Sarrera

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:

Aurkezten dugun lan honetan, Etxe eta Familia tradizionalak ikertzen dira; hau da, familia baten bizileku den etxea, batez ere nekazaritzaren eta abeltzaintzaren esparruan jarduten due­na. Liburukia Atlas Etnográfico de Vasconia bilduma osatzen dutenetako bat da; bilduma horrek kultura tradizionala sortzen duten gertakizunak sistematikoki erregistratzea du helburu. Proiek­tu honetan, beste zenbait liburuki argitaratu dira aurretik: La alimentación doméstica (1990, bired. 1999), Juegos infantiles (1993), Ritos funerarios (1995), Ritos del nacimiento al matrimonio (1998), Ganadería y pastoreo (2000) eta Medicina popular (2004).

Liburuki bakoitzean, Atlasaren plangintza deskribatzen da, baita ikerketan erabilitako meto­dologia eta bildutako materialak jorratzeko metodologia ere. Kontuan hartuta liburuki bakoitza unitate bat dela, kontzeptuetako batzuk garatu egingo dira.

Atlas Etnografiko bat egiteko proposamena

José Migel de Barandiaran (1889-1991) izan zen Atlas etnografiko honen sortzaile, jagole eta sustatzailea. XX. mendeko lehen hamarkadetan hasi zuen euskal etnografiaren jarduna. 1968. urtean, Arte eta Ohitura Herrikoien I. Biltzarra antolatu zen Zaragozan, eta, zientzialarien bile­ra hartan, Bosquejo de un Atlas Etnográfico del Pueblo Vasco[1] izeneko komunikatua aurkeztu zuen. Euskal esparruan ordura arte egindako ikerketa etnografikoen inbentarioa zen, eta horien balantze kritikoa ere biltzen zuen.

Urtebete geroago, 1969an, hiri berean, Aragoiko Ikerketa Folklorikoen V. Jardunaldietan, bes­te txosten bat aurkeztu zuen: Criterios generales para una investigación etnográfica de los Pueblos Pirenaicos[2]. Horrekin batera, galdera-sorta etnografiko bat ere aurkeztu zuen, Europako Etnologia Biltzarrak 1965ean egindako planaren arabera moldatua.

Bi eduki horien puntu nagusiak labur-labur jasota daude jarraian:

1. Jasotzen dugun material etnografikoa ez da guregana heldu diren tradizio herrikoietara soi­lik mugatu behar; zabaldu egin behar da, eta mundu osoko leku guztietatik iristen zaizkigun bizipen eta esperientziak hartu behar ditu bere barnean, euskal komunitateak onartu eta txertatu egiten baititu.
2. Ordura arte argitaratutako azterlan eta ikerketa asko gertakizunen deskribapen estatistikoak eta morfologikoak baino ez ziren. Horiek izen bihurtzea eta modu objektiboan hartzea dakartzan arriskuez ohartarazi zuen; izan ere, modu horretan, giza tes­tuingurutik isolatzen dira eta benetako errealitatea kentzen diete.
3. Kultura behar bezala ulertzeko, ez da nahikoa ikurrak behatzea; horiek adierazten duten errealitatea bizi behar da. “Etnologian, bizi izan ez den hori ez da egokiro adigarria”.
4. Ondorioz, objektuaren des­kribapena ez da deskribapen estatiko hutsa izan behar; elementu bakoitzak esangura sozial bat dauka, gizatiartuta dago eta esanahi kulturala dakar. Ikerketa etnologikoetan zein histo­rikoetan, ez da galdu behar ikusezinaren nagusitasuna interpretazio irizpide gisa.
5. Ikerke­ten argitalpenek jasotako materialaren bizitasun indizea edo herrian duen onarpen maila jaso behar dute idatziz, eta kultura elementuek herrialdean edo haratago betetzen duten aplikazio esparrua adierazi behar dute.
6. Euskal Herrian ikerketa behar duten gune asko dago oraindik. Teknologia berriak bizimodu tradizionalak deuseztatzen ari dira. Horiek ahaztu gabe, aurreko faseak zaindu egin behar dira.
7. Herri baten jakintza osatzeko, ulertu behar da norbere kulturaren elementuek nola moldatu dituzten jokaera dela-eta nabar­mendutako pertsonak.
8. Ondorio gisa, Barandiaranen iritziz presazkoa zen ikerketa etno­grafikoan prestakuntza zuten taldeek datuak bilatzeko lan metodikoa egitea. Lana eskualde guztietako udalerrietan egin behar da, bakoitzean herritarren bizitza kulturalaren oinarriz­ko ezaugarriak biltzen dituen monografia ulergarria lortu arte.

