XII. ALTZARIEN MULTZOA: EGONGELA, LOGELAK ETA KOMUNA

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Egongelako edo jangelako hatuak

Altzariak

Oro har, jaso da iraganean jangela gutxitan erabilitako gela zela, zaindariaren jaietan, jai solemneetan eta familia gertakarietan, baina beti garbi eta ondo zainduta edukitzen zela. Batzuetan sukaldetik gertu egoten zen, hala beheko solairuan nola lehen solairuan, eta beste batzuetan, sukaldea behean zegoenean, jangela goian egon zitekeen.

Egiaztatu da, halaber, egongela edo jangela berdin izendatzen direla batzuetan, eta euskara hizkuntza nagusi duten herri batzuetan jangelari salea deritzola, egongela. Bi gelen arteko bereizketa geroagokoa da denboran, jangela bazkarietarako eta ospakizunetarako, eta egongela egoteko eta atseden hartzeko. Hala ere, leku askotan gela bakarra zegoen bi erabilera horietarako eta gaur egun halaxe jarraitzen du.

Oro har, egiaztatu da egongelak, antzina, ospakizun berezietarako jangelaren funtzioa zuela, jaietako, hiletetako zein ezteietako otorduetarako eta abar erabiltzen zela. Laurogeiko hamarkadako urteetatik aurrera, etxearen etengabeko berriztatzeak egin dira eta horrek eragina izan du etxeko espazioen funtzioetan.

Logelako hatuak

Oheak

Inkesta batzuetan, bereizketa egiten dute logela nagusiaren eta gainerako gelen artean. Logela nagusiaren kasuan, bi bikote bizi baldin badira etxe berean, senar-emazte nagusienen gelek, edo bi bikoteenek, altzari hobeak izaten dituzte.

Logeletan, birentzako oheak edo bakarkakoak egon zitezkeen. Iraganean oso soilak izaten ziren, lau hankaren gaineko tauladak, hondoa soka lodiz egindako sare batek osatua zutena, eta haren gainean artazorrozko lastaira, ehun zakarrezko zorroan sartuta. Lastairaren gainean, artilezko koltxoia ezartzen zen; haren gainean, ehunezko maindire bat, eta haren gainean, ohe-estalki bat, hura ere ehunean bildua. Oheburua artilezkoa izaten zen, ehunezko zorroarekin.

Inkestetan jasotako informazioaren arabera, informatzaileen oroimenean gordetzen diren oherik antzinakoenak burdinazkoak izan ziren, eta gero etorri ziren zurezkoak, itsasontzi tankerakoak eta beste estilo batzuetakoak.

Garbigela eta hango hatuak

Irola edo komuna

Iraganean, harik eta txorrotako ura iritsi zen arte, etxe gehienak komunik gabekoak ziren, eta behar fisiologikoei ukuiluan, simaurtegian, eskortan edo egurats zabalean erantzuten zitzaien.

Oro har, etxeko bainugeletan izandako aldaketen kronologia hau ezar daiteke: berrogeiko eta batez ere berrogeita hamarreko hamarkadetako urteetan, lehen komunak agertu ziren, osagai hauekin: komun-ontzia, konketa eta ispilua. Bainuontziak eta dutxak gero sartu ziren, hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetako urteetan. Bainugela osoak, hau da, komun-ontzia, konketa, xukadera-euskarria, bideta eta dutxa edo bainuontzia dutenak, laurogeiko hamarkadakoak dira.

Garbigela

Esan daiteke, oro har, gorputzaren goizeko garbiketa sukaldean egiten zela.

Musika-tresnak. Irratia, telebista eta teknologia berriak

Musika-tresnak

Herri askotan oroitzen da etxean eduki ohi zituzten musika tresnak pertsona nagusiek eskuz eginak izaten zirela, batez ere haurrek haiekin goza zezaten.

Oro har, esan daiteke, aipatutako kasu horietaz landa, etxe gutxitan egoten zirela musika tresnak, haiek jotzeko gauza zen jende gutxi zegoelako, harik eta gazteak musika ikasten eta kontserbatorioetara joaten hasi ziren arte. Antzina, gainera, ohikoa zen belarriz jotzea, abesbatzetarako tradizioa, organista bat edo musika irakasle bat zuten lekuetan izan ezik. Salbuespen izan dira udal banda zuten biztanleria handiko herriak, horietan, musika tresna gehiago edukitzeaz gain, solfeo eta musika ezagutzak baitzituzten.

Irratia, telebista eta teknologia berriak

Landa eremuko herrietan nahiko zabalduta dago lehenengo irratiak eta, batez ere, lehenengo telebistak parrokiako aretoetan edo gizarte-klubetan jarri zirela dioen datua; jendea leku horietara joaten zen ematen ziren programak entzutera eta ikustera. Inkestek jasotzen dute, halaber, Gerra Zibilean zehar jendea irrati baten ondoan biltzen zela gerrako parteak eta gatazkaren bilakaera jarraitzeko. Hasieran, familia aberatsek baino ez zuten irratirik, eta, ondoren, tabernek; aparatuak handiak ziren eta apal batean edo sukaldeko mahaiaren gainean kokatu ohi ziren, oihal batez edo errezelez estalita, ez zikintzeko. Informatzaileek diotenez, bi aparatu horiek laguntza handia eman zioten adin nagusiko jendeari eta etxetik irteteko zailtasunak zituztenei.

Telebistari dagokionez, komuna eta herri askotan jasoa da hirurogeiko hamarkadan ikusten hasi zela, etxeetan hirurogei eta hamarrekoan sartu zela eta koloretako telebista hurrengo hamarkadan zabaldu zela dioen datua.

Hasieran, telebista sukaldean ezartzen zen, familiak lehen, eta orain ere, kasurik gehienetan, denbora gehien ematen zuen lekuan; batzuek egongelan ezartzen zuten. Gaur egun, batez ere gune urbanoetako etxebizitzetan, hainbat irrati eta telebista egoten dira etxean sakabanatuta: sukaldean, egongelan, logelan. Inkesta batzuetan adierazten da egoera hori dela zabalduena gazte jendea bizi den lekuetan, gazteei beren gelan telebista edukitzea gustatzen baitzaie. Antzinako irrati batzuk dekoraziorako elementua dira gaur egun.