IV. ETXEKO ABEREEN HILTZEA

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 07:34 2 sep 2019 de Admin (discusión | contribuciones)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Etxeko abereak familiaren kontsumorako hiltzea ohikoa izan da Baskonia osoan, baina, urteek aurrera egin ahala, eta bereziki mende honetan, aldaketa sakona izan du abereen okela eta gantza bereganatzeko modu horrek.

Abereengandik etxerako elikagaiak eta bestelako oinarrizko osagaiak eskuratzeak gidatu du abereen hazkuntza eta hiltzea etxe tradizionalean. Gantz begetalak lortzea zailagoa zen lekuetan, txerria hiltzea nahitaezko jarduera izan zen antzinatik.

Etxean sakrifikatutako abereak txerria, arkumea eta ardia, ahuntza, eskortako hegaztiak eta untxiak izan dira. Gutxiagotan, abere handiagoak, hala nola txahalak, behiak eta zaldiak.

Txerri-hiltzea

Tradizionalki, etxeko hiltze ohikoena txerriena izan da Baskoniako eskualde guztietan.

Duela hogeita bost urte arte, txerri-hiltzea Baskoniako landa-eremuetako etxe eta familia gehienetako jarduera komuna izan da, halako moldez non herri askotan txerririk hiltzen ez zuten etxeak pobreak zirela esaten zen, eta, alderantziz, zenbat eta txerri gehiago sakrifikatu, orduan eta aberats-ospe handiagoa zuten etxeek:

Gizentzea

Txerria landako edo baratzeko produktuekin gizentzen da, eskualdearen arabera: arbia, erremolatxa, patata, babak, aza, artoa, gari-zahia eta abar. Batzuetan elikadura horri artirina edo zahia zeukaten egoskariak gehitzen zitzaizkion.

Hiltzearen garaia eta sinesmenak. Azeguna

Txerri-hiltzea udazkeneko eta neguko hilabete hotzetan egiten da. San Martin jaia, azaroaren 11, egun seinalatua da lan horretarako, Arabako esaldi herrikoiaren arabera: «Por San Martín sal del cortín» («San Martin egunez, irten ukuilutik»). Nafarroako eremurik hegoaldekoenean, hiltzea urtarrilean eta otsailean egiten da batez ere.

Sakrifizioa. Txerri-hiltzea

Hiltzearen eguna finkatu eta gero, ondorengo lan gogorretan erabiliko diren elementu guztien erosketa edo hornidura egiten da.

Ahaideei eta auzokideei abisatzen zaie. Hiltzeak dakartzan zeregin ugarien ondorioz, ezinbestekoa da horien laguntza eta lankidetza, hala gizonena nola emakumeena.

Erreskaldatzea

Behin odolustuta, larruazala erretzen zaio. Arabako leku askotan, hankak eta belarriak ebakitzen zaizkio aurretik. Belarrietako hutsuneak eta odolustu deneko zauria trapu zuri batekin edo lastoa sartuta estaltzen dira, errautsik ez sartzeko.

Hustea

Aberea erreskaldatu eta garbitu ondoren, ireki egiten da, barrutik husteko, tripie askatu (Bermeo-B). Horretarako, eskailera batetik edo horretarako prestatutako kako batetik zintzilik jartzen da, eta kanalean zabaltzen da labana batekin edo poadera batekin (Elo-N). Aurretik, uzkia itxi zaio, cular (Galdames-B)

Hoztea eta uztea

Behin erraiak atera eta hustuta, ur hotzarekin eta trapu fin batekin garbitzen da barrua. Leku askotan, oihal hori lihozkoa izaten zen, ehunezko (Zeanuri-B). Ondoren, leku fresko batean jartzen da zintzilik, beste animalien (txakurrak, katuak edo saguak) irismenetik kanpo, eta utzi egiten da hurrengo egunera arte; hurrengo egunean, zatikatu egingo da. Aireztatzeko eta hobeto lehortzeko, irekita eusten da, makila edo taket batzuk zeharka kokatuta, erraiak ateratzeko sabelean egindako zuloa baliatuta horretarako.