Etniker proiektua

Atlas etnografikoaren proiektua abian jartzeak, hasteko, Baskonia edo Euskal Herri osoan zehar sakabanatutako pertsona talde bat sortzea eskatzen zuen. Hain esparru zabala hartzeko, lurraldeen eskualde-egitura edukitzea komenigarria zela erabaki zen. Barandiaran bera Nafa­rroatik hasi zen; izan ere, bertako unibertsitatean Euskal Etnologiaren katedraren ardura zuen. Era horretan, 1969an Etniker Navarra taldea sortu zen, aipatutako unibertsitateko Arkeologia Sailari lotuta. Etniker Jose Migelek sortutako terminoa da, eta “ikerketa etnografikoa” adierazten du. Taldeak hainbat lurraldetan finkatutako erakundeei atxikitzea komenigarria zela adostu zen.

Lehen talde horretatik gainerakoak sortu ziren. 1972an, Etniker Gipuzkoa jaio zen, Donostia­ko Aranzadi Zientzia Elkarteari atxikia. Urtebete geroago, 1973an, Etniker Bizkaia sortu zen, Labayru Ikastegiko Etnografia Sailaren babesean. Urte berean, Etniker Araba ere sortu zen; hasieran, Gasteizko Iradier Sozietatearen inguruan, eta, geroago, Arabako Etnografia Semina­rioaren inguruan. Baionako Association Lauburu elkarteari lotuta, Etniker Iparralde sortu zen 1986an; Talde honek Pirinio Atlantikoetako departamendu frantziarreko euskal lurraldea hartzen du.

Taldeak landa-ikerketarako prestakuntza metodologikoa duten pertsonaz (gehienak unibertsi­tate ikasketadunak) osatuta daude. Talde bakoitzeko ikertzaileak eskualdeko arduradun batek koordinatzen ditu.

Barandiaranek Etniker proiektuaren nondik norakoak azaldu zituen, 1976an Etniker taldeek Aralarko santutegian (N) elkarrekin egin zuten bilera orokorrean. Euskal gizartearen kultura tradizionalaren eta horren bilakaeraren ikerketa zen. Lana XX. mendeko hamarkadan hasi zen, baina 1964an berrartu zuten gaur egungo izenarekin eta metodologia berriarekin, Nafarroako Unibertsitateko Euskal Etnologia katedraren osagarri gisa, Vianako Printzearen Erakundearen babesean.

Estrategia etnografikoa

Etniker taldeek ikerketa etnografikoetan erabilitako estrategiak honako eskema honi jarraitzen dio:

1. Lana udalerrian jaio edo bertan bizi den ikertzaile batek egiten du. Horrek ikerketa errazten du, izan ere, jasotako esperientzia asko ikertzaileak berak bizi izan ditu, eta badaki zeintzuk diren galderak eta horiek nola egin.
2. Ikertzaile guztiak metodologia eta galdera-sorta bere­ra atxikitzen dira.
3. Udalerriko hizkuntza eta euskalkia ezagutzeak lekukoengana hurbiltzea eta jasotako datuak zuzen interpretatzea errazten du; izan ere, materiala biltzeaz gain, horien esan­gura kulturala bilatzea eta interpretatzea ere beharrezkoa da.
4. Jasotako datuak informatzaile­en memoria heltzen den arte iristen dira; beraz, datuok lekuko nagusienen aurreko bi belau­naldietara egiten dute atzera. Era berean, duela gutxi jazotako trantsizio eta aldaketak, edo lan­da-ikerketa egiteko orduan gertatutakoak jasotzen dira idatziz.
5. Eskualdeko taldeen bileretan, datuak bateratu egiten dira, horiek egiaztatzeko eta ikuspuntua egokia den ziurtatzeko.

Galdera-sorta etnografikoa

Etniker proiektuko ikerketaren ezaugarri garrantzitsuetako bat honako hau da: proiektuan dihardutenek galdera-sorta eredu bera erabiltzen dute inkestatutako pertsona guztiekin.

Galdera-sortaren izenburua ondoko hau da: Guía para una encuesta etnográfica. Barandiaranek egin zuen, eta Etniker proiektuko beste hainbat ikertzailek ere erabili izan dute beste lurralde batzuetan.

850 galdera biltzen ditu, bederatzi kapitulu nagusitan banatuta:

0. Udalerri edo herrien datu geografikoak.
1. Etxeko taldea: Etxea. Etxeko elikadura. Jantziak. Familia. Senar-emazteen arteko harremanak.
2. Etxeko taldearen erabilerak: Altzariak. Atsedena eta garbiketa. Helduen jolasak eta haurren jola­sak. Gaixotasunak eta botikak. Bizitza erlijiosoa. Igarobide-errituak: jaiotza eta bataioa, ezkongai­harremana, ezkontza eta ezteiak, heriotza.
3, 4, 5 eta 6. Ekintza taldeak: Abeltzaintza eta artzaintza; Nabigazioa eta arrantza; Nekazaritza­ustiapena; Artisautza eta askotariko lanbideak, hurrenez hurren.
7. Lurralde eremua: Auzokoak eta herria. Zuzenbidea eta konstituzio herrikoiak.
8. Kulturizazioa: Etxea. Eskola. Erlijioa. Gurtza. Jaiak. Egutegi herrikoia. Arteak. Sineskeriak. Kondairak eta ipuinak.

9. Biografia etnografikoak: Datu pertsonalak. Prestakuntza. Bizi-maila. Harreman sozialak. Inkes­tatutakoaren estatusa. Aldaketa kulturala.

