VIII. ETXEAREN BARRUKO BANAKETA

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Saltar a: navegación, buscar
Esta página es una versión traducida de la página DISTRIBUCION INTERNA DE LA CASA. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Jakingarri nagusiak

Baskoniako lurraldean etxe tradizionalen solairu kopurua aldakorra da, bat eta lau bitartekoa.

Landako etxe moten artean ohikoena, eta kapitulu honetan mota horretakoak deskribatzen dira gehienbat, hiru solairukoa da, baina hirugarrena oso altura gutxikoa izaten da batzuetan eta erdiko gunea baino ez du izaten baliagarri. Beste batzuetan, teilatu motarik zabalduena bi isurialdekoa denez, etxeak nahikoa altura baldin badu hirugarren solairuan, goialdearen azpian espazio txiki bat gelditzen da, ganbara gisa.

Ukuiluak etxeen beheko solairua hartu izan du osorik edo zatirik handienean; nekazaritzarako joera handieneko lekuetan alea biltzeko gela bat egoten zen. Sukaldea solairu berean zuten etxeetan, batzuetan, tranpol batzuk irekitzen ziren hormetako batean edo aldameneko pasillo batean, behiei zuzenean jaten emateko bertatik. Sukalde horietan, zorua lur zapalduzkoa izan zuten bitartean, oiloek janari hondar eroriak mokokatzen zituzten. Azken batean, animaliekiko kontaktua gaur egun baino indartsuagoa izan zen, eta ez katuekikoa eta zakurrekikoa soilik.

Ikuspegi horretatik begiratuta, esan daiteke urruntze bat gertatu dela, etxeek abeltzaintzako jarduerak alde batera utzi dituztelako edo, bestela, alderantziz, animalien kopurua handitu behar izan delako eta, horren ondorioz, esparru egokiagoak edo modernoagoak eraiki behar izan direlako etxeetatik kanpo.

Nahiko antzinakoak diren landako etxeak bizilagunen nekazari jardueretan pentsatuta eraiki ziren, eta, horregatik, horiei eskainitako espazioa handiagoa da etxebizitzak berak hartutakoa baino. Hamarkadek aurrera egin ahala, etxebizitzari eskainitako tartea handitu da eta nekazaritzari lotutako erabilera duena murriztu, eta gaur egun ohikoa da etxe horietako asko etxebizitza huts bihurtu izana, garai batean nekazaritzari lotuta izandako iraganaren arrastorik gabe, funtzio berrira egokitzeak barnealde guztia berritzea eskatu baitu. Gehienez ere, erabili gabeko espazioak geratu dira, lehen animaliek erabiltzen zituztenak edo nekazaritzako beharretara egokituta zeudenak.

Etxeko elementurik garrantzitsuenak, sukaldeak, hura izan baita tradizionalki sua eduki izan den lekua, bi kokapen izan ditzake oro har: beheko solairuan edo lehen solairuan. Beheko solairuan dagoenean daukan abantaila nagusia da hartara igotzeko eskailerak igo beharra saihesten dela. Motibo berarengatik, askotan sukaldearen ondoan egoten da senar-emazte zaharrenen gela ere, haiek baitira mugitzeko arazo handienak dituztenak.

Horregatik, lehen solairuan sukaldea zeukaten etxeak berriztatzean, nekazaritzako edo abeltzaintzako jarduera utzia baldin badute eta ukuiluak bere jatorrizko zeregina galdua baldin badu, kasu batzuetan ukuilua zegoen tokian sukalde bat eraikitzen da edo, bestela, sarriago, txoko bat atontzen da, janaria prestatzeko eta biltzeko.

Sukaldea lehen solairuan daukan eredua, oro har, beheko solairua osorik abeltzaintzako jarduerari eskaini behar izaten zaionean erabiltzen da.

Etxeen barnealdeko banaketaren beste ezaugarri komun bat da espazio bat egotea ate nagusiaren atzean, era askotan deitutakoa eta solairu horretako gelak banatzen dituena. Ukuilura eta goiko solairura daramaten eskaileretara ere joaten da espazio horretatik. Lehen solairu horretan, banaketa egongelak egiten du edo, bestela, eskaileretatik igota iristen den pasillo zabal batek. Etxerik kubikoenetan, espazio zentral hori tamainagatik eta karratua izateko joerarengatik bereizten da pasillotik; hortik solairu horretako gela guztietara joan daiteke eta hortik abiatzen dira teilatuaren azpiko azken solairura daramaten eskailerak ere.

Egongela etxeko alderik eguzkitsuenean kokatu ohi da, fatxadarekin bat eginda, eta, horregatik, normalena ezkaratzaren gainean egotea da. Gelarik nobleena da baina, horrexegatik, gutxien erabilitakoa, gertakari garrantzitsuetarako erreserbatua.

Komuna garai batean etxeetan ez zegoen espazio bat da, etengabeko bilakaera izan duena gaur egun bainugelak daukan garrantzia bereganatu arte. Horregatik ez du berezko kokalekurik eta gutxi erabilitako edozein hutsune baliatu izan da hura ezartzeko, eta haren ezarpena eta hobekuntza etxearen egituraren berriztapenei lotuta egon dira beti.

Azken solairua zati batean lastategi edo belar lehorraren biltegi izaten da eta beste zati batean aletegi eta baratzeko produktuen gordeleku; horregatik, ez dago hermetikoki itxita eta askotan ondo aireztatuta egon dadin nahi izaten da. Trasteleku funtzioa ere izaten du.