VI. ZIMENDUAK ETA HORMAK

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Zimenduak, oinarriak

Zimendu hitzak bi esanahi ditu: batetik, eraikinak lurraren azpian duen zatia da, fabrika osoaren oinarria; bestetik, eraikinaren azpiko lursaila.

Oro har, esan daiteke zimenduak prestatzeko 70 cm eta metro bat artean sakondu behar dela, arrokazko edo buztin gogorrezko oinarri bat bilatzen dela eta gehienetan harriz egiten direla, zoru oso hezeetan batzuetan zura erabiltzen bada ere.

Hormak

Etxebizitzaren kanpoko murruen helburua da, teilatuarekin batera, bizilagunak seguru eta babestuta egon daitezkeen espazio bat ixtea. Gainera, estalkiaren oinarri ere bada[1].

Eraikuntza-materialak

Etxeen kanpoko murruen eraikuntzan erabilitako materialak harria, zura eta lurra izan dira, lurraren kasuan egosita, adreilu moduan, edo egosi gabe, pezo edo hesi gisa.

Hala ere, Urabayenek, XX. mendearen bigarren hamarkadaren amaieran jada, ohartarazi zuen komunikazioak erraztearen ondorioz beste material batzuen erabilera zabaltzen ari zela, hala nola zementua eta altzairua, baita aurreko materialen erabilera ere, lehen horiek eskuratzea zaila zen lekuetan[2].

Zurezko bilbapena duten hormak

Armazoietan zura izateak eraikinaren antzinatasuna salatzen du, bilbapena duten etxeak erdibideko etapa bat baitira antzinako eraikin guztiz zurez egindakoetatik itxitura guztia harriz egindakoetara izandako bilakaeran.

Harlanduzko hormak

Harlanduzko lana eraikitzeko modurik nekezena da, harria lantzeak lanean ahalegin handia eskatzen baitu, eta, horrenbestez, diru asko. Baina, aldi berean, harlanduz altxatutako pareta da sendoena. Horregatik guztiagatik, arrandikeria edo iraunkortasun nahia duten eraikinek izaten dituzte mota honetako hormak.

Mortairuak

Horma bat altxatzerakoan, elementu erabakigarrietako bat harriak lotzeko erabilitako masa izaten zen. Azken garaietan, hormigoia erabiltzen da zeregin horretarako, baina, antzina, osagai hori ezagutzen ez zenean, mortairuak erabili ziren.

Leize-zuloak

Leize-zulo edo lurpeko bizitokiak lurrean egindako indusketa soilak dira, konpartimentutan banatuak gelak taxutzeko. Nafarroako hegoaldekoak labarretan induskatuta daude, eta horrek bereizten ditu Aragoikoetatik, Aragoikoak lurpean induskatuta baitaude.

Leize-zuloek hartutako eremua nahiko zabala da Nafarroan, eta adreilua eta pezoa nagusi ziren ingurua hartzen zuen.

Zurezko barne-egitura

Zuraren erabilera zabaldua

Oso zabalduta dago baserri zaharrenak eraikin-material nagusitzat zura dutenak direlako ustea. bai beren barne-egituran eta bai itxitura gisa. Hala diote hainbat egilek, hala nola Caro Barojak Gipuzkoaz ari dela, baina lurralde guztira zabaltzeko moduan.

Etxeko osagai askoren parte da, batez ere aztertutako lurraldearen eremurik iparraldekoenean, zuhaitzak erabiltzeko aukera handiagoa izan den lekuetan; teilen oinarria izan da, goiko solairuen zorua, eskaileren osagai nagusia eta askotan bakarra, ate-leihoen funtsezko zatia, baita balkoiena ere kasu batzuetan. Altzari tradizionalak fabrikatzeko erabili den material nagusia ere izan da.

Altzarria

Eskuarki zutabeak lehen solairua ixten duen horman oinarritzen dira, halako moldez non ez diren zorutik hasita altxatzen, eta horri esker hezetasunak zura usteltzea eragozten da.

Gauza bera gertatzen da beheko solairutik hasita altxatzen diren barne-egiturako zutabeekin ere. Ez dira lurrean edo arrokan bermatuta altxatzen, harrizko pieza baten gainean baizik, piramide-enbor formakoa eskuarki; harrizko pieza horrek zutabearen oinarria zoruaren hezetasunetik babesten du, baita, neurri handi batean, solairu hau ukuilua izateko egina denez, simaurraren eraginetik ere. Pieza horri altzarri deitzen zaio.