Ikerketen plangintza

Etniker Euskalerria taldeak 1976an hasi ziren era koordinatuan lanean, eta, 1987an, lan-plana birformulatu zuten eta berrantolatu egin ziren. Horretarako, Idazkaritza Tekniko bat sortu zuten. Idazkaritza Teknikoa landa-ikerketak koordinatzeko eta liburukiak idazteko arduraduna da. Idazkaritzaren ardura Labayru Ikastegiko Etnografia Sailak dauka. Egoitza Derion (Bizkaia) dago, eta lana egiteko langile prestatuak ditu. Lagungarri gisa, euskal gaien inguruko liburutegi orokor handia dauka, 60.000 liburu ingurukoa, eta beste liburutegi bat, 3.000 liburu ingurukoa, antropologian eta etnografian espezializatua.

Etniker taldeek batzar orokorra egiten dute urtero. Besteak beste, jarraituko duten ikerketa­plana finkatzen dute, eta hori bat dator aurretik aipatutako galdera-sorta orokorreko gai bate­kin.

Ikerketa-plana unean-unean bete izan da: 1988an, etxeko elikadura landu zen; 1989an, haur jolasak eta abestiak; 1990 eta 1993 bitartean, igarobide-errituak, bi atal handitan banatuta: bizitzako errituak, jaiotzetik ezkontzara, eta hileta-errituak. 1994an herri medikuntza landu zen.

Zazpi urteko proiektu hori bukatu ostean, lantzeke zeuden gaien planifikazio berria adostu zen, eta honako programazioaren arabera egituratu zen: 1995ean, jantziak landu ziren; 1996an eta 1997an, abeltzaintza eta artzaintza; 1998an, etxea; 1999an, etxeko altzariak eta arreoa; 2000n eta 2001ean, familia eta ahaidetasuna; 2002an eta 2003an, nekazari-bizimodua eta, 2004an, nabi­gazioa eta arrantza.

2004an eta 2005ean, landa-ikerketak egin ziren artisautzaren eta beste lanbide batzuen espa­rruan; 2006an eta 2007an, auzokoen esparrua landu zen; 2008an, zuzenbidea eta konstituzio herrikoiak, eta, 2009an, kulturizazioa. 2010ean eta 2011n, tradiziozko egutegi herrikoia lantzen ari dira, ohitura eta tradizio erlijioso eta zibilen atalaren barruan.

Euskal Herriko Atlas Etnografikoa osatuko duen lanaren plan orokorra honako hau da:

1. Etxea eta altzariak. Familia eta ahaidetza (2011n argitaratua).
2. Etxeko elikadura. (1990ean argitaratua, eta 1999an zuzendua, osatua eta berrargitaratua).
3. Jantziak.
4. Herri medikuntza (1994an argitaratua).
5. Haur jolas eta abestiak (1993an argitaratua, 2005ean berrargitaratua).
6. Abeltzaintza eta artzaintza (2001ean argitaratua).
7. Jaiotzatik ezkontzara bitarteko errituak (1998an argitaratua).
8. Hileta-errituak (1995ean argitaratua).
9. Nekazaritza eta arrantza.
10. Herri albaitaritza.
11. Lanbideak eta artisautza.
12. Auzokoak, herria, zuzenbidea eta ohiturazko erakundeak.
13. Herri erlijioa eta jai egutegi tradizionala.
14. Kondairak, ipuinak eta mitologia.
15. Kartografia. Glosarioak. Askotariko aurkibideak.

Landa-inkestak eta lanaren edukia

Atlas etnografikoa osatzen duten lanak eduki bakoitza aztertzen ari diren hirurogei bat herrie­tan egindako landa-inkesten emaitza da funtsean. Ekarpen horrek ematen dio originaltasuna argitalpenari.

Liburuki honetan landa-etxe tradizionala aztertzen da nagusiki, albo batera utzi gabe beste esparruren bat, esaterako, hiribilduak edo kostaldeko herriak, eta bertako lanabesak eta altza­riak; aldi berean, bertan bizi zen familia eta familia arteko harremanak ere aztertzen dira libu­rukian. Hau da, eraikina familia baten etxe eta sutondo gisa ikertzea da lehentasuna, eraikina­ren eraikuntza-, arkitektura- eta apaindura-analisiaren aurrean.

Ikertutako esparruan, landa-etxe horrek oso ezaugarri desberdinak izan ditzake klimaren, altueraren, arduraldiaren eta populatze-sistemaren arabera. Euskal Herriko Atlantikoko isurial­dean, etxea isolatuta eta bere lurrez inguratuta egon daiteke, eta Mediterraneoko isurialdeko eskualdeetan, aldiz, herrigunean egoten da eta soro landuak etxebizitzatik urrun egon ohi dira.

Casa y familia en Vasconia izeneko lan honek lurralde osoko 87 herritan jasotako informazioa biltzen du. Herri horietako 14 Araban daude; 16, Bizkaian; 17, Gipuzkoan; 27, Nafarroan, eta 13, Euskal Herri kontinentalean.

