Gipuzkoako Elosuan 1932.ean egin ziren ezkontza-eztei batzuen berri
Ni ezkondu nintzanean padrinorik ez zegoen. Bi testigo zegoen, bat sakristaua ta bestea mutilak nai zeban bat.
Elizara ezkontzara leengusu eta lagunak etorri ziren, danak gazteak. Pertsona nagusiak guraso, osaba-izebak eta gainontzekoak etxean gelditu ziren, gu lagunekin elizatik bueltan noiz etorriko zain. Ezkontzara etortzeko deia gurasoek egin zeben.
Auzokoak ta familikoak jatekoa ekarri zeben bodako bezperan, ta lagunak dirua emon guri.
Familiako gaztiak ta lagunak lagundu zoskuen guri ezkontzera joan ginenean, ta bidean kurutzatu ezkero, danak alkarrekin joan ginen elizara.
Nobio-nobiak, bakoitza bere lagunekin ta soinujoleekin joan ginen elizara, soinu txikia ta panderoa joten. Ezkontza egunean soineko beltza merinozkoa, plisaua, gerritik beerakoa, gainean abrigo beltza ta buruan mantillea, galtza grisak ta zapata beltzak eroan nituan. Nobioak traje beltza txalekoakin, alkandora zuria korbateakin ta trajean boltsikoan paiñelo zuria. Lagun-taldea domeketako jantziakin.
Ezkontza goizeko bederatzitan sakristiaren barruan izan zan, ta sakristiara abadea, nobio-nobiak, sakristaua (testigo be bazan) ta beste testigoa sartu ginen.
Osteko jendea, danak gazteak, elizan bankutan egon ziren itxoiten. Sakristian ezkondu ondoren, elizan danak mezia entzun ginuan. Elizatik irtendakoan sakristauaren etxean amarretakoa izan ginuan: gaztaia, intxaurrak, etxean egindako opilak ta ardoa. Soinujolea, panderojolea ta txapleruak derrigorrezkoak ziren. Eguardi ingururako nobioaren etxera joan ginen, soinua jotzen ta txapleruak botatzen, elizara etorritako danak. Ordurako etxean egon ziren beste konbidaduak. "Urte askotako" esan ta bazkaltzera.
Abadea etorri zan bazkaritara ta zutituta gu ezkonberrion alde paternosterra errezatu zeban. Maai luzeak ta bankuak ipini zituzten ganbaran. Maai-muturrean lora-sortatxo bat ta ura izan zan seinalea gure tokia zala jakiteko. [...]
Leenengo eguneko bazkaria: bi lapiko, bata garbantzua oilloakin ta bestea azea odolosteakin, okelea piperrekin (tajadak), arrozkoletxea eta gatzatua. Kafea, kopa zuria ta gorria ta purua. Bi edo iru zaragi ardo ekarri ziren. Maai erdian laurendako ipini zan ontzia janakin. [...]
Bazkaldu ondoren etxetik gurdia ekarri zeben. [...]
Bodaren bigarren egunean, jaian, bazkaria au izan zan: sopea pistolakin, oilloa saltsan ta postrea. Ardoa, kafia, kopa ta purua.
Irugarren egunean, astelena, senide gertuenak ta etxekoak izan ziren, ta egun ortako bazkaria gelditzen ziren sobrakin egin zan.
Bazkari ondoren dantza bai, sueltoan, trikitixa. Soiñujoleak filarmonikea ta panderua jo zeben. Jokurik ez. [...]
Ezkondu ta urrengo jaian emon zan mezea, ezkonduentzat suerte ona eskatzeko, "amene-zaxua" deitzen jakon. Egun ortan leenengo aldiz nere senarraren etxeko sepulturan ipini nintzan. "Olatia", etxean egindako opila bota gendun zestora, "ofrandia", ta erresponsua ateratzeko txakur aundia emon jakon abadeari, estolan mun emonda. Sepulturako argizaiola piztu be egin ginuan meza garaian.