X. LARRUAZALEKO MARKAK. ILEA ETA AZAZKALAK
Contenido de esta página
Larruazaleko markak
Garatxoak
Garatxoa larruazalaren hantura onbera da. Hainbat motatakoak daude. Ugarienak “garatxo arruntak” deritzenak dira; jatorri birikoa dute eta gorputzaren atal askotan sor daitezke, baina ohikoena eskuetan sortzea da. Ondo zedarritutako masa izaten dute, irtena, zati batean larruazalari atxikia eta presioa eginez gero mingarria. Muskizen (B), jaso da informatzaileek hiru garatxo mota bereizten dituztela: batzuk gogorrak dira, besteak azal puska bat bezala zintzilikatzen dira eta hirugarren motakoak oreztekin nahasten dira eta ileak dituzte. Bedaroan (B), bi mota aipatzen dituzte: batetik, luzeak, azal puska zintzilikatuak; bestetik, lauak eta biribilak direnak. Zangozan (N), batzuek uste dute garatxo arrak eta emeak daudela, eta bata bestearen ondoan daudenean emea kenduz gero gainerakoak hil edo lehortu egiten direla. Moredan (A), diote bero denean azkura handiagoa eragiten dutela eta pertsona batzuen aurpegietan barregarriak gertatzen direla.
Pekak eta oreztak
Izenak
Inkestetan jaso denez, nahiko ohikoa da ez bereizketarik egitea peken eta orezten artean, baina herri batzuetan orban txikiei deritze peka eta handiei orezta. Batzuetan peka deritze azazkaletako orban zuriei ere. Bereizketa egiten da, halaber, pertsona batzuk jaiotzean, herentzia gisa edo oso larruazal zurikoak izateagatik, dituzten peken eta eguzkitan egoteagatik edo beste motiboren batengatik edozeini sor dakizkionen artean. Leku batzuetan (Allo, Goizueta-N) diote herritarrek ez dituztela gaitz moduan hartzen, batez ere peka txikiak; handien kasua bestelakoa da.
Sineskeriak
R. M. de Azkuek oreztekin zerikusia duten esaera eta sineskeria batzuk jaso zituen XX. mendearen hogeita hamarreko hamarkadako urteetan. Horrela, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako herri batzuetan esaten zen oreztarik, orainak, ez zuen pertsona sorgina zela eta Lekeitioko marinel herrian (B) ezaguna zen esaera hau: “oraiña daukana ezta sorgiña”. Donibane Garazin (NB) esaten zen orezta, sor-señalea, ikusten ez zen leku batean baldin bazegoen hura zeukana aberastu egingo zela, eta Barkoxen (Z) orezta eskuineko aldean baldin bazegoen seinale ona zela; ezkerrean baldin bazegoen, txarra[1].
Haurrei jakinarazten zitzaien esaten zuten gezur bakoitzeko peka bat aterako zitzaiela azazkalean (Apodaka-A); haiek kendu nahi zituenak, herri horretako informatzaile baten arabera, azazkalean zeuzkan pekak adina harrizko bola txiki eraman behar zituen aldean, eta, hiru egunen buruan, gorde egin behar zituen.
Ilea eta azazkalak
Soiltasuna, burusoila
Sineskeriak eta izenak
Nahiko zabalduta dago burua soiltzen hasiz gero joera hori geldiezina delako ideia, baina inkestetan zabalkunde bizkorra mantsotzeko sendabideak aipatzen dira. Goizuetan (N) dioten bezala, “soila, soila geratzen da betiko”. Informatzaile askok erantzun dute, burlaz, burua txapelez, kapelaz edo ileordez estaltzea dela soiltasunari aurre egiteko modu bakarra, eta Moredan (A) esaten da burusoilek ile asko dutenek baino gutxiago nozitzen dutela hotza buruan. Beasainen (G) eta Tebasen (N) jaso da, ironiaz esanda, eroritako ilea berreskuratzerik balego “aberatsak ez liratekeela burusoilak izango”. Egiaztatu da, halaber, gehiago direla burusoiltasun kasuak gizonen artean emakumeen artean baino, eta herri batzuetan esaten dute antzina gaur egun baino burusoil gutxiago zegoela.
Azazkalak
Azkuek euskarazko izen hauek jaso zituen azazkalak izendatzeko: atzazalak (B), azkazalak (G), azazkalak (NB) eta azüzkülüak (Z). Baztanen (N) eta Oiartzunen (G), egile berak XX. mendearen hasieran jaso zuenez, uste zuten Adamek eta Evak, jatorrizko bekatuaren aurretik, azazkalen materiarekin egindako pieza bat zutela soinekotzat. Diotenez, haiek bekatu eginez geroztik dauzkagu, aurreko egoeraren oroitzapen gisa, erietako azal horiek, eta horrenbestez azazkalak jatorrizko janzkien arrastoak dira. Sinesmen bera egiaztatu da Karrantzako (B) gure gaur egungo inkestan ere, eta jaso da Evak Adamekin sagarra tarteko zela bekatu egin aurretik arroparekin estalita izan ordez azazkalen material berarekin zutela estalita gorputza. Bekatu egitean, Jainkoak zigortu eta biluzik utzi zituen, atzamarren muturretan baino ez zizkien utzi azazkalak, lagin moduan, jakin genezan nolakoa izan zen gure lehendabiziko janzkia.
Oinetako izerdia
Inkesta egindako herrietan adierazi dute izerditzea, oro har, ona dela, Zerainen jasotako esaerak dioen moduan: “izardia osasuna beti”. Zehatzago, informatzaileek adierazten dute onuragarria dela oinetako izerditzea gorputzeko toxinak deuseztatzen dituelako. Uste da oinetako izerditzea eragozteak “ez dakarrela ezer onik” (Murchante-N). Kezka agertzen da gehiegizkoa denean eta, batez ere, usain desatsegina jariatzen duenean.
Eragileak
Eugin (N) diote jaiotzetikoa dela pertsona batek izerdi asko edo gutxi botatzea, eta izerditzea ona dela odola garbitzeko. Arazoa sortzen da gehiegi izerditzeak usain txarra, urrin gaiztoa, jariatzen duenean. Antzeko ustea egiaztatu da Nabarnizen (B), han esaten baitute izerditzea osasungarria dela, baina arazoa kiratsak edo atsitasunak sortzen duela. Telleriarten (G) uste dute izerditzeko joera duen pertsona izatea, izarbera, odolarekin dagoela lotuta, batzuk oso izerditsuak, izarkorrak, dira, eta beste batzuk alderantziz. Orozkon (B) adierazten dute asko izerditzea lan asko egitearen ondorio izan daitekeela, baina ahultasunagatik ere izerditzen dela.
- ↑ Resurrección Mª de AZKUE. Euskalerriaren Yakintza. Madril: 1935, 82. or.