Euskal Herriko lurralde guztiak ordezkatuta daude, eta, era berean, lurralde bakoitzean eskualdeetako berezitasunei arreta emateko saiakera egin da: mendia, lautada, kostaldea. Horri dagokionez, lanaren laugarren atalak eskualdeko etxe-moldeak deskribatzen ditu. Hogeita hamar baino gehiago daude lurralde guztietan.

Giza eta natura baliabideak lantzen dituen atalak lan egin den lekuen geografia fisiko eta humanoak ere jasotzen ditu, eta herriak kokatu diren mapa irudi gisa ageri da sarrerako atal honetan bertan.

Ikerketak Guía para una encuesta etnográfica gidaliburuan deskribatutako inkesta-ereduari jarrai­tu dio. Liburuki hau egiteko honako galdera hauen erantzunetan jasotako datuak erabili dira: Etxeko Taldearen lehen atalean, etxeari buruzkoak (11tik 36ra), familiari buruzkoak (105etik 121era) eta senar-emazteen arteko harremanei buruzkoak (122tik 133ra); eta Etxeko Taldearen Erabileren bigarren taldean, etxeko altzariei buruzkoak (1etik 14ra).

Galdera-sortak jarraitu beharreko pausoak adierazten ditu, baina inkestatzaileak galderen enuntziatutik haratago joan behar du. Herriko bizimodua behatu behar du, berriemaileekin harremanetan egon behar du, eta jasotako datuak aztertu eta egiaztatu behar ditu. Datu horiek eta bere esperientzia erabilita, memoria etnografikoa idatzi behar du. Lana idatziko dutenek ahalik eta ondoen erabili dezaten, komenigarria da inkestako galderen ordenari jarraitzea. Barandiaranek behin eta berriro errepikatu zuen gertakizunak ezin direla aldez aurretik ezarri­tako galdera-sorten menpe egon; izan ere, giza errealitateak gure interpelazioek baino dimentsio handiagoa dauka.

Ordain gisa, era horretan lortutako informazioak lana osatzen duten testuak idaztea zailtzen du, baina, bestalde, edukia aberastu egiten du, ikuspegia zabaltzen duten ekarpen pertsonalen bitartez.

Ikertutako edukia eta egindako aldaketak

Gure ikerketak etxe eta familia tradizionalen azterketan jartzen du arreta. XX. mendeko biga­rren erdialdean gertatutako aldaketa sakonak, mende horretako azken hamarkadan eta XXI. mendeko lehenengoan areagotu zirenak, jasotzen ditugu. Laneko ataletan, gainetik bada ere, aldaketa horiek aipatzen dira, askotan, aldaketari buruzko titulu batekin.

XX. mendearen hasieratik landa-etxea neurri handi batean bere burua hornitzen zuen unita­te ekoizlearen izaera galduz joan zen. Gerra Zibilaren (1936-1939) ondoko urteetan, elikagaien urritasuna zela-eta, berpiztu egin zen nekazaritzaren eta abeltzaintzaren bidez lortutako ekoiz­penaren arrakasta. Berrogeiko hamarkadatik laurogeiko hamarkadara, murriztu egin zen landa­inguruan bizitzen eta lan egiten geratu ziren pertsonen kopurua. Produktuen salmenta ziurta­tuta zegoen, inguruko hiriguneetako eta gune industrialetako eskaria zela-eta.

Estatu espainiarra Europako Ekonomia Erkidegoan (1986) sartu zela-eta, hainbat aldaketa sor­tu ziren landa-esparruan, eta horiek areagotu egin dira merkatuen prozesu globalizatzailearekin. Ekoizpen txikiko unitate gehienak desagertuz joan dira pixkanaka-pixkanaka, horien lan-modua ez baita errentagarria eta ekoizpena ez baita interesgarria egungo merkataritza motentzat. Feno­meno hau ohikoa izan da Europan.

Zailtasunak gainditu dituztenek espezializaziora jo behar izan dute eta esportazioen neurria handitu behar izan dute. Kasu batean zein bestean, etxeak dagoeneko ez du antzinako funtzioa betetzen; lehenengo kasuan, bizilagunek ez dutelako nekazaritzan jarduten; bigarrenean, etxe­tik animaliak eta lanerako bestelako elementuak atera behar izan dituztelako eta pabiloi han­diagoak eraiki behar izan dituztelako[3].

Eraiki zituzten garaiko funtzioa galdu ostean, etxeek berritze prozesu orokorra izan dute, eta estetika- eta bizigarritasun-irizpide berrietara egokitu dituzte; etxebizitza hiritarren estiloa nabar­men ezarri da.

Aldi berean, aldaketa handiak izan dira landa-eremuen populatzean. Azken garaian jendea landa-eremura itzuli dela nabari da; alde batetik, aurreko hamarkadetan hirira joandakoak, eta, bestetik, “benetako” leku batean bizitzeko asmoa duten hiritarrak. Askok baserri tradizionalak imitatzen dituzten eraikinak egin dituzte, baserri horien idealizazio hutsa baino ez badira ere. Autore batzuek folklorizazio izena eman diote horri.

Frantziako Euskal Herriko kostaldeko turismoaren eskariari erantzuteko, H. Gordadge bezalako arkitektoek eredu neoeuskalduna (bi isurkiko txalet zuritua, gorriz edo berdez pintatutako zurgin tza, bilbadura faltsuak, teilapeko leihoak, etab.) asmatu zuten, baserri tipikoaren eredu folkloriko bate­ratu gisa. Milaka baserri eta hotel neoeuskaldun eraiki zituzten, eta prestigioaren eredu bihurtu zituzten. Euskal esparruko eraikuntza berrien eta berriztapenen eredu izan ziren[4].

Esan dugun bezala, liburuki honek unean-unean baino ez ditu jorratzen mota horretako alda­ketak; izan ere, lanaren helburuetatik kanpo geratzen den ikerketa eskatzen dute. Gauza bera esan genezake honako gaien inguruan: familia, familiaren egitura, familia arteko harremanak, senar-emazteen arteko harremanak eta ondarearen besterentzearen aldaketak. Atalez atal, ekoiz­pen-bide tradizionalei lotutako familia zabalari dagozkion aldaketa horietako batzuk zerrendatzen dira; hori lantzen dugu hemen xehetasunez. Hala eta guztiz ere, XIX. atalaren amaieran, familiak eta ohiturek izandako eraldaketaren inguruko atal bat ere badago.

Lanak bi gai handi jorratzen ditu: etxea eta familia. 21 atalez osatuta dago: 16 etxeari buruz­koak dira, eta 5, familiari buruzkoak; horrez gain, sarrerako atala ere badauka. Lehen zatian, ondoko gai hauek aztertzen dira: etxea eta lurraldea, etxearen egitura, etxea eta etxeko altzariak, etxeko eraikuntza osagarriak eta etxearen inguruko sineskeria eta errituak. Familiari buruzko atalek gai hauetan jartzen dute arreta: familia arteko harremanak, familia-ondarea eta eskual­datzea, familiaren bizitza eta ohorea.

Lana egiteko behar diren materialak

1998 eta 2001. urte bitartean egin ziren landa-ikerketetan jasotako materialek egin diote ekar­penik handiena lanari. Izan ere, esan dugun bezala, galdera-sortako hiru gai garrantzitsurekin bat datoz: etxea, etxeko altzariak, eta familia eta familia arteko harremanak.

Etniker proiektuaren ikerketa partzialak lurralde guztietan argitaratu ziren Atlaseko liburuki bakoitza argitaratu aurretik. Proiektuak aldizkari hauetan argitaratu ziren: Cuadernos de Etnolo­gía y Etnografía de Navarra, Anuario de Eusko Folklore, Etniker Bizkaia, Ohitura eta Bulletin de Musée Basque de Bayonne.

Ikertzaileetako batzuek inkestatutako herrietako monografia etnografiko osoak argitaratu dituzte. 1980an, Francisco Javier eta José Ángel Zubiaur anaiek San Martín de Unxen (N) mono­grafia argitaratu zuten, eta, 2007an, berrargitaratu egin zuten; Luciano Lapuenteren Las Amés­coas lana 1990ean argitaratu zen; Jesús Ruiz de Larramendiren Aguraingo (A) ikerketa etnogra­fikoa 1994an argitaratu zen; 1998an, José Zufiaurreren Beasaingo (G) ikerketa argitaratu zen; eta 2002an eta 2003an, Antón Erkorekaren Bermeoko (B) ikerketa.

Euskal Herriko Atlas Etnografikoa egiteko material etnografikoak biltzeko hasierako planean, Etniker taldeek ikerketak egin zituzten elkarrekin 1983. eta 1987. urteen artean. Ikerketok Eus­ko Ikaskuntzaren Jose Migel de Barandiaran bekak lortu zituzten. Argitalpen hauengatik jaso zituzten bekak: Contribución al Atlas Etnográfico de Euskalerria. Investigaciones en Bizkaia y Gipuzkoa (1987), Contribución al Atlas Etnográfico de Vasconia. Investigaciones en Álava y Navarra (1990), Con­tribution à l étude ethnographique de la mort en Pays Basque Nord (1997).

Liburuki hau zein aurrekoak idazteko, Etniker proiektuan egindako landa-lanetako ekarpenak hartu dira kontuan. Lan horiek Barandiaranen galdera-sorta etnografikoari jarraitu diote.

Argitalpen hau osatzeko Etniker proiektutik kanpo kontsultatu eta erabili diren beste material etnografikoak orri-oinetako oharretan daude jasota, eta bibliografian ere agertzen dira.

Euskal Herri kontinentalerako, landa-inkestez gain, Barandiaranek berrogeiko eta berrogeita hamarreko hamarkadetan egindakoak ere erabili ditugu. Inkestak Saran (Lapurdi), Donoztirin, Heletan, Uharte-Hirin (Nafarroa Beherea) eta Liginagan (Zuberoa) egin zituen. Ikerketa horiek Ikuska eta Anuario de Eusko Folklore aldizkarietan argitaratu ziren. 2000. urtean, Barandiaran Fun­dazioak Bosquejo etnográfico de Sara monografía argitaratu zuen, eta laister argitaratuko dituzte Uharte-Hiri eta Liginaga herrietakoak.

