II. ETXEAREN HARREMANA LURZORUAREKIN, KLIMAREKIN ETA JARDUERAREKIN

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Etxea eta haren ingurua

Kapitulu honetan, lurzoruak eta klimak etxe tradizionalen eraikuntzan izan duten eraginaren berri ematen da. Aztertzen diren gaien artean daude: lurzoruaren izaera, zeinak ez duen zimenduen sakontasuna soilik baldintzatzen, baita etxea eraikitzeko erabilitako harri mota ere; lurpeko ura; erliebea; aurkako baldintza klimatikoen aurreko defentsa; eta, azken batean, klimak eraikitzeko moduan izan duen eragina.

Etxeak eraikitzeko orduan, aintzat hartzen ziren landutako lurren gertutasuna, orientazioa, haizeetatik babestutako lekua izatea eta ura gertu izatea. Lurrik emankorrenak landaketarako gordetzen zirenez, etxeak leku harritsuago eta laborantzarako moldakaitzagoetan eraikitzen ziren.

Etxearenak ziren lursailei dagokienez, etxe bakoitzak bere ondoan lurra izatea jotzen zen egokitzat, kontsumo propiorako eta animaliak bazkatzeko barazkiak lantzeko. Abeltzain baten ikuspuntutik, egoera ideala zen lursail osoa etxearekin eta aldameneko eraikinekin batera zati bakarrean kontzentratuta izatea, lursaila laua edo gutxienez ondulazio handirik gabekoa izatea, behar adinako sakontasuna izatea baina putzurik ez sortzea, hegora begira egotea eta inoiz ez iparrera, ur-emari batek zeharkatzea edo iturburuz hornitua egotea, eta aziendari itzala emateko zuhaitz batzuk izatea (Karrantza Harana-B).

Etxearen harremana klimarekin

Iragandako garaietan, etxe bat eraikitzerakoan, oso kontuan hartzen zen bertako klima. Ez da ahaztu behar antzina ez zirela ezagutzen gaur egun erabiltzen diren material isolatzaileak, eta batzuetan ez zutela leihoak ixteko kristalik izaten.

Baldintza klimatikoak etxe baten egitura osatzen duten elementu ia guztiei eragiten zieten, bereziki kanpoaldekoei, pertsonek, eta kasu askotan animaliek, okupatutako bizitegia isolatzen zutenei.

Horrez gain, ohikoa izan zen, iragandako garaietan, etxe bakartuen inguruan zuhaitzak landatzea, etxea, batez ere teilatua, haizearen erasoetatik babesteko eta udan itzala emateko. Xede horrekin, espezierik baloratuenak hosto iraunkorrekoak izan dira, hala nola, artea eta ereinotza.

Etxea eta bizilagunen jarduera

Etxeak ere beren bizilagunen premietara egokituta egon dira. Horrela, oso normala izan da etxearen egitura laborantza-jardueretara egokituta egotea, horiek izan baitziren zabalduenak aztertutako eremuan. Eta etxeen barruan eragina izan du lan-jarduerak; abeltzain baten etxea ez da nekazari batena bezalakoa izan.

Jabeen artisau-jardueretara ere egokituta egon dira etxeak. Eskuarki, horiek beheko solairuan egiten ziren. Herri eta hiri askotan, hala etxe bakartuen nola etxebizitza-blokeen kasuan, zapatarien, errementarien, arotzen eta gisakoen merkataritza- eta artisau-establezimenduak, kasino-kafetegiak eta abarrak etxearen beheko solairuan kokatuta zeuden; beste kasu batzuetan, atondo edo ezkaratzean, bebarruan edo ukuiluan, eta batzuetan are eraikin erantsi batean edo lehen solairuan ere. Orobat gertatzen zen beste lanbide batzuekin, hala nola jostun, sastre, ile-apaintzaile eta abar, nahikoa baitzuten etxeko edo beheko solairuko gela bat beren lana egin ahal izateko. Profesionalek, mediku, abokatu eta gisakoek, bizi ziren solairuko gela bat edo batzuk egokitzen zituzten beren lana egiteko. Horrenbestez, lanbideei edo artisau-jarduerei lekua ematen zieten etxe horiek gainerakoekin alderatuta zituzten berezitasunak gehiago zegozkion barrualdearen banaketari, kanpoaldeari baino.

Nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduera

Atal honetarako, Orexa (G) herriari dagokion informazioa hartu dugu adibidetzat. Hemen, hiru helburu izan dira etxea eraikitzerakoan: familiarentzat bizileku izatea, animaliak babestea ukuiluan eta belarra biltzea sabaigain edo ganbaran. Iparralderantz begira, gela itxi bat zeukaten; baina orientazioa ekialderantz izanez gero, irekiak ziren beti, eta belarra sartutako modu berean geratzen zen. Ganbarara zuzenean sartzen zen kanpotik, belarra errazago sartu ahal izateko.

Merkataritza-jarduera

Izaera urbanoagoa duten herri eta hirietan beheko solairuaren eta goiko etxebizitzaren arteko bereizketa igartzen da; lehena, merkataritza- eta artisautza-jardueretara bideratzen da; bigarrena, bertan bizitzeko da, baina familia bat baino gehiagorentzat du lekua.

Gaur egungo egokitzapenak

Etxeek beren funtzio tradizionalak galdu ahala, aldaketak izan dituzte beren egituretan, garai berrietara egokitzeko. Ohikoa da baserrietan inor ez bizitzea eraiki ziren garaiko beharrizanekin eta zereginekin, eta, horregatik, eraldatu egin dituzte, ikuspegi modernoz.

Abeltzaintza neurri handi batean alboratu izanak ukuiluaren espazioa libre utzi du, baita ganbararena ere. Familiak zeregin horiei eutsi arren, joera nagusia azienda ukuilutik ateratzea izan da, higiene- eta erosotasun-arrazoiengatik, eta kasu horietan ere barruti hori libre gelditu da. Beste zeregin batzuetara egokitu da orduan espazioa, tailer gisa, autoarentzako eta bestelako ibilgailuentzako garaje gisa, eta askotan espazio habitatu gisa.

Ukuilua, bere zabaltasunagatik txoko edo mahaiaren inguruko biltoki ere bihurtu da. Antigoaleko etxeetan, aldaketa asko izan ez dituztenetan, berogailuaren galdarak eta gasolio-deposituak jartzeko baliatu da.

Nafarroan jaso denez, nahiko zabaldua egon da, dolareak erabiltzeari utzitakoan, zenbait urtez aletegi edo trasteleku gisa erabiltzea, eta azkenean desagertzea, biltegi, garaje, denda edo taberna bihurtuta.

Eranskina: Ekoizpenaren eragina baserri motaren arabera

Alberto Santanak, Bizkaiko baserri motak aztertzean, adierazi du horien dibertsitatea ez dela arrazoi klimatikoen edo jatorri desberdinetako eraikuntza-materialak erabiltzearen ondorio, baldintza horiek oso antzekoak baitira lurralde osoan, tokian tokiko eraikuntza-tradizioen eta arlo batzuetako ekoizpen-espezializazioaren ondorio baizik. Ekoizpenak aldatuz joan direnez mendeek aurrera egin ahala, hori etxean islatu da, eta horren emaitza baserri moten metaketa da.