Pisatzea eta zatikatzea

Garbituta eta hoztuta, animalia kanalean pisatzen da, haren salneurria kalkulatzeko eta zehazteko zenbat egunetan egon beharko duten urdaiek eta urdaiazpikoek adoboan.

Hestebeteak

Hiltzearen ondoko bigarren edo hirugarren egunean prestatzen dira, odolkia izan ezik, odolkia odola fresko dagoela egiten baita.

Eskuarki, gehien prestatzen diren hestebeteak odolkiak eta txorizoak edo lukainkak dira, eta emakumeek izaten dute horiek egiteko ardura. Gizonaren parte-hartzea urria da. Batzuetan, emakumeei laguntzen diete okela txorizoetarako zatikatzen, janaria txikitzeko makina abian jarrita.

Hiltzearen garaiko opariak

Hiltzea dela-eta, auzokideei eta ahaideei odolkiak eta txerriaren beste zati batzuk ematen zaizkie opari. Kortesiazko ekintza bat da, eta auzokidetasunaren edo ahaidetasunaren hurbiltasun fisikoaz harago doan harremana eta lotura adierazten du. «Odolosteak ordeaz» bizkaierazko esaldiak adierazten du opari hori aurrez ezarritako truke baten parte dela.

Ardiak eta arkumeak. Ardikiak

Ardiaren okelari ardikia (Zeanuri-B) deitzen zaio, eta ahariarenari zikirokia (Luzaide-N). Oso ohikoa izan da horren kontsumoa lurraldeko eskualde askotan duela berrogei edo hirurogei urte arte, baina gaur egun kontsumo hori urrituta dago.

Sakrifizioa

Ardia hiltzea etxeko gizonaren lana da; hestebeteak egiteaz eta okelaren kontserbazioaz, aldiz, emakumea arduratzen da.

Abuztuan, ardi antzu bat erosten zitzaien artzainei, antzue, errape ihartua duena, errape-galdue, edo hausnar ahuldua duena, ausnerrea gelditu. Urrira arte gizendu egiten zituzten, eta urriaren amaieran hil. Abere osoa aprobetxatzen zen: hesteekin odolkiak egiten ziren, okela zezinatan gordetzen zen, eta larruazala, ardi-narru (Zeanuri-B), saldu egin ohi zitzaien traperoei.

Untxiak

Oiloarekin batera, untxia da, animalia txikien artean, etxean sarrien hazi eta sakrifikatuetako bat landa-eremuan, baina oiloaren garrantzia izatera iritsi gabe. Horrez gain, untxiaren okelaren estimazioak gora egin du azken hamabost urteetan.

Tradizionalki, untxiaren kontsumoa festei lotuta egon da, ospakizun bereziei, konplimendua arduraz eman nahi zaien pertsonei egindako opariei edo, besterik gabe, igande edo jaiegun izateari.

Etxeko hegaztiak

Etxeko hegaztiak oso antzinatik baliatu izan dira; batez ere, oilo, kapoi, ahate eta usoak, eta, neurri txikiagoan, barnealdeko eremuetan, indioilarrak. Hala ere, horien okelaren kontsumoa ez da ohikoa, apartekoa baizik, gehienetan jai eta gertakari jakin batzuei lotutakoa.

Oiloak, oilaskoak, kapoiak eta oilarrak

Oiloa (oilo/ollo) (arrunta) arrautzak erruteari uzten dionean sakrifikatzen da. Gaur egun, oiloaren kontsumoa landa-eremuetan baino ez da neurri handi samarrekoa, haren okelaren komertzializazioa ez baita oilaskoena bezain intentsiboa.

Oiloaren okelak eta harekin egindako saldak, oilosalda edo oilozopa (arrunta), estimazio handia zuten antzina, eta jaiegunetako aparteko jakia ziren.