Etniker proiektuak hainbat kanpaina eman zituen giza establezimenduak ikertzen aurreko men­deko hogeiko hamarkadan. Orduan ere eraldaketak nabaritzen ziren, adibidez, zurezko egiturak (batez ere itxiturak) apurka-apurka harrizko edo adreiluzko egiturekin ordezkatzea, edo beste toki batzuetako materialak erabiltzea, herria eraikitzen zen inguruko material tradizionalak ordezkatzeko. Inkesta horiek eta ordutik eta laurogeiko hamarkadara arte noizean behin egin izan diren inkestek lan-metodologia berari jarraitu diote. Babes eta osagarri gisa erabilgarriak izan dira, eta azken ikerketa-kanpainetan jasotako datuekin alderatzeko balio izan digute. Gainera, horiei esker, landa-etxeek XX. mende osoan izandako bilakaera erregistratu ahal izan dugu.

Etxearen edo, hobeto esanda, baserriaren inguruko bibliografia asko dago, baina ikerketa misti­fikatzaile eta erromantikoak dira. Baserrirako hurbilketa mota hauek, lan etnografikoetan antze­mateaz gain, beste zenbait jardueratan ere antzeman izan dira, hala nola, pinturan edo musikan.

Baserria eta euskal esentzia lotzen dituen ideiak paralelismoak ditu beste hainbat lekutan, eta gure helburutik besteko ikerketa eskatzen zuen, izan ere, gai kulturalak hartzeaz gain, garai erromanti­koaren ondorengoko gai teorikoak eta kontzeptualak ere hartzen zituen. Ideia horiek herrien aintzatespena nahi zuten mugimendu nazionalisten muinean ere bazeuden. Zama ideologiko handia du, beraz, eta, sarritan, baserriaren eta bertako biztanleen estereotipotik aldentzen den guztia kan­poan uzten du; gainerako eraikinen erreferentzia bibliografikoak nahiko eskasak dira.

Pedro Guimónek honako baieztapenarekin hasi zuen Alfredo Baeschlinen La arquitectura del caserío vasco lan bikainaren hitzaurrea, 1929. urteko argitalpenean:

Arkitektura herrikoia, beste edozein agerpen artistiko baino gehiago, erabilgarria, lokala eta fami­liako bizimoduari egokitua denez, nazionalitatearen ikur esanguratsuenetakoa da, hizkuntzarekin batera. Kontrakoa defendatzea, arraza baten bitxikeriak ukatzea da[5].

Hurbileko eta urruneko lurraldeetan bezala, gaur egun ere ikusi dezakegu bat egite hori, eus­kal gizartea hiritarra eta bizimodu tradizional eskasekoa bada ere; esan genezake gaur egun hon­dar-izaera baino ez daukala. Europa osoan aplikatu daiteke fenomeno hori. Gizarte hiritarrak sarri jotzen du landa-bizimodura, bere identitatea eraikitzeko asmoz: nekazaritza-azoka ugarie­tatik hasi, eta zaindarien jaietara, non baserritar jatorria duten ustezko jantzi tradizionalak janz­ten dituzten.

Landa-etxe tradizionala aztertzen dugu, baina ez gara baserri izena jasotzen duen horretara mugatzen, eta are gutxiago bibliografiak sarritan erreferentzia egiten dion baserriari. Horrega­tik aipatzen da casa/etxea eta, gutxiagotan, caserío/baserria.

Hutsune hori albo batera utzita, bibliografia etnografikoan ekarpen handiak jaso dira, hogei­ko hamarkadan eta hogeita hamarrekoaren hasieran idatzitako lanez gain; lan horiek lehen Eus­ko Folklore urtekarietan argitaratu ziren. Nabarmentzekoa da Leoncio Urabayenen La casa navarra[6], Atlaseko liburuki honetan zabal aipatua, batez ere etxearen egiturari buruzko ataletan. Soilik Nafarroari buruz ari bada ere, daukan aniztasun geografikoa dela-eta, oharrak lurralde osoan aplikatu daitezke.

Julio Caro Barojaren ekarpenak ere garrantzitsuak dira, adibidez, Lesakako etxeari buruzkoak, Eusko Folklore urtekarian bertan argitaratutakoa, edo La casa en Navarra[7] lau liburukitan argi­taratutako lana.

Victorino Palaciosek Inventario de arquitectura rural alavesa lana argitaratu du hainbat liburuki­tan. Irudi ugari ditu, eta Arabako kuadrillen informazioarekin osatzen ditu[8].

Euskal Herri kontinentalari dagokionez, Michel Duverten Etxea ou la maison basque[9] lana eta euskal zurgin eta zurgintzari buruzko lanak dauzkagu.

