Aurkezpena

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren bigarren liburua kalean dugu dagoeneko. Gogo onez eta atsegin handiz ekin diot «Haur Jolasak» izenaz argitaratutako lan honen hitzaurrea idazteari. Gogo onez hartu dut lan hau, gaia bera oso esanguratsua eta esanahi handikoa delako gure Herriaren kulturan eta, beraz, merezi duelako bai, Euskal Herriko Etniker taldeek honelako gai interesgarri bati ondo heldu, sakonetik aztertu eta ikertzea. Atsegin handiz ekin diot hitzaurrea idazteari, liburu hau argitaratuta ikustean, argi geratzen delako belaunaldi guztiak elkarri lotuak daudela, gure historiaren kate luzea mailaz maila osatua dela eta gure kulturaren oihala, neurri handi batean, jolasen hariaz josia dela.

Euskal gizarteak betidanik jarri du umearengan arreta berezia, aparteko ardura, haurrak hartzen baititu bere baitan etorkizunak dakarren zalantza eta iraganak oparo eskaintzen duen jakintza. Gizaldiz gizaldi, denboran barrena irristatuz, belaunaldi bakoitzak aurre­koarengandik jaso eta hurrengoari eskaini dizkio bere baloreak eta balioak, ohiturak eta azturak, eskubideak eta eskabideak, argiak eta itzalak, jakintzak eta ametsak, jokuak eta jolasak...

Iraganak, denboraren bide luzean barrena, ongi ikasi du orainaren egoerak, pozak eta tristurak azaltzen. Eta etengabeko bidaia honetan beti agertzen zaigu lekuko bera, haurra. Eta haurrarekin batera, jolasa; arbasoengandik jasotako ondasun pedagogikoa; gure ohituren eta tradizioaren atsedentokia, historiaz osatua; gure nortasun eta izaeraren pausalekua, jakintzaz betea.

Baina, jolasak, herri oso baten historia ezezik, guretariko bakoitzaren historia ere josten du hari finez. Haurtzarotik zahartzarora arte dauden gainerako aro guztietan ere agertzen zaigu beti jolasa. Askotan, jolas berberak dira umetakoak zein nagusitakoak. Beste batzuetan, berriz, jolasak joku bihurturik azalduko zaizkigu. Zenbaitetan, egoera eta denbora berrietara egokiturik. Baina, beti jolasak, umetatik erakusten eta irakasten.

Haurra, gainera, gizaki biziki bizia dugu, bizi-bizia, heldua bera baino biziagoa,, bere inguruko mundu osoa harrapatu eta bereganatu nahi duelako, zentzu osoz eta zentzumen oroz.

Horrexegatik da, bada, hain interesgarria Euskal Herriko Atlasaren barruan «Haur Jolasak» direla eta, egin den azterketa hau. Irakurleak gozatu egingo du orrioi darien zorion usain gozoaz eta gogoz gogoratuko du herrigintzan eta kulturgintzan zenbat ikasi zuen ia konturatu gabe, jolasetan, olgetan, askatasunez... Eta nola ikasi eta ikusi zuen txantxetako mundu batean, benetako mundua zer izango zen. Irakurlearen partetik, bada, eskerrik asko eta esker mila Etnikerri, egindako azterketa eta ikerketa hauek ikusita zer eskertu badago eta.

1993ko maiatza

Joseba Arregi Aranburu
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua

Contenidos de la Presentación: