XVIII. FAMILIA ONDAREA ETA HAREN TRANSMISIOA
Orrialde honetako edukia
- 1 Familia-ondarea. Ondasunak
- 2 Ezkontzarako emandako ondasunen jabekidetza. Dena biona
- 3 Testamentua egiteko askatasuna eta tronkaltasuna foru-erregimenean. Tronkaleko ondasunak
- 4 Testamentua eskubide komuneko erregimena duen lurraldean
- 5 Testamenturik gabeko oinordekotza
- 6 Seme-alabarik gabeko osabaren testamentua
- 7 Ahaide ez direnen aldeko testamentua
Familia-ondarea. Ondasunak
Familia-ondare kontzeptua
Familia-ondareak, hemen erabiltzen den esanahiarekin, etxea eta harenak direnak hartzen ditu. Landa-eremuan, antzina, ondare hori gurasoengandik seme-alabengana, gehienetan aitarengandik “etxerako” gelditzen zen semearengana edo alabarengana, osorik edo ahalik eta galera txikienarekin, eta hobetuta ahal izanez gero, pasatzeko ahalegina egiten zen.
Hala, Zeanurin (B), etxaguntzia deritzona zen familia-ondarea, etxea, soloak, mendiak; ondasunak, hau da, abereak, laborea eta basoak; baita lanabesak eta etxeko tresnak ere. Tradizionalki, ondasunak eta diruak bereizi izan dira. Antzina, ondasunek oniritzi sozial handiagoa zuten, baina gaur egun etxeko ondasunek eta haien ekoizpenek diruak baino estimazio apalagoa dute.
Ezkontzarako emandako ondasunen jabekidetza. Dena biona
Ohiko datua da ezkontideek jabekidetzan dauzkatela hala ezkontzarako emandako ondasunak nola eskuratutakoak edo irabazpidezkoak. Eskuarki ez zen ondasun-banantzerik egiten, familia dirudunen kasu bakanetan izan ezik, edo senar-emazteen ondasun komunen egoeratik aparte edukitzea interesatzen zen enpresa negozio bat zegoenean. Inkestetan jaso da azkenaldian ezkontzen diren bikote gazteak ondasun-banantze erregimenean ezkontzen direla kasu askotan.
Testamentua egiteko askatasuna eta tronkaltasuna foru-erregimenean. Tronkaleko ondasunak
Foru eskubideak kontserbatu diren lurraldeetan, Arabako Aiaraldean, Bizkaiko Lautadan eta Nafarroan, landa-eremuan, etxearen ondarea familiako enborrari lotuta dago, eta horrek behartzen ditu etxea eta haren kideak jatorrizko ahaide-lerroaren mende jarraitzera, hau da, odolkide den familiaren barruan. Testamentua egiteko askatasuna dago, baina lerro tronkalaren barruan. Murrizketa horren mende dauden ondasunei tronkaleko ondasun deritze.
Testamentua eskubide komuneko erregimena duen lurraldean
Foru erregimena aplikatzen ez den lurraldeetan, eskubide komuna dago indarrean, zeinak printzipioz ondarea seme-alaben artean zati berdinetan banatzea aurreikusten duen[1]. Ondorengotza testamentu bidez egiten da; ez ziren egiten foru lurraldeetan iraganean ezkontza hitzarmenetan oinordekoa izendatzeko maiz egiten ziren aurreikuspenak. Hala eta guztiz ere, landa-eremuetan familiako etxean geratzen zen semearen edo alabaren mesederako prozedurak zeuden.
Testamenturik gabeko oinordekotza
Inkesta egindako herri batzuetan, jaso da ez zela ohikoa bi ezkontideetako bat hiltzea senar-emazteek testamentu-aurreikuspenak jasotzeko testamenturik edo ezkontza hitzarmenik egin gabe. Informatzaileek testamenturik gabeko oinordekotza gutxi dituzte gogoan. Egoera horietan, aplikatzeko moduko printzipio orokorra zen zati baliokideetan banatu behar zela herentzia seme-alaben artean; hori da inkestek jasotzen duten datua. Hala ere, leku batzuetan ihesbideak ezagutzen eta aplikatzen ziren familiaren etxea eta haren ondasunak banatu beharra eragozteko, eta, horri esker, familiaren ondareari zatiketarik gabe eusteko, ezkontza hitzarmenen eta testamentu bidez egindako oinordekotzetan gertatzen zen bezala.
Seme-alabarik gabeko osabaren testamentua
Abezian, Pipaónen, Erriberagoitian, Gaubean (A); Zornotzan, Andrakan, Bermeon, Zeanurin (B); Beasainen, Berastegin, Hondarribian, Legazpin, Oñatin, Orexan, Zerainen (G); Allon, Obanosen, San Martin Unxen, Zangozan eta Erronkaribarren (N) jaso da seme-alabarik gabeko osabak, eskuarki, etxearen eta/edo ondasunen oinordeko izendatzen duela berarekin bizi izan den eta zahartzaroan bera zaindu duen iloba edo, batzuetan, berarekin etxean bizi izan den arreba edo anaia ezkondu gazteagoa. Iloben artean, seme pontekoak neurri bateko lehentasuna zeukan oinordeko izendatua izateko. Zerainen (G) adierazi dute osaba ezkongabeak oroitzapen bat uzten ziela beste iloba eta seme edo alaba pontekoei ere.
Ahaide ez direnen aldeko testamentua
Inkesta egindako herri batzuetan jaso da ez dela ohiko fenomenoa familiako zirkulutik kanpokoak diren edo ahaide ez diren pertsonen aldeko testamentua egitea. Zeanurin (B) gogoan dute tronkaleko ahaideek foru zuzenbidean tronkaleko ondasunei dagokienez duten atzera-eskuratze eskubidearen agindua. Ez ziren egiten ondasun higiezinen testamentuak, aurretik likidatu ezean.
Ahaide ez diren pertsonen aldeko testamentua egindako kasuak jaso dira. Hala, Pipaónen (A) eta Obanosen (N) ezagutu dira familiatik kanpoko pertsonen aldeko testamentuak, testamentugilea zahartzaroan eta gaixorik zegoenean zaindu izana eskertzeko.
Iraganean ere egiten ziren ongintzako edo Elizako erakundeen aldeko testamentuak. Ondoren adibide batzuk ematen dira: Abezian (A), apaizen eta erlijiosoen artean ohikoa izan da ondasunak ez uztea familiari, ordena erlijiosoari baizik, edo mezak emateko, bestela. Erriberagoitian (A), Elizaren aldeko testamentua egin duten seme-alabarik gabeko senar-emazte batzuen kasuak ezagutu dira.
- ↑ Gipuzkoan, izaera orokorrez, 1999tik aurrera aldatu egin da landa-eremuko herentzia sistema, eta landa-ustiapena seme edo alaba bakar bati dohaintzan emateko edo herentzian uzteko aukera dago, gainerakoak herentziatik aparte utzita. Araban, foru erregimena aplikatzen jarraitzen da Aiaraldean.