Dorretxeei eta armarridun etxeei buruzko bibliografia ere badago, baina gutxi erabili ditugu; izan ere, gure lanean bigarren mailakoak dira jauregiak eta etxeen apaingarriak. Aurreko men­deko azken urteetan eta XXI. mendean dagoeneko igarotako urteetan, udalerrietako baserriei eta eraikinei buruzko argitalpenak ugaritu dira, udalek sustatuta.

Azken boladan, Alberto Santanaren euskal baserriari buruzko lana nabarmendu da, baina lan horren ikuspuntuak ezer gutxi du amankomunean hasieran esandakoarekin, eta bere izaera ez da hain murriztailea. Autore horrek sailkapen morfologikoak proposatzen ditu, ekoizpen-bide moten aldaketei lotutako irizpide historikoen arabera[10].

Izaera kritikoa duten lanak ere argitaratu dira orain gutxi; nagusia Xabier Morrásek egindakoa da: doktorego-tesia, herri-arkitekturak jasan duen suntsipena, Nafarroako herriak edertzeko pro­zesuaren ondorioz[11].

Testua laguntzen duten irudi gehienak ikertzaileek eurek gehitu dituzte. Batzuk Felipe Man­terola funtsetik eta Labayru Ikastegiko Argazki Artxibotik datoz, eta beste gutxi batzuk argital­penetatik berreskuratu dira.

Idazketa

Lan honen plan orokorraren formulazioa Idazketa Taldearen esku egon da. Talde horren kide­ak eskualdeko Etniker taldeetako kideak dira, eta haien izenak liburukiaren hasierako orrietan agertzen dira.

Idazketa Talde horretan bereziki aipatzekoa da Labayru Ikastegiko Etnografia Saileko laguntzaile Segundo Oar-Artetaren eta Luis Manuel Peña Cerroren parte-hartze aditua. Beraiek hartu dute lan hau egituratzeko ardura zaila. Horretarako, jasotako materiala sailkatu, berrikusi eta, zenbaitetan, berridatzi behar izan dute. Horrez gain, beste hainbat lan ere egin behar izan dituz­te: zegokion bibliografian sakondu, lexiko-doiketak egin, irudiak aukeratu eta argitalpenaren prestaketarekin lotutako guztia betearazi.

Argitalpenaren idazketari dagokionez, Gurutzi Arregiren zuzendaritzapean Labayru Ikastegi­ko hainbat laguntzailek egindako etengabeko ekarpenak aipatu behar ditugu: Igone Etxebarriak eta Jabier Kalzakortak lexikoaren eta euskarazko testuen homologazioa egin dute; Izaskun Agi­rrek, Edurne Romaratek eta María Luisa Romaratek informatizazioaren eta testuen tratamen­duaren ardura izan dute; José Ignacio García Muñozek udalerri bakoitzeko deskribapen geo­grafiko eta demografikoak idatzi eta gaurkotu ditu; eta Jon Elorriagak bibliografiaren bilaketak eta prestaketak hartu ditu bere gain.

Euskarazko terminoak transkribatzeko irizpideak

Lan honek ez dauka helburu filologiko edo linguistikorik. Hori dela eta, euskarazko esamol­deak edo gaztelaniazko aldaera desberdineko termino herrikoiak aipatzeko orduan, erdi maila­ko irakurleek ulertzeko moduko lexikoa erabili da.

Euskarazko terminoen transkripzioari dagokionez, lan osoan irizpide komuna aplikatzen saia­tu gara. Inkestatzaileek ez dituztenez atal honetan antzeko irizpideak erabiltzen, lana egiteko erabilitako materialak oso desberdinak dira. Aurkezteko modua homogeneizatzen saiatu gara, jasotako informazioa ahalik eta gehien errespetatuz. Horren harira, era idatzi estandarretik ahalik eta gertuen dagoen adiera eman diegu terminoei, hitzak banatuz eta grafia normalizatua era­biliz. Hala eta guztiz ere, jasotako aldaerak agertu egin ditugu, batez ere ahozko laburdurei eta tokiko ezaugarri morfologiko eta sintaktikoei dagokienez.

Dena dela, inkesten eta iturri bibliografikoen materiala antolatzen saiatu gara, ahal zen neu­rrian hori gaurkotuta, nahiz eta ez garen arriskatu memorien benetako datuak faltsutzen.

Azkenik, esan beharra dago landa-material zehatzen emaitzetara mugatu garela; testuan prak­tika baten aipamen guztiak ez agertzeak ez du esan nahi baztertu egin direnik, gure informazio­materialen artean jaso ez direla baizik.

Irakurleentzako ohartarazpenak

Testuan herri bat aipatzen den bakoitzean, lurraldearen laburdura gehitzen zaio: (A) Araba, (B) Bizkaia, (G) Gipuzkoa, (N) Nafarroa, (BN) Nafarroa Beherea, (L) Lapurdi eta (Z) Zuberoa. Kasuren batean, (Ip) Iparralde erabili dugu, Euskal Herri kontinentalari erreferentzia egiteko. Herriak kokatzeko, sarrerako atal honetan, inkestatutako herriak geografikoki kokatzen dituen mapa dago.

