X. BEHEKO SUA, ARGIZTAPENA ETA SUKALDEA

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Beheko sua, supazterra

Historikoki, beheko sua familia unitatetzat hartu izan da erroldan. Gure ikerketa guztietan jasotzen den irudi bat da familia, gaur egungoa baino handiagoa, beheko suaren inguruan bilduta, hala otordua egiteko nola etxeko lan batzuetarako, hala nola josi, ehundu, aletu eta abar; zaharrenek txikienei ipuinak eta kondairak kontatzeko lekua ere bazen, eta arrosarioa ere han errezatzen zen.

Antzina, beheko suak zerbitzu asko eskaintzen zituen eta oso baliagarria zen. Beroa ematen zien etxeko biztanleei, janaria prestatzeko eta familiaren nahiz etxeko abereen elikagaiak berotzeko erabiltzen zen, eta han berotzen zen arropa zein pertsonak garbitzeko ura. Inkestetako datu komuna da adieraztea sukaldea dela etxeko gelarik garrantzitsuena. Zentzu hertsian, “beheko su” deritzo sua egiten den eta janaria prestatzen den sukaldeko lekuari.

Sukaldea, ezkaratza ere deitua leku batzuetan, etxeko gune nagusia izan da, hala landa eremuan nola gune urbanoetan, eta sukaldearen barruan paper garrantzitsua du beheko suak edo suak. XVI. mendearen amaieran jasotako esaera batek ondo islatzen du suak zenbaterainoko bizitza eman izan dion etxeari: Su bako etxea, gorputz odol bagea (Surik gabeko etxea, gorputz odolik gabea).

Etxeko suaren alderdi garrantzitsu bat tiroa da, hau da, airearen sarrera sua hauspotzeko eta kea ateratzeko. Konpontzen zaila den tentsioa sortzen da beroa mantentzearen eta tirorako behar den airearen artean. Beroa mantentzeko askotan suaren aurrean edo albo batean bizkar altuko aulki bat kokatu izan da, zizeilua, edo lekua babestu izan da hormatxo baxu batekin.

Ogi-labea

XX. mendearen erdialdean garia landatzeari utzi izanak, eta pixka bat geroago artoa landatzeari ere bai, gutxienez arto-ogia egiteko, eragin zuen etxeko labeak erabilerarik gabe gelditzea edo desagertzea aipatutako krisiaren ondorioz, eta jendea, garia erosi beharrean, okindegiei erosten hasi zelako.

Inkesta egindako herri askotan jaso den datua da orain dela hamarkada batzuk arte (XX. mendearen erdialdera arte) ia-ia etxe guztiek izan dituztela etxeko labeak edo ogitegiak ogia egiteko, eta egiaztatu da, halaber, horietako asko desagertu egin direla edo une bakanetan baino ez direla erabiltzen. Ogiak elikaduran zuen garrantziaren ondorioz izan zen hori, eta leku askotan ez zegoelako okindegirik edo, bestela, banaketa zerbitzua falta zelako komunikaziorako zailtasunengatik.

Etxeko argia

Iraganean, landa eremuetan batez ere, eguzki-orduei lotuago bizi zen jendea eta argi naturaleko orduak baliatzen ziren hala etxetik kanpoko nekazaritzako zein abeltzaintzako jardueretarako nola etxeko lanetarako. Horregatik, informatzaileek gogoan duten argiztapen modurik zaharrena da beheko suak eta sua itzali ahala sortutako txingarrek iluntzean emandako argiari esker lortzen zena. Hala, egiaztatu da herri askotan familiak suaren ondoan esertzen zirela lotaratzeko ordura arte, etxeko lan batzuk egiteko, otoitz egiteko edo berriketan aritzeko.

Sukaldea, ezkaratza

Deskribapen batzuen arabera, sukaldea leku ilun eta gaizki aireztatua izan zen iraganean. Hala, Abezian (A) jaso da espazio iluna zela, leiho bakarra zuela argiari sartzen uzteko, altzarietan ere urria, eta paretak keak belztuta egoten zirela. Mirafuentesen (N), sukaldea etxeko lekurik ilunenean egoten zen lehen, ia leihorik gabeko gela batean. Batzuen ustez, aukera hori egiten zen intimitatea izateko, auzokideek ez entzuteko etxeko gelarik garrantzitsuenean gertatzen zena. Gero sukaldeek jangelen lekua hartu zuten, eta horiek etxeko lekurik argitsuenak dira.

Erromantzatuan eta Urraulbeitin (N) jaso da sukaldeak ia beti leihoa duela fatxada nagusian, sarrerako atearen aldean. Horrek erraztu egiten du entzutea deitzen dutenean eta kanpora begiratzea nork deitu duen ikusteko. Bigarren leiho bat izan dezake beste fatxada batean, sukaldea etxearen mutur batean dagoenean. Artaxoan (N) dioten moduan, sukaldeko atearen atzean beti izan da, eta izaten jarraitzen da, arropak horretarako ezarritako iltzetan edo pertxetan zintzilikatzeko ohitura.

Donoztirin (NB), sukaldeak etxearen aurrealdeko espazio zabal bat hartzen du eskuarki, atartearen aldamenetako batean, fatxadan leiho bat duela, eta Saran (L) atartearen edo lorio deritzonaren ondoko leku bat hartzen du antzinako motako etxeetan. Ataunen (G), etxe askotan sukaldeaz gain, sukaldea, atarte bat dago, karrera deitutakoa, baserrietan lanabesak gordetzeko edo eskulanetarako tailer gisa baliatzen dena.

Orozkon (B), sukaldea, subetea, ukuiluaren maila berean egoten zen, beheko solairuan, eta zorua lokatz zapalduzkoa izaten zen. Erdiko solairuan zegoenean, eskuarki zurezkoa izaten zen, eta batzuetan harlauzazkoa. Gaur egun zorua buztin errezko, zeramikazko edo granitozko lauzaz estaltzen da.