IX. ETXEAREN APAINKETA

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 20:15 6 ene 2020 de Admin (discusión | contribuciones)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Jakingarri nagusiak

“Apaindura” hitza erlatiboa da neurri batean, litekeena baita gaur egun apaingarritzat hartzen dugunak iraganean oso bestelako funtzioa izatea.

Hori gertatzen da, adibidez, babesleak ziren objektuekin. Duela gutxi arte indarra izan duten sinesmen asko desagertuta daude gaur egun. Horregatik, antzina izan zuten esanahitik askatutako sinboloak aurkitzen ditugu, batzuetan apainketa beste funtziorik ez dutenak edo, besterik gabe, hautsi nahi ez den edo hautsi ezin den tradizio batekiko atxikimenduaren adierazpen direnak.

Bestalde, beste hamarkada batzuetan izaera nabarmenki praktikoa izandako objektuak eta elementuak apaingarri bihurtu dira. Horrela, etxeko parte batzuek, hala nola armazoiek, batez ere zurezkoek, balio handia dute orain zaharkin gisa.

Antzinako objektuak, eskuz eginak direnez, funtzio nabarmenki praktikoa zuten arren, gaur egun balio erantsia dute apaingarri gisa, seriean fabrikatutakoei kontrajartzen zaizkielako. Hain zuzen ere, objektu industrial batzuk iraganekoak imitatzen saiatzen dira.

Zentzu hertsian apaingarri diren objektuek paper sendoa izan dute familia batek auzokideekin alderatuta estatus handiagoa duela adierazteko. Etxea elementu erabakigarria izan da posizio sozial eta ekonomikoa nabarmentzeko. Horren adibide ditugu “amerikak egitera” joandako emigranteak izan zituzten herri asko. Arrakasta lortu eta gero, haien tema izan zen beren herrietan oporretako eta erretiroko etxe hanpurutsu bat eraikitzea, bizitzaren amaieran han bizitzeko eta, horren bidez adierazteko, auzokideen aurrean, arrakasta lortu zutela. Indianoen etxeak tamaina handiko eraikinak dira, eskuarki gela erantsiak, lorategi bihurtutako guneak eta onibarraren itxitura gisa burdin hesiak dituztenak.

Itzulitako emigranteen fenomeno horren aurretik ere izan zen eraikin bikainetan bizi izan zen landa eremuko aristokrazia bat; “etxe onekoa izatea” esapideak gizarte geruza horren posizioa adierazten du.

Herri bakoitzean argi bereizi izan dira, batetik, landako lanak eta eskulangintzarekin lotutakoak egiten dituzten familien etxeak eta, bestetik, iragan noblea dutenenak eta aberats berrienak. Lehen saileko etxeek ez zuten ia-ia batere apaingarririk eta bat edo beste izanez gero egikera soilekoa izaten zen.

Etxe batzuek, maila ekonomiko edo sozial handienekoek, era guztietako apaingarriak zituzten. Allon (N), adibidez, beren fatxadetan nobleek nobleziako armarriak, ezkaratz arkodunak, harrizko erlaitzak, zizelkatutako modiloidun haritzezko teilatu hegalak eta abar erakusten zituzten. Horietako batzuek gurutze batek edo haize-orratz forjatu batek koroatutako dorre bat zuten erremate gisa.

Denborak aurrera egin eta nekazaritzako lanak alde batera utzi ahala, bizi-maila igotzearekin batera, etxeak “konpontzeari” buruzko gero eta kezka handiagoa hauteman da, baina lortutako emaitzak eztabaidagarriak izan daitezke gune bakoitzeko eraikuntza tradizioei izandako errespetuaren ikuspegitik.

Kanpoko hormak. Fatxada

Fatxada zuriberrituak eta harria agerian dutenak

Denborak aurrera egin ahala gustuak nola aldatzen diren erakusten duen adibide bat fatxadetan daukagu. Antzina, aztertutako lurraldeko gune batzuetan, egokiagotzat jotzen zen hormei zuriz kareztatuta eustea. Gaur egun, aldiz, “harria ateratzeko” joera hautematen da, hau da, harresiak pikatzekoa eta harria bistan uztekoa. Hormen kanpoaldeei ez ezik, barnealdeei ere eragiten die horrek, eta etxebizitzei ez ezik, beste mota batzuetako eraikin publikoei ere bai, elizei adibidez.

Zurezko bilbapena

Etxeek fatxadetan zurezko bilbapena duten herrietan, bilbapen hori bistan egoten da eraikinen edertasuna nabarmentzeko.

Teilatua

Bizkaiko eta Gipuzkoako herri batzuetan teilatuko gunerik altuenean gurutzeak ezartzeko ohitura egiaztatu da.

Garai batean modan egon zen haize-orratzak ezartzea, kasu askotan oilar baten figurarekin, batez ere landa eremuetako etxe eraiki berrietan. Horietako batzuk errementariek eskuz eginak ziren.

Etxe-hegalak

Oinezkoen begiradara irekien dagoen teilatuko zatia hegala da, eta, horren ondorioz, apaingarriak izateko joera handia izan du zati horrek.

Lurraldearen zati handi batean etxeek-hegal zabal samarrak dituzte. Teilatuaren funtsezko zatia da, baina, irtengune hori sortzeko elementu asko behar direnez, ohikoa izan da tailu landuak erakustea eraikin bikainenen kasuan.

Ateak eta leihoak

Ateen apaingarrietan, errementaritza lanak nabarmentzen dira. Burdinazko elementuetako batzuk nahitaezkoak dira, zatiak batzen dituzten iltzeak eta gontzak adibidez; hala ere, desberdintasun nabarmenak daude finkatzeko zeregina besterik ez dutenen eta horretaz gain apaingarri izateko asmoa ere badutenen artean. Luxu handiagoko ateetan, heldulekuak, sarraila zuloak eta aldabak aurki daitezke. Gurutzeek eta batez ere Jesusen Bihotza duten xaflek babesteko funtzioa betetzen dute.

Armarriak

Inkesta egindako herri ia guztietan egiaztatu da fatxadan armarri bat duten etxeak daudela. Oro har uste izaten da etxe horiek garrantzitsuak direla edo izan zirela, herri bakoitzeko nabarmenenak.

Armarriak ugariagoak dira herriko gune urbanoetan landa eremuetan baino, eskuarki gune urbanoetan eraikitzen baitira lehenik horrelako etxeak. Gainera, biztanleria kontzentratua duten guneetako armarriak landa eremuetakoak baino lehenagokoak dira.

Inskripzioak

Idazkunak sarrera nagusiko ateburuetan kokatu ohi dira. Garrantzitsuenak etxearen izenari, eraiki zen urteari eta hura eraiki edo berriztatu zuenaren izenari erreferentzia egiten diotenak dira.