Datuak egiaztatu diren herrietan jaso dira, baina, jakina, erreferentziak izaera adierazlea dau­ka, ezartze-esparrua askoz zabalagoa baita.

Argitalpenean, jasotako informazio eta ohituren iraunaldia eta erabilerarik eza adierazten da. Batzuetan, hurbilketa kronologikoa egiten da, baina, jakina denez, gertakari eta prozesu kultu­ralen hasierak edo desagerpenak ez daukate data zehatzik.

Lan honek izaera etnografikoa dauka, ez historikoa, eta landa-etxe tradizionalari eta bertan bizi zen familiari buruzko datuak XX. mendekoak eta XXI. mendeko lehen hamarkadakoak dira. Iraganeko gertakizunak jaso dira lanean, kontuan hartuta jazotako eraldaketa garrantzitsuenak eta oraindik jazotzen ari direnak, nahiz eta iraupen zehatza zein izango den ez jakin.

Esker onak

Lan honek Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza eta babesa izan du.

Etniker Euskalerria taldeen izenean, eskerrak eman nahi dizkiegu Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuari, Blanca Urgell andreari, eta sail bereko Ondarearen zuzendariari, José Luis Iparragi­rre jaunari. Horiez gain, eskerrak eman nahi dizkiogu Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundeko Kultura eta Turismo Saileko sailburuari, Juan Ramón Corpas Mauleón jaunari.

Esker on berezia eman nahi diogu Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuari, Josune Ariz­tondo andreari, proiektu honi eman dion babes irmoagatik, baita Kultura zuzendari Jon Iñaki Zarraga jaunari ere. Era berean, gure esker ona agertzen diogu BBK Fundazioari, liburua argi­taratzeko Labayru Ikastegiari egindako diru-ekarpenagatik.

Urte asko igaro dira José Migel de Barandiaranek Euskal Herriko Atlas Etnografikoa egitea proposatu zuenetik. Haren ikasle eta jarraitzaileek argi ikusten dugu proiektu honen garrantzi kulturala.

Orain arte erakundeen aldetik izan dugun babesa izaten jarraitzen badugu, eta proiektuari gure gogoa eta ardura gehituta, Etniker Euskalerria taldeak gure maisuaren asmo handiko proiektua, ikertzaile gisa izandako bizitza luze eta oparoaren ondarea, egia bihurtuko dugu: Eus­kal Herriko Atlas Etnografikoa; «horri esker, gure gizartearen kultura tradizionala eta bertan jazotzen ari diren iragaiteak sakon ezagutu ahal izango ditugu, eta, aldi berean, euskal herrita­rren etnografia kulturen ikerketa konparatiboan sartzeko ikuspuntua izango da».

Ander Manterola
2011ko udaberria

2.0.1 Casa y familia en vasconia mapa.jpg
 
  1. BARANDIARAN, Jose Migel. “Bosquejo de un atlas etnográfico del pueblo vasco. Trabajos preliminares” in Etnología y Tradiciones Populares. I Congreso Nacional de Artes y Costumbres Populares. Zaragoza: 1969, 53-57. or.
  2. Idem, Aragoiko Ikerketa Folklorikoen V. Jardunaldien aktak. Zaragoza: 1969.
  3. Lan honen ataletan deskribatzen diren nekazaritza- eta abere-bizimoduaren iragaiteak Euskal Herriko nekazaritzari eskainitako atlas etnografikoaren hurrengo liburukian aztertuko dira sakontasunez.
  4. Iñaki ARZOZ eta Andoni ALONSO. “Regreso a la casa del bosque (basetxea)” in Sukil. 4. zk. Iruñea: Ortzadar euskal folklore tal­dea, 2004, 379. or.
  5. Alfredo BAESCHLIN. La arquitectura del caserío vasco. Bilbo: Biblioteca Vascongada Villar, 1968, 11. or.
  6. Leoncio URABAYEN. La casa navarra. Madril, 1929.
  7. Julio CARO BAROJA. La casa en Navarra. 4 vol. Pamplona, 1982.
  8. Victorino PALACIOS. Inventario de arquitectura rural alavesa. Arabar Errioxa (1985), Gorbeia inguruko mendiak (1986), Aiarako kuadrilla (1991), Arabako haran garaiak (1994), Arabako lautada (1998), Zuiako kuadrilla (1998), Aguraingo kuadrilla (2002), Kan­pezuko kuadrilla-Arabar mendia (2003) eta Añanako kuadrilla (2008).
  9. Michel DUVERT. Etxea ou la maison basque. Donibane Lohitzune, 1980, 2. ed.
  10. Alberto SANTANA et al. Euskal Herriko baserriaren arkitektura. 2. liburukia, 2. arg. Gasteiz: 2002.
  11. Xabier MORRÁS. Destrucción de la arquitectura vernácula de Navarra. El concurso de embellecimiento de pueblos y conjuntos urbanos de Navarra, 1965-1982. Casas negras-casas blancas. Argitaratu gabeko tesia. Euskal Herriko Unibertsitatea, 1996.