Egitura. Hagak, pilareak

Egiturari dagokionez, ohikoena izan da neurri handiko zutabeak altxatzea beheko solairutik gora, eraikinaren luzera osoa zeharkatzen duten haga lodiei eusten, haga horietan sekzio txikiagoko beste batzuk bermatzea, eta horien gainean oholezko zorua eta tabikeak ezartzea. Hortik beste zutabe batzuk altxatzen dira bertikalean, bigarren solairuari eusten, halakorik baldin bada, eta gero teilatuaren egiturari; egitura hori zurezkoa da, arestian ikusi den bezala.

Hesiak eta tabikeak

Gipuzkoako herri batzuetan baserria bitan zatitzen zuten barne-hormak zeudela egiaztatu ahal izan da, logelak etxebizitzako gainerako geletatik bakartzeko.

Bizkaiko eta Gipuzkoako eremu zabaletan, ohikoa izan da baserriak erditik zatituta egotea fatxadatik atzealdera doan ardatza jarraituz, bi familiaren bizileku izateko moduan. Banaketa hori horma erdibitzaile baten bidez egiten zen.

Lurraldearen hegoaldean oso osagarri erabilia izan zen pezoa, batez ere antzina.

Eskailerak

Barnealdeko eskailerak

Aztertutako lurraldearen hegoaldean, eskailerak eraikitzeko igeltsua eta adreilua bezalako materialak erabili izan dira; iparralderen kokatutako eremuan, aldiz, ohola erabili izan da. Nolanahi ere, harriak ere badu presentzia, are gehiago etxera sartzeko eskailerak kanpoaldean daudenean.

Kanpoaldeko eskailerak

Eskailera mota berezi batekoak dira eraikinaren kanpoaldekoak, kaletik eraikinaren lehen solairura zuzenean sartzeko aukera ematen dutenak. Hegal batean egon daitezke, edo etxearen fatxadan agertu, Zeanurin (B) ohikoa den moduan, balkoira bideratuta, handik etxebizitzaren barrura sartzeko. Mandio deritzo horri.

Sabaiak

Oholezko sabaiak

Baskoniako eremurik iparraldekoenean, egurra ugari denez, ohikoa izan da baserrietan zurezko zorua, aldi berean, behean kokatutako gelaren sabaia izatea.

Gelen estetika hobetzeko, eta gelei argitasun handiagoa emateko, sabai aizuna erabiltzeko joera oso zabalduta egon da. Beharbada, hori izan zen baserrietako sabaietan egin zen lehen erreformetako bat.

Eraikuntza-materialen jatorria

Harria. Kareharria, hareharria

Eraikuntzarako harria lortzeko iturburu nagusietako bat herri bakoitzaren ondoko harrobiak izan dira.

Batzuetan harria ibaitik eskuratzen zen, ohikoa izan baita errekarrien erabilera.

Gisua, igeltsua

Gisua oso elementu garrantzitsua izan da, hala mortairuaren osagarri gisa (gaur egun hormigoiak duenaren antzeko zeregina zuen antzina mortairuak), nola hormak, tabikeak eta sabaiak zuritzeko.

Zura. Haritza

Etxeak eraikitzeko, estimazio handieneko zura haritzarena[3] izan da, bere erresistentziarengatik eta iraunkortasunarengatik; kontuan hartu behar da ugariena ere badela.

Gainerako eraikuntza-materialak bezala, haritza ere gertuko ingurutik eskuratu da.


 
  1. URABAYEN, La casa navarra, op. cit., p. 74.
  2. URABAYEN, La casa navarra, op. cit., pp. 79-80.
  3. Es de presumir que los utilizados hayan sido de distintas especies ya que en el área estudiada crecen varias, ninguna de las cuales abarca todo el territorio, y que de todas ellas las empleadas en construcción, como es obvio, hayan sido las maderables: al norte el roble pedunculado (Quercus robur), en las zonas montuosas centrales, de mayor altitud, el roble albar (Quercus petraea) y al sur el quejigo (Quercus faginea).