XIV. NEKAZARITZA LANETARAKO ESPAZIOAK ETA ERAIKIN OSAGARRIAK

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Lanabesentzako, produktuentzako eta aziendarentzako etxeko espazioak

Landako laboreak, klima dela-eta, urtarokoak dira, eta, horregatik, lanabes batzuk edo besteak behar dituzte urtaroaren arabera. Behar ez diren garaian erabiltzen ez direnak etxeko gune jakin batzuetan gordetzen dira, eta beti eskura izan behar direnak beste batzuetan. Horrez gain, etxeko animalien jakiak eta ukuiluak egokitzeko belarrak kontserbatzeko erabiltzen diren etxeko zein etxe alboko guneak ere deskribatzen dira.

Ezkaratza eta probalekua. Atariko tresneria

Arabako zenbait herritan, ezkaratzetan aletegiak zeudela dioten lekukotasunak jaso dira. Hala zen Abezian (A), non egiaztatu den ohikoa zela ezkaratzetan aletegi handiak izatea, comportos zeritzenak; sabairaino iristen ziren eta behealdean zulo txiki bat zeukaten janaria ateratzeko. Alea sartzeko, batzuek sabaian zituzten zuloak eta beste kasu batzuetan aletegiko oholak berak ziren beharraren arabera kentzen edo ezartzen ziren estalkiak. Hiltzeko bankua eta cuartico zeritzonera jotzen zuen atea kokatzen ziren comportoaren ondoan. Ezkaratz batzuetan txerri-aska finkoak egoten ziren.

Beste herri batzuetan, adierazi da etxeko lanekin lotutako tresnak eta lanabesak gordetzen zirela ezkaratzean. Hala jaso da Bedaroan (B), non baserri gehienek daukaten portalea, eta hartan elementu hauek biltzen ziren: arotzeriako mahaia eta tresnak, idi-orga eta su-egur pila bat. Paretan, langa bat, eskuareak, orkak, segak eta aitzurrak esekitzeko. Baserri batzuetan tabakoa landatzen zuten, eta hostoak sabaitik zintzilik jartzen zituzten lehortzen.

Allon (N), etxe txikiek sarrera pentsuen biltegi inprobisatu gisa erabiltzen zuten, edo, bestela, tresna batzuk gordetzen zituzten han, hala nola alportxak, bastak, aitzurrak, laiak eta abar. Etxe handienek adreilu egosiz edo errekarriz egindako zorua eduki ohi zuten, eta haren gainean aulkiren bat ezarri ohi zuten, are hirukotxo bat ere inoiz. Altzari gogorrak izaten ziren, bizkarralde kurboa eta lastozko eserlekua zeukatenak. Batzuetan, hegalak zabaltzeko aukera ematen zuen mahai bat ezartzen zen, paretari atxikita ahalik eta leku gutxien har zezan.

Ganbara

Oro har, esan daiteke ganbarak alea gordetzeko lekuak izan direla. Etxeko barazkiak eta frutak gordetzeko ere erabiltzen dira. Han zintzilikatzen ziren, ontzeko, txerriaren zein beste animalia batzuen hiltzeen ondoren eskuratutako produktuak. Etxe batzuetan ganbararen zati batean belar ondua eta lastoa gordetzen ziren, baina eskuarki belar horiek beste gune batean kontserbatzen ziren, lastategian. Ganbaran gorde izan dira erabilera urriko nekazaritzako tresnak eta lanabesak, haien beharrik ez zen garaian. Ohikoa da ganbara baliatu ezin diren traste zaharrak uzteko lekua izatea. Herri batzuetan adierazi dute, batzuetan, ganbara logela batean ezarri izan dela.

Korta, ukuilua

Ukuilua etxeko eraikuntza nagusiaren parte izan da eskuarki, eta haren barruan bereizitako guneetan gordetzen ziren behi azienda, zaldi azienda, ardi azienda, txerria eta oiloak. Antzina, zorua buztinezkoa zen, eta haren gainean belar ondua edo iratzea ezartzen zen, aziendarentzako etzaleku moduan; tarteka berritu egin behar izaten zen, eta gero simaur moduan erabili eta ukuilu bereko bazter batean metatzen zen.

Urteek aurrera egin ahala, porlanezko zorua egin zen, garbiketa errazteko, eta simaurtegiak kanpora atera ziren. Hondakinak pareta baten kontra edo bazter batean zeudenean, ohikoa zen haien gainean eskailera bat ezartzea, sabaitik zintzilik horizontalean ezarria eta oilategiarena egiten zuen paretaren kontra ziriekin bermatua; oiloak ohol estu batetik zehar igotzen ziren hara, eta oholak koskak zituen oiloak haiei helduta igo ahal izateko.

Batzuetan aparteko eraikinak zeuden, etxeari atxikiak edo ez, aziendarentzat. Bi solairu eduki ohi zituzten: behekoa ukuilu moduan eta su-egurra zein nekazaritza-lanabesak gordetzeko erabiltzen zen, eta goikoa lastategi moduan.

Eraikin osagarriak

Jakingarri nagusiak

Etxe askoren barnealdean, eskuarki ukuiluan, espazioaren banaketa egiten zen, animaliek beren lekua izan zezaten elkarrekin nahastu gabe. Antzeko zerbait gertatzen zen simaurtegiarekin eta animaliekin lan egiteko behar ziren tresna eta lanabesekin. Espazio faltaren, higiene arrazoien, esparru ordenatuago eta independenteak izan beharraren eta nekazaritzako zein abeltzaintzako jardueren hazkundearen edo murrizketaren ondorioz, etxetik kanpo eraikin osagarriak altxatu ziren. Batzuetan, atxikiak; beste batzuetan, aparte baina etxetik gertu, eta beste batzuetan, bi moduetan. Adibide batzuetan, hasieratik ezagutu izan dira horrelako eraikin osagarriak etxearen osotasunaren parte eginda.

Esan beharra dago askotan eraikin txiki horiek ez direla zeregin bakar baterako eginak, zenbaitetarako baizik. Adibidez, ogia egiteko labearen kasetan egon daiteke alde batean txerritegia edo oilategia, eta bestean nekazaritzako lanabesak eta su-egurra gordetzeko tegia; egon daiteke bi solairuko eraikin bat ere, behean simaurtegia eta goian lastategia daukana. Etxeak, bizia denez, espazio berriak bereganatzen ditu etengabe, sortzen diren premiei erantzuten dieten eta gertu dauden eraikinekin.

Isurialde atlantikoan, hala etxearen nola eraikin osagarrien espazioa irekia da; isurialde mediterraneoan, aldiz, aldameneko eraikinak barnealdera begira eginak dira eta estali gabeko leku baten inguruan itxita daude eskuarki.

Banaketa geografikoari dagokionez, aipatzekoa da biztanleria kontzentratua duten herrietan eraikin osagarriak periferian daudela; biztanleria sakabanatua dutenetan, aldiz, etxearen inguruan edo etxetik gertu egoten dira.

Etxeak etxetik gertu dauden lursailak izan ohi ditu, eta, han, kasetak edo txabolak. Lurraldea kolonizatzeko modu bat izan da, eta denborak aurrera egin ahala txabola horietako batzuk etxe bihurtu dira. Mahastietan ere zaintzako kasetak izaten dira. Lursaila etxetik urrun dagoen neurrian leku horretan etxearen presentzia bat izatea eskatzen duen printzipio logikoaren ondorio da hori.