzabaltasunari esker, Labayru Ikastegiko Etnografia Arloko artxiboan material horien kopia daukagu.